www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Donostia
Augustin Anabitarte
1932

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Augustin Anabitarteren idaz lanak, Juan San Martinen edizioa. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1986

 

aurrekoa  

XXIII
Azkena

 

        Ori dezu, irakurlea, Donostia ederra. Ori zan nere erria: erri maitea, nere biotzeko kutuna. Alaxen jostatzen ziran donostiar alaiak. Donostia bakarra munduan: ori bera ta ez beste. Donostiarren izakera berezia askotan aipatu izan dute. Aiek umore onekoak! Aiek jolas-zaleak! Ta umore onekoak ziralako «kaxkariñak» esaten zieten. Ta jolas-zaleak ziralako makiñabat jai eder antolatzen zituzten; ordea, antolatu esatea gauza bat da: aiek sortu, aiek tajutu, aiek egin. Ba'zituzten musikari bertakoak, ba'zituzten bertsolariak, ba'zituzten teatrolariak; ba'zuten erria, teatrorik politena. Ez da ba'arritzekoa ainbeste erbesteko ango jaietara joatea: ba'zekiten-eta an arkituko zuten eztia beste iñon topatuko ez zutela. An ez zan beste erriko usairik: Donostia-n Donosti, irakurlea. Gure opilla etxean egosia, adiskidea.

        Orduko Donostia zer zan jakin ezazun, egiñaalak egin ditugu. Egia esan, zerbait lortu degunaren ustea daukagu. Gu mami-mamiko donostiarrak izan, erre-beroa errapetik edan, kopeta erriko arrietan egindako aundituaz josia izan eta izuri esan-bearrak buruko ariak naspillatuko al zizkigun ba'!

        Orra, bada, «Donostia». Lanak eman dizkit seme onek azitzen! Ta kalera txapelik gabe atera ez dedin, eman dezaiodan bukaera.

        Aste ta asteetan ez zuten Txomin donostiar jatorrak eta Kandi-k alkar ikusi. Txomin-ekin eskaratzean izandako egonaldiak lotsatuta zeukan Kandi, doi-doi etxetik ateratzen ba-zan. Nekezkoa ba-zitzaion ere, an egon bear, berak maite zuana etxetik kanpora ibilliarren. Kaiolatik atera nai ez duan txoriñoa esan zitekean, naiz ateak zabalduta egon eta askatasuna maite.

        Txomin ere arrituta ibiltzen zan, zer gerta ote zitzaion, non ote zebillen. Iñolaz ere iñon arkitzen ez; aren berririk ezta batere. Oraintxe zorionaren jabe egin ziran, beatz-tarteetatik iges egin zien. Egia ote ala ametsa? Bi besoetan eukitzea uste ta esku-utsik arkitu. Zenbatetan ez zitzaion Txomin-eri Kandi-ren beso-botatzea irudibiatu!: nola edo ala izan ba-zan, zintzilik gelditzeraño lotu ba-zitzaion. Orduan Txomin, lepoan aztarnen bat edo miña gelditu balitzaio, pozik egongo zan egi-antza aundiagoarekin; artean Kandi-ren antza bera ez al zitzaion galduko?

        Gure irakurleak, ordea, antza obea emango dio; besteen gauzetan argi ikusten bai-da. Bein ba' alkar ikusi zuten. Txomin-ek ez zuan, ez egin, ez esan, eskaratzako egonaldia gogoarazi zezakean ezertxo. Ez batek, ez besteak, ez zuten besteaganako geiegizko zaletasunik erakutsi; urrengo batean lotsagarrizko ura aztutzat utzi zezatekean. Baño ikustaldi arek poz berria ekarri zien; urrengorako oso gaituta zeuden.

        Ta urrena etorri zan eta urrenaren urrena ere bai. Ta ikustaldi aien berri eman bearrean, bildur giñake. Txomin nor zan eta Kandi nor jakiñik, eztia non ba'dakigu. Ta zertarako guztiak esan? Gañera, atzerako kontuakin ari gera urtebetez geroztikako berriak bai-dakizkigu! Bai ba', Txomin eta Kandi ezkondu ziran. Ta ezkonberritan bein Gaztelumendian gora egurazten zijoazela, Santa Klara-aldetik, Kandi ari zitzaion Txomin-eri:

        —...ta zuk bakarrik dakizun nere belauneko orbana, arkaitz artan egin nuen, zuk estropada irabazi zenuen egun artan bertantxe...

        Xanti menderatzalea menderatu zuten; gaitz erdi, bankuetxe jabearen alabaren aldera erori zan. Ez zan nolanai erori, erortzekotan; baño erori. Arazo onetan ez da naikoa nai ez izatea ala akiakuluak jartzea. Kontxexi Xanti-ri zaletu zitzaionetik, bere aldera egon zan beti, mutillaren erdeñuagatik. Ba'dakigu Erregesoro-n begitarte ona egin ziola; ezin ba' ukatu barrenen zebilkiona. Maitasun epela zeukakionarren, iraunkorra. Ta Xanti-ri biotz-aldiak eman zionean, Kontxexi-rengana joan zan. Ederki irabazita zeukan neskak. Ez zuan Xanti-k lan aundirik izan; aundiagoak errez berdintzen zituan.

        Beraz, Xanti Zalakain eta Kontxexi Araneder ere ezkondu ziran. Xanti-k uztarpea atsekabez ikusi zuan. Bere ustez, emakumeengatik esaten zituan guztiak egiak ziran. Ezkontzeko garaian, beraz, ba'zekian-edo zer ikusi bear zuan. Artazkero ala bear zala ta lepoa makurtu bearko ziola uztarriari. Ezkondu-berrian, bein galtzak artu ta emazteari eman omen zizkion:

        —Ar itzazu —esanaz— gero ere zeorrek jantziko dituzu-ta.

 

 

        Ara Kurrutako ere ezkondu; «Txardin-berri»-enera ezkondu zan.

 

                «Aukera daukanak

                nekea berekin

                nork egingo ote du

                portuna nerekin?»

 

        Amagiarrebak suiaren poltxa maiz aipatzen zualata, berari «Poltxa» jarri zioten izena.

        Ordea,

 

                «Ango zokoak

                ezkonduz geroztik

                garbitzekoak.»

 

        Edo-ta,

 

                «Nere andreak kamisa zarra;

                berea balu, ezerrez,

                kearra baño beltzago dauka

                garbitutzeko alperrez.»

 

        Kurrutako gizajoa beti iraulka ta azkenean ukullua jo zuan buruarekin.

        Baita Anton Zurrut eta Madalen ere, ezkondu ziran. Anton-ek ezkontzara bi alaba eraman zituan, emen orain arte aipatu ez ditugunak.

        Gauez ezkondu ziran, bakallu platera apaldu ta urrengo goizean Antton bakarrik atera zan etxetik Miranda-ra, oñez, ango burnibide berrian urpeko lanez zubi bat egiten.

        Joxe Ogi-k ez zuan andrerik artu.

aurrekoa