www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Donostia
Augustin Anabitarte
1932

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Augustin Anabitarteren idaz lanak, Juan San Martinen edizioa. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1986

 

aurrekoa hurrengoa

II
Santomasetan

 

        Erle amorratuak bezelatsu zebillen jendea batetik bestera Plaza Berrian. Santomas-egunean baserritar asko etortzen zan Donosti-ra ta, baserritarrak eta kaletarrak, guztiak Plaza Berrian biltzen ziran: an izaten bai-zan iru eguneko peria.

 

                Santo Tomas-eko periya

                txorixua ta ogiya.

 

        Plaza osoa mota askotako saltokiez betea zegoan. Geienak nolanai jarriak zeudela, jendea arren gisan irabioka zebillen saltokien tartean. Batzuetan, ustegabean, irtendako tokian azaltzen ziran. Bestetan, baserritar sendokote batek, aurrez-aurre, kaletar nexka mexka baten ondotik joan bear izaten zuan. An izaten ziran karraxi ta algarak! Denda-edo ziralako aiek, ola ta oialez erdipurdi eginda itxura besterik ez zuten aiek, maiz bean jo ta gañeko ontziak itzulipurdika erortzen ziran. Saltzalea «asto» ta «kankallu»-ka asten zitzaion zijoanari; bestea berriz, parrez, «denda arrayua jarri dezutena». Arkupearen parean zegoan bide erosoa; baldin erosleek guztia ikusi naiez atzeraka batean ibiltzaleekin istillua jartzen ez ba-zuten. Erle amorratuen gisan zebiltzala esan degu ta alaxe zan. Gazteek txibilitoak eta koskabilloak erosi ta geiago eziñean Gorra gaztain-saltzalea «ernegaziko» zuten. Neska lirañak, irria ezpañean, jostatzeko ez besterik jaioak zirala ematen zuten.

 

                Ume eder bat ikusi nuben

                Donostiya-ko kalian.

 

        Etxekoandreak goizean egiten zuten erostea. Orduan izaten zan —orain ere bai— etxeko neska-mutilleri jostalluak eta goxoak ekartzeko eguna. Neska-mutillek artzen zituzten ardit, kuarto ta txanponak —edo gastatu nai ez zituztenak, beintzat— «eltxetxoan» gordetzen zituzten: lau txanpon, zazpi kuarto. Santomas-egunean urte guztian aurreratutako diruak eltxetxotik atera ta, zerbait geiagorekin, amak bakoitzari ekartzen zion peria. Donostiar neska-mutillentzat ez zan urte guztian Santomas-eguna bezin zorioneko egunik.

        Ordea, jostalluak ezik, ontziak, oialak eta etxerako bear izaten diran gauza asko saltzen zituzten. Baserritarrak pillan ikusten ziran tokietan, makillak, akulluak, kapusaiak, zamarrak, aizkorak, atxurrak-eta aldean egongo ziran. Egaztia —kapoia batez ere— erruz ikusten zan. Gorra zeritzatzen gaztain-saltzale emakumeak, gaztañak ezik, lanpernak, karrakelak eta lapak ojuztatzen zituan. Teresa Boba-k «panpoxo» ta «panpoxa»-eri pastelak eskeñi. Bertan prejitzen zuten ainbat kana lukainka: beatzekin artu, aboarekin jan eta esku-atzearekin ezpañetako koipea... zabaldu. Olio-keari «Txardin-berri»-koek egiten zizkioten musiñak!...

        Txomin-en etxea Plaza Berriko aldetik bigarren bizitza zan eta Ikaz-kale aldetik irugarrena. Donostia-ko aberatsenak Plaza Berrian bizi ziran eta jairik ederrenak bertan egiten zituzten.

        Txomin-en etxean aita ta seme-alabak bizi ziran, alaba Txomin baño bi urtez zarragoa; Txomin-ek ogeitazortzi urte zituan. Aiekin batean Katalin mirabea zuten. Sukaldean egoten zan, plantxan aritu ere bai ta etxekoandreari illeak orraztu. Askotan iruten aritzen zan. Illean ogeitamar errialeko «soldata» zuan —orduan ez txarra— ta Santomasetan beste ogeitamar errialeko saria, zapata parea, gorua ta arizko bi alkandora... Katalin-ek berak ardazkatua. Urteak zeramazkian etxean.

        Neskame bat ere ba'zuten, Madalen, beste ajola gutxiagoko zeregiñetarako. Ala bearko. Orduan Donostia-ko etxeetan urik ez zala-ta, makiñabat aldiz joaten zan sullarekin San Telmo-kalera ur-billa. Ta gizasemeren batekin itzegiteko aukera izanez geroz, baita fregaderan sulla ustu kalera lenbailen ateratzeagatik ur-bearraren aitzakiarekin.

        Txomin-en etxean ederki bizi ziran; urre asko ikusten zan etxe artan. Don Jose, aita, notarioa zan, baserri askoen nagusi-ordezkoa ta, orrez gañera, soldaruen alarguneri «pagak» ematen zizkien illero-illero. «Pagak» emateko dirua Kale Nagusiko Aduana-tik ekartzen zuten. Dirua kuartotan artzen zutela-ta, askotan etxekoandre gaztea ta Katalin arratsalde guztian egoten ziran, ari ta ari, kuartoak kontatu-ala pillaka jarri ta urrena, eskua irristatuaz, paperean bildu ta muturrak itxi.

        Emakumeak bakarrik bizi ziraneko zorigaiztoko egunak joan ziran. Iñork ez zuan gogoratu nai iru urtez lenago soldaruak etxera etorri, baztar guztiak miatu, arrotuta gero, ta, galgarririk topatu ezagatik, etxeko nagusia Gaztelura eraman zuteneko egun ura. Eskerrak jana etxetik eramatea aal izan zutela. Ta urrena Txomin eraman zutenean! Orduan ez zuten jana eramateko aukerarik izan. Eskerrak bere zaldia, argalduta ba-zan ere, biurtu ziotela. Orain pakean bizi ziran. Aita-semeak, aurrez-aurre, mai bertan aritzen ziran lanean.

        Baño egun ura ez zan lan-eguna, jan-eguna baizik, batez ere Txomin-en etxean. Baserritarrak urteko «errentak» ekartzeko eguna zuten. «Errentaz» gañera, baserrian ollo asko eukitzen-eta, egaztia ba-zan, beste zerbait ba-zan, emaitz ederrak ekartzen zituzten, «barkatu eskasiagatik, urte txarra izan degu» urtero bezela asiagatik. Ta Don Jose-k baserri askoen kontua egiten zuala-ta, emaitz ugariak biltzen zituzten etxe artan; bai orduan, bai gabonetan ta bai Sanjosetan. Katalin-en sari-eguna ere zan egun ura.

        Ta ona zergatik esan degun «jan-eguna». Amabiak ezkeroztik baserritarrak jabeen etxeetara etorri oi ziran bazkaritara. Txomin-en etxera ogeitabost-bat lagun etorri ziran, ez orrenbeste baserrien nagusi-ordeko zalako, baserri batekoak askotan pamili guztia ekartzen zualako baizik. Etxekoandreari, Katalin-i ta Madalen-i bildu zitzaien lan aundia!

        Etxeko gela nagusiak doi-doi artzen zituan danak. Amabitarako maiak alkartu, zapi ta ontziak jarri ta eltzeak gal-gal. Mai-burutzat zarrena jarri zuten. Txapelak belaunaren gañean, «Gure Aita» bat esan eta mai-burukoaren bedeinka zioarekin asten ziran. Ta asitzea asi ta galanki jan ere bai: ogi-zopa, eltzekaia, gisatua ta bixigu erria, gazta ta gaztañak; ardoa ta sagardoa edan-ala ta kafea pattarrakin. Batzuk maitik aldendu xamarrak jarrita, txaliarekin aritu bear zutenean, gorputza maiari alderatu, besoa luzatu ta, onuntzerakoan, plateratik abora bitarteko txirrio polita egiten zuten.

        Nekez asten zan izketa; jan-ala, edo edan-ala, berriketa geitu. Uztaren galerarekin asiko zitzaizuten; batez ere sagarra izango zan gogotik aren lore ederra! ta izotzak eta kaskabarrak guztia ondatu. «Alako txal guri-ederra ba'genuan, gaitzak jo ta galdu zitzaigun». Emakumeak, batez ere, auzoko kontuak izaten zituzten: zereko zeraren ezkontza, ainbat baserrietako morroienak eta alako neskak onenbeste edo orrenbeste eramango ote zuan. Artean neska-mutillak ango oparotasunaz arrituta, ixilik ari ba-ziran ere, ezin geiagoan jaten zuten. A zer gizendua!

        Bazkari-bukaeran Don Jose azaldu zan maisterren artera ta bai gogoz ta iñon diran atsegiñezko itzakin artu. Urdalla beteko pozarekin bat bertsotan asi zan eta nagusiari ta etxeko guztieri zorion guztiak opa zizkien. Maitik altxata agur egiterakoan, urrengo Santomasetan ere «errentak» txintxo asko ekarriko zituztela, atzerako zor-puntta ura ere berdinduko zutela-ta, urteroko esanekin abiatu ziran, andreak saskiak besoan. Ordurako Anita etxekoandre gazteak edo libra txokolate ala bakallo-zerra sartu zuan saski bakoitzean...

        Arratsaldean ibillera berbera Plaza Berrian ala neskatxa geiago esango genuke, eguardi-artean baño. Jendea sartu ta atera Eskotilla-kaletik eta Esnategi-kaletik egiten zan eta nola! alkarri bultzaka, alkarren gainka. Zurrungillo aietan irri-karkarak maiz entzuten ziran, asarrezko itzak ere bai ta noizbait eme baten karraxia. Itsasaldiak guztiak nastutzen zituan ta jo batera ta jo bestera, zankoen gañean biraka ateratzen ziran.

        Arkupetan ibiltoki erosoa zegoan. Gizaseme apain eta neskatx pinpirriñak aruntz-onuntz zebiltzan. Plazak ba'zeuzkan buru ta oñak, Plazak ba'zeuzkan urdalla (lukainka-usaia nabaritu) ta Plazak ba'zeukan biotza, biotza arkupetan. Antxen zebiltzan erriko gazteak. Geren bizitzako oroitz samurrenak labe orietan trinkotzen dituzu, irakurlea.

        Arkupe-kanpotik sudur-zapi poxpoliña zetorren goitik beera, zereko illunabar-argi gorrian, balkoi batetik eroria. Neska polit lirain batek beatz-muturrekin jaso zuan. Bereala iduri ederreko gizasemea azaldu zan aren pareko eskaratzan. Asi zan billa ta, ustegabean, neskatx politarekin aurrez-aurre arkitu ziran bi gazteak. Biak lotsatu xamarrak zeuden: neska geldik zapi txukuna beatzetan eta gizasemea eskua doi-doi luzatu ta artzeko tankeran.

        —Eskarrik asko, gazte —esan zion gizasemeak.

        Neskatxak ez zuan itzik atera aal-izan, begiratu bakarrik.

        Gizasemea bigarren bizitzara iritxi zanean, Anita-k ala esan zion anaiari:

        —Ez zitzaizun joana damutuko, e...?

 

aurrekoa hurrengoa