|
Olerkiak
UDAZKEN-ALA
Joan zaigu udara, joan da ihesi eramanik bere alaitasuna; joan zaigu udara, eta joan dela mendi eta ibarretan txit ezagun da.
Joan zaigu udara eta isildu dira txoritxo abeslariak, ez dira entzuten gure mendian beren abesti alaiak. A, bai itunak txori abesti gabe baso bakar urrutiak bertan oihartzun egingo ez balu euskoen poz-irrintziak.
Joan zaigu udara, eta berarekin eguzkidun egun luzeak, horiekin baita joan dira ere artzainaren poz-alaiak. A, bai gogorra honentzat neguan mendi elurrez jantzia, bertan ez baleuka txabola, eta txabolan bere maitea.
Joan zaigu udara, eta alegetu semetxo jolas-zaleak, zelai lilitsua hartu duelako guzia zingira lohiak. A, bai estua hauentzat sukaldea, bai iluntze gogaikarriak, su ondora aitonak deitzen ez balu entzutera bere ipuinak.
Amaitu dira, bai, neska-mutilen iturrondoko egonak, gogorki ditu ba hortik bidali euriak edo bisutsak. A, bai luze ilunak maitaleentzat neguko gau ilun beltz-beltzak amets egitera deitzen ez balu sukalde zaharreko suak.
Joan zaizkigu baita udararekin goiz argi eta haize leunak ez dute orain, ez, hainbat atsegin eskaintzen mendi tontorrek. A, bai horma beltz astunak neguan basetxe txiro txikiak, sendi euskoa lotuko ez balu bera jaio zen mendiak.
Joan zaigu udara, joan da ihesi eramanik bere alaitasuna; joan zaigu udara, eta joan dela mendi eta ibarretan txit ezagun da.
Olerkiak |