ILLUNABARRA
Banua; zoli ziran begiak dauzkat lausuak,
Dauzkat zeukaten arintasunaz oñak aztuak,
Ta arriturikan orain arkitzen ditut aulduak
Aritza baño sendoagoa len neuzkan besuak.
Banua; indarge nabaitutzen det biotz barrena
Sasoi obean bildurra zer zan etzekiena;
Agin-ka ari zait nere bizitza jaten zedena,
Ta adierazten guztiz urrean dagola azkena.
Azkena! baña betor nai duan garaian bera
Alai entzungo diotan berri au ekartera:
Lan eta nekez inguratuta bizi bazera
Atoz zorion-iturburuan eseritzera.
Bertatik eta pozez demaiot agur samurra,
Ez det intziriz eta negarrez utziko lurra:
Badakit bertan nere egotea dala laburra,
Badakit bera dala atsegiñak ematen zurra.
Gaztetatikan maite izan ditut euskal-mendiak
Balira legez nere lagunak, nere zatiak,
Aien aurrean idiki nitun nere begiak,
Ta ajen aurrean izango dira betiko itxiak.
Maite ditut nik mardul datozen ondorenguak
Goiko-Jaunaren bildur donean azitakuak
Asabagandik artu nituan gure ekanduak
Ardura aundiaz nere sendian dauzkat sartuak.
Utziko diot nere makil au seme zarrari
Ta agintaritza lagako diot orla berari
Esanaz zuzen agindutzeko makurtu ari
Apal, mendaro Jaungoikoaren aginduari.
Ni banatxiak, nere pipako kea bezela
Desegin zaidak, ai!, nere bizitz labur, mengela
Baña zeruruntz kea dijuan eran, orrela
Nik ere juan nai diat, antxe zenkadat gela!
Ez aztu, seme, gaztia aiz orain, ni berriz zarra
Ez dek egoten ostotsu beti zugaitz adarra,
Malats goizean zegon lorea tximel malkarra
Ikusi diat eldu baño len illunabarra.
Bukatu bear gauza guztiak asi badira
Baña gizonak zoriontsuak egiaz dira
Zartzaro onean jeisten diranak soñez obira
Gogoz igorik, uso zuria lez Donekira.
Noiz edo berriz beko ibarretik mendietara
Dator oiartzun barrura sartzen didana ikara.
Zer berri dakar? Zer dio berak? Nundik? Zertara?
Eskeintzen digu garaun berridun beko landara.
Etorri bedi lenbailen gentza badu laguna
Zorion-poza naro zabaltzen emen diguna;
Baña auen ordez baldin badakar garaun lizuna,
Madarikatu bedi datorren egun illuna.
Gora, lokarri gabeko gure mendi gañera,
Ta arretaz, ernai andik begira beko ibarrera;
Ona ta argia baldin badatoz esan, aurrera!
Gaizto ta itzalak baldin badatoz esan, atzera!
Larria benaz euskaldunentzat oraingo ordua.
Au gauza zarrak lurperatutzeko lelo zorua!
Galduko ote da gure Erri Kutun antxiñakua?
Esnatu, jaiki seme leialak. Ai, ni banua!
|