Pernando, bizirik hago oraindio
12. AGERRALDIA
Pernandorenean sesioan ari dira senar-emazteak; seme-alabak txokoren batean daudela Pernandok eta Joxepak hitz gogorrak esaten eta trasteak botatzen dizkiote elkarri.)
JOXEPA
Alproja, alfer zikina! Alde egin ezazu hemendik zure lagun mozkor horiekin.
PERNANDO
Alde egin ezazu zerorrek hemen bizi nahi ez baduzu.
JOXEPA
Bizi? Etxe honetan ez da bizitzerik izango zu bertan zauden artean.
PERNANDO
Eta nondik jango duzue zuk eta umeek ni joan eta gero, e?
JOXEPA
Ezer askorik ez duzu orain ere ekartzen.
PERNANDO
Ekartzazu ba zerorrek, horren erraxa dela uste baduzu.
JOXEPA
Alperra, zikina, ustela! Sekula santan ez duzu lan egiterik pentsatuko.
PERNANDO
Hori da hori, aho finekoa izatea!
JOXEPA
Amorratu egiten naiz zure ondoan.
PERNANDO
Joan zaitez ba elizara, Don Gaxparren magalean negar egitera.
(Une horretantxe Don Gaxpar azaltzen da ate zabalduan.)
DON GAXPAR
Hara, hara, neri deika ari al zineten?
JOXEPA
(Umil, amorrazioa utzita) Barka beza, Erretore Jauna, hau ez da etxearen kusidadea...
DON GAXPAR
(Zoruan dagoen lapikoren bati ostikoa emanez) Konturatu naiz bai, ontzi hauek ez zutela lurrean egon behar. Burrukan aritu zarete ala?
JOXEPA
Ai ene! Adi beza, Don Gaxpar; alper zikin honek ez du lanik egin nahi. Beti sagardotegian sartuta dabil bere lagun mozkor horiekin, andrea eta seme-alabak dituela ahaztuta eta...
PERNANDO
Hori ez da egia.
JOXEPA
Esazu orain ezetz!
PERNANDO
Lagunekin biltzerik ere ez daukat ala? Nik etxea ordea ez dut sekula ahazten.
JOXEPA
Bai, mozkortu eta gero lotara etortzeko gogoratzen duk hik.
DON GAXPAR
(Besoak altxatuz, paketu nahian) Bueno, bueno, bueno! Ze iskanbila da hau? Kristauen etxean pakea behar da lebenbizi, pakea nagusi. Bestela ez dago ezer onik. Pakerik ez badago, ze ejenplu emango diezue seme-alabei? Zer ikasiko dute etxean? Hik, Pernando, gehixeago saiatu beharko huke lanean, kalabazarena bezalako gezurrekin ez zegok urrutira joaterik eta.
PERNANDO
Barka beza, baina ez zen gezurra izan; nik entenditu nion...
DON GAXPAR
Ondo asko zekiat nik zer entenditu huen, Pernando. Apaizek zintzoak izan behar diagu baina inuxenteak ez. Eta hi ere askotan gaizto samarra haiz baina kirtena ez. Horrexegatik etorri nauk gaur hiregana.
(Joxepa gortina atzeko txokora doa seme-alabekin.)
PERNANDO
Esan beza zer nahi duen, eta nere eskuetan baldin badago laguntzea...
DON GAXPAR
Hara. Badiat nik esku artean arazo txiki bat, korapilatsu xamarra eta, ezer egin baino lehen hirekin hitz egin nahi niake horren gainean.
FERNANDO
Nahi duen guztia, Don Gaxpar; esan beza!
DON GAXPAR
Ez, orain ez Pernando. Arantzaren bat edo beste izan dezakeen gorabehera duk, eta nahiago niake patxaraz hitz egingo bagenu. Zer iruditzen zaik gaur nere etxera bazkaltzera etortzea.
FERNANDO
(Txoratuta aurrena) Zoragarri! Bueno, konforme nagoela esan nahi nion.
DON GAXPAR
Orduan, eguerdian hire zain egongo nauk bazkaltzeko. (Aldentzeko keinuaz)
FERNANDO
Ez bildurrik izan. Han izango naiz sinfalta. (Atea zabaltzen diola)
DON GAXPAR
Gero arte ba. Jainkoak egunon dizuela denoi.
FERNANDO
Baita berorri ere.
DON GAXPAR
Eta... sesio horiek Pernando, ahal dela baztertu egin behar dira, ebitatu. (Irteten du)
FERNANDO
Bai jauna.
(Iluna)
Pernando, bizirik hago oraindio |