www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Donostia
Augustin Anabitarte
1932

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Augustin Anabitarteren idaz lanak, Juan San Martinen edizioa. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1986

 

aurrekoa hurrengoa

XIV
Santo Domingo-iturrian

 

        Orduan Irutxulo-n bi iturri ziran, errikoak, San Telmo-kalean: bat Santo Domingo-enparantzan, bestea San Bizente-elizako «koxketan».

        Bi iturri orietara bestelako jendea etorri oi zan. Enparantzako iturrira, batez ere, aldameneko soldaru zarrak; ogia egosteko labea antxen ondoan zeukaten.

        Baita ere, iturri onetara, inguruko neskatxak etortzen ziran; txanda eskatu, sullak lurrean jarri, bertan exeri ta ukalondotik ere itza zeriotela, zai egoten ziran, izketan goiak eta beak nastuz.

        Koxketako iturrira joaten ziranak, guztiak doi-doi erritarrak ziran: Apalategi-eneko okiñak eta beroien idekoak, eta bertako etxegintzaetan aritzen ziran piontzakoak.

        Bai soldaruek eta bai erritarrak ura eramateko alako barrika-koxkor luzeak izaten zituzten; barrikak erdian zabalak ziran, lodiak. Mutur batean exerita, bestea altxatzen zitzaion barrikari. Eta tankera onetan jarrita «Iriyarena»-edo txistua jo ta beatzekin muturreko ola zabala jotzen zuten orobat. Eta onelatsu egoten ziran zai.

        Madalen enparantzako iturriko tarteko zan, Plaza Berritik bertago zeukanez geroz. Arratsalde artan soldaru ta neskatx tarteko naste artan sullaren gañean exerita zai zegoan.

        Anton Zurrut eta Joxe Ogi San Telmo-kalearen barrena batetxoan etorriak zirala, Madalen-en ondora joatea otu zitzaien, destañaz artuko ba-zituan ere.

        —Agur, Plasa Berriko erregiña —bota zion Zurrut-ek Madalen-i.

        Baño Antton-en agurra nolakoa izan zan jakiteko, irakurleak beste zerbaiten dakiana bear luke.

        Donostia-n bost erregin izan izan ziran sasoi berean: Kaieko erregiña, Loyola-ko erregiña, San Martin-go erregiña, Ategorrieta-ko erregiña ta Arrandegiko erregiña.

        Batzuk beren edertasunaz jartzen zituzten erregintzat; besteak errian gain-gañekoak ziralako. Norbere auzoan oso aipu aundikoak izaten ziran. Donostia-n beti izan oi ziran neska polit'askoak. Aspaldiko esaera zarra zan: «Zein emakume ederra, donostiarra dirudi».

        Donostiar eder batzuk oso ezagunak izan ziran Donostia guztian eta iñolazko erderazko izenak jartzen zizkieten: la Dama Imperial, la Polla Real, la Divina Pastora...

        Orain irakurleak ba'daki Anton Zurrut-ek Madalen-i «Plaza Berriko erregiña» esan zionean zer esan zion.

        Bai Madalen-ek bere aldiko eldu:

        —Agur, «Pixepel»-eko Kurrutako (Anton «Pixepel»-en bizi zan).

        —Ni e'naun Kurrutako; ni naun Zurrutako.

        Aitortu bear degun gauza auxe da, Madalen-i Anton nazkagarria ba-zitzaion ere zer parregin eman ziola «Zurrutako» arekin: «au astua —egin zion— asto guztik ez dira Igeldo-n».

        —Aizan, Txomin eta or ikusi dizkiñagu... —zion Joxe Ogi-k.

        —Nun?

        —...Bretxa-n barrena zaldiz zijoazela. Lenguan oso itzaldi polita egin emen ziñan. Zuen etxian pozik egongo zerate, noski. Ik daukan suertia! Berriz ere neska ederra egongo aiz; Barbara-eneko sardin-zar erriak janda baño obeto bizi aiz. Pozik al ago?, dantza ezan ba'.

        —Orra, kiloko ogiak artu ainbateko abuarekin esan —destañaz erantzun zion Madalen-ek.

        Ta ixkiñeko aulkigille prantzesa ondotik zijoala, neskari begira, ala deitu zion Zurrut-ek.

        —Musiú, le gusta morena?

        —Oh, bonita muquer para mi! —besteak.

        Ta Madalen-ek zionez onek ere belarrieri kosk-egin ainbateko aboa omen zeukan. An joan zan «Fransuá» aulkigillea.

        Ta Zurrut-ek «gaixtua sera, Madalen» esan ziolako oni ere:

        —Zu ere ba'zinjuazke Miranda-ra, sullakin ura eramaten ari diran ezkeroz, abuan ura eraman dezakezula. (Ta txanda zetorkiola iturri-ondoan jarri zan).

        —Ta iri abua txikiya daukanalako ematen al diten sulla?, eo txonkatillak nere ukabilla añakuak isan eta nai aña pixu gañian jarrita eroriko es aiselako?

        —Utsa litzake sullakin ibilli-biarra noizian bein mozkorrakin egotia suertatuko ez ba-lizaiguke.

        Ango sulla-jendea pozik zegoan bateko ta besteko ziriekin, soldaru batek edo bestek aieri parrez ikusita irria ezpañetan ere. Ta urari arretarik ez eta ango izketara bai, ura gañezka asita ango ojuak! Sulla buruan bat baño geiago ziran geldituak ikus-nai.

        —Aizan, Madalen, ez adi asarretu —asi zan Joxe Ogi— orren sul-aundiya zergatik ematen diten iri, kalera gutxiyagotan ateratziatik? eta orrenbeste ur nola eraman dezaken?

        —Eta zuk ainbeste ogi nola jan dezakezu? Auxe da legamiya!

        —Esango diñat. Asten naun ogiya ta gazta jaten. Gazta bukatu baño len ogiya aitzen ba-zait, beste ogi-puska artzera biartuta egoten naun; urrena gazta gutxitxo ta beste puska jan-biarra etortzen zait, batez ere gazta Idiazabal-gua baldin ba-da. Ta gazta zarra dalako ta Apalategi-eneko ogi koxkor biguña dalako, neurriyak eztizkiñat beñere elkartzen eta bete-bete egiñ-arte e'naun gelditzen. Eskerrak Patxillardegi-eneko arduari!

        —Mau, Joxe Ogi —esanda, sulla jarri zuan iturrian txanda etorrita.

        Ta Joxe Ogi kantari asi zan. Ta zalako kanta artan frondas esan bearrean, el aroma de las fondas ari zan iñor konturatu gabe ta Madalen-ek atzea ematen ziela. Urrena:

        —E, Antton —lepazamarrean jota— en la fonda buenas cordonises suelen estar.

        Sulla beteta buru-gañean jarri ta abiatu zan Madalen. Joxe Ogi-k iñolazko bide-uztea egin zion itxuretan. Ta Madalen zerbait irri-egiña zala.

        —Pozik al ago?, dantza ezan ba' —berriz ere.

        Etxera-bidean zijoala lagundu egin zioten arako kale-muturreraño ibilli bitartean Joxe ta Antton adarra jotzen ari zitzaizkiola. Bein ezker-eskubi jarrita erdian artu zutenean —"anima apartatuta", Atotxa-ko astoa bi olo-zamukaen erdian bezela— utsagatik ez zuan sulla aien buruetan ustu. Ta an gelditu ziran biak, Madalen buru-gañeko tontorrarekin galbai zarraren zuloa baño lasaiago San Telmo-kalean barrena zijoala.

        Onela agurtu zuten neska sasoiezko ura:

        Joxe-k: —Ai Madalen, Madalen.

        Antton-ek: —Madalentxua.

        Joxe-k: —Ire billa nebillen.

        Antton-ek: —Eta ba'nua.

        Ta joan ziran.

        Madalen Plaza Berriko etxera irixtean, Anita-k edo Katalin-ek zerbait esango zioten orain ere. «Errotan beta ta bidean presa».

 

aurrekoa hurrengoa