www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Donostia
Augustin Anabitarte
1932

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Augustin Anabitarteren idaz lanak, Juan San Martinen edizioa. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1986

 

aurrekoa hurrengoa

VIII
Goiz artan...

 

        Goiz artan egualdi ederra zegoan. Donostia-n iparraizeak egualdi ona ekarri oi du; Matxitxako-tik datorrenak, euria; egoaizeak, azaltzen danean, eguzki ederra ta alde-egiten duanean, egualdi txarra. Gañera udaberriak mokoa erakutsi.

        Zurriola-ko itsas-bazter alai ura amaika egonaldi gozoen garri izaten zan. Iparraizea zala-ta, zerua ta itsasoa urdin-urdin ageri ziran. Auzko ertzetik asita, neke-neke zetorren aizea uraren gañean. Emengo aldetik, mendiek-eta zuten ertzatua zelai zabala. Ulia-mendi beti edan-eta-edan ari dan abere aundia zan.

        Txomin-ek ez zuan iñoiz ikusi ainbeste egazti batean. Ulia ta Gaztelumendiaren tarteko artan urtu gabeko elur-malutak erruz ikusten ziran zapi urdiñaren gañean: autsak alako ugaritasuna. Baldin munduaren azkenean antxetak berpiztu bear ba-luteke, Josapat-eko zelaia antxen luteke.

        Antxeta zuriak lasai zeuden uretan. Bazkalondoz ariko balira bezela. Erriaren edergallua! Venezia-ko usoak... ezta alderatzeko ere. Ura aundituta ba'zetorren eta antxetak, atzetik artuak ipurdiz gora igotzen zitzaizkitzun; samalda osoa zerabilkian urak gora ta beera. Begien atsegiña!

        Beste antxeta-multsoa ibaian, Urumea-n, bi zubien tartean egoten zitzaizun. Urlaisterrak itsasaldera zekazkian eta ba'zebilzkitzun aidean atzekoz-aurrera; azkena leen, leena azken. Antxetak legorrean, uretan eta aidean lebilzke. Ankaekin uretan igari ta legorrean ibilli; aidean, egoekin.

        Itsas-autsia izaten zan tokian, ordea, antxetak pilla aundi batean pii-pii zebiltzan nastuan janari-billa. Gora ta beera, eten gabe, ain nekezkoa zitzaien bazka mokoratu naiean, lan gogorra zerabilkiten. Urari ikusten zioten jateko-puska kendu nai lioteke, orien begi zorrotza!, ta ura berdintzen zanean txuxen-txuxen zijoazkion bertaraño.

        Arritzekoa zan alkarri ikutu gabe alde guztietara nola zebiltzan. Tripazairen batek angula-meta baten antza emango lioke alako naspillari; jakintsu batek egaera ikasi naiko lukean; eiztari batek tiro batez laukoa ilko lukeala begiak itxita. Arrantzaleak eta antxetak bere gain zuten putzua garbitzea: aiek arraiez, auek zikinkeriz.

        Aitz baten gañean maiz asko arrantzale bat ikusten zuten kanabela luzearekin arrantzan. Egoki zegokion arrantzalea aitz puskari. Biak bat zirala esan zitekean. Gizona arriaren pikorra besterik ez. Goiz artan arrantzalea agiri ez zala-ta, konkorra kendu dioten ganbelua iruditu zitzaion Txomin-i.

        Orduan ez zegoan arrantzalea, ta aren tokian iru kaio-zar arrian. Gizona egoten zanean, beste guztiak ospa; ura ez ta kaio-zarrak jartzen ziranean, besteak alde. An aal zuanak nai zuan guztia egiten zuan.

        Kaio-zarrak itsusiak ziran. Zebiltzanean ba'zirudian eskalaproinak zituztela. Mokoa, berriz, zapata zarren gisan, okertua; beera begira, ez goraka. Ain aundiak zirala ere bildurtiak ziran. Txomin asmo txarrik gabe urruti xamar ba-zebilkien ere, kezkatuta egoten ziran. Mokoa alde batera jarrita, Txomin-ek zearka begiratzen zutela uste; ordea, begiak bi aldeetara izaki ta aurrez-aurre ikusi.

        Ba'zijoan aurrerago ta atze-atzean jarrita orduan izaten zuten istillua, ezker-eskubi begira. Gelditu zan pixka batean, izututa egan ez-asi ainbestean, eta bat-bateko iru kaio-zarrak ura jo zuten sabelez bete-betean.

        Asi zitzaizkitzun bi lirdingari tiraka, egoak altxa, irugarrena egonean. Teink jarri zuten, egoak gero ta arrotuago. Irudigille batek baño geiagok orren lantxoa egin izan dute. Alako batean geien tira zuanak milla arraioka asi zan abian. Beste biak aren atzetik. Bi aldeetatik zai zijoazkiola zuzen joan bear erdikoa. Txomin buru-begi zegokien zertara iritxiko ote ziran. Geiegi urrutiratuko ez balira...

        Eskubikoak laga ta bira eman zuan bere aldera.

        Baita ezkerrekoak ezkerrera.

        Aurrekoak lirdinga zikiña iretsi.

        Txomin ibai-ondotik etorri zan Urumea-ko kabarrariak ikustera. Gizon bakarrak alako ondar-pil aundia, aren erraz, ain bide luzean nola eraman lezakean? Ara, ibaiko ura beera zetorrela Loyola-tik Donostia-ko muturrera etortzen ziran, ura gora zijoala urarekin batean Loyola-ra. Urak eraman zitzan utzi, baño berek nai zutenean. Orra burua izatea.

        Urumea-ko kabarrariak taldean zetozenean ikustea, politenetako gauza. Lurralde berrien jabe egitera zetozela esan bear. Bat atzetik-aurrera aga eskuan etorri bezela, beste batek, aga-muturra bizkarrari eutsita, zanko-joko yayoa egiten zuan atze-aldera.

        Batek aurrea artu, urrena besteak. Ta onela: eskubikoak laga, ezkerrekoak eragin; onuntzkoak jo, aruntzkoak utzi. Aga ikaragarriak!

        Irudi-mirudiak ziran. Urumea-ko kabarrariak ondar billa etortzen ziran. Ez zuten bidegabekeririk egiten.

        Iritxi, agaren burnizko muturra ondarrean sartu, kabarra kateaz lotu ta galtzak belaun kozkorretaraño goratuta altxa! oñetakoak eta guzti. Pala eskuan ari zirala, zanko-zastez barrenago sartzen zuten ondarrean eta gizonek, zutitu bakoitzean, aidean botatzen zituzten ondar-pillak.

        Kabarrak tontorreraño bete zituzten. Gañezka errukigabea ta palaxt egiten zuten kabarrek bi aldeetara. Ertzetik ari zala, kabarrariak jo-ta-jo sartzen zuan izugarrizko akullua kabarra ibilli zedin.

        Ez zan politagorik, ordea, zubi azpitik sartzen ikusi, ezkutatzeraño egon eta zubiari laisterka aldez beste eginda, kabarrak muturra nola azaltzen zuan ikustea baño. Kabarrak joan ziran.

        Txomin-ek Santa Katalina-eguraztokia ta Zelaia utsik arkitu zituan astegun goiz artan. Erregesoro-n ez zan txerpolari ta txotxongilloen aztarnik ere. Obe beretzat, ez zezaiola iñork nastu buruan zerabilkian lana. Txomin, bere erria asko ta asko maite zuan gaztea zan. Txomin-en erria, erri alaia zan, jai-zalea, jostagura. Donostiarreri «kaxkariñak» deitzen zieten; ala ere, jolasa lanaren ondokoa izaten zuten. Igarotako urteetan Donostia-ko kaiean artu-eman aundia izan zan: batetik, burnibidea jarrigabea ta bizigaiak itsasoz sartzen zituztelako; bestetik, Donostia muga-ondoan zegoalako.

        Txomin-ek arpegiko begiekin oraingo Donostia ikusten zuan, guk erakutsi bezela, eguzkitako kolore ta biziarekin; buru-barrengo begiekin, berriz, aspaldiko Donostia ospetsua. Bai ba', Txomin «La Fraternal»-en itzaldi bat egitekoa zan aiek ala eskatuta. Noiz edo noiz izaten zan itzaldiren bat soziedade artan eta Txomin-ek eder askoa egingo zuala-ta eskatu zioten. Beraz, Txomin egurazte ederrez ari zitzaigun bere lanean.

        Itzalbe ura «Katia» ziotena zan, San Martin-dik Plaza Zarreko bidean, aurzai guztien toki atsegiña. Arako txabola artan izaten zan erriko zergak ordaintzea. Gerratean bai bakarki arkitzen zala gure txabola toki zelai artan. Kañoi-alaiak ugari zebilkioten aldean eta arratsalde batez bi alek zulatu txabola. Arratzain-dik botatakoak.

        Txomin ondarrera jeisteko abiatu zan. Kai-buru ondoko «Lasta»-n kaleruak ondar-lasta artzen. Orduan lantegi asko bai-zegoan Donostia-n eta kaleru aiek Somorrostro-tik burni-meatzaz beterik etorri ta, ustutakoan, ondarra artzen zuten.

        Kaiean, lana gogotik. Mallukak sarri jotzen zituzten eta burni-otsa, etengabea. Bizigaiak ontzietatik legorreratzen zituztenean, kate-arrastakoa berriz. Kaiean, oial-ontzi asko. Oial, makila ta soka erruz ikusten zan. Oso polita zan oial zuriak eta Jarana-ko etxadia eguzkitan ikustea.

        Itsasoa beera nola bai-zan, Txomin ur-ertzeraño joan zan ondarrean. Une onetan oial-ontzi bat ari zan sartzen oso ikusgarri. Aizea gutxi ta oialak zabal-zabal izanagatik geldiro zetorren bi «puntetatik» onuntz. Itsasoa berdiña dala-ta, alakotan bakarrik ikusten zaizka bideak. Urrutiko bizigaiekin batean atzerriko asnasa dakartela dirudite. Buruari zerbait eragiñez geroz, aguro ikusten ditu ango ta emengo itsasoak, onelako ta alako gizonak, mota askotako ontziak, alde guztitarako joan-etorriak, sortaldeko fruta ederrak, ontzi-jabe aberatsak eta aspaldiko erromatar ta greziar salerosle ospetsuak.

        Txomin batzuetan gelditu egiten zan edertasun ura bein eta berriro ikusteko, ainbatetan ura bera ikusi izanagatik. Donostia-ko itsasoaz ez da errez asetzen. Bestetan ibilli egiten zan eta bere artan ari zala, askotan, konturatu gabe, iges egin bear izaten zien olatu txikieri bustiko ez ba-zan. «Katia»-ondoko beera-bidetik Kontxa-erdiraño, gizaseme baten oñatza ikutsi zitekean ondarrean.

        Eta ba'zijoan aurrerago; itsas-beerako ondar-gañean ibiltze ori, maitea bai-zuan. Legortutako ondarretan legun ibiltzen da. Aizeak gatz-usaia dakar eta gozoa izaten da. Eguzkia bizia, baño ez du iñor gaizkitzen.

        Eguarte ura, beste asko bezela, ederra zitzaion Txomin-eri. Askoz geiago ibillia ez zala, letra batzuk oartu zituan Txomin-ek ondarrean idatzita. Oar egin eta Chomin itza irakurri zuan. Oarra oar, aurrera jarraitu zuan. Noizbait auzko iritxi ta etxerakoa artu zuan Txomin-ek; bestetan baño onuntzago esango nuke. «Ez al da ba' beste Txomin-ik ni ezik» ari zitzaion bere buruari. Baño etorri-ala lengo itza berriro ikusteko gero ta gogo aundiagoa zekarren. Bertaratu ta gelditu zan. «Dana-dalarentzat au egitera berariz etorri da norbait. Egillearen oñatzak andik etorri ta bide berbera egin dute arakoan. Iñork ikustekotan egin ba-du, ez zan ni baño askoz lenago emendik ibilliko, urez estalia egon bai-da au. Ezta askoz geroago ikusteko egiña, aurki urak ezereztuko bai-du, itsasoa beerako azken mallan bai-dago», alako bururaketan ari zan Txomin. Oñak etorritako irten-bidera begiratu zuan. Ez zuan iñortxo ikusi. Urrena Andoain-dik Irun-erako gañeko bideari ezker-eskubi begiratu zion oartu aal zezakeaneraño. Azkenez Chomin irakurri zuan. Letrak ez zioten ezere geiago esaten. Asi zan ibiltzen, baño ostera gelditu. An ibillitakoaren oñak txikiak bear zuten izan, atzak erakusten zutenez. Txomin arriturik gelditu. Eta etxerako asi zan. Lengo itzaldi-gaia aztu zitzaion. Urrena ez zion jaramonik egin nai izan ikusitakoari. Berriz ere «nor etorri ote da eta norentzat jarri ote du?». Burua atzera biurtu ta begiratu zuan. Ainbestetan ibiltze ura bera egin eta ez zuan beñere alakorik ikusi. Zer ote? Dakianak esan dezala.

        Orra goiz artako eguraztea nola bukatu zan: antxetak, kabarrariak, oial-ontziak, itsas urdiña eta, azkenez, «Chomin» ondarrean.

        «Katia»-raño igota, Txomin-ek erriko bidea artu zuan, zuzen Plaza Zarreraño. Lengo bururaketak baztertu zituan. Azkeneko baserritar merkatariak azkarrik zebiltzan «arre, mando» etxerako. Goiztxo zala-ta, Eskotilla-kaletik artu bearrean Esnategi-kalera aldatu zan. «Judua»-eneko parean neska pil bat ikusi zuan izketan. Aien artean Kandi ezagutu atze-aldetik. Bat-batean biotz pir-pira etorri zitzaion, baño oñetakoetan ez zuan neskak ez busti, ez ondar aztarnik. Txomin lotsatu zan. Orrez gañera Kandi-k ez zuan Txomin-en aldera begiratu. Beintzat Txomin kardaba arekin joan zan bazkaritara.

 

aurrekoa hurrengoa