Pernando, bizirik hago oraindio
Xabier Mendiguren

Euskaltzaindia / BBK, 1989

 

 

6. AGERRALDIA

 

        (Geroxeago kanpai hotsak berriro, bataio deika bigarrenez, baita organua ere; lehengo berak, baina beste itxura batez. Aitapontekoa edo amapontekoa edo biak beste batzuk izan daitezke, orohar itxura zahartuxeagoa izan beharko lukete; aurrekoez gainera, ume pare bat ere badira tartean, neska-mutilak, mutila hazixeagoa eta bestea kaskarragoa. Amaren besoetan beste haur bat jaio berria eta bataiora daramatena.)

 

DON GAXPAR

        Jesus, Maria eta Jose. Martxa ederra hartzen ari zarete. Zenbatgarrena duzue honez gero hau?

 

PERNANDO

        Badaki berorrek, neguko gauak luzeak izaten dira eta, gure baserrian berriz hotza galanta izaten da eta, gizonak andrea ere behar du eta...

 

JOXEPA

        (Apalki, lotsaz) Guk Jaungoikoak bidaltzen dizkigunak hartzen ditugu, eta haren borondatea bada...

 

DON GAXPAR

        Bai, bai, bai, ez naiz ni kontra hasiko orain. Jaungoikoak esan zuen eta nik ere askotan errepikatu dizuet: «ugaldu zaitezte eta mundua kristauez bete». Baina, nere kezka da mundua umez bete ondoren denei jaten ematen asmatuko ote duzuen.

 

JOXEPA

        Nahiko lan izaten dugu, egia esateko, nahiko lan.

 

DON GAXPAR

        Horretara nindoan ni, horretara.

 

PERNANDO

        Berorrek ere egin zezakeen ba, zertxobait guri laguntzearren.

 

DON GAXPAR

        Gutxi laguntzen al dizuet ba?

 

PERNANDO

        Zertan ikusi behar. Hitza eta kontsejuak ugari izaten ditu beti, baina estimatuko genioke noizik eta behin anega bat arto edo.

.

DON GAXPAR

        Ni pobrea nauk Pernando, Jesukristo gure jauna bezalaxe.

 

PERNANDO

        (Haserre) Xuhur askoa bai. Zer kostatzen zaio ba, umearen bataioa dela eta, anega bat arto erregalatzea? Horrenbeste behintzat badu eta...

 

DON GAXPAR

        (Haserretuz hau ere) Hi bezalako alferrentzat ez zegok debaldeko artorik. Lan gehiago egin ezak, bertsotan aritu beharrean, eta izango duk etxekoei jaten emateko lain.

 

PERNANDO

        Denok goseak hilko bagina ere, berori lasai. Goazemazue hemendik, karitaterik ez dagoen etxean ez dago gauza onik eta. (Seme nagusia eskutik hartu eta badoa kanpora)

 

JOXEPA

        (Larri, umea besoetan) Baina Pernando! Umea bataiatu behar dugula!

 

PERNANDO

        Hobe erreka zuloan bataiatzea, zeken horren putzuan baino.

        (Irteten du)

 

JOXEPA

        (Ia negarrez) Pernandooo!

 

DON GAXPAR

        Pasako zaion haserrea eta hurrengorako ikasiko din.

 

(Iluna)

 

Pernando, bizirik hago oraindio
Xabier Mendiguren

Euskaltzaindia / BBK, 1989