www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Donostia
Augustin Anabitarte
1932

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Augustin Anabitarteren idaz lanak, Juan San Martinen edizioa. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1986

 

aurrekoa hurrengoa

V
Kaiean

 

        Jarana-ko amakide alaiak... ari ziran, ari ziran trukean. Arrantzaleen etxadia! Zer zan ura, etxe luze bat ainbeste etxe txiki egiña ala alkarri ondoratutako etxetxoak bat osatua? Jarana-ko etxadiak ogeitazazpi arri-oin zeukaan eta azpian utsa. Jarana-ko etxadiaren aterpean sarez betetako esku-gurdiak izan oi ziran; sareak, gorriak. Sareek tillistaren antzeko kortxo borobillak izaten dituzte. Sare-gurdiaz gañera arrai-kaja pilla aundiak izaten ziran; arraia, gatzatuta. Oso langile azkarrak izaten ziran kajalariak. Gizonek malluka batez sartzen zituzten iltze luzeak. Emakumeek eta mutillek ere bai. Tiña ta tiñako asko ikusten zan gatzak zurituak. Tiñatako bokartak angulen ugaritasuna zeukaten. Usai nazkagarria zabaltzen. Oin-azpian artutako arraiak ikusten ziran lurrean. Ta Jarana-ko amakide alaiak, sare, gurdi, kaja, tiña ta arrai-lertu tarteko mai batean, ari ziran, ari ziran trukean.

        Indar geiegi esan zitekean aren lan ariñarako. Bospasei gizon aundi tresak beitatzen. Ola batzuk belaunen gañean, beitatu ta beitatu egun guztian. Gizon bakoitzak ola bakarra. Ola tramankulu bateri alderatua. Amudun listaria ezkerrarekin artu ta eskubiko beatzekin bokartaren begitik sartu ta amuaren musua isatsaraño sartzen zieten. Bat, bi... erreskadak ugari. Alako gai arront arekin olak edertu. Banaka-banaka guztiak alkarren ondoan jarri. Bokartak pitxien gisara diz-diz. Millakoa nolanai beitatu. Ta beitalariak eragin bitartean, Jarana-ko amakide alaiak ari ziran, ari ziran trukean.

        Kaia erri bat zan, urezko kale ta enparantzakin. Ontziak, txikiak eta aundiak, ba'zebiltzan aruntz eta onuntz kaleetako idigurdi ta zalgurdiak bezela. Orixe bai, ez zuten soñurik ateratzen kaleetan barrena kurpildunak bezela; baño ba'zeuzkaten txistu batzuk ikaragarriagoak... Txanelak txakurrak ziruditen. Ontzi bat eta bi txanel ezker-eskubi, aita-semeak.

        Kaietar mutillak moallatik uretara buruz beera saltoka aritzen ziran. Une batean ur-azpian ezkutatu ta berriro azaltzen ziran.

        Habana-tik ontzi asko etortzen zan azukre-kajaz beteak; aueri zuloak egin eta andik ixuritzen zan azukrea gogoz jaten zuten mutil kozkorrek. Beste ontzi batzuek zura ekartzen zuten Suezia-tik, kafea Puerto Rico-tik, gatza Prantzi-tik, jela Baltiko-aldetik.

        Ba'ziran ontzi aundiak sabel-uts etortzen ziranak; bete ta bete aritzen zitzaieten, zakuak zirala, barrikak zirala, kajak zirala, (sal-erosketa aundia zan orduan Donostia-n) ta oraintxe —nai aña iretsita gero— sarbidea itxitzen zieten, ba'ziruditen esku-atzearekin ezpañak igortzitzen zituztela.

        Pratikoak oju egin du ta auzko bi ontzi-mutillak soka lodi batetik ezin geiagoan tiratzen dute. Soka, zulo batetik ateratzen da. Legorreko jendea ixilik dago. Auzko muturretik «Pipar-pottoo!» mutil biurri batek dei egin du.

        Pratikoak txapela dauka buruan. Bizarra agitz zuritua, arpegiko azala gorria, belarrian belarritakoa. Urrezko kate aundi bat dauka sabel aundi baten gañean. Kurpil bat darabilki, ezker-eskubi, txinpartak atera bear balitu bezela. Berriz ere oju egin du pratikoak. Jendea ixilik dagokio. Ontziak burrundara batez apar zuria asi da botatzen gañezka atze-aldetik. Ontziak ateetatik atera bear du. Pratikoak tiro bat bota bear balu bezela zuzentzen du ontzia. Larri ibilli bear degu. Ontzia ateratu danean, bidea estutu egin zaio ta ontzia lasaitu, edo ala iruditu beintzat. Ontzia ba'dijoa. Guztiak ontziaren bi aldeetara so-egiten dute: lekune berbera. Ontzia atera da. Pratikoari txalorik ez jotzearren eskuak sakelan sartuta nekezkoa zaie egoera ori zenbaiteri. Urrena ontziak ezkerrera egiten du ta zabalera ateratzen da. Jendea ere lasaitu egin da. Geroxeago batel axkar batean ekarri dute erditzale yayoenak baño arteza geiago erakutsi duan gizona.

        Kai-mingaintxoko muturrean bi arrantzale zeuden alkarrekin itsasoaren gora-beerak asmatzen.

        Bat ala ari zan:

        —«Epaktak» amaika, illea bigarrena, amairu; amairu... illeak bost, emezortzi...

        —Quita Kintze, besteak.

        Kaia, ondartza ta Gaztelu-mendia, orra Txomin-en gogoko eguraztokiak; beti itsasoari begira. Kurrutako-k Zelaira, Zurriola-ra, Plaza Berriko arkupetara ala Santa Katalina-eguraztokira joera zuan bezela, Txomin-ek esandako tokitara. Kurrutako-k neska non ikusiko zuan bezela, Txomin arrantzaleen artera.

        Egia da Kurrutako, naita ere, ez litzakela ibilliko Jarana-ko inguruan. Gizonek ez lioteke ezere egingo. Emakumeek, ordea, jan egingo luteke. Ikusi orduko destaña ta iseka egingo zioten, «xanko maxkal» areri, «txotx-apaindu» ura; itzik ateratzen ba-zuan gordiñak esan, ta «edukasiyo» konturik aipatzen ba-zuan, putzura bota eskumakila eta guzti. Kanpotar batek edo bestek zaplateko ederrak artuak izan dira Jarana-ko neskaekin zurikerizko ta bestelako itzekin aritzeagatik: «señorito arrayuak, caarajo!».

        Txomin-eri ur-gaziaren usaia atsegiña zitzaion; ontzietako soka, sare, oial zuri ta makilla luzeak oargarri, ta mutillen karramarroak alkarrekin burrukan jartzea, jostagarri.

        Leenagoko urteetan «Don Jose-n semia» esaten ba-zioten, orain Txomintzat zeukaten guztiek. Kaieko arrantzale askok maite zuten. Etxeko lanak errez egiten zituzten aita-semeek eta maiz etortzen zan Txomin kai-aldera. Jarana-ko neska gazte ajolakabeak «agur, Txomin» esaten zioten lotsatuta, besteeri «ariyo» esaten ba-zioten ere.

        Urtearen aurreneko egunetan, geienean, egoaizea izaten zan, eta izan oi da, Donostia-n. Kai-aurreko etxeak, gaztelurako bidea, gobarategia, arrantzaleen eliza, Jarana-ko etxadia —moalla zarraren azpian—... ontzien soka, oial eta paluak; lur-gañeko arrikatz-bildegiak, idi-gurdien joan-etorriak, garabi beso-luzeak... a zer ikustea eguerdi arteko eguzki epelean! Uraren urdintasuna! Baserritar itzaia ta arrantzalea, ibaiko ur geza ta itsasoko ur gazia dituzu, irakurlea, usoa ta antxeta.

        «Bost errial» balio zuan bildegietatik Kai-puntarañoko ibillaldia; makiñabatetan egin izan zuan Txomin-ek Ernani-ko kartzelatik atera zanetik ere. Orduztik geiago ta geiago maite zuten Txomin kaiean. Eska zezakean edozein batel arraunean aritzeko asmotan. Oso arraun-zalea zitzaigun Txomin. Askotan ikusten zuten bakarrik bi arraunean ari ta ari beñere nekatzen ez zan gizasemea.

        Txomin-ek ez zuan ezeren bearrik arrantzalea izateko; «sobra» bai, ordea: Plaza Berrian bizi izatea ta zaldun jantzian ibiltzea. Askotan egin izan zuan goizeko lauetan treñeruan sartu ta arrantzaleekin batean arratsarte ibilli. Txomin patroi jatorra zan; ezerk ez lioke geiago txurikatuko patroi izate orrek baño. Esandakoaz gañera oso gizaseme burutsua.

        Arratsaldean zaldia artu ta Astigarraga-aldera joango ba-zan ere, goiz artakoa egin zuan. Ta Txomin kaia utzita etxera bezela, kaieko emakumeak Gaztelumendira igo ta, eskua kopeta-azpian eta tximak aizeak arrotuta, itsasoko azken-baztarrari begiratzen zioten eltxoa añako tanto beltza noiz azalduko ote zan...

 

aurrekoa hurrengoa