Pernando, bizirik hago oraindio
Xabier Mendiguren

Euskaltzaindia / BBK, 1989

 

 

20. AGERRALDIA

 

        (Erretorea joandakoan, Pemandorenean, denek hasten dira uju eta aja, saltoka, kantari, txaloka, txistuka eta pozez txoratzen. Seaskako lastaiatik txerria aterako dute eta denek erabili nahiko dute, bularrrean estututa, dantzan eta jira-biran. Horrela, kantari ari direla, kalejiran ere hasiko dira, txerria tartean darabiltela, Pernando,.Joxepa eta seme-alabak; une hauetan esango dituzten gauzak ez dira zehaztu beharrekoak: nahiko dugu pozezkoak eta apaizarekiko trufazkoak izango direla esatea.)

 

PERNANDO

        Badugu negu honetarako txerria.

 

JOXEPA

        Beharra ere bagenuen.

 

MARTIN JOXE

        Nik xolomoa nahi dut, nik xolomoa nahi dut.

 

JOXEPA

        Don Gaxpar gaisoak zer jango ote du?

 

PERNANDO

        Izango du horrek bestela ere, nahikoa talo eta esne.

 

JOXEPA

        Ez da goserik hilko, ez.

 

PERNANDO

        (Panderoa ateratzen du, Martin Joxeri ematen dio jo dezan, eta bera trikitilarien tankeran hasten da kantari, familia osoak dantza egiten duen bitartean; doinua akelarreren «Oraingo neskatilak» edo Laja eta Landakandaren «Minifalda» izan daiteke.)

 

        Don Gaxparren txerria

        dugu inguratu

        Don Gaxparren txerria

        dugu inguratu.

        Berak gizendu baina

        Pernandok jango du

        Ai, oi, ene

        Pernandok jango du.

        Don Gaxparren txerria

        dugu inguratu.

        (Doinu berberaz)

        Seaskan gorderikan

        txerritxo kuttuna.

        Umeak bezalaxe

        maiteko duguna.

        Goserik lapurtzea

        ez da ez pekatu.

        Ta baldin balitz ere

        mesedez barkatu.

 

        (Bukatuz)

        Negu hotz hontarako

        badugu zer jana.

        Odolki ta txorixo

        aprobetxa ahal dana.

 

(Txalo eta buila artean bukatzen da, iluna)

 

Pernando, bizirik hago oraindio
Xabier Mendiguren

Euskaltzaindia / BBK, 1989