www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Donostia
Augustin Anabitarte
1932

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Augustin Anabitarteren idaz lanak, Juan San Martinen edizioa. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1986

 

aurrekoa hurrengoa

XVIII
Udazken-egun batean

 

        Udazkena urte-sasoirik ederrena izaten da Donostia-n. Ez da udara, ez-eta negua, bai bien artekoa: ez du udararen bero kiskalgarria, ez-eta neguaren otz mingarria. Landa-ibarrak xamur ageri dira. Eguzkiak urre zarraren itxura dauka. Nik ez diet galdetu nere irakurgaietako maitaleeri biotzeko lera ori noiz-eta aundiago nabaritzen duten; baño udazkenean egingo nuke, batez ere alaitasunera baño tristetasunera emanagoak ba-diran. Udaberriko maitasuna biziagoa, zabalkorra; udazkenekoa, lodia ta sakona.

        Udazkenean urrutiko gauzak gogoratzen zaizkigu. Ernai-ametsak ugari etortzen zaizkigu burura. Alako zera! Geronen barruan sartzen gera ta asegabeko naiak gerekin ditugula, bat egiten degu. Aiek paa... gozoak! Geren biotz gaxoa!

        Osto gaxoak ere gorrituta zintzilik egoten dira adarretan eta noizbait bizitzari agur esanda, buruko zentzua galduta, bai-ta-ez, bai-ta-ez, etortzen dira. Gorria zana beltza biurtu. Aizea etorri, erabat artu ta zurrungilloka an daramazki. Urrena neguko elurrak estali ta akabo.

        Baño, ez, urrutiegi joan gera, udazkenean geunden, eguzkiak eztia daukanean. Udazken artan, bada, asegabeko naiakin paa...ka ari zan Txomin gozoro. Gazteak ba'zeukan guztia ta guztia ezerez. Txomin-ek itzal aundia egiten zuan Donostia-n, batez ere estropadak irabazita gero: ezpañak irritu, txapelak kendu, ateak idikitzen zizkioten. Txomin-ek erri guztia goratu zuan eta erriak Txomin goratzen. Txomin-ek omen eta ospe-iturritik abo-beteka edan zuan.

        Baño oneraño irakurri duan irakurleak —eskerrak demazkiot— ba'daki Txomin-en «zer» ura. Gero-ta bizitu zitzaion lera ura. Len ondarreko joan-etorri aiek kezkatu ba-zuten, orain aunditu egin zitzaion korapilloa askatzeko naia. Ta Poli tartetu-edo zala, alako grin batek eldu zion.

        Txomin-ek bere barrena maiz azterkatzen zuan. Berak maite al zuan Kandi? Itxuraz bai. Beintzat ura gabe ondo egon-eza nabari-nabari zuan. Beraz, bearrekoa bereganatzea. Eta Kandi, bere aldekoa al zuan? Baita, itxuraz ere. Azkeneko alkarri-begiratzeak esan-nai aundia zeukaten; ez da zalla iñoren gogo ona begiratze onaz adieraztea. Baño on andi baten zai gaudenean, edozerk bildurtzen gaitu. Agidanean begiratze aiek beste norbaiteri egin lezazkiokean... Poli-k berak —arranoa!— ez ote zituan ikusi aurrez-aurre Kandi-ren begiak?

        Ta gazte gizajoaren ametsak auts eginda, esku-utsik arkitzen zan. Orduan aldarte txar batek gogoa galduta uzten zuan, makalduta egoten zan. Ta ala izan oi dira maitaleen zalantzak. Beste edozeñek argi ikusten duana, aulduta, indar gabe etortzen da beren begietara. Artean besteena zearo jakin nai, besteak oparo eman bezate, ta gu urrizaleak. Izan ere ezerk ezin lezake lotsa aundiagorik eman, guk geronek geren naia erakutsi ta arritu-itxuran erantzutea.

        Ta Txomin berriro ondarreko arazora biurtzen zan, artan indar aundia zeukalakoan. Neska zan zaletu zitzaiona. Ta bide ortatik zerraikiola, ostera begiratu-arazora etorri ta oraingoan garaile ateratzen zan: bi egunean, toki ta garai berean topatzea... ezpairik ez zuan.

        Alakoxeak izan oi ziran Txomin-en azterketak: naiko bai-ta-ez ibillita gero, azkenean bere artan... baietz. Txomin garailari izateko jaioa zan. Ordea baietzko ustea bildurrarekin nastuta zetorkion. Orra ba'gure gazte lerdena Kandi-ren aizez nola makurtzen zan...

        Askotan ere estropada irabazi-izatea gogozkoa zitzaion, alegia Kandi-ren begietara goiko tokitara igoa izango zala. Baño urrena bere burua goregi ikusita, lotsatu egiten zan arrotuta ez ote zebillen. Ta zalantza artan azkenik, Poli-ren aldera begiratuta, ez al zegoan ondo baño obeto areri eman zion etxera-bidea?

        Txomin-en ustez, neskaganatu baño len bear liraken gauza guztiak izanak ziran; berekiko buru-austeen garaia ederki joana zegoan. Ta orduraño ez atzera, ez aurrera, egon ba-zan, oraingoan aurrera egingo zuan, eta urrengo egunean, aurreko bi egunetan bezela, Kale Nagusian ibilliko zan, eta Kandi ikustean, arengana joan ta zerizkion ondoena itzegingo zion, itxura kenduta lenbizi; baño nai bezelako arrera egingo balio, arek emango zion indarrarekin, xamurretan xamurrenak esango zizkion.

        Urrengo eguna etorri zan. Txomin, estropadaren garailaria, neska baten menpekoa zebillen. Arratsean ibillitako bururaketa guztiak goiz-argiak ezereztu zituan. Gaueko irudipenak eguna etorri ta ezerez. Illunpean ustetakoak, egunez itxurarik ez.

        Itzegin-bear utsak bildurra ta lotsa ematen zizkion. Zer esango zion? Nola asi? Len ain errazki Plaza Berrian itzegiña, orain nekezko egitekoa. Len, noski, ez irabazi, ez galdu; orain, ordea, bat edo beste: zoriona ala zoritxarra. Bildur zan okerreko bidetik sartuko ote zan. Ai, Txomin, biotzak arraunerako besoa auldu!

        Goizeko bederatzi t'erdietan atera bear zuan Kandi-k Santa Maria-ko elizatik eta Kale Nagusian barrena etxera. Txomin Apaiz-kaletik aldean jarri zan —andik sartu bear bai-zuan neskak— ta bein eliz-ateetatik ateratzen ikustean, arako asiko zan, bidean topo egitearren.

        Noizbait garaia eldu ta, beste askoen tartean, Txomin baztarreratu zan eta bertan xamar topatzea nai zualarik, aldizka egon, aldizka ibilli, egiten zan bidea neurtuz. Aalbait ez zezala oartu berta'arte, abian asita alkar ikusten zuten arte; ez Apaiz-kaletik urruti, arrera onik ez egitekotan bide laburra naiago.

        Otz-giroa zegoan goiz artan. Kandi oso polita zetorren, lo-eginberri ta garbitu berriko arpegiarekin: mantilla buruan, meza-liburua eskuan. Txomin abian asi zan ezker-aldetik eta oraintxe alkarren aldean zeudela, eskubiratu zan bat-bateko ikustea ta alderatzea balitz bezela.

        —Agur, Kandi —alai-itxuran esan zion.

        —Agur, Txomin.

        Aurrez-aurre zeudeneko une ura larriena izan oi da alako topa-aldietan. Irabazi-galduak orretan erabakitzen dira. Edo alkarrekin etorri ala banakako bidea artu. Xanti-k ederki zekian ori.

        Txomin-ek itzegin nai zion:

        —Eskuko kate ori polita dezu —esan zion josta-antzean.

        —Ez, errosayua da —Kandi-k.

        Xanti-k orretan Txomin-eri eramango zion, beste edozertan au aña ez izanda ere. Asiera txarra, beraz, Txomin moteldu zan.

        Baño Kandi-k lagundu zion:

        —Nere izenik ba'zenekien? —ta tarterik eman gabe— Zurea nork ez daki?

        Oraintxe alaitu zitzaion barrena Txomin-eri, bere buruaren jabe egin zan.

        —Zure izena —polita ala ere— alako egun jakiñez dakit. Bein galdetu ta esan egin zidaten; geroztik, noski, etzait aztu, aztuko ere.

        Txomin pixka bat eskubiratu ta ibiltzeko asi zan, naiko tartea utzita. Kandi ere ezkerrera asi zan...

        —Ez izena, ez bere jabea... —poliki zijoazen— Eta zergatik aztu atsegiñezko gogoratzea baldin ba-zait?

        Txomin-ek irria ezpañetan begiratu zion. Orduan bidearen laburtasunaz damutu zan, baldin pozaren-pozez egonda orrenbeste esatekoa ba-dan.

        —Izan ere atsegin ori gero ta aundiagoa zait.

        Ta Kale Nagusiko argitatik Apaiz-kaleko itzalean sartu ziran.

        Orduan Kandi-k pozik:

        —Esaidazu berriz atsegin ori.

        —Plaza Berrian nere arrebaren sudur-zapia jaso zenduenian asi zitzaidala, gero aundiagotu ta orain zure ondoan nagoanez ezin geiagokoa dala.

        —Eskarrik asko...

        Andik pixka batera:

        —Atzo ta eranegun ere ikusi ziñudan, beste noizbait ere bai. Orra gaur irugarrena. Gero-ta zaleagoa natzaizu. Gaur aña zorionik ez det izan...

        —Eta estropada irabazi zenduenian?

        —Orduan ere zure aldeko zoriona izan nuen. Zuk nork irabazi izatea nai zenduen, Poli-k ala nik?

        —Oi, donostiarrak!

        —Ez, gu bakarrak giñan aldetik.

        —Esan dizut ba', zuk.

        —Eskarrik asko —mutillak ere.

        Goizetik eskerrak alkarri ematen ederki asi zidan. Kandi etxeratu ez zedin, mutillak ekin zion:

        —Egia esan, irabazteak poza ori ekarri zidan: ni zure zale ain zaletua nengoela, zuk nereganako begikotasuna...

        —Esaidazu berriz poza ori.

        Orduan Txomin-ek esanaren truke par goxoa egin zion eta... eskaratzako atean gelditu zan, Kandi-rekin batean. Orra ba' etxerako bidea luzatu.

        —Aizu, Kandi polit'ori, nere atsegin eta poza zatzaidala esan dizut egi utsa dalako. Aspaldidanik gogozkoa zintzaidan. Plaza Berrian Iñauterietan alkarrekin itzegin genduenian nere buruari zorion guztiak opa nizkion. Eta geroztik zenbat bider! Artean gaur añako poza iñoiz ez. Zuri esan nizukeanaren puxka txiki au esan aal-izateak zorabidean jartzen nau. Eta zenbat gauza geiago esango nizkitzuke bein eta berriz! Askotan bakarrik nenbillela, orko bazterretan, nere buruan nenbilkizun beti. Ondarreko eguraztea, batez ere, maite nuen. An egin dituten ametsak!

        Txomin-ek neska bere aldekoa zuala ikusi. Arpegian maite-miñaz jota zegoala ezagututa, Txomin oso bere buruaren jabe egin zan. Izketa bere gogozko alderdira ekarri zuan. Ondarreko letraen jabea oraintxe jakin bear. Ain seguru zegoan Txomin!

        Ta aurrera jarraituaz:

        —Ondarreko egurazteak, batez ere! Itsas-beerako nere ibilli-aldiak! An askoz bertago zengokidala iruditzen zatzaidan. Batzuetan zu zerori nabaritzen ziñudala uste izaten nuen. Agidanean, esaten nion nere buruari, emendik ibilliko zan. Artean etziñudan beñere ikusten. Aiek ametsak, alkarrekin egon ba-gindezkian! Orain bezela, zure aldamenean. Ta alako ibillialdietan gauza batek arritu ninduen. Ibilli-ibilli juaten nintzala, bein, eta geiagotan ere bai, —ez det esaten neretzat jarri zutenik— norbaitek Chomin iskribitu zuen ondarrean. Ta bein ikusi ta ez nion arretarik egin; baño urrengoetan auxe igarri nion: oin-atzak uretatik etorri ta uretara biurtzen zirala. Letrak eginberriak zirala ta nai ta nai-ez iskribatzalia txalupan etorria bear zuela izatea nolatan ez nuen nik ikusten?

        Orduan Kandi-k erantzun zion:

        —Txalupan etorri-izatea etzuen bearrezkoa izango. Oñetakoak kenduta, urrutitik asita, uretan sartu ta ertzetik juan eta etorri zitekian...

        Ordurarte ez zitzaion Txomin-eri alakorik bururatu ta oraindik arrituta zegoalarik, gañeratu zion:

        —Zu, itsas-beera dagoela eguraz-zalea zerala jakin, eta arako bakoitzean bestelako oñetakoak jartzen dituzula ikusi, ta ara baño len beste ibiltzea egiten dezula usmatuta, ez litzake zalla asmatzea. Gero Esnategi-kalera juatekotan, ondar-aztarnak oñetakoeri kendu, antzik ez emateko ta... Ala ere —erdi-parrez asi zan— bein aguro xamar juanda ia arrapatu ninduzun...

        Txomin zoraturik zegoan. Arpegiz-arpegi jarrita esan zion:

        —Beraz zu ziñan, enetxoa?

        Ta Kandi, ezeri arretarik eman gabe arrigarria! besoak luzatu, mutillari lepotik eldu ta une batean lepotik zintzilik gelditu zitzaion.

        Ta lotsaren lotsaz besoak kendu ta igeska eskalleran gora etxerako abiatu zan. Kandi gizajoa! Geroztik zenbat denboran egon zan Txomin ikusi gabe agitz lotsatuta!

        Txomin, bakarrik, txaldantuta gelditu zan eskaratzean.

        Udazken-egun baten izan zan, ostoak zimeldu ta erortzen diran sasoian...

 

aurrekoa hurrengoa