Olerkiak
Tene Mujika

Miren Itziar-i idazkiak eta Olerkiak, Jaungoiko-Zale, 1923

 

 

AMONA

 

Ikusten duzu, sehaska alboan

nola dagoen eserita,

bere oinekin darabilela

sehaska hori, “dan-ba, dan-ba”?

 

Amona da ba; ia amona baita

biloba txikiaren poza;

maite-maiterik demaiolako

jostailutzat bere bihotza.

 

Haurtxo txikiak ez daki hizketan,

bai baina amonagan agintzen,

amona xamurrak bai dakielako

haurtxoak ez dasana ulertzen;

eta ostera, ez dakielako

ulertzen dionik ukatzen.

 

Txoro eginik, amonatxuak

begitzen dio bilobari;

ba haur txiki horren irribarrea du,

bere neke ororen sari,

bizi-bidean aurkitu dituen

samin guztien ahaztugarri,

eta urteen hotzaz dardaizkan daukan

bihotz ahularen berogarri.

 

Bizi-bideko aldats luzean

aurki du hainbat elorri;

gazte sasoian, udara aldian,

itxaropenez orlegi;

ai! zahartzaroan, negu beltzean

hosto gabe, soil, mingarri;

eta gaixoak ez du bidean

arantza baizik, euskarri!

 

Arantzak baina, ez du amona

mindu bakarrik egiten,

baita ere dizkio negu-ostean

lore txuriak eskaintzen.

Horrela baita bizi-bidean

nahiz neke minak ugari,

biloba txiki gogo-zuri bat

du, zahartzaroan pozgarri.

 

Horrengatik ba sehaska alboan

amona xamurra esertzen da;

eta maitari sehaska hori

erabiltzen du “dan-ba, dan-ba”.

 

 

Olerkiak
Tene Mujika

Miren Itziar-i idazkiak eta Olerkiak, Jaungoiko-Zale, 1923