Pernando, bizirik hago oraindio
18. AGERRALDIA
(Gaua da; ilargiaren argi ahula; Pernando bere etxetik ateratzen da; ixil isilik, poliki poliki abiatzen da Erretorearen etxerantz. Hara iristean bazter batera eta bestera hegira aritu ondoren, ikusleei isiltzeko keinua eginez txerria kakotik kendu eta berak zeraman zakuan sartzen du. Zakua bizkar gainean hartu eta berriro isilka eta poliki bere etxe aldera doa, alboetara begira. Bide erdian geratu eta ikusleei begira farre txiki bat egingo du.)
(Geroxeago, argi gehixeago dagoela. Don Gaxpar ateratzen da bere etxeko atetik, hau ere kontuz, isilik eta astiro astiro. Txerriak egon behar zuen lekuan eskua jarri eta ezer ikuitzen ez duela nabaritzean harritu egiten da eta haztamuka hasi.)
DON GAXPAR
(Gero eta larriago, gero eta ozenago ahots eta keinuetan.) Hemen egon behar zuen, hementxe. Non da nere txerria? Hemen utzi nuen ba atzo. Ai ene! Non da nere txerria? Ai ene? Non da nere txerri maitea? Hemen utzi nuen, hementxe bertan. Ai nere txerria! Ai ene! Lapurtu egin didatela, lapurtu! Non ote da nere txerria? Hemen utzi nuen eta, nere txerri maitea, nere txerri bihotzekoa, nora aldegin duk? Nork eraman hau? Nor izan duk gizagaizto petral nazkagarria? Ai ene! Ene!
(Eliza aldera joaten da eta kanpaiak hasten dira entzuten; Herritar batzuk azaltzen dira, eta Don Gaxpar haien aurrera joanik oihuka eta arrenkuraka hasiko zaie.)
HERRITARRA 1
Zer- gertatzen da?
HERRITARRA 2
Ez dakit; kanpaiak jo dituzte eta...
DON GAXPAR
(Histeriko .samar.) Txerria lapurtu didate, txerria. Jesus, Maria eta Jose. Nor izan ote da lapur gaizto, zital, zikin, zikoitz, zerri madarikatua? Nere txerritxo gaisoa nork eraman dit? Lapurtu egin didatela, lapurtu. Hainbeste neke kostata hazitako txerria, hozten utzi eta lotsagabe batek lapurtu. Nola liteke? Ai ene! Nere txerri maitea, nere txerri kuttuna. Elizatik botako dut lapurra, ez diet sekula barkatuko eta irpernuko zuloan erre beharko du, oraintxo bertan azaltzen ez bada. Luziferren sutan kiskali beharko du. Ai nere txerri gozoa, gizasemeak baino hobea hintzena, inori kalterik egiten ez hiona, errukirik gabeko alu sasiko malapartatu batek eramen hau akabatu eta jateko kupidarik gabe. (ia negarrez eta amorruz bukatzean.)
HERRITARRA 1
Berak zer egiteko asmoa ote zuen ba?
HERRITARRA 2
Auskalo!
(Iluna)
Pernando, bizirik hago oraindio |