|
Olerkiak
GOGO-NEGARRA
Gogoa ilun eta bihotza minez, Urtzi nirea, hemen naukazu; beti alaka, beti zotinez, neke gogorra zait ba gailendu; Eta Zuri ezik, nik nori deitu?
Bihotz atean maitasun eske sumatu zaitut hainbat alditan, eta ero honek, ireki gabe bidali zaitut neure kaltean. Jainko haundia zer egin dudan!
Baina gogoak, Zure deiaren gozotasuna ezin du ahaztu; Hain dei bigunik ez du entzuten, Zu lez maiterik aurkitzen ez du, eta gaur berak bilatzen zaitu!
Ludiko poza, Zu gabe, Jauna, ez da besterik, neke latz-latza, atsege larri, txit zama astuna, zoritxar gogor eta heriotza; ez horren bila nire bihotza!
Gaixoa, maitez Zeutzat egin duzu, eta Zeutzaz ezik, ai! ezin da ase; dena du gutxi Zu ez bazaitu, ezin da bizi Zure poz gabe; beretzaz, Urtzi, erruki zaitez!
Zure atean maitasun-eske Jainko laztana gaur ni naukazu; ez utzi arren ireki gabe, nire hobenaz ez Zu oroitu, nik Zu bezala ez Zuk ni ahaztu!
Olerkiak |