Pernando, bizirik hago oraindio
Xabier Mendiguren

Euskaltzaindia / BBK, 1989

 

 

19. AGERRALDIA

 

        (Don Gaxpar, Pernandoren etxean ate joka, larri eta estu.)

 

DON GAXPAR

        Pernando, Pernando, zabaldu, Pernando, zabaldu azkar, Pernando.

 

PERNANDO

        (Atera azalduz, izugarrizko patxaraz.) Zer dugu ba halako presaz?

 

DON GAXPAR

        (Urduri, hitzik atera ezinik.) Pernando, txerria... Pernando... Txerria...

 

PERNANDO

        Zer dela eta halako larritasuna. Lasai bedi, Don Gaxpar, lasai.

 

DON GAXPAR

        Txerria lapurtu didate, Pernando, txerria, lapurtu egin didate...

 

PERNANDO

        Holaxe, Don Gaxpar, holaxe.

 

DON GAXPAR

        Baina, lapurtu egin didatela, Pernando, txerria lapurtu.

 

PERNANDO

        Holaxe, Don Gaxpar. Hori esan eta denek sinistuko diote.

 

DON GAXPAR

        Egia dela Pernando, txerria lapurtu egin didatela.

 

PERNANDO

        Hori da ba esan behar duena, hori.

 

DON GAXPAR

        Baina, Pernando, ez dela gu biok hitz egindakoa, ez. Bene-benetan lapurtu didate, egiazko lapurrek.

 

PERNANDO

        (Harrituarena eginez) Ene bada! Nola liteke ba hori?

 

DON GAXPAR

        Gaur, goizean goizik, etxetik atera nauk, hik esan bezala, txerria izkutuan hartzeko asmotan eta zera, besteren bat ni baino goiztiarrago ibili eta eraman egin dik txerria. Ai nere txerri gaisoa!

 

PERNANDO

        Eta... nor izan ote da?

 

DON GAXPAR

        Nik al dakit ba! (Erdi negarrez)

 

PERNANDO

        Ene! Ene! Holakorik egundaino! Lotsagabea behar du gizonak apaizari txerria lapurtzeko gero!

 

DON GAXPAR

        Horixe lotsagabea; galanta gainera!

 

PERNANDO

        Adi beza, Don Gaxpar: nere etxean begiratu behar du beste inon baino lehen, ikusteko guk ez dugula txerririk gordeta.

 

DON GAXPAR

        Ez, ez, ez Pernando; nola egingo diat ba hori?

 

PERNANDO

        Bai, bai, bai. Ni nintzen berorren asmoen berri ondoen nekiena eta lapurreta horretarako aproposena.

 

DON GAXPAR

        Ez Pernando; nik konfiantza diat eta ez nauk hire etxean miaketan arituko.

 

PERNANDO

        (Etxe barrurantz bultzatuz) Bai, bai. Nik ez dut nahi berorrek pentsatzerik Pernando lapurra eta gezurtia dela, eta nere etxean begiratu behar du beste ezer baino lehen.

 

DON GAXPAR

        (Kontra eginez) Ezetz!

 

PERNANDO

        (Berean segitzen duela) Baietz.

 

DON GAXPAR

        Ezetz.

 

PERNANDO

        Baietz.

 

DON GAXPAR

        Ezetz esan diat, eta ni nauk herri honetako Erretorea.

 

PERNANDO

        Baietz esan diot, eta ni naiz etxe honetako jabea. (Sarreraziz)

 

        (Etxera sartzen dira; bertan haurrak ari dira, bazterrak nahasten, jolasean, eta txoko batean, seaskan negarrez dagoen umeari lo egin dezan eraginez, Joxepa.)

 

JOXEPA

        Egunon, Erretore Jauna.

 

DON GAXPAR

        Baita zuei ere. Zertan zabiltzate?

 

JOXEPA

        Badaki: umeak direla, hau dela eta bestea dela, beti lanean.

 

DON GAXPAR

        Bai, guri ere ez zaigu buruhausterik falta.

 

JOXEPA

        Zer du berorrek?

 

PERNANDO

        Hara: txerria lapurtu diotela bart.

 

JOXEPA

        Ez da izango...?

 

DON GAXPAR

        Hala da ba.

 

JOXEPA

        Hori ere badugu? Jesus, Maria eta Jose.

 

PERNANDO

        Uztazu orain Don Gaxpar pakean, etxeko bazterrak miatu bebar ditu eta.

 

DON GAXPAR

        Ez, ez, nik ez nuen nahi...

 

JOXEPA

        (Etenez) Bai, bai, bai; begira beza bildurrik gabe, etxe honetan pobre izanagatik besteren txerririk ez dugu gordetzen eta.

 

DON GAXPAR

        Baina nik ez...

 

JOXEPA

        Ez da hemen baina eta baina ondokorik. Ondo begiratu, eta etxeko kuxidadea barkatu.

 

PERNANDO

        Aurrera, Don Gaxpar.

 

DON GAXPAR

        Beno, beno; zuek agintzen baduzue... (Apaletan eta begira hasiz).

 

PERNANDO

        Aginduko ez dugu ba.

 

DON GAXPAR

        Nik ez diat uste, dena dela, txerria etxe honetan dagoenik.

 

PERNANDO

        Seguru jakin behar du ordea.

 

DON GAXPAR

        Ba, hemen ez zegok txerriaren arrastorik. Ni banihoak, Pernando.(Arakatzen bukatuta)

 

PERNANDO

        Horren azkar? Besterik begiratu gabe?

 

DON GAXPAR

        Non nahi duk ba begiratzea? Garbi zegok ez dagoela hemen.

        (Ate alderantz abiatzen da)

 

PERNANDO

        Berorrek nahi duen bezala. (Aterantz lagunduz)

 

DON GAXPAR

        Eskerrik asko agertu duan konfiantzagatik.

 

PERNANDO

        Baldinbait ere! Nahi duenean etorri, eta ea azaltzen den zorioneko txerria. (Atea zabalduz)

 

DON GAXPAR

        Ez diat uste. Honez gero, norbaitek farre galanki egingo dik nere lepotik.

 

PERNANDO

        Eta txerri jate ederra ere bai.

 

DON GAXPAR

        (Etsita) Bai, hori ere bai. Beno, ikusi arte. (Irteten du)

 

JOXEPA

        Bai, ondo segi.

 

PERNANDO

        Hurren arte. (Itxi egiten du)

 

Pernando, bizirik hago oraindio
Xabier Mendiguren

Euskaltzaindia / BBK, 1989