www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Donostia
Augustin Anabitarte
1932

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Augustin Anabitarteren idaz lanak, Juan San Martinen edizioa. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1986

 

aurrekoa hurrengoa

X
Donostian Donosti

 

        Plaza Berria! Ortxen izan ziran Prim-en eta O'Donell-en sarrerak; ortxen Urbiztondo-ri arrera ederra; ortxen Isabel IIgarrenaren aldezko matxinada; ortxen agurtu zituzten Aprika-rako soldaruak (Joxe ta Antton zirala); ortxen Campillo-ren matxinada ere; ortxen 18, 33, 45, 50, 57, 66garren urteetako Iñauteri-artzaigo ospetsuak... Eta aurtengoak ere!

        Donostian Donosti, gorostian gorosti.

        «La Fraternal», «Unión Artesana», «La Euterpe»...

        Illabetez aurretik asi ziran «La Fraternal» eta «Unión Artesana»-koak urte onetan Iñauteri gogorrak egin bear zituztela. Ain gogorrak ere; azkenik biak alkarrekin jaiak antolatzea erabaki zuten. «La Euterpe»-ko musikariak saiatu zitezkean.

        Lenbiziko, San Telmo-ko ingeles-soldaruak utzitako tramankulu luzeak, bitan ebaki ta Burgos-era bidaldu, larru berriak jarri ta atabal egokiak egin.

 

                «Donostiarrak oi dira beti

                Umore onian oitubak

                Iñauteriyan ageri dute

                Bertako kanta soñuak.

 

                Penak utzi eta

                Maite polita

                Atoz zu nere ondora».

 

        Donostia-ko Iñauteriak ospe aundikoak izaten ziran, aspaldidanik; baño aurtengoak lengoen marrak autsiko dituzte. Zalduniote-goizean ba'ziran Donostia-n 6.000 kanpotar, prantzes asko ta Pau ta Biarritz-tik etorritako ingeles naiko, burnibidea ba'zegoan ba'sasoi artan Prantzi-tik etortzeko. Ordea, Zarautz-aldetik lengo zalgurdi zarra zebillen orain ere. Artantxe egin zuan Santa Cruz-ek Donoti-rakoa Aramayona-tik itzuli-berrian; artantxe etorri ziran Anton Zurrut eta Joxe Ogi Plaza Zarrera, Aprikako lurraldea utzita, moro-jantzian.

        Orain ere Plaza Zarrean egiten zuan geldi-aldia Zarautz-ko zalgurdi aundiak. Zalgurdiaren goiak eta beak bete-betean zeuden jendez. Be-aldean amabi lagunentzako tokia ba'zan: iru aurre-aldean, sei barren-aldean eta beste iru atze-aldean. Gañean, berriz, lau lagun joan zitezkean. Zortzi zaldi! Dantzategi artatik nekez ateratzen ziran, zankoak ezin luzaturik, autsez zuri-zuri egin eta, udara ez izanarren, naiko berotuta ere.

        Beintzat, Zalduniote-goizeko amaiketan, Ondarreta-n danba batez dios Momo ba'zetorrela gaztigatu zutenean, kaieko jendetza aundiak ulu ikaragarria atera zuan eta inguruko itsas-ontziskak iñolazko motazko txistu biziakin urratu zuten aidea; batzuek txalo egiten zuten. Kai-aurreko etxe-zuloak jendez beterik zeuden eta beeko zenbaitzueri nekezko zitzaien ertze-ertzean egon eta iñoren bultzakarekin uretara ez eroritzea. Beraz, Txubillo-ren oñean zegoan Ondarreta-tik, dios Momo egin zuteneko lantegitik berau atera ta itsasoz, Santa Klara-ren atzetik, kaiean legorreratu jende asko ekarri zuan zalduneriak pasa bear zuaneko kaleetara, aurreko tokiak arrapatzera.

        Antxe zegokion zai, kaiean, zalduneria dios Momo-ri, areri laguntzearren, eta berau gero ta bertago zetorrela, zaldiak eta gurdiak gertutzen azkarrik zebiltzan. Santa Klara-ko atera pasata, oraintxe urduri zebillen jendea. Errizaiak lan gogorra zerabilkiten jaia era onez egingo ba-zan. Azkenik txaloka ikaragarria jo zuten «dios Momo» bertaratu ta legorrera asi zanean. Lanak izan zituzten! Onekin batean beste gizon asko —zaldi ta gurdiz gañera— etorri zirala bide, kaia bete-betea zegoan; ain betea ere, amar urteko mutil koxkorra putzura erori zala; ordea, bat-batean, esku batez zankotik eldu ta buruz beera atera zuten uretatik. Orra ba'alaitasunaren jainkoizunari arrera berebizikoa.

        Ta txingurritegi artatik txingurri geiago eroriko zan uretara baldin zaldi, zaldun eta zalgurdiak noizbait abian asi ez ba-ziran. Ikus bitza irakurleak Donostia-ko Iñauteri ospetsuak.

        Lenengo tokian iru aurrelari zijoazen zaldizkoak buruko gorriekin; gorontza gorria ta ikurdi urdiñak bular-bizkarretan; gona motz urdiñak ere, urrezko siztatuekin; luma txuria burukoan eta oñetako aundi ederrak. Erdiko aurrelariak auxe zeukan jarria bandera batean: Carnaval de 1878 — La Fraternal — Unión Artesana; aldameneko bi aurrelariak turuta bana zeramaten eta, tarteka, turutari aize ematen zioten.

        Bi soziedade oriek ederki alkartuta azaltzen ziran eta arpegia onela erakusten zuten; egia da ere bat baño geiago asi zala esaten «Unión Artesana»-k egindakoa geiago ta obea zala «La Fraternidad»-ena baño.

        Urrena erriko danbolin-jotzaleak apain-jantzian.

        Gero bi erraldoi edo gizandi ta lau buruaundi: Alkatea, bi errizai ta beste txinel bat, itxurazkoak.

        Orien atzetik Estudiantina Euskalduna, berrogei laguneko taldea, beltzez jantziak, eztarriko ta eskumuturretako egalun txuriekin, galtza motzak, zapata luzeak eta ginbail zabala kolore askotako lumaekin. Aurreko tokian bandera bat zeramaten onela jartzen zuala: Estudiantina euskalduna de la Universidad de Valladolid.

        Bostgarrenez, Carroza de nigrománticos. An zijoan Xanti, gure ezaguna. Zerua ikusteko etxearen antza zeukan gurdikote arek. Tramankulu aundia ere ba'zan zeruko izarrak miatzeko. Orrez gañera, an zijoazen lau lagunek urrutira ikusteko bana zuten txikiagoak. Arekin Xanti-k iduri-oneko neska guztieri begiratzen zien; urrena mutur estua aboan sartu ta bertatik itzeginda zurikatzen zituan. Beñolakoan, neska polita irudituta, aboko bustia begiari erantzi zionean, berealakoan okertu zuan beste aldera: Kontxexi Araneder zan.

        Seigarren tokian Musica japonesa zeritzatena zijoan, «La Euterpe»-ko musikari yayoak japondar jantzian, beren lastozko ginbail zabalakin eta soñekoan iñolazko letra ta marrak, berek eta txinatarrak oi dituzten bezelakoak.

        Dios Momo-ren bi aurrelariak Injente-kaleko parean zijoazen, aurrera bai-zijoan zalduneria. Batzuek kale-ertzean jarrita geldirik ikusten zuten; besteak zalduneriaren ondotik arekin batean joan. Ta dios Momo bera Kale Nagusian sartu baño lentxeago, ate bateri bizkarra erantzita zeuden «Txardin-berri»-ko ama-alabak:

        —Agur, don Amalio —esan zioten Kurrutako mutil zarrari. Irria ezpañetan ikaragarrizko sonbrero-kentzea egin zien.

        Ikus dezagun dios Momo orain. Danetan gurdikoterik aundiena zan. Amaseigarren gizaldiko Venezi-tar ontziaren itxura zeukan, bi aldeetako arraun errenkadakin. Arraunlarien ordez musikariak zijoazen. Dios Momo tokirik agirienean, oial zabal baten itzalpean. Gurditzar au koxkabilloz ta txilintxaz josia zegoan eta zebillela, musikarien soñuarekin belarribarrenen atsegin egiten zuan. Sei mandok zeramaten gurdia; auek mitxeleta-egoekin zeuden edertuak.

        Gero Praxku-talde bat, gure erriko jantzian, eta atzerago, Carro de Ceres, goroldioakin antzemana. Garia, artoa ta lurrak ematen dituan beste aliak lantzeko lanabasak. Orrez gañera ate batzuk ibilli añako ur-ontzi aundia, ate ta guzti.

        Urrena Batallón de Kaka-jarios, aspaldiko urteetan Zelaian izandako burrukaekin zer-ikusia zeukana.

        Eta onelaxe, geiegi ez luzatzearren: Carroza infantil, Carro de Marte, El moro Muza y su séquito, Carro de Mercurio, El robo de Elena, Carroza de Vulcano, Concha de Neptuno, Escolta de carabineros de Offembach, Primer regimiento montado de jeringuería.

        Ta azkenez, eun erromatar zaldizkoak... ollar-gañern exeriak, musika ta tutuekin.

        Zalduneriaren buruan txantxo ta mozorro ba'zijoazen kalekoak.

        Azkenik, Kale Nagusia pasata, Portu-kaletik barrena, Plaza Berrian sartu ziran guzti-guztiak. Ta tankera onean jarrita zeudenean, Donostia-k esan zezakean:

 

                «Iñork nai ba-du belar onikan

                Naiz dala lore, aziya,

                Gure baratzan arkituko du

                Asma diteken guziya».

 

        Baratz uta ederra zan bada. Plaza Berriko tellatuetan ere jendea ba'zala esango genuke. Jarraigo luze arek bira guztian artzen zuan enparantza. Barren-aldean, sokaz ertzatuta, erruz zan jendea; oñak ezin ibilli-ala. Baita arkupetako ibiltokian. Aietako uztai baten azpian zeuden Kandi ta beste iru lagun alkarri besotik elduta, lepoak luzatu ta iñoren bultzakari arpegi goxoa jartzen. Noizean bein aldeetara begiratzen zuan atzekoa ikusteko.

        —Ori poliki! —ari zan— Zer diyo dios Momo-ren kurpilleta? La Fra-ter-nal (buruari eragiñaz), U-nión Ar-te-sa-na. Zeñen ederki! Otra Xanti! Zer dute jantziyetan marreztuta? Kokotzaren azpiyan eguzkiyaren antza ta gero oin eta eskumuturretaraño izarrez josiyak. Oyek ate politak uretan!

        Une batean ixildu zan besteak ere bere artan ari zirala. Andik pixka batera jarraitu zuan:

        —San Tomas-egunean bezelako lanabasak daramazkite or lurra lantzekuak. Ara, zerbait erori da balkoi artatik...!

        —...San Tomas-en bezela —itzegin zuan atzean zegoan Txomin-ek— eta barkatu, Kandi zeralako neska polit orrek, ez det uste nere arrebaren sudur-zapiya jaso zenduelako eskerrak eman nizkitzunik ere.

        Beste neskak, «Unión Artesana»-k geiago egin ba-zuan ala gutxiago —esamesak entzunda ari zirala— «neska polit orrek» itzak belarriratu zitzaizkienean, ari ura utzi ta Txomin-en aldera jarri ziran begira.

        —Baietz uste det —erantzun zion Kandi-k ikara joanda gero.

        —Ez det uste (gezurretan ari zan Txomin).

        —Etzan zer eman ere. Beraz aztu ziñan?

        —Eta gogoratu naiz. Aztu izatia gogoratu. Zer ote da, buru txarra ala buru ona izatia?

        —Itzaldiyak egiteko buru ona biarko dezute, noski.

        Par gozoa egin zion Txomin-ek.

        —Nolakoak diran.

        —Gain-gañekuak ala...

        —...nolanaikuak.

        —Zoriyonak zuri, berandutxo ba-da ere.

        —Eskarrik asko.

        —Ia urrengo batian eskerrak ematia aztu zerala gogoratzen zeran.

        Neskak irria zuten ezpañean.

        —San Tomas-egunarekin bezela nun eta beste zerbaitek Iñauteriyak burura ez ba-dakazkigun...

        Txomin-ek aitzekia zekarren, baño Kandi-k San Tomas-eguna aipatu. Txomin-en erantzuna alde txarrera artu zitekean, baño ez zan orrelakorik gertatu.

        Ordurako iru musikari-taldeak batera bildu ziran ta dios Momo bera ere erdi-aldera ekarri zuten jendearen artetik egizko Jainkoak dakian bezela. Momo zutik jarrita agerkai bat irakurtzen asi zan. Aren jolasa esan bitartean, Txomin-eri ondarreko letrak burutaratu zitzaizkion. Aspaldian kezka ura ezin aienaturik zebillen. Berekikoz neskaren bat bear zuan izan, ango oin-atz txikieri antzemanda. Eta ura ez ba-zan, nor izan zitekean?

        Momo-k bukatu zuan:

 

                «Artu jende maitiak

                Donostiyakuak

                Oroipen aitormenak

                Biyotz gurekuak».

 

        Iru musikari-taldeakkanta bat jo zuten eta onen urren, etorri bezela, jarraigoa asi zan Plaza Berritik Portu-kalera, Kale Nagusitik Lasala-enparantzara. Ementxen zan zalduneriaren gorde-tokia.

        Plaza Berritik atera baño len, Txomin-ek ondarretik ikusi zuala Momo-ren etorrera esan zion Kandi-ri. Kandi, ixilik. Urrena itsasbeera zegoala-ta, bertago egon eta ondo ikusi zuala ondarretik. Kandi-k beste nonbaitetik ikusi zuala erantzun. Eta Txomin-ek neskak agurtu zituan.

        Ondo egin omen zuan ez geiago esatea. Berak zer ikusirik ez zuan izango ondarreko kontuarekin. Ala zion Txomin-ek beintzat. Beste esanak gogoratu zitzaizkion. Zein polita zegoan neska polit ura!

        Kaleetan jende asko zebillen. Arrotzak nora etorri ondo jakin.

        Arratsaldeko ordu bata joa zan.

 

 

        Lauak ezkeroztik Plaza Berrian ezin bukatu alako musika zan. Donostia-ko mozorro ta txantxo guztiak antxen bildu ziran. Mutil koxkorrak txantxoen atzetik bixiga edo maskuriakin jo ta jo ari zitzaizkien. Bein edo bein listaria autsi ta pelota bezela joaten zitzaien maskuria. Batzuen ondotik joanda ardo-usaia galanki aitzen zitzaien. Zurrunbillo artan geienak karraxika ari ziran. Baño txistulariak ezta ere gelditu.

        Antxen zebiltzan Erri-etxeko ate-ondoan Joxe Ogi ta Anton Zurrut, beren diña zeramatela. Ibiltzen asmatzen ez zutenak, trebeak ziran dantzan. Jende asko zegokien begira.

        Joxe emakume-jantzian zegoan, gorriz goitik beera, ginbail beltz luze batekin. Arpegian ere zirrimar gorriak; begiak, ikaragarriak; gerri estua ta lurrerañoko gona zabalak.

        Antton emakume-jantzian ere. Gonak, maindire batekin egiñak; bularrak, sendo; buruan, txapela; arpegi-ordeko mozorroa ta, emakume-gisan zegoalarik, mozorroaren aboko zulotik, xigarroa. Dantzan egiteko baztar batean jarri zuan zerabilkian kaiola; barrenen, sardin-zarra txori. Onoko txantxoak orain ere ikusten dira arrantzaleen artean.

        Ta dantza gogorrean ari zirala, non beste mozkor bat etorri ta irurak alkarrekin asten diran —au eguneroko jantzian etorri zan—. Ogi-ri ginballa erori ta etorriberriari txapela kendu. Zurrut-ek ginballa lurretik artu ta ezagutzen ez zutenari jarri. Ta onelaxe, bat erori, bestea altxa, urrena jendearen gañera joan ala alkarren gainka ibilli. Noizbait bukatu zan amaitu eziñeko dantza ura. Kaiolak-eta eman zizkieten eta an joan ziran irurak alkarrekin, bi alargunak eta bestea, izarditan, zakur bat atzetik zaunka.

        Urrengo goiza arte ibilli ziran ezagutzen ez zuten ideko arekin. Antton-ek ez zeukan ez txapelik, ez mozorrorik, ez kaiolik.

        Asma, besteak.

 

aurrekoa hurrengoa