www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Donostia
Augustin Anabitarte
1932

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Augustin Anabitarteren idaz lanak, Juan San Martinen edizioa. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1986

 

aurrekoa hurrengoa

IV
Anton Zurrut eta Joxe Ogi

 

        1860garren urtean Anton Zurrut eta Joxe Ogi donostiarrak Aprika-ko gudarako irten ziran. Guda asi zan eta bukatu ere bai. Bukatutakoan, ez Anton, ez Joxe, ez ziran azaldu. Beren senarrak iltzat emanda, «alargunak» illeta-elizkizunak egin zizkieten bieri.

        Irten ziranez zazpi urtez geroz Plaza Zarreko Errege-ostatuko aurrean bi lagun moro-jantzian jetxi ziran zalgurditik kalera: Anton Zurrut eta Joxe Ogi. Aldameneko jendea arritu zitzaien. Bereala iñon diran mutil kozkorrak inguratu zitzaizkien abo-zabalik.

        Anton eta Joxe arriturik zeuden nora jo ez zekitela. Donostia-tik aldegin zutenean erri-inguruko moalla oraindik zutik zegoan; orain, ordea, ezta arrastorik ere.

        Alako batean Kale Nagusiari antzeman eta Kale Nagusitik jo ezazute. Aurrera zijoazela Joxe-k paper bateri oar egin zion: Se halquila un gavinete con su alcova. «—Ez, emen dek», dei egin zion Anton-ek, eta Barbara-eneko sagardotegian sartu ziran.

        Arratsaldeko iruretan sartu ta arratseko amaikak arte nortzuk ziran iñori ez zioten adierazi. Garai orretan sagardoa asi zan aien ordez izketan eta sagardoak euskeraz mintzatu bear. Orduan eman zuten beren buruen berri. Sagardotegian sortu zan pozarekin, bizkar-gañean artu ta aidean eraman zituzten etxera. Aien «alargunak», ordea, illak zeuden.

 

 

        Orain ere Barbara-enean ari ziran zenbait lagun: sardin zarra ogi-tartean artu ta sagardoa edan.

        Sardin zarrak aldameneko eskaratzean saltzen zituzten. Sasoi artan Donostia-ko etxe-eskaratzetan, ateko sardin zarrak ezik, ogia, sagarrak, pelotak, espartziñak, txapelak eta jakia izaten ziran.

        —Gaur txix egingo zenduten nik bejela Kurrutako ain apaña ikusi ba-zenduten —ari zan Joxe Ogi—. Gaur marka guztiak autsi ditu. Arren jazkera! Errosayuak aliak baño kalabaza geyo bildu ditun mutilzarra! Lepoko aundi zuri-zuri batekin; korbata, berriz, sedazko oyetakua lepuari bi buelta emanez, kolore askotakua... Botak txarolezkuak, diz-diz egiten dutenetakuak. Galtzak... nola galtzak eta botak batian etera biar diranetakuak...? oyetakuak. Ezta zimurrik ere, nunbait tirantiakin zuzentzen dituzte. Extu-extuak galtzak. Alkandora-aurrian bi botoi txiki urrezkuak alkarri kate txiki batekin lotuak. Txalekua txuriya, txit irikiya. Prak ekarri du berdia ta sonbrerua «Galerna»-ren baforiaren tximiniya bejelakua. Guantiak ere i, Antton, krabitilla-eo nola esaten dek ik?, txuriyak ayek e'; indi-makilla eskuan zillarrezko kirtenakin... motellak!

        Donostia-n «currutacos» deitzen zieten alako jantzi-berrizale arroxkoeri ta aldi artan gure mutilzar ori baño apañagorik ez zala-ta, bakartzat artu ta «Kurrutako» jarri ziotzen gaitzizena.

        Guzriak zazpi-bat lagun izango ziran Barbara-eneko illunpean sardin zarrak jan eta sagardoa edan ari ziranak. Egunez ere argia beeraño sartzen ez zala, kupela-ondoko krisallu batekin egiten zuten sagardotegi guztikoa: kupela-ondoan, noski, basoak beteegiak ez emateko, eta ardit, kuarto ta txanponak ongi ikusteko.

        Mai luze bat bi aulki luzekin; an zeuden gizonek zer parregin izan zuten Joxe Ogi-k ikusitakoaz. Baten-batek zion, bai, Kurrutako orrek txaldan-arpegia zeukala, baño bada-ezbada, erriko ontxoenaren atzetik zebillela, pollitena ta aberatsenetakoa. Beste batek galdetzen zuan non arraiotik zetorkion bizimodua, zer jaten zuan jakin ezagatik, ain janzki garestiak nola ibilli zitzakean, egun guzrian kalean iñon lanean aritu gabe. Urrenak «auskalo nungua dan ori», zion.

        Baño aien artean ba'zan bat, Xanti, neska-kontuetan oso yayoa zana, Kurrutako baño gazte jatorragoa. Kurrutako-k ogeitamalau urte zituan; aundi xamarra izanagatik, mea, lerdentasuna galtzen asia; arpegian eta lepoan azaltzen zitzaizkion granoak ematen zioten lana. Kurrutako-k andregairik arrapatu ezin bezela, Xanti-k artu ta laga egiten zituan bereala aspertuta. Xanti-k nai aña andregai izan zitzakean.

        Ixkixalda aren atzetik auxe asmatu zuten: Xanti Kurrutako-ren neskaren atzetik asitzea, ea areri neska kendu ta arrotza moko-uts uzten zuan.

        Xanti, naiz orain sagardotegian ikusi, bai arte artan ta bai beste itxura oneko jendearekin ibiltzen zan gazte ondotxo azia zan. «La Fraternal»-en batzarrekoa izango zan nai izan ba-zuan. Baño oraingoa egiteko gogorra zeritzan; orduraño onelako edo alako neska txukunekin ibili ba-zan ere, ez ziran gain-gañekoak, orain aukeratu nai lioteken bezelakoa. Noski, au ere gero uzteko asmoarekin asiko zan Xanti.

        —I sayatu ari —ekin zion batek.

        —Guk lagunduko diyagu nolabait —urrena Anton Zurrut-ek.

        Artan gelditu ziran baietz esanda.

 

 

        —I, ta zer moduz bizitu ziñaten moruen artian? —galdetu zion batek azken itzegindakoari.

        —Ni oso ederki bisi niñuken nere nagusiyarekin. Nere nagusiyak asko maite niñun. Nik arrek etzekiskiken arostegi-lanak egiten nizkioken. Ondo jan, oi ederra biskarraren aspiyan, nai bejela bisi niñuken nere nagusi mutur-beltzarekin. Jakintzak mutur beltza isanagatik guetako askok baño biyotz obia seukala. Beñ-edo-beñ gu ustarpekuak beste prisioneruekin trukatu biar giñustela-ta, ainbeste urtian arren onduan pasata, laga biar isan niken. Ta, txinist sadasute, agur esaterakuan malkuak ixuri situn nere nagusi sarrak —bukatu zuan Anton-ek.

        Eta gisa onetara beste xeetasun geiago ere kontatu zituan. Ordea, norbaiteri, xamurkeriak alde batera utzita, sagardo-txanda nork pagatu «Didon, Didonié»-ra jokatzea otu zitzaion.

        Ona nola aritu ziran. Xanti jarri zan agintari. Ezkerretik asita eskubiraño izen auetxek jarri zien mendez-mende: Didon, Didonié, Xarbon, Xarbonié, Ximon, Ximonié.

        Xanti asi zan: «traballé titu», ta guztiek beatzarekin tiki-taka eten gabe jo bear zuten mai-baztarra. «Reste-la Didonié» esaten ba-zuan, Didonié-k beatza altxa ta ura ezik gañerako guztiek joka jarraitu bear zuten. Urrena «traballé Didonié», ostera Didonie asi; «reste-la Ximon», Ximon geldik; «reste-la titu» esaten ba-zuan, guztiak geldi ta Ximon len bezela. Norbaitek agindu bezela berealakoan egiten ez ba zuan, tanto bat galdu ta ainbeste tanto galduz geroz sagardoa pagatu.

        Agintariak beti kantari egon bear du: Didon, Didonié, Xarbon... eta berak ere maia jo oi du. Alako batean «reste-la Xarbonié!» eta abar.

        Joku ori, noski, gaskoin-jokoa da. Donostia-n guda asko izan zirala-ta, prantzes-kondarrak gelditu ziran. Len soldaru ibillitakoak soldaruzka utzita Donostia gogoratu ta prantzes bat baño geiago etorri zan bertara. Prantzes orietako batzuk, batez ere, mai txikiak eta sukalde-aulkiak egiten zituzten eta baita ere maletak; aspaldiko Eskotilla-ko Mr. de Chevalié-k bezela ta San Telmo-ko Fransuá-k bezela.

        Orrez gañera gaskoinek urteetan izan zituzten artu-emanak donostiarrekin. Oso sartu ziran Donostia-n. Beingo Nicolao de la Mayson alkatea gaskoindarra zan. Esnategi-kaleari «Narrica» (na-Rica) jarri zioten izena, Azakalezarrari, «Embeltrán» (en-Beltrán) eta abar.

        Gaskoina izan ez-izan, Ximon-ek galdu zuan jokoa. Ta Ximon Anton izaki. Aulkietatik altxatzean batek ala esan zuan:

        —Ba'al dakizute zer aitu deten? Oraingo ogeitamar xigarruak aurki ogeitabost izango dirala ta sei kuarton tokiyan zortzi t'erdi pagatu biarko ditugula.

        Orduan Anton moruen artean bizitakoak onela itzegin zuan:

        —Nayago nikek ezpanintz etorri. Emen mixeriya besterik etziok.

 

aurrekoa hurrengoa