Pernando, bizirik hago oraindio
Xabier Mendiguren

Euskaltzaindia / BBK, 1989

 

 

13. AGERRALDIA

 

        (Pernandorenean, gurasoak eta Martin Joxe, seme nagusia; Pernando txukun jazten ari da, Joxepak laguntzen diola.)

 

PERNANDO

        Gaur behintzat ez duzue kejarik izango. Aho bat gutxiago bazkaltzeko.

 

JOXEPA

        Guk baino, hobetoxeago ere bazkalduko duzu.

 

PERNANDO

        (Harro) Erretore Jaunak gizon inportanteak gonbidatzen ditu eta, bere gauzen gainea hitz egiteko.

 

MARTIN JOXE

        Nik ere bazkaritara joan nahi dut.

 

PERNANDO

        Isilik egon hadi.

 

MARTIN JOXE

        (Temoso) Nik bazkaltzera joan nahi dut.

 

PERNANDO

        lsilik egoteko! Ez al duk aditu Don Gaxparrek gorabehera batetaz hitz egiteko gonbidatu nauela?

 

MARTIN JOXE

        (Kaska gogor) Nik bazkaldu egin nahi dut!

 

PERNANDO

        Kaskarreko bat emango diat, e!

 

MARTIN JOXE

        Bazkaldu egin nahi dut!

 

PERNANDO

        (Joxepari) Emaiozu ume honi jateko zeozer, ea isiltzen den.

 

JOXEPA

        Atzoko salda hondar hotza ematen ez badiot...

 

PERNANDO

        Nahi duzuna egin ezazu, ni banoa eta.

 

MARTIN JOXE

        (Garraisika) Nik bazkaltzera joan nahi dut.

 

JOXEPA

        (Zartadako bat emateko keinuz) Ez al dik aitak esan bakarrik joan behar duela?

 

MARTIN JOXE

        Nik bazkaldu egin nahi dut!

 

JOXEPA

        (Zaplazteko batzuk emanez) Tori bazkaria! Tori! Gehiago nahi duk?

        (Aharrantzaka hasten da umea)

 

PERNANDO

        Etzazu hola jo ume gaisoa.

 

JOXEPA

        Zer nahi duzu egitea? Ez al duzu zerorrek esan ezin duzula eraman?

 

PERNANDO

        (Makurtuz, negarrez ari den semeari bizkarretik helduz) Aizak, nik gustora eramango hinduket, baina ezin diat. Don Gaxparrek halaxe esan zidak: «etorri hadi bazkaltzera biok hitzegiteko». Eta beste inor eramaten badut berari ezer esan gabe haserretu egingo duk. Ulertzen duk?

 

MARTIN JOXE

        (Zotinka) Nik bazkaltzera joan nahi dut.

 

PERNANDO

        Begira, hurrengoan nerekin etorriko haiz; edo bestela, bueltan, ahal izanez gero, puxketa ederrenak ekarriko dizkiat kolkoan gordeta; konforme?

 

MARTIN JOXE

        (Serio) Nik bazkaritara joan nahi dut.

 

JOXEPA

        Eman egingo diat; eman egingo diat isiltzen ez bahaiz.

 

PERNANDO

        Ume honekin ez dago zereginik; zu bezalako kaskagogorra atera da.

 

MARTIN JOXE

        (Berriro aharrantzaka) Nik bazkaltzera joan nahi dut.

 

PERNANDO

        (Eskua altxatuta zartadakoka hasi behar zuen Joxepa geldieraziz) Geldi! Eraman egin beharko dut azkenean.

 

JOXEPA

        Nola eramango duzu ba?

 

PERNANDO

        Moldatuko naiz nola edo hala. (Poz-pozik dagoen semeari) Aizak, ken itzak sudurretik kandela horiek, hori ez duk apaizaren etxera joateko pigura eta!

 

(Iluna)

 

Pernando, bizirik hago oraindio
Xabier Mendiguren

Euskaltzaindia / BBK, 1989