Pernando, bizirik hago oraindio
Xabier Mendiguren

Euskaltzaindia / BBK, 1989

 

 

9. AGERRALDIA

 

        (Zabala joan da; Erretorearen etxe atarian Pernando deika.)

 

BITTORI

        (Barrutik) Zein da?

 

PERNANDO

        Pernando.

 

BITTORI

        (Atea zabaldu ondoren; jenio biziz eta zakar) Zer behar duk? Don Gaxpar ez zegok orain etxean.

 

PERNANDO

        Badakit, berak bidalita etorri naiz eta.

 

BITTORI

        Zer esan dik ba?

 

PERNANDO

        Zera: bere baratzeko kalabazarik ederrena ematen didala.

 

BITTORI

        (Ondo aditu ez balu bezala) Zer?

 

PERNANDO

        Horixe: kalabaza galanta agindu didala.

 

BITTORI

        (Susmo txarrez) Egia al da hori?

 

PERNANDO

        (Zerura begiratuz) Jainkoak begiratzen digula bezain egia haundia.

 

BITTORI

        Ez zekiat ba. Berari galdetu beharko zioat badaezpadaere.

 

PERNANDO

        Galdetu, galdetu nahi duzun guztia.

 

BITTORI

        Hik itxoin ezak hemen ni etorri arte, eta ikusiko duk gezurra bada.

 

PERNANDO

        Txintxo txintxo geratuko naiz.

        (Bittori desagertu eta gaikaldeko leihoan azaltzen da; oihuka.)

 

BITTORI

        Don Gaxpar, Don Gaxpar!

 

DON GAXPAR

        (Ikusten ez dugula; urrun somatzen da bere ahotsa) Zer behar dun?

 

BITTORI

        Izan al da Pernando lehen hor?

 

DON GAXPAR

        Bai, hemen izan da.

 

BITTORI

        Eta zer agindu dio berorrek?

 

DON GAXPAR

        Zer? Kalabaza galanta!

 

BITTORI

        Benetan?

 

DON GAXPAR

        Horixe besterik ez zinan merezi.

 

BITTORI

        Berorrek ikusiko du.

        (Jeitsi egiten da Bittori, eta handik piska batera berriro azaltzen da atarian, eskuetan kalabaza haundi bat duela, Pernandori ematen dio.)

 

BITTORI

        Tori, har ezak! Ez zekiat ze hegohaizek jo duen gure Erretorea baina.

 

PERNANDO

        Nik, agindutakoa jaso besterik ez dut egin.

 

BITTORI

        Bai, bai. Izango duk hau ere hire maltzurkeria horietakoren bat.

 

PERNANDO

        (Irriparrez) Oso oker zaude Bittori, oso oker.

 

(Iluna)

 

Pernando, bizirik hago oraindio
Xabier Mendiguren

Euskaltzaindia / BBK, 1989