Pernando, bizirik hago oraindio
16. AGERRALDIA
(Erretorearen etxean, mahai inguruan Don Gaxpar eta Pernando; Bittori batetik bestera gauzak ekarri eta eramanez.)
DON GAXPAR
Eseri Pernando, eta berehalaxe hasiko gaituk bazkaltzen.
PERNANDO
(Eseriz) Bai baina, aurretik mahaia bedeinkatu beharko dugu ba?
DON GAXPAR
Horixe duk arrazoia. Oso ondo egin duk gogoratzean. Ezagun duk goizeko erritaren ondoren hasi haizela zertxobait zuzentzen.
PERNANDO
Gure etxean nik bedeinkatzen dut beti mahaia eta.
DON GAXPAR
Ederki zegok hori, ederki. Hemen ere, nahi baldin baduk, bedeinka ezak herorrek mahai hau.
PERNANDO
Ez al da gehiegizko atrebentzia?
DON GAXPAR
Ez horixe! Bedeinka ezak bildurrik gabe.
PERNANDO
Aitaren... Espiritu Santuaren izenean, amen.
DON GAXPAR
Pernando, hori ez duk hola. (Pernando harritu antzean geratzen zaio begira) Gaizki egin duk. Hasi hadi berriz ere.
PERNANDO
Aitaren... Espiritu Santuaren izenean, amen.
DON GAXPAR
Oker ari haizela! Ahaztu egin zaik Aitaren egiten ala?
PERNANDO
Ez, ez.
DON GAXPAR
Ea ba. Esazak berriro; baina zuzen!
PERNANDO
Aitaren... Espiritu Santuaren izenean, amen.
DON GAXPAR
(Asaldaturik) Eta semea? Non utzi duk semea?
PERNANDO
Semea? Hortxe utzi dut, atarian, baina oraintxe deituko diot nahi badu: hi, Martin Jose, hator hona azkar, hire beharra omen zegok eta!
(Semea sartu bezain laister Don Gaxpar farrezka hasten da, eta ondoren Pernando eta semea bera ere bai.)
DON GAXPAR
(Algara artean) Hi haiz hi Pernando! Orain ere egin didak adarjotze ederra.
PERNANDO
(Berdin) Semea ez al zuen behar? Hemen dauka ba.
DON GAXPAR
(Berdin) Gera dadila, gera dadila gixajoa ere bazkaltzen, otordu ederren paltan sumatzen diat eta.
(Hirurak lehertzeko zorian daudela Bittori sartzen da, azpil edo beste ontziren batekin.)
BITTORI
(Piperra baino serioago) Hementxe duzue bazkaria; on degizuela. (Badoa).
DON GAXPAR
(Estalkia altxatuz) Hara, amurraiak. Zuen gustokoak al dira?
PERNANDO
Oso. (semeak ere baietz buruaz)
DON GAXPAR
Hasi ba jaten. (Banatu egiten dizkie)
(Pernandok platereko amurraia hartu, eta aho ondoan jarriz zerbait esateko keinua egiten dio, ondoren belarrira eramanez, entzuteko imintzioz. Horren ostean gauza bera egiten du semearen platereko amurraiarekin. Don Gaxparrek harriturik begiratzen dio.)
DON GAXPAR
Pernando, jakin al liteke zertan ari haizen?
PERNANDO
Badaki berorrek nola osaba bat dugun Ameriketara joana? Ba, amurraiak eta igerilari onak direnez eta itsasora ere joaten direnez, galdezka ari nintzaien, ea Ameriketara joandako nere osabaren berri ba ote duten.
DON GAXPAR
(Irriz) Eta zer esan diate amurraiek?
PERNANDO
Zer esango zidaten ba? Hauek gazteak direla oso eta haren entzuterik ere ez dutela. Baina beste gauza bat ere esan didate.
DON GAXPAR
Zer duk ba, zer duk?
PERNANDO
Badela beste amurrairen bat etxeko sukaldean hauek baino hazixeagoa, eta hark beharbada izan dezakeela osabaren aditzea.
DON GAXPAR
(Une horretan sartzen ari zen Bittoriri) Aditu dun, Bittori? Ekar ezan amurrai hauek baino hazixeagoren bat, Pernandok osabarekin hitz egin dezan.
(Purrustaraka, joaten da Bittori)
DON GAXPAR
(Isilik eta geldi jaten ari den semeari) Eta? Amurraia goxoa?
MARTIN JOXE
Bai. (Lotsati antzean)
DON GAXPAR
Eta, eskolan eta ondo?
MARTIN JOXE
Bai.
DON GAXPAR
Eta amari laguntzen al diok etxeko lanak egiten?
MARTIN JOXE
Bai.
DON GAXPAR
Hau duk mutiko txintxoa hau!
PERNANDO
Aita bezalakoxea.
DON GAXPAR
Hobexeagoa ateratzen ez baduk...
BITTORI
(Une horretantxe heldua) Hortxe duzue, nahi duzuen guztia galdetzeko.(Badoa)
DON GAXPAR
Ea Pernando, proba egin ezak.
(Pernandok berriro egiten du operazioa, misterio haundiz, denbora gehiago pasatuz.)
DON GAXPAR
Ezer esan al dik?
PERNANDO
Honek aditu omen du zurrumurruren bat.
DON GAXPAR
Besterik ez?
PERNANDO
Berak ez. Baina sukaldean ba omen da bera baino zaharrago bat, eta hark ba omen daki osabaren berri.
DON GAXPAR
Hau duk hau Pernando! (farrezka) Bittori, ekatzan sukaldeko amurrai tzar hori, Pernandori ziria sartuko dionik ez da jaio eta.
BITTORI
(Beste ontzi batekin datorrela, umore txarrez) Susmatzen nuen nik bai, Pernando atean ikusi orduko, zeinek jango zizkigun amurrai ederrenak.
DON GAXPAR
Ez haserretu horregatik, bihar ere izango dinagu zerjana eta.
BITTORI
(Joanez) Beste batzuk lan haundirik gabe lortzen dute ordea.
PERNANDO
(Lehengo operazioa azkarki egin du, eta amurraia azkar jaten hasiz, ahoa beteta) Jaungoikoak denontzako adina janari ematen duen bitartean...
DON GAXPAR
Jan ezak lasai, motell, ahoa beteta hitz egin gabe.
PERNANDO
(Ahoa beteta) Eskerrik asko.
(Une batzuez ardoari zurrut ederrak emanez eta presaka janez arituko da Pernando; handik piska batera gelditu egingo da, beteta, gustora; Don Gaxparrek eta semeak ere bukatua dute nonbait.)
DON GAXPAR
Eta? Zer esan dik amurrai zaharrak?
PERNANDO
A! Ezagutzen duela, eta osaba oso ondo dabilela. Ni ere ez nago bat ere gaizki oraintxe.
DON GAXPAR
Ederki! Ni ere bapo geratu nauk. Hitz egingo al diagu orain gure gorabehera horretaz?
PERNANDO
Berorrek nahi duen bezala. Hara, Martin Joxe, joan hadi etxera, gaurko otordua egin duk eta. (Badoa semea)
DON GAXPAR
Bittori, ekar ezan txokolatea Pernando eta biontzat. Hitz egin bitartean hartuko diagu gu biok.
PERNANDO
Txoko... zer? Ze fruta klase da hori?
DON GAXPAR
(Farrezka) Ez, motell, ez! Txokolatea edari beltz bat duk, etxe fin guztietan hartzen dutena.
PERNANDO
Ardoa bezalakoa?
DON GAXPAR
Ez, ez, gozoa. Ameriketatik ekarritako landare batetik ateratzen diate.
PERNANDO
(Ahozabalik) A! Patatak bezala.
DON GAXPAR
(Irriz) Hala moduz.
BITTORI
(Bi katilu eta beste ontzi batekin etorriz; beti bezala jenioz) Hemen duzue zuen txokolate zorionekoa. (Badoa gauzak mahai gainean utzita)
DON GAXPAR
(Txokolatea zerbituz) Hara: badakik nola txerria hiltzean auzoei odolkiak eta ematen zaizkien, eta nola nik ba... apaiza naizenez, ez dudan orain arte txerririk hazi eta hill.
PERNANDO
Ederra dago txokolate hau.
DON GAXPAR
Gustatu egin zaik, e? Ba, zera.: aurten nik ere txerria hazi diat, jendeak esan ez dezan Erretorea beti hartu eta hartu dabilela sekula ezer eman gabe; eta badakik, nere prolema zera duk: hazitako txerria kaskarra dela oso, eta odolkiak eta banatzen hasiz gero ba, ezer gabe geratuko naizela.
PERNANDO
Ez baita xamurra izaten hori: norberak hazi eta besteei banatu behar oso-osorik.
DON GAXPAR
Horixe, horixe. Horregatik deitu diat, ea irtenbideren bat asmatzen ote duan edo.
PERNANDO
Horrek konponbide errexa du, Don Gaxpar.
DON GAXPAR
(Aztoratuta) Eman ba, esan.
PERNANDO
Hara: berorrek txerria hil egin behar du, eta atarian zintzilik jarri.
DON GAXPAR
Jende aurrean?
PERNANDO
Bai, bai; agerian. Jendeak ikusteko moduan. Orduan, txerria hozten utzi eta gero, goizaldean, inor jeiki baino lehen berori joan daiteke eta etxean gorde txerria.
DON GAXPAR
(Kilikaturik) Eta? Eta?
PERNANDO
Hortik aurrerakoa erraxena. Berorrek korrika eta zalapartaka atera behar du kalera, «txerria eraman dute, eraman egin dutela txerria» garraisika.
DON GAXPAR
Eta? Eta?
PERNANDO
Orduan denek sinistuko diote, eta txerria lasai asko jan ahal izango du.
DON GAXPAR
(Pozarren) Hori duk eta. (Une batzuez pentsati egon ondoren, kezkati) Baina, hori ez ote da pekatu izango?
PERNANDO
Norena da txerria?
DON GAXPAR
Nerea!
PERNANDO
Eta norberarena dena gordetzea pekatu al da?
DON GAXPAR
Ez baina... lapurtu egin didatela esanez gero... ez al naiz gezurretan ari?
PERNANDO
Ez horixe! Berorrek esaten badu txerria ez dagoela utzitako lekuan, gezurra al dio?
DON GAXPAR
Ez ba.
PERNANDO
Eta esanez gero txerria eraman egin dutela, gezurra esaten al du?
DON GAXPAR
Ezta.
PERNANDO
Hortaz?
DON GAXPAR
Arrazoia duk, Pernando. Estuasun ederretik atera nauk.
PERNANDO
Lagunak ere horretarako gaude eta. (Kantari hasten da, bertsotan)
Txerri bat hazitzea
berorren afana.
Konseju eske dator
Pernandorengana.
Ez da pekatu hartzea
norberana dana.
Horrekin izango du
negurako jana.
DON GAXPAR
Pentsa ezak; nik pekatu egitez gerotan ez nieke halako erabakirik hartuko, baina hori garbi gar bia duk.
PERNANDO
Ama Birjina bezain garbia.
DON GAXPAR
Horrenbeste ere ez, e; txerri kontuetan horrenbeste ere ez.
PERNANDO
Ezetz? Txerria Ama Birjina hezalakoxea da: dena da ona; dena aprobetxatzen da.
DON GAXPAR
Ez zekiak nik hori herejia ez ote den; baina hi lasai egon hadi, Pernando: txerria neretzat gordeta ere, izango duk hiretzako xolomoren bat edo.
PERNANDO
(Altxatuz) Eskerrik asko, Don Gaxpar; estimatzen diot. Eta gaurko bazkaria ere bai.
DON GAXPAR
(Altxatuz) Ez horregatik.
PERNANDO
(Ate aldera) Bai jauna: bat etorri beharrean bi etorri gara lehenaz gainera eta.
DON GAXPAR
(Atea zabaltzen dio) Lasai alde horretatik, lasai; eta badakik: ezer behar izanez gero...
PERNANDO
Bai, bai; bueno, joan egin beharko dut; artaldea ere bakarrik utzi dut eta. (Ate kantoian)
DON GAXPAR
Bai, hire ardiek ez ziaten gaur hik adinako otordurik egingo.
PERNANDO
Ez horixe. Eta eskuminak Bittoriri, amurraiengatik eta txokolateagatik. (Atereaz).
DON GAXPAR
Esango zioat. Hurren arte.
PERNANDO
Bai; hurren arte.
(Iluna)
Pernando, bizirik hago oraindio |