www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Donostia
Augustin Anabitarte
1932

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Augustin Anabitarteren idaz lanak, Juan San Martinen edizioa. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1986

 

aurrekoa hurrengoa

XII
Gari-pillako txoria

 

        «La Fraternal»-eko balkoi ta tximenetako arte artan, lagun pilla ura altxatzeko asi zan Iñauterien buruz ordubete ta geiago izketan eginda gero; oso naigabetua zebillen «La Fraternal»-eko jendea egunak joanagatik.

        Joan bear zutenak altxata bi bakarrik gelditu ziran exerita, orduraño alkarri itzik egin ez ziotenak: Xanti ta Kurrutako. Egia esan, ez-ustean arkitu ziran alkarren aurrean. Orain biek aldegingo zuten bata besteagandik; baño ezin ba' artaraño suertatu ziranez geroz. Xanti-ri, bere burua tankera artan ikusita, gogoeta au etorri zitzaion: baldin agerbide eske asten ba-zitzaion, bi zartako eman eta kito.

        Kurrutako-ri, ordea, Kontxexi-ta bien arteko berri jakiteko naia etorri zitzaion eta bere buruari adiskidetsu aritzea abindu zion. Tximenetaren gañean martin-arrantzale deritzaion txoria zegoan bizirik gabea, beti alde batera begira, Kurrutako-ren begi arrotza bezela.

        Orduan Kurrutako-ri otu zitzaion:

        —Abian al zera?

        —Ez, egonean.

        —Ez dakit bai ote dakizun emengo geienak batzarra eskatu dutela, Iñauterien zerbaiten txarki arkitua gure buru diraneri arpegira botatzeko asmotan.

        —Egia esan, ez nekian —erantzun zion Xanti-k—; naiago nuke oker banengo, baño ortatik gauza onik aterako degunik ez det uste; oso itxura txarra ematen diot «La Fraternal»-eri batez ere egun artako iskanbilla gogorra ikusita.

        Oartu bear degun gauza biak erderaz ari zirala. Kurrutako oso erderazale purrukatua zan, euskeraz ederki zekialarik. Euskera baserritar izkera zeritzan, naiz sasoi artan Donostia-n ontxoenak ere euskeraz egin. Erdera, nonbait, apain jantziarekin egokiagoa zuan. Ta joera ori zualako, ta parragarri ibiltzen zalako ta txatxua zalako, askok nazka zeukakioten.

        Euskeraz erderaz baño obeto zekian. Askotan gain-gañeko gauzetan aritzeagatik, izugarrizko ukalondo-sartzeak egiten zituan. Bein los rayos «extra» violetas esango zizun. Beste batean: Newton, el que inventó el asunto ese de la gravedad. Prantzesez puxka ere ba'zekiala adierazteagatik mille huit cent quatre-vingt «dix» seize esango zuan. Urrena botako zuan quieres que te explique el significado de la «sílaba» pemeable? Ta aparitan ari zaneko egun batean, prantzes-porruari tiratzen ziola, onelako gogai burutsua izan zuan: Todo lo que cría la naturaleza es del hombre. Ondo berea zuan, beraz, prantzes-porrua.

        Xanti zerbaitxo arritu zitzaion Kurrutako-ri, ain maiteki zetorkionez geroz; ez uste orren adiskide arkituko zuanik.

        —Agian uste izan dezu zuk, ari au utzita, —ekin zion Kurrutako-k— asarre naukakizula lengoan Kontxexi zala ta gu biokin gertatutakoaz.

        Xanti-ri bat-batean parra egiteko gogoa etorri zitzaion; baño baita arritu Kurrutako ain ausar ikusita.

        —Arazo ura egun artan bertan bukatu zan neretzat —jarraitu zuan—. Nik aitortu bear dizut garbi kendu zenidala; edo ura buru-ariña dalako, ala zu yayoagoa zeralako, ala bat eta beste. Nik, nere buruari geiegi opatu gabe, esan nezaizuket —bene-bene zion— neskak «onla» (beatz-muturrak elkarturik) izan nezazkikeala, jantzi ederrak neskak lilluratzen bai-ditu, ta nik neronek izan deten aziera ona urrutitik igartzen. (Xanti larri zegoan parrari eutsi eziñaz). Ta orretxek mindu ninduan, neska batek ezetsi izan izatea, ni bestela oituta nagoana. Ta orretxek goratzen zaitu zu, ni bezelakoari neska kendu izatea. Aspaldian ikusten zindutan zenbait neska ontxoenakin eta menderatzaletzat zinduzkatela, orain arte ez nion antzik eman norañokoa ziñan. Ez daukakizut, bada, iñongo asarrerik.

        Ez dakigu bildurrak ala ausardiak gisa artan itzeginerazten ote zion. Jakin-naiak, beintzat, galdeerazi zion emeki:

        —Eta geroztik zer egin zenuan arekin?

        —Arazo ura zuretzat orduan bukatu ba-zan, neretzat orobat. Ni ezin niteke neska berarekin luzaroan ibilli; aspertu egiten naiz. Ez nau barrenak agintzen. Egun artakoa, beintzat, aguro utzi nuan, naiz neska ederra izan. (Kurrutako-k baietz buruarekin). Agian nere egitekoa txarragoa irudituko zaizu, neska kendu ta laga; alegia ortarako ez niola iñori kendu bearrik; zuretzat kalte ta neretzat mezederik ez. Baño egia esan, ongi pentsatuta, nere barrua miatuta, an ez nuala nik ezer egiterik ikusi nuan; artean zu zerorekin nork jakin noraño iritxi zindezketean. (Kurrutako pozez). Bai, ni, lortu bitartean, oso zaletuta ibiltzen nozu; baño bein atxituta gero, bereala aspertu. Ez nuan uste zuk diozun bezelako erakar-indarra ote zenuanik neskaekin; baño egia esan (gezurra), orduan ikusitakoarekin ez naiz ezertxo arritzen, lana egin bear izan nuan gogotik.

        «Neska polita dezu oso, ta nerekiko berriro asi bear zenuke. Nik, beintzat, ez dizut kalterik egingo».

        Xanti-ri Kurrutako txaldana ta parragarria zitzaion. Parrez lertuko zan, baño ez nai min geiago ematea. Kurrutako-ri, berriz, barrena alaitzen asi zitzaion; Xanti adiskidea izateak asko poztutzen zuan; Xanti yayoa zan neskaekin, aren bearra izan zezakean, ta uralako mutil sendoa etsaia baño, adiskide obe.

        —Xanti «adiskidea» —asi zan Kurrutako— ez zaitez ezertxo ere larritu Kontxexi-rekin gertatutakoaz. Zuk ura neri egin izatea ez deritzat gaizki, zu gaztea zera «ere» ta neska ez zan nerea. Egia diozut (gezurra) bera begira ta begira nereganako begitarte ona aspaldian azaltzen asi ez ba-zitzaidan, nik ez nion jaramonik egingo. Bera asi, neska askok nai lutekena ain erraz bereganatu ta beste bat, zu, tartetu ziñalako, baztertuko al ninduan ba'! (Xanti-k ezetz buruarekin). Neri ajola gutxi. Ni, zu bezelako «suertoso»-a (ala esan zion) ez izanarren, ez al derizkiozu Kontxexi Araneder baño ederragoa noiz nai topatu nezakeala? Agian, zeorrek igarriko diozu, ostera asiko zait nere aldeko; baño don Amalio-kin (berak esan) ez du ezertxo egiterik. Ta ez al dezute geroztik itzegin?

        —Itzik ere. Iñauteritan ikusi nuan azkenekoz ta ezta agur egiterik ere. Ta askotan ala gerta oi da, zenbat eta destaña geiago egin, orduan eta zaletasun amorratuago artzen dizute neskak. Zuk —lenago ere esan dizut— berriro asi bear zenuke neska orrekin. Ez lizaizuke nekezko lana izango. Neska ederra, egokia ta ederki jantzia: oriek guztiek bat jarzen dute. Zuk, zerana zerala, baldin neskak barrengo mamitik ezagutuko ba-zenitu, errex baño errexago izango lizaizuke.

        —Noski, zu ortan ni baño jakiñagoa zera —Kurrutako-k barrengo pozari ezin eutsirik. Ordurañoko ezkutuak ikasiko al zituan ba'? Kontu asko jakitekoa zegoan Kurrutako.

        —Gizona emakumeagana bezela, emakumea gizonaren aldera —ta berak uste ez zuala ere, bene-bene ari zan Xanti—. Itxuraren kontra sapua saltalari. Emakumeak ezin bestez erakusten du bere naia; baño antzik eta kutsurik erakutsi nai ez ba-lizuke ere, oargarria zaio, arreta egiten ba-diozu. Zenbat eta bildur gutxiago, lotsa gutxiago izaten dute neskak. Ara, abiatu bear duan zalgurdiko neskak, nolanai egingo dizu agur edo irri baldin zuk ere arpegi goxoa jartzen ba-dakizun. Orra barrena agiri. Orra ba' maitasun-bidean asi-asteko era polita. Orobat gurasoakin dagoan neska ausartuago izaten da begiratzen bakarrik dagoanean baño. Gurasoekin ez besterik ateratzen ez diran neskak izugarriak izaten dituzu. Mutillakanako gogoa neskak? Orixe bai.»

        Orduantxe soziedadeko zaia alderatu zitzaien bi gizoneri ta poxpolo batekin argia piztuaz, tximeneta-gañeko martin-arrantzalearen errañua ormari erantzi zitzaion, oso mokoa luzatuta. Kurrutako-ren sudurra ere zorroztu egin zala esan zitekean eta Xanti-ren kopeta zabaldu.

        Atseden pixka bat artu ondoren jarraitu zuan Xanti-k:

        —Baño maitasun-arazoetan irabaz-bidean ibiltzea nai ba-zenuke, batez ere, auxe gogoan artu bear zenuke beti, gertaldia non eta noiz izan liteken, edo-ta, nongo ta noizko ta nolako xede oriek lagundu egin bear digutela. Egite berbera alderakoa edo kalterakoa izan ditekela non eta noiz egiten dan, esate batera. Gertaldiak berak dakarrela alderakotasuna, alegia.»

        «Zu ibilli zindezke neska bateri begira jo ta tira. Berak ere begitarte ona egin lizaizuke. Baño luzaroan ikusi-mikusi zabiltzatela, aspertu zindezkete biok-ala-biok. Artean, nonbait ondoan gertatu-bearrak bereala alkartu zinduzketean. Xedea bear dala bata-bestetu egingo ba-zerate. Beraz, xedea legoken gertaldia billatu. Eta xederik ez balitz, zuk zerorrek sortu, din baziña. Ara, gogoratzen al zera txotxongilloak ikusten egon giñaneko artan? Nik ba'nekian lagunaren billa zebillela Kontxexi; baño silla-billa ote zebillenen itxura egin nion. (Kurrutako-ri begiak zabaldu zitzaizkion ikasiaren pozez). Baño ori egoteko zallena dezu; naikotu zindezkean gertaldiari garaiz eta bear dan eran eskua emanaz. Ta aipatutako aukerarik ez izatekotan, lan gogortxoa izan oi da ataririk atarira neskaren aurrera azaltzea. Zurekin egoteko pozik legokenak, gaizki ar lezake zure ausardia gutxiesten dezulakoan. Begirapena izatea asko atsegin dute emakumeek. Ni neroni begirapenez aritzen naiz; baño begirapen-itxuran, ausarki. Ausartua, bai, trenean joan giñaneko artan bezela. Orduantxen egin zenuan egitekorik aundiena: baño ni ausartuago. Ta lendik zu baño arituago. Erriaren egunean atabalen atzetik ginjoazenean zergatik ez zintzaion neskari alderatu ta neri lekurik utzi ez?»

        Kurrutako pozik zegoan entzuten bere-bereko tentelkeriak arrigarrizko gauzak ikasten ari zalakoan. Tarteka zaiaren joan-etorrien oin-jotzea nabaritzen zan. Bestetan, silla mai-gañean jarri ta zapi batekin zirt-zart ari zan. A zer egitekoak egin bear zituan Kurrutako-k! Zurikeriak esaten zizkion Xanti-ri. Ta biak bakar-bakarrik zeudela, oraindik ere jarraitu zuan Xanti-k «La Fraternal»-eko gela nagusian:

        —Nik izugarriak egin izan ditut. Amasei-amazazpibat urteko neskak oso samurrak izaten dituzu. Legunkeriak esan eta bete-beteko maitasuna artzen dizute. Ni bein batekin onela ari nintzaion: «Zu neska polita zera, neska ona, oso bioztia, zure biotza zimurrik gabea. Begirozu okerreko senargaia artzea, biotz-min bizia letorkizuke.» Ta okerreko aldera jo zuan neskak. Ain ongi ezagutu nuana, ni oneri maitekatu zitzaidan. Ta biotz-neska izan zuan gizajoak.»

        «Atsegin zatarra da, baño bai atsegiña askoen kutuna izatea. Bai al dakizu zuk maitekatzen diran neskak zein goxo ta xamurrak izaten diran? Baño maite-lan auek oso arrisko aundikoak izaten dira. Askotan naikoa izaten da zu neska baten maite izatea, ta arek dizun maitasunarengatik, zuk ez uste ala nai-ezagatik, zu zerori ere aren maitale biurtzeko. Zer aundia dauka neskaeri ondo itzegiten jakiteak. Baldin neska bateri zu mutil ona zerala ta buru argikoa txinisterazi ba-diozu, aguro zureganatuko dezu aren biotza. Neskak ez dute izaten nai ez adimen kamotzeko mutillik ez-eta koldarrik.»

        Ta irri-antzean ari zitzaion:

        —Baño batez ere ni asko jostatzen naiz nik «bi paretako» jokoa derizkiotenarekin: bi neskaeri batean aritzea. Ori lan zail xamarra dezu. («Ez, ez» —zion Kurrutako-k). Biak ikusi bear dituzu. Batek begiratzen dizunean areri begitarte goxoa jarri; besteak begiratzen duanean, berriz, aren txanda. Ta biak batera begiratzen ba-dizute, iñori ez. La cuestión está... —zion— biak alkarren berri ez jakitea ta bakoitzak bereganako uste bakarra izatea. A zenbat larrialdi izaten diran eta zer par egiteko gogoa ere!»

        «Baño bein —arritu-itxura egin zuan— «trinketea» izan nuan, «trinketea». («Demontre»-Kurrutako-k). Bein neska batekin exerita nengoala, aurreko beste bat begiraka zegokidan eta irria ezpañetan zeukan nik aldamenekoarekin nere irutegia ain ongi nebilkialako bereari ari nintzaion bitartean. Ta gizajoak ez zeukan ontziakin etortzen zan neskameari, prantzesez itzegiteko aitzakiarekin, zein gauzak esan eta nereganatuta nola neukan! Gero ere esan zidan Bidarte-ko neska arek zein min aundia ematen zion ni nerea zalako neska aren ondoan egoteak!»

        Kurrutako-k egiten zizkion arritu-itxurak! Qué bárbaro! Baño bai pozik atsalde artan Xanti-rekin batean. Gauza asko ikasi zituan berekiko. Neskak «onla» izango zituan. Aietxek ziran oloak jartzen ari zitzaizkanak buruan! Kurrutako-k norbaiten ustea ba'zeukan eta, beartuta ere, Xanti-ren laguntza izango zuan. Oraingoz ez zion ezertxo esango; baño garaiz alderatu ta biak alkarrekin ibilli zitezkean korapilloak askatzeko. Ura bai pozik!

        Ez, ordea, Xanti. Geiegi itzegiñak nazkatu zuan. Txantxetan asi ta inorañokoak esan zizkion gero! Amorruarekin jo ta botako zuan martin-arrantzalea, txoria ta errañua sendo elkartzeko moduan. Altxa zan, bion zorra Kurrutako-ri utzi zion berdintzea ta, agur esanda, atzera begiratu gabe, kaleratu zan gari-pillako txoria.

 

aurrekoa hurrengoa