www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Donostia
Augustin Anabitarte
1932

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Augustin Anabitarteren idaz lanak, Juan San Martinen edizioa. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1986

 

aurrekoa hurrengoa

XVI
Patroia

 

        Zelaian, aurrak, aurzaiak eta soldaruak ibiltzen ziran. Txistua, jo, ta jendeak dantzatu. Arratsean Plaza Berrira, arkupeetari birak eman eta etxera...

        Ordea, udaran, Plaza Zarreko Café del Comercio-n ere jende asko izaten zan, arrotza. Bolla, Campión eta Ayani dendetan erruz saltzen zieten kanpotarreri: euritakoak, eskumakillak, ureta-jantziak, jostalluak, Bayona-ko galtzerdiak, Bayona-ko oñetakoak, Bayona-ko kutxak eta baita ere Bayona-ko urdai-azpikoa.

        Donostia-ri aspaldidanik datorkio arrotzen gogoa. Izan ere erria txukuna, itsas-bazterrean, ondartza ezin politagoa, erri-inguruak alaiak eta donostiarrak berebiziko abegi oneko jende jostagiña izan. Beraz, turismo itzarik sortu ez ba-zan ere, arako gogoa ederki zabaldu zan.

        Ta eleak dira!, San Martin-ondoko Zezen-Plazan Lagartijo ta Frascuelo-k zezenketa ikaragarriak egiten zituzten. Teatro Principal-ean, berriz, Compañía de zarzuela con la eminente tiple Dolores Franco de Salas, zuten. Teatro Circo-n ere zerbait ba'zan.

        Urumea-ondoko Zurriola-n jende apain-jantziaren eguraztea izaten zan.

        Igandero egiten zituzten gau-suak, Gros-eneko ondartzan, Zurriol oso ikusteko aukeran. Erritar batek eskatu zuan linterna mágica-ko ikustaldiak egiteko musika bitartean. Ta gau-suen ondoren Zurriola-n jotzen zituzten fandango ta ariñ-ariñak lotarako ederki galetuta uzten zuten jendea.

        Urteko egunik ospatsuenak Iñauteriak eta Dagonillaren amabostgarrena izaten ziran. Ta egun onetan, oi bezelako jai ederrak egin zituzten urte artan.

        Goizetik asi ziran itsasotik ontziak etortzen. Santa Maria ta San Bizente-elizaetan meza nagusi joriak. Egun onetan mezetan exeritzeak bi kuarto balio zuan, bestetan bakarra ematen ba-zuten ere.

        Non-nai musika ta alaitasuna. Kafe-etxeak, beteak. Jendea erruz kaleetan. Prantzes asko ziran etorriak zezenetara. Ta jan-edan "poliki" egin zutela, ba'zan Donostia artantxe zanko-jokoa ta jostatzeko gogoa.

        Egunezko jaiak aspertzeko edo nekatzeko naikoak ez ba-ziran, apal-ondoan berritu egiten zitzaizkieten indar eta kemenak. Ta gogoak eman-ala dantzatuta gero, zezen-suzkoa azaldu zan Zurriola-n txinpartak zerizkiola.

        Zezen-suzkoa itxurazko zezena zan. Bi gizonek eraman oi zuten gerriraño sartuta ta lau ankaen itxura emanik. Agidanean aspaldian idi ala bei biziduna izaten zan, baño arrisko aundia ta, itxurazko zezen txingarduna ibiltzen zuten. Ta txingarduna ezik, bein edo bein danbada ikaragarria bota bear zuanean, barrengo bi lagunak alkarri estututa larri asko egoten ziran bizkar-gañeko arek lertu bear zuanean.

 

                «O, Donosti-ko zezen-suzkoa,

                izan zaitez zorionekoa!»

 

        Zezen-suzkoaren ondoren, berriz, Iriyarena jo ta arekin bukatu ziran egun artako jaiak.

 

 

        Udara oraindik bukatu-gabea, donostiarrak asaldatuta zeuden asi ziran esamesaekin. Ardotegietan, sagardotegietan, kale-buruetan, kaietarrak eta kaletarrak, nonnai ta nornaik beste itz-gairik ez zuten. Ezerk ez zezakean donostiarren donostiartasuna geiago txospertu, aboz-abo erri guztian zerabilkiten gudu arek baño. Eta nondik etorri nor-nor baño geiagoko ura eta Orio-tik! Bai, irakurlea, treñeru-estropada ta aupaka.

        Zenbait egunez aurretik asiak ziran Orio-n donostiarrak aipatzen estropadari buruz ez dakigu zer-nongo akiakuluekin. Ta donostiarrak gora ta donostiarrak beera, larrutu egin zituzten easotarrak. Baten-batek «an ere amak semeak egiten dituzte» esan zualako, ia jan zuten.

        Ordea, ango gaizki-esanak donostiarreri belarriratu zitzaizkien eta, esan degunez, auek ere oraintxe bero-bero asi ziran. Emendik arako ere ordain ederrak bidaltzen zituzten. Egun aietan ez zan arrantz-ontzirik Donostia-tik Orio-ra joaten. Ez-eta Orio-tik Donostia-ra. Jainkoak guarda!

        Orio-n, oriotarrak ziran donostiarrak baño geiago. Donostia-n donostiarrak arraunlari obeak. Baño noizbait leia arek autsi bear ta autsi zan. Alaxe bukatu oi dira nor-nor baño geiagoko leiak: atzenean aupa-egin eta biak erdira. Ta Orio-tik aupa-egin zuten.

        Ta sendo egin ere. Ogei milla errial jarri zituzten notario baten eskupean, donostiarrek beste ainbeste jokatu nai ba-zuten. Oriotarren etxeak aurretik leioak. Treñeru-estropada! Donostia-n bertan! Udara artako jaiak ez ziran bukatu. Onen-onena ate-txokoan gelditu zitzaigun, udazken-aurretxoan.

        Oriotarrak eta donostiarrak ixildu ziran. Donostiarrek erantzun bear. Ta erantzungo zuten. Ezta akatsik ere ez zioten jarriko oriotarren deiari. Alde batekoak eta bestekoak irain gutxi. Zakurrak eldu bear duanean zaunka urri. Aritu bear duanak jakin oi du zenbat egiñal egin bear dan irabazteko, galtzen ez ba-da. Arraunlariak berak baño, itz eta gar geiago ibilli oi du jokatu bear ez duan jendeak. Ala ere oriotarren aupa arek une bateko pakea ekarri zuan.

        Donostia-n ez bakarrik erantzun, aguro erantzun nai izan zuten eta ba'noa batean ogei milla errialak osatu zituzten, patroia ta arraunlariak nortzuk izango ziran ez ba-zekiten ere. Alperra errotaria!

        Beraz, estropada bikaña ikusi bear degu. Orio-n gai zeuden noiz nai jokatzeko, baño Donostia-n doi-doi arraunlariak autu ba-zituzten. Ta arraunlariena bat eta patroiarena bestea. Donostia-n ba'ziran estropadetan aritutako patroiak, bat baño geiago. Baño oraingo onetan ezin ba' ain erraz bat aukeratu. Edo ain apostu aundi ta ugariak egin eta galtzeko bildurrak atzeratzen zituan patroi izanak, ala norberak baño besteak obeto egitea uste; naiz-eta beste batek ospa irabazi, donostiarrak etorri zitezela lenbizi beintzat.

        Arraunlariak bai ta patroirik ez. Egunak joan, egonak etorri, lengo uts artan zeuden donostiarrak. Lotsa tartetu zitzaien. Berandu astetik kaltea letorkiekean. Txomin-engana jo zuten; liburu onetan esan izan degu Txomin-ek patroitzarako nolako zaletasuna zeukan. Zaletasuna ezik Txomin oso patroi yayoa zan. Baño ezta Txomin-ek, ez zuan nai izan. «Noiz ezagutu dezute ogeitazortzi urteko patroia treñeru-estropadetan?», zion. Alegia patroiak zenbait urtez gorakoak bear dutela izan; urteek asko erakusten dutela ta une bateko irabazi-galtzeak errezago zoratzen duala gaztea zarra baño.

        Istillu gorria zegoan ba' Donostia-n. Toki guztietan beste arazorik ez zan nabari. Txomin-en ustea zeukaten eta uste ez zutena gertatu. Artean arraunlariak geldi.

        Kofradian batzar bat egin zuten. Erriko zarrenak an ziran, batez ere arrantzaleen artekoak; baita patroi-gai guztiak, Txomin ez-ezik. Azkeneko izketak antxen bukatu bear zuten eta, nai-ta nai-ez, patroiak andik eta batzar artan bertan atera bear zuan. Norberak naita ezin ba-zan, beartuko zuten zerizkiotena.

        Baño uraxe bai arazo gaitza! Iñoiz orrelakorik ez zuten ikusi. Bai gizon zetatsuak! «Bildurra» itza bota zuten norbait akullutuko ote zuten. Ezta txintik ere. Ta edonor aukeratu ta uraxe beartzeko zeudeneko artan, orra non batek Poli oriotar patroiaren izena aipatu. Aretxek bai Txomin akullutu. Poli izaki Kandi-k Orio-n egonaldiak egiten zituanean zaletu zitzaion ogeitamalau urteko gaztea. Ta orduraño Txomin-ek jakin ez beste aldeko patroia zala. Ta bat-batean aitzakia bururatu ta patroi azaldu zan: Poli gaztea zanez, beste gaztea jarriko zitzaion aurrez-aurre. Ta Txomin egin zuten patroi. Donostia-k, beraz, treñerua osatu zuan estropadetarako.

        Errege bateri semea jaiotzen zaionean bezelako alaitasunarekin, edo alatsu, azaldu zan Txomin donostiarren abotan. Donostiarrek ba'zuten beren kutuna. Erriek noizpeinka bear izaten dituzte alako kutunak, naiz-eta umeen gisara usterik gutxienean ostikoz jo. Ordukoa ez zuten jotzeko beintzat, mun egiteko baizik eta gero gerokoak.

        Donostiarrek ez zuten beste gauzarik buruan egun aietan: Txomin zala, treñeru-mutillak zirala ta treñerua zala. Treñeruak ainbatek, ezerk eta iñork ez du izketarako gaitzen: branka, toleteak, tostak-eta dirala. Treñerua, biziduna esan liteke. Treñeruak ez du izketan egiten, baño ibilli egiten da. Zaldiak korri egiten du, baño jo-ala ibiltzen da. Arraunlariek joko dute ta ibilli dedilla treñerua aalik eta laisterren. Treñerua, beraz, —iduriz— nekatu, bizkortu, ajolagabetu, arduratu, auldu ta indartu egiten da. Treñeruak lezake. Ta orrengatik, egun aietako saiaketan treñerua legorretik artu ta lagun askoen artean eskutik artuta uretaratu zutenean, treñero gajoak atzeraka egiten zuan nekatu-bildurrez.

        Baño bai saiaketan bein asita ederki ibilli ere. Uraxe zan donostiarren treñerua!, Donostia-ren izena eraman eta goien eutsi ala erortzen utziko zuana. Ta treñerua legunki irrixtatzen zijoala, legorreko millaka begi arritu-itxuran, biotza pir-pir gozaren pozez egoten ziran. Aurre-aldetik geiegitxo sartzen ez ote zan... arraunean bear bezela egoten ote zuten... Alako zorrotzak ziran bearresten, donostiarra izatea bestelako arrazoirik gabe. Ta bitartean, urrutitxoan, Txomin zutik arrauna eskuan eta mutillak jo danak batean treñerua bizkortu zedin. Ta treñeru bizkorra, arraunak aidean zeudela ere, aurrera zijoan, beti aurrera...

        Alaxe oi ziran saiaketak. Auen ondoren zer-esan ugaria: sagardotegi-bitartean, sagardotegian eta oe-aruntzean. Erri osoak ez zuan beste itzegitekorik. Izan ere Txomin eta bere mutillak erakusten zuten batasuna... urteetan guztiak bai ibilli zirala esan litekean. Baño oriotarrak ere, saiatzen...

        Andik laister ziran estropadak. Txomin zan egun aietan Donostia-ko gizona. Ezin lezatekean autu arek jarriko zuan kemena izango zuanik. Txomin-ek bi gogo zituan irabaztekoak; bigarrena berak ezik beste iñork ez zekian, ezta Kandi-k ere: beretarrak irabaztea nai zuan eta Poli apur-apur egitea. Beretarrek irabazteko gogoa ain aundia zala-ta, ezin esan bigarren gogoa geiagokoa zanik, baño bai aundia ura ere. Izugarrikeria iruditzen zitzaion Poli-ren Kandi-renganako asmo utsa. Eta orretarako Donostia-ra zetorren nor bera aña, burrukatu naiez, goiarro ura... Edo ala iruditu beintzat Txomin-eri gogoeta aieri leku geiegi ematen zienean.

        Iñork, mundu guztian, ez du leiarik jokatu Txomin-ek baño nai indartsuagoarekin. Berea bezelako gorputzak gorde litzakean, lertu gabe, gogo ta nai ain sendoak. Aren osasunak iraun lezakean alako gogo biziari eusten...

        Larunbatean, saio txiki bat, eta urrengo egunean, estropada.

 

aurrekoa hurrengoa