GAZTELU BATEN AURREAN
Nun dira gizon madarikatu
Odol-zaleak, su garrez
Igarotako leku guztia
Uzten zutenak negarrez?
Orain, eskerrak Jaunari, gure
Bazterrak osto belarrez
Ikusgarri, ta biztanle danak
Bakean dauzkagu barrez.
Batian au ta bestian ori,
Ezer gabe geienetan,
Alkarren kaltez lagun t'anaiak
Zebiltzan egin-aletan;
Eskuan ezpat beldurgarria,
Gorrotoa biotzetan,
Odola sarri lurrean eta
Inguru guztia ketan.
Obietatik jeiki zaitezte
Gudari biotz gabeak,
Ainbesti notin erru gabien
Ondamen et'eraileak;
Billela, Butron, Abendaño ta
Emengo jaun ta jabeak,
Madarikatzen zaituzte zuen
Gaurko zentzudun semeak.
Alkartasunik aundienean
Emen bizi izan diranak,
Kezkarik gabe t'ixil egiñaz
Auzoan oi diran lanak,
Lagun urkoak anai t'ezagun
Maiteak atzo ziranak,
Otso, katamotz amorratuen
Eran asten dira danak.
Utzirik soro maitaro onduak,
Utzirik nekazaritza
Orain ta beti gure gizonen
Zorioneko bizitza,
Arturik atxur ongillearen
Ordez iskillu portitza
Gudari sallak edonun dakust
Ta dantzut gorrotozko itza.
Zer dala jaiki dira lugiñak
Zer dala-ta deadarra
Mendirik mendi dijua askori
Dakarkiona negarra,
Gitxik dakite nola sortu dan
Aurrean dagon jazarra,
T'ondo zergatik ez dakitela
Antxen eurak ill bearra!
Doakabea, tripako miñez
Ez dakizu jaiki dala
Nagusi jauna, ta gaur goizean
Urduritsu dagoala?
Ai!, eztakizu zitalkeriak
Ortik jaiotzen dirala,
Egin berria dagon gaztaia
Gandik bezela gezala?
Olesik egin etziolako
Gazteago dan zaldunak,
Datozelako berandu xamar
Aurten illar, babarrunak...
Gora, mutillak! Ekin menpeko
Morroi, aide t'ezagunak,
Asetu dedin eraman ari
Bere etsaien giltzurrunak.
Burruka gorri buru gabian
Apurtzen bada burua,
Etxeko danak dakarkitela
Euren gañian...narrua,
Ez ajolarik iduki! Zuen
Anaien bizilekua
Zuen indarrez umant aundiak,
Izan da purrukatua.
O nere euskaldun anai maitiak
itxumustuan alkarri
Erasotzeko gogor ainbeste
Bider zeratenak jarri
Ixuririkan anai-odola
gure bazterretan sarri,
O zer onura dizute zuen
Zorakeriak ekarri!
Aberriaren alde izan balitz,
Izan balitz Sinismena
Zuen egintza ta zuen jazar
Gogorren zio zuzena,
Baña zertako ziran guztiak?
Ekarririk ondamena
Zuen anaien etxadiari,
Ondatutzeko zuena.
Nun dira gizon odoltsu aiek
Dollorkeriz ta su garrez
Igarotako leku guztia
Uzten zutenak negarrez?
Orain, eskerrak Jaunari, gure
Bazterrak osto belarrez
Ikusgarri, ta biztanle danak
Bakean dauzkagu barrez.
Gaztelu lirain zure burua
Arro jasotzen dezuna,
Edertasunen loreak emen
Zabaldutzen dituzuna,
Igarotako zenbait edesti
Minberatuen giltz-duna,
Iduritzen zait oroitz tartean
Darizula beaztuna!
Zure soñeko lilluragarri
Bitxiz josien azpian
Koska politez gallur lirañez
Or daukazun arpegian
Gauza beltz eta nazkagarriak
Dakuskitan bitartian,
Ezin onetsi, ezin goraldu,
Ezin maitatu, itz batian.
Dalarik guztiz eder-ederra,
Daukala azpian odola,
Orma negarrez bustietatik
Gorrotoa dariola,
Nola Butronen Gaztelua nik
goraldu nezake, nola?
Ezin aitatu lotsarik gabe
Nere mingañak iñola!
|