UDABERRIA
Ikusten danez, etzegon illa,
Lotan zegoan sortitza;
Baratza apaintzen dute loreak,
Osto berriak aritza;
Gauza guztiak, entzun balute
Bezela Jaunaren itza,
Berriztatutzen asi dirade
Bakoitzak bere bizitza.
Odei zatarren ordez zeruak
Artzen duan apañera!
Egun labur ta goibelen ordez
Luze t'alaien sarrera!
Biotz aulduen bizkorgarritzat,
Udaberria zu zera
Mirabe lorez aroatuta
Goitik bidaldua bera.
Alaitasunez beterik gogo
Kezkaz t'intziriz betia,
Udaberria, zu zera gure
Garraztasunen eztia:
Erakusteko nunbait azkenik
Ez duan Udaberria
Urteoro bein idikitzen du
Jaunak zeruko atia.
Eresi gozoz, pozez beterik
Txara abartsuen barrena
Tontorretatik laisterka datoz
Ur jolastari gardenak,
Beren ezeaz maitaro beti
Elikatzen dituztenak
Albo bietan ostotsu dauden
Altza ta lizar lerdenak.
Auxe da gure mendiak jazten
Duten soñeko bikaña!
Noren sorbaldak, zeñen burua
Ederrak aienak aña?
O gure sasoi oparotsuak,
Sagasti mardulak...!, bai
Abestutzeko bear bezela
Motela det nik mingaña.
Naiago det nik emen jarrita
Muno loratsu gañean
Ikusi nola ludia dagon
Erarik txukunenean,
Nola jolasten diran mutillak
Zelai zabal bigunean,
Soroan berriz nekazariak
Bero ta zintzo lanean.
Oi zein ederki diruditen or
Aurrean dauden etxiak,
Alor ondoan, zugaitz artean
Agerturik arpegiak,
Euren barruan bizi diranak
Bezela garbi txuriak,
Onen ekandu zar-ospetsuen
Antzera kutsu gabiak!
Euskal-itz jator berarizkoak
Neretzat oso kutunak
Aldiz dakarzki niganaraño
Egatan aize bigunak...
Euskera il zala? Ez, alajaña!
Gure etsai errai txardunak
Uste izan arren eldu zirala
Beretzat azken egunak.
Etzegon illa, burura jaurti
Zitzaion negu gogorra,
Bere semien eskar gaiztoaz
Jarri zan itxu ta gorra;
Baña semiak damututa gaur
Ordaintzen diote zorra,
Ama maitea jartzen dutela
Gazte, lirain ta bizkorra.
Naro, loreak zelaian legez,
Euskaldunen biotzian
Loreak erne dira jartzeko
Euskeraren bekokian;
Euskal-eresi samurrak sortu
Dirade gure eztarrian,
Baso itzaltsuan berez sortutzen
Diran lez udaberrian.
Betoz aguro menditar-urak
Iturri goitar gardendik
Atsegiña ta garbitasuna
Alboetan zabaldurik...
Arin datorren egun batian
Ez daukala areriorik,
Euskera garbi mintzatzen nunai
Irudimenez dakust nik.
Udaberria, udaberria
Lorez t'abestiz betea,
Gogo tamalen pozgarria ta
Makalen bizkortzallea,
Zugaz batera, betiko utzirik
Bere lo-zorro luzea,
Lorez t'abestiz orain aurkeztu
Bedi gure ele maitea.
|