www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Donostia
Augustin Anabitarte
1932

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Augustin Anabitarteren idaz lanak, Juan San Martinen edizioa. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1986

 

aurrekoa hurrengoa

III
Plaza Berria

 

        Kutxa baten barrenen bestea, onen barruan urrena eta bestea ta bestea... erdiko kutxatilla Donostia-ko Plaza Berria. Plaza Berria orixe zan, aranaren exurra, exurraren mamia. Zain guztitako odola biotzean sartu ta irtetzen dan bezela, alatsu, Donostia-ko egiteko nabari guztiak egitera donostiarrak Plaza Berrira joaten ziran. Beraz, sagarraren adarraren punttaren punttan...

        Goizean azoka izaten zan Plaza Berrian. Baserritarrak aulkietan exeritzen ziran eta eguerdiaz geroztik aulki aiek jaso egiten zituzten. «Tratua» bukatuta gero etxera-bidean abiatzen ziran eta len ere ikusi genituan Aldapeta-n gora asto ta guzti.

        Urrengo goizean oñutsik zetoztenak erri-sarreran oñetakoak jantzi, xextoak koxkan utzita, ta zertxobait albait apainduta, Eskotilla-kaletik sartzen ziran. Plaza Berrian sartu baño len, Eskotilla-kaleko «rekaderak» asten zitzaien aalik-eta onena merkeen erosteko asmoz; batez ere eperrak eta ollagorrak izatekotan, bakanak izaten bai-ziran egazti aiek. Bein baño geiagotan iskanbilla jarrita txinelak zer-egiña izaten zuten an sartzen ziran naste-borrasteekin.

        Barazki, fruta ta lorez edertua egoten zan Plaza Berria azoka bitartean.

 

                «Donostiako plazan

                Dira gaur ageri

                Gauza merkeak eta

                Naikuak ugari».

 

        Neska-mutillek, aal zutenean, «txanpon baten mamiya» eskatzen zuten besoa luzatuta. Esku-atzea gora zutela, baserritarrek txalia-bete mami-mordoska jartzen zieten esku-gañean. Urrena, zupa ta zupa, geldiro abiatzen ziran; lenbizi, nekez ba-zan ere, eskuko zuria kendu ta gero gorritzeraño.

        Jai-egunetan enparantza goiz asko ustutzen zan. Beatzitarako Ibarguren, Txanbolin eta Xagararbola, erriko txistulariek, Plaza Berritik asi ta Arrandegi, Esnategi, Ureta ta Eskotilla-kaleetan barrena bira osoa egiten zuten ostera Plaza Berrian sartzeko. Onetan ezagutzen zituzten igande ta jai-egunak Donostia-ko mutil koskorrek. Askotan kaleko soñuak esnatzen zituan. A zein esnatze eztitsua! Egunaren eguzkia zitzaien, gorputzaren soñeko berria, giltzapetuaren askatasuna. Soñuak kalean arrapatzen zituanak, txistularien ondotik joaten ziran; kalearen muturreraño bakarrik txikitxoak ba-ziran.

        Amabiak laurden gutxiagotan berriro txistularien otsa izaten zan Plaza Berrian. Amabiak tarteko ordu laurdenean, neska-mutil, aurzai ta mukizuen gozagarri izaten ziran soñuaren irabio ta biurketak. Amabiak jota Ibarguren-ek keñua egiten zion Xagararbola-ri, ta onek, lenagotik Ibarguren-i begira zegokionak, atabalari bat-batez eragin eta ez geiago eskatu, bazkaritara zijoazen-eta. Baldin euria ba-zan, txistulariek arkupetan jotzen zuten.

        Neguan arratsaldeko lauetatik seiak arte jotzen zuten Plaza Berriko txistulariek. Ibarguren txistulari yayoa zala-ta, dantzari asko etortzen zan Plaza Berrira, batez ere kaieko Jarana-ko neska ajolagutxiak.

        Berdin zien, ajola zien bost, soñuaren neurria onelakoa edo alakoa ba-zan, zortzikoa edo polka izan. Orixe bai, Ariñ, ariñ jotzen zutenean, yayo asko dantzatu ezik, jendea karraxika asten zan. Baño Iriyarena bezelako soñurik ez zuten donostiarrek. Errikoxemeak umore onekoak izaki ta berek asmatutako jai ta kantak izaten zituzten.

 

                «A la kinkirrinera

                A la xamurrera

                Joxpantoni Plaza Berriko

                Jira adi beste aldera».

 

        Orra, bada, La ciudad alegre y confiada.

        Erri-etxea Plaza Berrian zegoan; etxe ederra ala ere. Egun aundietan, gauez, iñolazko argi motaekin argitzen zituzten etxe-aurrea ta arkupea. Aurrez-aurre, beste aldean, erriko aberatsenak biltzen ziraneko Casinoa edo lagun-artea zegoan. Ba'zan ere jatetxe bat Plaza Berriko txoko batean orobat goxotegia zana.

        Plaza Berrian nolanaiko jaiak egiten zituzten: bai mezak, bai zezenketak; bestetan konparsa politak ere bai. Jai aundietan enparantza itxi egiten zuten, barren-aldera mallaz-malla olezko exeri-tokiak jarririk. Exeri-tokiko malla aiek lurretik asi ta ia lenbiziko bizitzarañokoak ziran. Zenbaitek dirua poliki irabazten zuten etxeko balkoia alogeran emateagatik. Plaza Berriko balkoi guztiek numero bana zuten ipiñia gañean.

        Matxinada geienak enparantza onetan bertan sortu ta lertu izan ziran.

        Gu esaten ari geranetik egun gutxiz lenago txerpolari ta txotxongilloak izan ziran. Enparantza guztia sare ta tantaiez josi zuten. Batez ere El hombre volador egitekoak ekarri zuan jendea. Ba'zan bi soka alkarren parean goitik beera ta muturretan makil bat duteneko tillinga orietako bat goi-goien, oso gora, enparantzako tellatuen parean. Tillingatik zintzilik, ankaz gora, gizon bat "gizon egalaria" etorri bear zuan aldera begira.

        Aurrez-aurre, urruti xamar, beste tillinga bat; au oso luzea. Emengo gizona, gazte bat, exerita ibiltzen zan tillingan; lengoa geldik ankaz gora, esan degunez. Gazteak tillinga utzita beste gizonaganaño aidean joan bear zuala-ta, orrengatik zuan soka luzeko tillinga. Ba'zebillen, bada, atze-aurrera, gora-beera, gazte egalaria. Musika ixildu zan. Jendea asnasik gabe «orain» noiz izango ote zan larri. Gaztea ba'zebillen naiko abiadura artu arte. Ots bat entzun zuten buruzperako gizonak eginda. Ta tillinga luzea bakarrik utzita aidean joan zan egalaria...

        Orretxeri esaten zion El hombre volador, aidean ibiltzen zalako. Len esan degunez, orixe zuten egitekorik aundiena txerpolariek. A bai ba... egalaria aidean zijoala buruzperako gizonaganaño iritxi, bi eskuak erakutsi ta, alkarri eskuak emanez, antxe atxitu zuan "gizon egalaria". A zein lasaitasuna ikusleena! Gaztea jetxi zanean oraindik pir-pir zeukan biotza.

        Bein, orregatik, buruzperako gizonari irrixtatu egin zitzaion eskuetatik egalaria ta beera erori zan; ez ordea lurrera, sarera baizik. Errenka atera zan gaztea, bere aalez, zerbait min-artua.

        Urrengoan burniari baten gañean einka joango zitzaizuten oñez. Eta olaxe. Musika jo ta jo, batez ere baltseak. Lau lagun ziran. Aien musika jotzekoak alkarren antzik ere ez zuten, alegia aien soñuak ain bestelakoak zirala-ta, lau lagunen artean kanta bat jotzen zutela baño, lau kanta batean jotzen zutela obeto ematen zuten. Tarteetan emakume bat ontzia eskuan diru-eske ibiltzen zan jendearen tartean; ordea ikusteko asko, emateko gutxi.

        Emakume onek berak noizpeinka, musikaren laguntzarekin, erderazko bertso batzuk kantatzen zituan eta beroiek saldu ere bai.

        Oietako bat "modan" jarri zan Donostia-n egun aietan. Arratsalde batean Anton Zurrut eta Joxe Ogi Esnategi-kalean barrena edanegiak zetozela, Plaza Berrian sartuta modazko kanta ura eztarriratu zitzaien. Eta onela aritu ziran alkarri lepotik elduta:

 

                Mamá, yo quiero subir, subir,

                Mamá, yo quiero bajar, bajar,

                Mamá, yo quiero subir

                En el globo de Milán.

 

                Todas las pollitas de aquí, de aquí,

                Les disen a sus mamás, mamás:

                Mamá, yo quiero subir

                Aunque me caiga a la mar.

 

        Txomin-en etxeko Madalen neskamea, sulla sorbaldan eskaratzatik ateratzean, Anton Zurrut «zirrit» asi zitzaion eta Joxe Ogi ere bai.

        Madalen-ek ala bota zien:

        —«Mamá, yo quiero?» Naikua ez ote dezute ean.

        —Ik, askatik bakarrik eaten al den? —Zurrut-ek.

        —Zu, astua —Madalen-ek.

 

aurrekoa hurrengoa