Olerkiak
Tene Mujika

Miren Itziar-i idazkiak eta Olerkiak, Jaungoiko-Zale, 1923

 

 

GALDEA ETA ERANTZUNA

 

Txoritxo abeslari

papar gorriduna

hor goiko zuhaiztian

abesten duzuna:

zure abes gozoaz,

zer esaten duzu?

Pozak edo saminak

azaltzen dituzu?

 

Ez dakit nik zer duen

zure abes horrek,

beste bat hain gozorik

inoiz entzun ez dut;

eta txorrotxioka

ereski zolitan

txoraturik naukazu

atsegin eztitan.

Gogoa urdurituta

inoiz ez bezala,

eta joran berriak

nabaritzen dituela;

baita bihotza maitez

higitua sendo,

aurkitzeraino bere

tokia txikitxo;

ba zure abestia

izanik biguna

da, biziro indarrez

higitu nauena.

“Esan, ene txoritxo

papar goriduna:

zer da or zuhaiztian

abesten duzuna?”

 

Gogo-atsegin aratz

pozgarrien bila,

etorri naiz joranez

uritik mendira.

Hara: mendiak tontor

eta ortzea ukitzen    

hara: landa ederrak

margoa eskaintzen...

Itsaso zabalean

ur-azal oztina,

oskarbi ederraren

antzikur egina...

Ikuskizunak baina

alferrik nahi du

begietatik zehar

gogoraino sartu,

zure abes gozoak

indar gehiago du

eta nire oharraren

jabe egin zara zu.

“Esan, ene txoritxo

papar goriduna:

zer da hor zuhaiztian

abesten duzuna?”

 

Ederra da mendiak

duen olerkia

musu batez Goikoak

leun ezarria;

eta nola zaren zu

txoritxo maitea,

mendi olerki horren

zatitxo bizia,

zure abestia da

esnatu duena

nire gogoan, zerbait...

lehen lo zegoena,

eta zeu bezala abesten

ipini nauena.

“Esan, ene txoritxo

papar gorriduna

zer da hor zuhaiztian

abesten duzuna?”

 

Izan liteke zure

bihotz txiki horrek

nabaritzea maitasun

haundi bat; nola ez?

Eta nola maitasunak

bere ondoren

hagitz izan ohi duen

min eta nahigabea,

izan liteke baita,

txoritxo nirea,

niretzat hain gozo den

zure abestia,

daukazun samin horren

itunez betea.

Eta bihozkada orok

higitzen nauenez

behin eta berriro

nauzu zure horren galdez:

“Esan, ene txoritxo

papar gorriduna:

zer da hor zuhaiztian

abesten duzuna?”

 

Ba, hain eder-ederra den

ludi zital honetan,

oraindaino bezala

diren bitartean

txori abeslariak

zuhaizti ixiletan,

eta bihotz maitariak

edozein tokitan;

izango dira baita

ni orain bezala

txori-abes bígun bat

gozoro entzunda,

geldituko direnak

erdi txoratuta,

eta nik zuri bezala

berari galdezka:

“Esan, ene txoritxo

papar gorriduna:

zer da hor zuhaiztian

abesten duzuna?”

 

Baina baita ludian

garen bitartean

Goikoa dakusgunak

gauza guztietan;

nik zurea bezala

inoiz entzutean

txori-abes gozo-bat

edozein tokitan,

eta galdezka jarri

zer abesten duen;

galdeak erantzuna

berea izango du,

ba gure sinismenak

hau emango digu:

“Hara, hor goiko txori

abes gozoduna

zintzo goraltzen ari da

bere Egile ona”

 

 

Olerkiak
Tene Mujika

Miren Itziar-i idazkiak eta Olerkiak, Jaungoiko-Zale, 1923