Olerkiak
Tene Mujika

Miren Itziar-i idazkiak eta Olerkiak, Jaungoiko-Zale, 1923

 

 

MUXUA

 

Begi beltz haiek nigan jarrita

begitu zidan itun, itun;

eta umetxuaren begitze hark

ai! bihotz-beraz jarri ninduen.

 

Begiak zituen bezain beltza zen

haiek azaltzen zuten mina;

minaz gainera, maitasunaren

egarri bizi ase-ezina.

 

Eta gelditu nintzen errukiz

umetxuari galde egiten;

ene gaixoak, hain umea zen!

zer zuen ere, ez, ez zekien!

 

Bere adimen esnatu-gea

ez zen oraindik konturatzen,

ludi hotz hontan

bihotza dela maitasun beroz elikatzen.

 

Eta berea bero hori gabe

zegoela baita hotzak hiltzen;

baina gaixoak ez zekiena

begiek zuten adierazten!

 

Umezurtza zen, neskatx gaixoa,

errukarriak, amarik ez!

ai! nola ez ba bere bihotza

maitasun gabe, hotzak, minez?

Amarik ez eta, nork gaixo hura

gozatu zezakeen maite beroz?

maitasun gabe, nork bere ituna

kenduko zion musu gozoz?

 

Eta errukiz nire bihotza

higitu zuen umezurtzak...

eta eman nion bere bekoki

aratz garbian, muxutxu bat.

 

Muxu beroa, nahiz eta

umetxo errugabeak ulertu ez;

ai! baina bere bihotz txikiak

nabaritu zuen, esker onez.

 

Eta gaixoak begitu zidan,

lehen bezala ez, itun, itun;

eta bai alaitsu, pozez bezala,

maite-maiterik... gozo... bigun...

 

 

Olerkiak
Tene Mujika

Miren Itziar-i idazkiak eta Olerkiak, Jaungoiko-Zale, 1923