|
Olerkiak
BIHOTZA MAITEKOR
Eguzkia gorri, geldi-geldika Itsas barrura sartzen zihoan... eta zuhaitzetik txio-txioka txoriak itun agurtzen zuan.
Une txit xamurra. Zelaian jarrita, bakarrik nengoen; ixil bihotz-bera... eta izadiak zidan, Urtzik ala nahi-eta, orduan gozoro mintzatzen gogora.
Goiko Jauna den handi-handia! (maitez sutuaz oldoztu nuen) Eta beretzat, bihotz gurea, zer gauza ederra eginik duen!
Oldozkor... oldozkor... han begiak topo egin zuten zerbait; eta hurbil nigandik, hara... ustekabean, idatzi bat hantxe zesala “Niregan ez da maitasunik”
Harrigarria! orduan nesan: Nor da ludian maitasun gabe? Ez gara orok andre eta gizon, bihotz maitekor banaren jabe?
Sehaskatik haurrak dio amatxori irribarre maitez gozoro egiten; jaio den orduko bihotz txiki hari maitasunak taupa dio arazitzen.
Maitez asetzen du, bai gazteak Bihotz goriko bere egarria; maitez arintzen du agureak bere epelean daman nekea.
Onbidea maite notin jainkotiak, eta galbidea baita txar-gaiztoak; jakitun, ez jakin, haundi eta txikiak, beti zerbait maite mota guzikoak.
Besterenak lez, aztertu nuen neukin damaten bihotz hau ere; eta ezin dela bizi zesaidan, aratz guzia maitetu gabe.
Nor ote liteke ba maitasun gabea? txit urdurituta honela galdeturik, begiratu nuen... eta zen harria! Honek zesan: “Nigan ez da maitasunik”.
Harria!... harria!... Norbaitek zuen horrela idatzi bere gainean... Ai! idazkun hori (oldoztu nuen) liteke harrian...; ez bihotzean!
Olerkiak |