www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Donostia
Augustin Anabitarte
1932

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Augustin Anabitarteren idaz lanak, Juan San Martinen edizioa. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1986

 

aurrekoa hurrengoa

VII
Xanti menderatzalea

 

        Erregesoro, aurreragoko urteetan, soldaru-zelaia zan; antxen saiatzen ziran karlista-gerratean gazte borrokalariak. Oraingoan ez zan asarre-arrastorik ere, guda bukatu ta sua itzali zan.

        Oraingoan igandea zan, igande-arratsaldea. Bazkalondoz asi ziran neska-mutillak Erregesoro-n, gazteak geroxeago ta urrena gizon-emakumeak. Erregesoro-n jende asko bildu zan. Bai-ba' Erregesoro-n txerpolariak eta txotxongilloak-eta ba'ziran.

        Txerpolarien tegia aundi xamarra zan, oialez osorik estalia, orduko emakumearen gerritik beerako gonaren antzera. Onela zegoan jarria: Compañía gimnástica, acrobática y mímica de don Rafael Díaz de Lisboa. Beste toki batean Toni Grice par-eragille ospetsua esaten zuten.

        Ba'zan ere txotxongilloen txabola, aurre-aldean bizkar-aulki askokin. Aur asko ikusten zan an. Zelaian —Andoain-dik Irun-erako bide zabalaren ertzean zegoan zelaian— jendea askotxo ibiltzen zan eta baita Santa Katalina-eguraztokian ere. Auek egualdi-oneko eguraztokiak ziran.

        Xanti-ri arte batean bizi ala bestean, ez zion ajol aundirik. Berdin zitzaion sagardotegian egon, «La Fraternal»-en aritu ala neskarik aberatsenaren atzetik ibilli. Orduan neskaren atzetik zebillen —Kurrutako-ren kaltezko asmoak ba'dakizkigu— ta neska ikusten ez zuala-ta —berdin bai-zitzaion batera ala bestera jo— ta txerpolariak ikustera joan zan. Barrengo musika zarra kanpoan ere bear baño geiago entzuten zan.

        Orduko txerpolariak ez ziran bestetakoak baño askoz obeak. Arako emakume lodi ura, zaldiarekin ari zana, ez zitzaion oso atsegingarria Xanti-ri. Onen iritziz dantza baño egiteko egokiagorik ez du emakumeak. Ezkontzekotan, berarentzat bakarrik dantzatu lezakean andrea artuko luke. Beraz, emakumea dantzaria atsegin Xanti-ri.

        Txerpolarien jauzka ta irabioak, alde-alde, beti bat zirala-ta, ez zioten zer arritu aundirik ematen gazteari. Aidean, bai aurrera bai atzera, bira osoa egiten daneko salto ura, ala ere, beti atsegiñena izan zuana zan; garbi egitekotan.

        Toni Grice-ri eskerrak, par-egiña oparo etorri zitzaion. Oial beltz baten aurrean, zuriz jantzia, izugarrizko saltuak egiten zituan Toni Grice-k. Xanti-k berak ere, zerbait saiatua zala, ezin sinistu ikusten zuana; gero-ta ikotika aundiagoak eta luzeagoak egiten zituan iñolazko arrigarrizko tankeran. Ezin sinistu-ala ari zala, Xanti zertxobait kezkatzen asita, orra non salto batean Toni Grice aidean gelditzen dan jetxi gabe. Soka batetik zintzilik zegoala jendeak igarri zionean aiek egin zuten par-gozoa!

        Urrena mai bat ekarri zioten. Ezin-itxuran igota beste bat eskatu zuan. Orduan ere igo egin zan, besoarekin «aztutako» zankoari lagunduz. Beste mai bat eta barrika, eta guztiaren gañean Toni Grice ospetsua. Asi zan «beñere erortzen ez dan gizona»-rena egiten. Batean onuntz, bestean aruntz, gero-ta balantza ikaragarriagoak egiten zituan. Toni karraxika ta jendea ere bai. Ertzeraño joan, bertan gelditu ta atzerakoa nola artzen zuan gizon arek! Buruko illeak tente ta ikara biotzean ikusleak jarri zituanean, bere aldiko karraxika eginda uzten du bere burua goitik erortzen eta... maiak-eta zilipurdika alde batera ta Toni koltxoi bigun baten gañera.

        Gero, zapia altxa ta jetxi, ikusgarriak egiten zituan Toni-k. Alde batetik besoa atera ta letra auek erakutsi zituan: La salida del sol (Eguzkiaren irteera). Zapia altxa ta mai bakarra utsik erdian. Maiaren atzetik borobil zuria asi zan goraka: Toni-ren buru-soil aundia. Aiek parrak arpegia erakutsi zuanean! Eta era onetako zenbait gauza parragarri.

        Eta bukatutakoan, parrez ler-eginda gero, ango aize beroak eta musika zarrak bultzatuta, besteekin batean atera zan Xanti.

 

 

        Asi zan, bada, neskaren billa. Txotxongilloen txabola-aldera abiatu zan. Jende asko zegoan exerita, zai, txotxongilloak noiz asiko ote ziran. Exeri-toki geienak artuak zeuden. Jendeari begira, ez zuan bankuetxe-jabearen alaba oartu; Kurrutako, ordea, bai. An zegoan orain ere itoko-al-aiz lepoko arekin; bai txukuna gizona.

        Xanti-k bereala igarri: Kurrutako an ba-zegoan neska ez zan urruti ibilliko. Ta Xanti bera ere aurre-aldeko toki batean exeri zan. Biok ba'zekiten alkarren berri.

        Kurrutako alde guztietara begira zegoan, axkurea belarrian. Xanti, Kurrutako bezin txotxongillorik ez zala bere buruari ari zitzaion. Jendea larri txotxongilloak asteko. Bat-batean Kurrutako larriago ta Xanti-k bereala igarri aren dar-darka ikusita nor azaldu zitekean.

        Neska erdiko lekune artatik zijoan aurrera ezker-eskubi begira. Beste norbaiten billa zebillen. Xanti zegoaneko baño zertxobait atzerago gelditu zan, begiekin billaka. Mutillak jakin neskak zer nai zuan. Ala ere, aurrerago ez zetorrela ikusita, aldendu ez zezaion, uste okerreko itxura egin zion: ba'zala an exeri-tokia utsik, alegia —eskuarekin erakutsirik— exeri zitekeala.

        Neska zutik zegoan eta Xanti ere bai. Neskak eskerrak eman eskeñiagatik eta lagunaren billa etorri zala esan nai zion. Ordea, bai ongi entzuten ez ala ez-entzuna egin, Xanti-k bere artan exeri-toki garbia erakusten.

        Orduan neska Xanti-ganatu zan eta ala esan zion:

        —Eskarrik asko, e'nuen sillaren biarrik. Nere lagunaren billa nenbillen.

        —A —erantzun zion Xanti-k— barkatu, ala iruditu zait. Danetara ere, itxoegin nai izatekotan or bertan exeri zindezke, agidanian zure laguna zure atzetik-edo dabil.

        —Ez ba'ninjuake; emen ez ba-dago nunbait billatuko det —zion neskak.

        Eta Xanti, arrano purrukatuak, txanda onela artu zion:

        —A zer zoritxarra! Ni, zerbaitian atsegin izan nai nizuna, ona ni utsarekin geldituba. Oraindik ere onegin nezaizukiala derizkiyot. Zure lagunaren billa lagundu nezaizuket, neria bezelako laguntzarik txarki ez ba-derizkiyozu... —ta oinka bat egin zuan.

        Neskak, bestea. Orduan mutillak beste bi. Ta, itzik gabe, alkarrekin atera ziran, naiz aldendu xamarrak joan.

        Kurrutako-ren ondotik igaro ziranean, ala ari zan berekikoz gure zargaztea:

        —Esne onetan ni beste euli-mandorik etziok.

        Xanti, jendea zegoaneko toki ura utzita, gogoz asi zitzaion izketan neskari, baita geiago alderatu ere; baño, zoritxarrez, laister arkitu zuten laguna. Antxen bukatu zan egun artako lana.

 

 

        Ez zuten par txarra egin Barbara-eneko sagardotegian! An zeudela, Joxe Ogi-k beste berriak ekarri zituan: Kurrutako oso naigabetua zegoala-ta, zipotz egiñik, urrengo batean Xanti-k ikusiko zuala nork aurrea artu. Etsi bearrean gallenduta zegoala ta urrengo igandean Xanti-k igarriko ziola. Ok guztiak arrokeriz bota zituala. Eta geiago ere bai.

        Urrengo igandean zer zan galdetu zutenean, Joxe Ogi-k esan zien: «Datorren igandian dakizutenez Andoañ-en pelota-partidua izango da, erriko apaizak ontxuenetako batekin. Kurrutako-k diyoenez neskak aita-amakin juan biar omen du trenian, eta araño eramango omen du Kurrutako neska galtzeko bildurrak. Bera zein dan oraintxe ikusiko degula». Orra ba'bildurrak eman zion adorea.

        Xanti-k bereala baietz, bera ere joan egingo zala ta apaizak pelotaka baño askoz errezago irabaziko zuala txotxongillo arraio arekin zerabilkian auzia, naiz eta oñetakoak diz-diz ekarri ta «ollo-xanko» galtza aiek jantzi.

        Sagardotegian asko poztu zirala zer esanik ez dago. Bien kemenak auzia bizituko zuten, noski. A zer jakia igande-arratsean! Parragarri utziko al zuan? Xanti mutil bizkorra ta apaña zan arek aterako zizkion eltzetik babak!

        Igandea etorri zan. Burnibidea jarriberria orduan Donostia-n.Jende asko zijoan Andoain-go pelotaka ikustera. Noski, alkarrekin topatu bear zuten neska, Kurrutako ta irurak trenian. Xanti trenian sartu orduko asiko zan bere irutegian.

        Garaia etorri zitzaion. Geltokira iritxi ta trenian igo zan. Asi zan neska non arkitu. Ikusia ez-ikusi, ba'zebillen batetik bestera ta, alako batean, non ikusten dituan Kurrutako ta neska pasadizuan izketan. Ura zan aurrea artzea!

        Arritu zitzaion Xanti; ez, ordea, geiegi estutu. Ta an, aldean, bera ere zutik gelditu zan. Neskari begira asi zan. Neskak noizbait igarri. Kurrutako iñoiz bezelako mutilla zegoan. Oso eratsua ari zitzaion izketan. Esan batzuk Xanti-ren belarrietaraño iritxi ziran. Batean ala ari zan:

        —Zure izena pollita dalaren pollita, eztakit zerk eramaten naun zure aita-izenez deitzera: Araneder. Azkeneko eder ori zuri esatia ain gogozkua zait...

        Ta Araneder zan, baiki, bankuetxe-jabearen izena. Orduko Donostia-ko iru bankuetxeetako bat zan Araneder-ena.

        Kurrutako-k bigunki, ezti, maiteki, zeramakian jardunaldia. Baño alperrik, gero-ta begiratu samurragoak egiten zizkion Xanti-ri Araneder-en alabak. Kurrutako bera konturatu zan. Ta pasadizua bi besoekin artuaz ta Xanti-ri bizkarra erakutsiaz jarri zitzaion, ez neskak, ez Xanti-k, ez alkar ikusteko moduan.

        Onetxek asko mindu zuan Xanti. Jakin neska bere aldekoa zuala ta ezin ezere egin. Iñoren tartean sartzea ez bai-da egoki, ezta ere paketsu. Orduan Xanti-k aita-amak zeuden barren artara zearka begiratu zuan. Ta auxe ikusi zuan: bien tokian ama zegoan exeria, beste bien tokian, aita; aurreko lenengo bikoan iñor ez ta urrengoan jantzi batzuk zeuden zabalduta. Bat-bateko ara zer bururatu zitzaion. Barruan exeriko zan Xanti ta orduan neskak Kurrutako utzi ta bera ere barrenera sartuko zan. Orra Kurrutako-ri ostikoa jo ta bera neskarekin gelditu. Aurreak erakusten du atzeak nola dantzatu.

        Asnasa pixka bat artu, begiak erne, zankoak tinko, aiek biak alde batean utzita, sartu zan toki utsean exeritzeko asmotan. Baño amak;

        —Ori neskaren tokiya degu —esan zion.

        —Ai, barkatu —ta atzera etorri zan Xanti.

        Xanti lotsatu-asia atera zan. Neskak begiratu ederra egin zion. Kurrutako aren koska nabarituta dardarka asi ez ote zan. Egia da koska artan ortzak ortzakin jo zituala. Xanti-ri «jo ta uts» egin zuala iruditu zitzaion. Ez zuan, ordea, andik alde-egiteko asmorik; ez orregatik. Neska bere aldekoa zuan eta non-edo-an bereganatuko zuan.

        Bai azkar ere. Neskak bereala «agur» esan zion Kurrutako-ri ta barrenera sartuaz kanpoan utzi zuan Kurrutako ezpañak luzatuta.

        Ai, Xanti-ren poza! «Au, neria dek!», zion. Bi gizonak kristalatik begira jarri ziran. Zearka begira zegoala neska exeritzen ikusi zuan, edo, obeto esateko, etzanda-tankeran jarri zan, aldameneko jantziak artu ta zankoak estali. Beraz, aldameneko toki ura utsik gelditu zan. «Orain deituko naun», pentsatu zuan Xanti-k. Ta deitu egin zion neskak. Ordea, Xanti-k ez-entzuna egin zion, Kurrutako-k bigarren aldiz nola deitzen zion ikus zezan. Kurrutako-k ba'zekian Xanti-ri deitu ziola, baño ezta itzik ere aipatu.

        Bigarren aldian,

        —Aizu, ba'dezu tokiya nai ba-dezu —argiago itzegin zion.

        —Eskarrik asko, orren urruti ez nua, ni ere Andoañ-eko bidian nabil, zutik ba'ninjuakian; baño gogoz exeriko naiz eskerrak demazkitzutan bitartian.

        Ta Xanti barrenen eta Kurrutako kanpoan. Xanti-k eta neskak lasai itzegin zuten Andoain-eko bitartean.

        Trena gelditu zanean Kurrutako-ren aztarrik ez zan.

 

aurrekoa hurrengoa