EUSKAL-ABIA
Ez dek iretzat, ez den iretzat,
Askoren bearrekua
Uri galanten erdian azi
Ta atsegiñetan nastua;
Ez da zuentzat... Goratutzera
Euskal-basetxea nua,
Notiñ apalen abi bigun da
Gentzaren bizilekua.
Ez da benetan ikusgarria
Oñetatik tellatura
Azaletikan igaro gabe
Basetxearen itxura
Dauzkala aurrean arri-mall latzak
Sartzeko bere barrura:
Arri-mall latzak beti igo bear
Jungo bagera zerura.
Zure barruan agintaritza
Dauka gure Jaungoikoak,
Kristoren esi gaizkatzallean
Bizi dira barrukoak,
Zeruko bide zuzenetatik
Daramazkite orpoak
Onbide ederrez, zerutar naiez
Apaindurikan gogoak.
Begoz or bean beko gorroto
Ardaill ta iskanbill biziak,
Alkarren kaltez egun eta gau
Nar dabiltzan kutiziak;
Ta atseden goxoz uxatu bitza
Nere naigabe guztiak
Emen alboko zugaitz tantaian
Pill pill dabillen aiziak.
Orra, atarian lili bi legez
Bi neskatill euskaldunak,
Euren erdian dagon amaren
Apaingarri ta kutunak;
Aitaren poza, baldin odeiak
Noizbait badatoz illunak,
Esateraño: «alabatxoaz
Zamak ez ditut astunak».
Oitura zarren kutxa zutunik
Uin artean zaudena,
Argi ta garbi daukazuna, bein
Artutako Sinismena,
O basetxea! Benetan det nik
Maite zure ezkutapena;
Itxuraz izan arren apala
Ederra dezu barrena.
Ez dauka noski begientzako
Gauz andirik basetxeak,
(Argatik egon oi dira askotan
Barrez erritar ozteak).
Zarrak leioak, antxinakoak
Goiko ta beko ateak,
Lau orma zatar leundu ta belztu,
Dizkiotenak urteak.
Ango batasun ta ango pozkida
Datozenian batera
Egun osoko lanaz aulduta
Aita-semiak etxera!
Abegi ona ta aparia prest,
Maitetasuna gañera,
Orduan, gure basetxea, zu
Zeruko irudia zera.
Ez dek iretzat, ez den iretzat,
Arrokerian oitua
Uri aundiko seme-alaba
Atsegiñetan nastua...
Euskal-basetxe maitea, gure
Abi bigun ta gozoa.
Itzali gabe gorde zuek beti
Oitura garbien sua!
|