www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Donostia
Augustin Anabitarte
1932

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Augustin Anabitarteren idaz lanak, Juan San Martinen edizioa. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1986

 

aurrekoa hurrengoa

XVII
Estropada

 

        Ordubete baño geiago zan jendea Portu-kalean barrena joan-eta-joan asi zala. Kai-ateak ez zuan sekulan ikusi aren giza-mordo bukatu-eziña bere azpitik pasatzen. Lengo beltzura aienatu zitzaion: ez du orain illunabarraren argi motelak jotzen; mikelete txapelgorriak ez du zergariarekin berriketan egiten; gaztaña-saltzalearen karraxiak ez ditu errizaiak ixiltzen, alegia gaztaña baten gora-beeragatik ez duala iskanbillik jartzen.

        Ez-eta argi purtzil baten azpian ez du gau-zaiak lo-egiten... Goiz asko antxen biltzen ziran txalupa-mutillak arrantzarako. Aien oju ta eskalaproin-otsak karabinero gizajoa esnatzen zuten... aboa zabaldurik. Azpi artatik sartzen ziran errian kaieko arrai-saltzale erritalariak.

        Itsas-ikastetxeko ikasleak maiz ibiltzen ziran ementxe.

        Ekaitz-eguna zanean, aterpe onetan bilduta ekaitzaren zuzenbide ta norañokotasunari antzematen zion arrantzale-jendeak. Baño oraingo jende-mordoa ekaitz-egunez neurtu bearko bagenu, Kantauri-itsasoa arras erotua ta errotik aterea zan, noski.

        Ardotegi-zuloak ustutzen asi ziran. Ura zan jendearen emana! An ikusi zitezkean getariar ixilla, ondarrabiar luzea, pasaitar jatorra; oriotar zabala, erdizka legortarra ta erdizka itsastarra; donostiar alaia, itsas-txamar urdin illunakin, gerrikoa muturra zintzilik, txapel txikia eskubi-aldera beeratua.

        Gero-ta jendeak ematen zion azkarrari. Estropada-garaia orduantxe doi-doi ta atzeeneko muturra kristauaz ustutzen asi zan. Len mordo bakarra zana taldeetan zatitu ta tarteetatik ba'zijoan laisterka bat baño geiago.

        Gu ere Kai-atean ibilliak gera. Nork konta lezake orain Donostia ederraren zabal aren ikustea? Ez Helesponto-ko estropadetan, ez Beozi-ko bestelako indar-jolasetan, ez Trazi-n, ez Ejina-n, ez Megaro-n, ez zuten iñoiz ikusi Euskadi-ko izbazter maitagarri artan zegoan añako edertasun eta aunditasuna; bada gu Portu-kalean jendea ikusten bezela, beste amaika toki geiagotik etorria zan jendea. Zarautz-ko zalgurdiak alkarren gainka zekazkian estropada-zaleak. Urrutiko tokietatik ere oñez etorriak ba'ziran. Itsasoz, batez ere, ontzi-pil izugarria etorri zan zenbait itsas-errietatik. Lengo erotua-ontzirik ez zan eta guztiak lurrin-ontziak ziran oraino. Ontzi berri aiek lengoen aldean askoz azkarragoak ziran.

        Asi Kai-gañetik eta Erregesoro, Katea ta Loreto-peko guztian ikaragarrizko giza-pilla zegoan, bai goi-aldean, bai ondarrean uretaraño etorriak. Gaztelumendiari begiratu ta ia ez zan belarrik ikusten. Santa Klara-n ere orobat, estropaden aldetik; ikustoki bikaña bai-da ura. Ta Txubillo-n gora arrapatazka, belar tximaeri tiraka, igoak ba'ziran. Andik urrutiko balizak eta bira-emateak ondoen-ondoena andixe ikusten da.

        Oraintxe estropada-unea ez da urruti ta antxe dabiltz apostalariak aize guztietara apostuak botatzen. Arro dabiltz oriotarrak. Iñoiz alkar ikusi ez dutenek apostu galantak egiten dituzte, lekukorik ez ba dago ere; an gizon izatea aski da. Zenbat diru esku-aldatuak gaur!

        Lurrin-ontziz ta arraun-ontziz josia dago Donostia-ko itsas barrena. Antxen daude bi treñeruak! Patroiaren ondoko oial oria duana oriotarrena da; oial urdiñekoa, donostiarrena. Irteera-tokiko aurrean urduriki dabiltz bi treñeruak bakarrik; ez aldez aurretik nekatzen, besoeri —besoz gorrian— ariñaala enlaten baizik. Arraunlari gizajoak erruki zaituztet!

        Turutak dei egin du! Soñua toki guztitara zabaltzen da. Ta irixten dan bezela pir-pir jartzen ditu biotzak. Arraunlari ta patroiek barren-indarrez baretu nai izan dute biotza geiegizko bildurrez.

        Ortxen bukatu dira aupaka guztiak! Treñeruak zuzenduta balizetara abiatu dira poliki. Ortxen arrokeri ta illabetez aurreko jardun eta geiago izateak! Oraindik ere turutaren burrunba belarri-zuloetan dago sartuta. Ortxen irain desapiyo ta jotzeko gogo guztiak! Eskubeteko elur-puska atzaparrakin estutu ta urtuko bagenu bezela, zenbait egunez aurretiko esamesa ta gaizki-esanek bat-egindako tantoak, turutari ixuri zaizkio.

        Patroiak estatxari eldurik daude. Bi treñeruak, parean. Aurki asiko dira. Txomin-ek eta Poli-k estatxa-muturra eskuan dutela, arraunlariek arrauneri eragiten diete estatxa teink eukitzearren. Bi zakur —esan diteke— isatsatik elduta laisterka asteko amorratzen. Jende guztia begira dagokie begiak itxi gabe, irten-unearen zai. Asi ditezela, bada! Ta turutak aizea urratu du: tarariii. Ikara-aize bolara dabil guztion gañetik. Ixiltasuna dago. Begiak nekatuak.

        Orra, bi treñeruak apar zuriz jantziak! Asi dira. Turutaren azkeneko «puntua» berandu iritsi da. Treñeruak bel-beltzak ematen dute aparraren erdian. Ori txanpa ikaragarria dabilkite. Ori jotzea! Ai, zer gertatu da! Jendeak ulu izugarria atera du. Ene bada, donostiarreri zer gertatu zaie!

        Artean, aurrera dijoaz. Nonbait... arrauna autsi. Ta Txomin-en begiratu batez arraunlariek bere burua bota du uretara. An ez dijoa iñor egurazten! Ta treñeru errena aurrera dijoa beti. Mokoz-moko ortxe nonbait bi treñeruak, oriotarrena pixka bat aurreraxeago. Bi aldeetako arraunlariek ezin geiagoan jotzen dute. Oial urdiñak eta oriak dardar bizkorra darabilkite. Patroiak egiñaalean ari dira. Poli-k gutxi eragiten dio arraunari, ain ongi neurtu ditu bi alboetako indarrak. Txomin-ek berriz, treñerua errendu zaionez geroz, maiz eragin bear izaten dio zuzentasuna ez galtzeko. Baño txuxen dijoa. Oriek treñeru ariñak!

        Gaztelumendi ta Santa Klara-ko bi «puntetatik» pasatzean donostiarrek txalo beroak jotzen dizkiete beretarreri. Arraun baten palta guztiek oartu dute. Alako leietan errukigarriak izan oi dira zoritxarrak kosk eginda berdiñez beera gelditzen diran indarkariak. Ta esku-zarta bizia jotzen diete donostiarreri. Zenbait donostiar poztu-edo dira, alegia galduko ba-luteke jakiña! ta alaz guztiz irabaziko ba-luteke! Beste aldez, oriotar bat baño geiago atsekabetuta zegoan: irabazita ere besteak lagun bat gutxiago ta galduko ba-luteke...!

        Treñeruak itsaso zabalean sartu dira. Urrutira gutxiago aurreratzen dutela ematen dute. Olatuak aundiagoak dira kanpoan barrenean baño. Oriotarrek lenen artzen dute gorakoa. Donostiarrak gora, oriotarrak beera.

        Kaietik ez da ezertxo ikusten. Jendeak oparo itzegiten du arpegiz-arpegi. Norbaitek ukabilla luzatu du arrauna autsi dalako. Bi emakume asarretuta izugarrizko iskanbilla jarri dute tximatik tirata. Ia uretara erori dira biak-ala-biak. Ta beste emakumeak tartetu dirala, gortu añako karraxiak ateratzen dituzte.

        Baño goi artatik ikusten da ondoena. Askok katalejuak dauzkate begieri pegatuta. Polita da treñeruen ikustea! Biak «plaza» dutela, aurrera dijoaz eten gabe. Aruntzko balizak antxen daude oial gorriak keñuka. Bi alboetatik jarrai darraikie makiñabat lurrin-ontzi azkarrak. Kez beteko dituzte baztar guztiak. Ara, bi pizti, bi basurde igeska, ezin geiagoan itzulka, esango genuke treñerueri antzemanda; ta alboetako ontziak, berriz, zakur amorratuak aieri jarraika. Ori laisterka nekagarria daramate!

        Arraunlari gizajoak jo ta jo aurrera dijoaz beti. Bildur daude orren gogor asita azkeneraño iraungo ote duten. Patroiek bakarrik itzegin dute. Estroboen soñu garratza! Arraun guztien artean soñu bakarra ateratzen. Arraun guztiak batera zuritu egiten dira. Itsas-ura illuna da, sakon aundiko uretan dabiltz. Mendian oriotarrek deadarrez ari dira apostuak egiten, baño donostiar arraunlariek ba'dakite uberari igarrita (ubera, ontziak uzten duan ur-erretena) besteak aldean dirala.

        Estropadaren bide erdia oraintxe dute. Oriotarrak sartzen dira lenbizi balizetan. Legorreko oriotar-jendeak ikaragarrizko deadarrak ateratzen ditu. Andi pixka batera, berriz, donostiarrak asi dira ojuka, ez bai-dauzkate saltzeko beren arraunlariak. Ta arrigarririk arrigarriena! Poli-ren ontziak oso nekez bira ematen duala, Txomin gazteak estu-estuan artu ta bira osoa eginda parean jarri zaio, biak etorrera berdiñean asteko moduan. Poli-k eta Txomin-ek alkarri begiratu diote. Legorretik ulu ikaragarria, donostiarrena, etorri da ur-gañean irrixtaka arraunlarien belarrietara. Oriotarrak bildurtu dira, donostiarrak bizkortu. Ta abots sendo batez, arrauna ezkerrean, Txomin-ek bota die: «Ekin, mutillak; gurea da-ta!»

        Kandi arroka aundi batetik ia beera erori da. Antxe dago oraindik zutik, gorputz guztia aulduta. Bakarrik, tontor baten gañean, araño joatea nola ausartu dan arritzen gaitualarik. Nonbait iñork ez ikustea nai. Aldamenekoaren lotsarik ez nai izatea. Bere begi pollitak zeru ta itsaso-urdiñez beteak dauzka. Arraunlariek ekiten diote eta neska aieri begira. Aizeak buruko ille ederra tilingatzen dio...

        «Ekin, mutillak!» Gezurra dirudi itz batek norañoko eragin-indarra daukan. Aunatuta dauden indarkariak bizitu ta amairu arraunak aurretik asi zaizkie amalaueri, askoz ez ba-da ere. Orain ia batean artzen dute olatua gorako, donostiarrek lenbizi. Len patroia igotzen zan azkena, orain lenbizi. Legorreko jendea urduri-urduri dabil nor aurretik datorren. Kaiean aurreko tokiak arrapatu dituzte berriz. Lurrin-ontziak kea erraz botatzen dute. Bi itxurazko basurdeak aurretik datoz. Arraunlariek lan erraza dute, baño gogorra.

        Ba'datoz legorrerantz. Ez da erraz emendik aurrean zeir datorren antzematen. Ikusmenak itsasoan okerreko usteak eman oi ditu. Olatuak asko esan nai du, baño ez dira eraz etortzen. Alaz ere, itsastarrek usmatu dute ta donostiar lurrin-ontzi guztiek txistu biziz zarata ikaragarria jarri dute. Legortarrek ontziak ezagutu dituztenean poztu ta txaloka asi dira beren aldiko. Donostiarrak iparretik datoz (Gaztelumendi-aldetik); oriotarrak, baxotik (Santa Klara-aldetik). Gero ta bertago daude.

        Kaiean begitaratu dituzte treñeruak. Begiak zoratu itxuran, deadar ta oju bildurgarriak darabilzkite. Mutil batek, erortzeko arriskoan, tellatu baten gañean dantza «suelto» egiten du. Oraintxe treñeruak bi «puntetan» sartzeko zorian daudela ta bi aldeetako legortarrek donostiarrak aurretik datozela igarri dutela, txaloka ta uluka asi dira kaiekoekin batean. Emakume batek, ukabilla erakutsiaz, zakurkeriak esaten ditu oriotarrentzat eta gizonen artean bakarrik entzun oi diran itz zatarrak.

        Artean arraunlari gizajoek ixillik dagite beren lana, arraunak atzera, arraunak aurrera. Treñeruan saiets luzeak batean sartu, batean atera. Ura bare dago emengo aldean. Treñeruak zuzen dijoaz elburura. Donostiarrek treñeru erdia eramaten oriotarreri ta tarte ori ezin iñolaz ez aunditu, ez gutxitu.

        Donostiar jendea pozik dago. Guztiak zai daude azkeneko unean zer gertatuko dan. Jotzen dute donostiarrek, baita oriotarrek ere, ta arrabetearen aldea ezin kendurik, sartzen dira bi treñeruak balizetan. Donostiarrek arraunak altxa ta oriotarrek ere bai. Arraun bat gutxiago donostiarren treñeruan!

        Arraunak erori ziran eta baita arraunlariak aunatuta etzan. Treñeruak arraunik gabe aurrera dijoaz ta patroiek birakoa egin bear izan dute ondarrera ez joateko. Txomin-ek begiratu dio Poli-ri ta Poli-k ez du burua jaso nai izan...

        —I, ederlari yayo ori, garaipenaren irudia marmo-arriz, brontzez ala zirribor utsez irudikatu gogo dekanean, ez ezakela emakumerik jarri, eta jakin ezak txapelduna izatea koroiduna izatea baño geiago dala. Jarri ezak arraunlaria, bai, arraunlaria; ezkerreko eskua arraunaren mutur-aldean, beste besoa altxa egiñez, bien giarrak austeko bildurrez, begiak gora...

        Arratsaldean donostiarrak besterik ez zan Donostia-n: joan ziran oriotarrak, joan ziran pasaitarrak, joan ziran ondarribiarrak, joan ziran guztiak. Estropadak ikusita alde-egin oi du gure itsas-jendeak.

        Garaipena ederki ospatu zuten Irutxulo-n. Txomin goreneko mallan ibilli zuten. Jarana-etxaidean, dantza bikaña txistu ta guzti. Dirua erruz irabazi ta edanegiak bat baño geiago ba'zebillen. Jarana-koak, berez ojuzaleak, izugarrizko deadar ta karraxiak ateratzen. Antxen, tinakoen ondoan, uraren ertzean, eten gabeko ariketa ari zuten. Antxen ardo ta txardin-usai nastua.

        Txibiriskoak asi ziran dunbaka ta ez gutxi. Erria erotu zan. «La Euterpe» arratsalde guztian ibilli zan kelez-kale jo ta jo. Arratsean, berriz, Plaza Berrian jo zuten. Ai ura naspilla! Urrena zezen-suzkoa. Txingarra zeriola irten zan arkupetik eta jendearen tartetik bultzaka ta jiraka zebillela, berebiziko zalaparta sortu zan Plaza jendez beterik zegoala. Donostia-ko zezen suzkoa!

 

                «Damatxo gazte ta galai fiñak

                alkarri adi bat ezin egiñak

                                arkupetan

                                kiriketan

                        ai, zer alegiñak!

                Zezen-suzkoa ba-da aurrean

                iges-egin nairik asmoan,

                                zeren larri

                                diran jarri

                        elkarren ondoan.

                O zezen pizkor txingar jariyo,

                zenbat kontu zure meriyo!»

 

        Ta zezen-suzkoak iraun bitartean, zakur bat balkoi batetik zaunka egon zan ibilli guztian.

 

aurrekoa hurrengoa