Pernando, bizirik hago oraindio
Xabier Mendiguren

Euskaltzaindia / BBK, 1989

 

 

3. AGERRALDIA

 

        (Eliza aldean, konfesalekua erdi erdian, eta Don Gaxpar barruan, begien bistan, zurrunka lokuluxka egiten. Pernando gaztea sartzen da, batera era bestera begira; apaiza lotan ikusi eta eztul egiten du; erretorea zertxobait izutu, baina zurrrunka geratzen da berriro; berriz ere eztul egin, oinetakoz zoruan jo eta esnatu egiten da azkenerako Don Gaxpar.)

 

DON GAXPAR

        (Esnatu berritan, inguruan zer den jabetzen ez dela, automatikoki) Sin pecado concevida.

 

PERNANDO

        Egunon, Don Gaxpar.

 

DON GAXPAR

        A! hi al haiz?

 

PERNANDO

        (Atzera eta alboetara begira) Nik dakidala ez da hemen beste inor.

 

DON GAXPAR

        (Zutituz; poliki hitz egiten du) Kontxo, kontxo. Lotan geratu nauk ba, konturatu gabe. Eta? Zer dela eta hi etxe honetan, aspaldiko partez?

 

PERNANDO

        Apaizek ere bizi egin behar dutela eta.

 

DON GAXPAR

        Bai ba, bai ba. Hi ere ez haiz makal bizi halere.

 

PERNANDO

        Apaizak bezala inortxo ere ez ordea.

 

DON GAXPAR

        Ez duk horrenbesterako ere, ez duk horrenbesterako. Makina bat buruhauste izaten diagu guk.

 

PERNANDO

        Bai; mezadiru gehiago nondik aterako eta...

 

DON GAXPAR

        Itxi ezak aho beltz hori, itxi ezak, ezagutzen haut eta. Esango al didak behingoz zertara etorri haizen?

 

PERNANDO

        Lehen ere esan diot apaizek ere bizi egin behar dutela, eta konfesatzeko asmotan etorri naiz.

 

DON GAXPAR

        Aitaren ta Semearen... Hi konfesatzera? Pozarren. Jarri, jarri hor belauniko berehalaxe hasiko gaituk eta. (eseriz) Luzarorako izango dugula iruditzen zaidak baina.

 

PERNANDO

        Berorren esku, luze edo laburrago izatea (belauniko jarriz).

 

DON GAXPAR

        Hori ez diat nik esan behar, pekatu saila zenbatekoa den ikusi behar. Gainera, zenbat denbora duk konfesatzera etorri ez haizela?

 

PERNANDO

        Nik al dakit ba!

 

DON GAXPAR

        Zertan ibili haiz ba, sarriago azaldu gabe?

 

PERNANDO

        Badaki berorrek: ardiekin izandu naiz mendian eta, han berriz elizarik ez eta...

 

DON GAXPAR

        Eta jeitsitakoan?

 

PERNANDO

        Jeitsitakoan ere gogo gutxi eta.

 

DON GAXPAR

        Eta ez al dik lotsarik ematen hola, lasai lasai esateak?

 

PERNANDO

        Nola nahi du esatea ba, negarrez?

 

DON GAXPAR

        Estututa behintzat, estututa. (Pernando estu-estu jartzen da konfesalekuaren kontra) Zertan ari haiz?

 

PERNANDO

        Estutzen, berorrek esan duen bezala.

 

DON GAXPAR

        (Haserre keinu baten ondoren) Tira tira; utzi txorakeria horiek eta gatozen gurera.

 

PERNANDO

        Ave María Purísima. (Ebakera euskaldunez)

 

DON GAXPAR

        Sin pecado concebida (berdin). Ea bada, hasi!

 

PERNANDO

        Nondik hasi behar dut?

 

DON GAXPAR

        Nondik hasiko haiz ba: lehendabizikotik!

 

PERNANDO

        Ni jaio nintzenean amari titia eta titia eskatzen nion eta orduan amak...

 

DON GAXPAR

        Lehendabiziko manamendutik esan diat, artaburu halakoa! Jaungoikoa gauza guztien gainetik maitatzea. Hire burua baino gehiago.

 

PERNANDO

        Hori gehitxo esatea ez al da?

 

DON GAXPAR

        (Harrituta) Nola gehitxo?

 

PERNANDO

        Norberaren buruaren erdia maitatuta ere ez da gutxi, ezta?

 

DON GAXPAR

        (Haserre) Lotsagabe arraioa: beste ezer baino gehiago maite behar duk ba! Segi aurrera: bigarrena, Jainkoaren izena alferrik ez erabiltzea.

 

PERNANDO

        Zer esan nahi du: kabendioska eta aritzea?

 

DON GAXPAR

        (Zutitu eta izututa, «aitaren eta semearen» hasten da, eseri, zutitu, eskuak burura eraman eta puzka ari dela) Baina... baina... holakorik egundaino! Jesus, Maria eta Jose. Itxi ezak, itxi ezak aho beltz hori! Ene, ene...

 

PERNANDO

        Lasaitu bedi, Don Gaxpar, nik ez dut sekulan Jainkoaren izena alferrik erabili eta.

 

DON GAXPAR

        (Lasaitu bat hartuz) Ez?

 

PERNANDO

        Ez ba; behar danean bakarrik.

 

DON GAXPAR

        (Berriro estutuz) Nola behar denean?

 

PERNANDO

        Hori ba, baten batek zerrikeriaren bat egiten badit edo, azeriak ardiren bat akabatu edo, orduan, orduan hasten naiz mekabenka.

 

DON GAXPAR

        Holakorik ez duk sekulan esan behar! Aditzen duk? Sekulan ez.

 

PERNANDO

        Konforme, konforme... Ez haserretu horregatik.

 

DON GAXPAR

        Beno ba. Hirugarrena?

 

PERNANDO

        Ondo jostea beti, galtzaren barrena. (kantari antzean)

 

DON GAXPAR

        (Zartakoa emateko keinuz) Nik emango diat hiri galtza barrena. Jai egunak santifikatzea duk motell, jai egunak santifikatzea.

 

PERNANDO

        Bai, hori bai, jai egunak santu dira neretzat.

 

DON GAXPAR

        Zer egiten duk ba?

 

PERNANDO

        Etzan eta egon; eta aldian behin sagardotegira joan eta bertsotan aritu.

 

DON GAXPAR

        Hori al duk hire santutasuna? Mezatara joan behar duk, mezatara. Eta ez ibili gero mozkorkerian eta arlotekerian.

 

PERNANDO

        Jai egunetan egiten ez badugu noiz egin behar dugu ba?

 

DON GAXPAR

        Inoiz ez. Pekatua inoiz ez. Goazen aurrera: laugarrena? (Ixilune labur bat) Gurasoak ondratzea.

 

PERNANDO

        Hondatzea?

 

DON GAXPAR

        Ondratzea esan diat, astakirtena, ondratzea! Horrek esan nahi dik obedientzia eta errespetua zor zaizkiela.

 

PERNANDO

        Nik zorrik ez e! Ez aitatu neri zorrik!

 

DON GAXPAR

        Zer duk ba?

 

PERNANDO

        Zer dudan? Batak ardia zor diodala, besteak bazkaria, ez naute berehala pakean utziko alajaina!

 

DON GAXPAR

        Horrek konponbide erraxa dik; badakik, zorrak pagatu eta kitatu.

 

PERNANDO

        Oraintxe egingo nuke kito, zerekin ordaindua baneuka.

 

DON GAXPAR

        Tira tira; lehenbailehen konpon ezak, eta beste batetarako utziko diagu kontu hori. Gatozen gurera. Boskarrena?

 

PERNANDO

        Hori badakit, gizasemerik ez hiltzea.

 

DON GAXPAR

        Eta bete al duk?

 

PERNANDO

        Bete bai; atzetik diru eske dabilzkidan horietakoren bat hilko balitz mesede ederra egingo lidake baina.

 

DON GAXPAR

        (Asaldaturik berriz ere) Baina, baina... Hori esatea ere! Jesus, Maria eta Jose,

 

PERNANDO

        Gutxi jan ta beti gose.

 

DON GAXPAR

        Baduk hik beti ateraldiren bat erantzuteko. Hobe huke hire gogo eta kemen horiek lanerako jarriko bahitu, berriketarako jarri beharrean.

 

PERNANDO

        Ejenplu kaskarra ematen du ba berorrek.

 

DON GAXPAR

        Nola liteke...? Baina, baina... zer errespetu duk hori? Ez al dakik nor dagoen hire aurrean?

 

PERNANDO

        Herri honetan bizkarra jateko besterik makurtzen ez duen bakarra.

 

DON GAXPAR

        (Aztoratuta, altxa eta belarritik tiratu nahian) Nik makurtuko diat hiri bizkarra eta bero-bero egin makilkadaka, lotsagaldu halakoa! Alproja alena, demonio! (Kaskarreko batzuk emanez).

 

PERNANDO

        Ai, ai, ai, ai.

 

DON GAXPAR

        (Berriro eseriz, apur bat lasaituz) Kontuz zer esaten duan gero! Kakaume batek... Hobe aurrera segitzea: seigarrena?

 

PERNANDO

        Nahi eta ezina

.

DON GAXPAR

        Nola?

 

PERNANDO

        Hori ba, pekatu egin nahi baina ezin dela.

 

DON GAXPAR

        Horixe polita! Ez genian besterik behar: pekatuaren atzetik ibiltzea. Eskerrak hire moduko zororik aurkitu ez duan zikinkerietan aritzeko.

 

PERNANDO

        Izan, laguna badut; baina aukera falta zaigu, lekua eta.

 

DON GAXPAR

        Ai ene, ai ene! Zein duk ba, zein duk engainatu duan gaiso hori?

 

PERNANDO

        Gaisoa ez, Saletxeko Mari Joxepa osasun eta iztar ederretakoa da eta.

 

DON GAXPAR

        Saletxeko Mari Joxepa? Ene, horren neska gazte eta zintzoa... Hik eraman duk hori okerreko bidetik.

 

PERNANDO

        Ez, ez; nik Agerreko sagasti aldera eraman nahi izan nuen, zuzen zuzen. Baina norbaitek ikusiko gintuela eta, ez zuen nahi izan.

 

DON GAXPAR

        Eskerrak ezezkoa eman zian; bestela...

 

PERNANDO

        Beste zerbait ematen dit batzutan.

 

DON GAXPAR

        Zer?

 

PERNANDO

        Muxuren bat eta.

 

DON GAXPAR

        Ez da egia izango?

 

PERNANDO

        Xirriren bat edo beste eta.

 

DON GAXPAR

        Zer gehiago?

 

PERNANDO

        (Etsi antzean) Hortik aurrera ezer gutxi.

 

DON GAXPAR

        (Lasaitua hartuz) Jainkoari esker. Besterik ez genuen behar...

 

PERNANDO

        Nik beste zeredozer ere hartuko nuen ba.

 

DON GAXPAR

        Emango diat...! Bihar bertan hitz egin behar diat nik Mari Joxeparekin eta bere gurasoekin. Egoera honi konponbidea jarri behar zaiok.

 

PERNANDO

        Okerbidean jartzen ez badu... Hau ez al da sekretu konfesiozkoa?

 

DON GAXPAR

        Ixilik egon hadi, hemen ez zegok holakorik eta. Dena dela, horretaz hitz egiteko aukera izango diagu gero ere. Orain beste zerbaitetan ari gaituk, eta esaidak zer den zazpigarrena.

 

PERNANDO

        Norberarena dena, besteri ez ematea.

 

DON GAXPAR

        Nondik atera duk hori?

 

PERNANDO

        Hara ba, norbaitek neretik kentzen badit zer egiten du? Lapurtu; eta zazpigarrenaren kontrako pekatu. Beraz, neretik hartzen uzten ez badiot, ez da pekaturako aukerarik izango.

 

DON GAXPAR

        Eta hik besterenetik kentzea?

 

PERNANDO

        Besteak ondo gordetzeko bezain azkarrak ez badira...

 

DON GAXPAR

        Hi bai azkarra, edo azkar ustekoa. Esan ezak: inorenetik hartu al duk azken aldi honetan?

 

PERNANDO

        Hartu, hartu... heldu bai.

 

DON GAXPAR

        Hori ere ba al dugu? hori ere bai

 

PERNANDO

        Baina ez nuen eramaten asmatu.

 

DON GAXPAR

        Gaitz erdi, gaitz erdi hala izan bazen. Damutu egin hintzen lapurreta burutu baino lehen,eztala?

 

PERNANDO

        (Zalantzaz) Halatsu.

 

DON GAXPAR

        Ondo zegok hori. Aingeru Goardakoaren ekintza izan huen hori.

 

PERNANDO

        Kaka zaharra Aingeru Goardakoarena! Etxekoneko Patxiren barrabaskeria bai.

 

DON GAXPAR

        Nola duk ba hori?

 

PERNANDO

        Hara, ez daki ondo berorrek ze amorrua ematen didan lapurtu gabe konfesatu behar honek. Lagun bati ardi bat zor niola eta, nereak kaskarregiak zirenez, Patxiren larreko ardi mardul haietako bat hartu nahi izan nuen; baita eskua luzatu ere.

 

DON GAXPAR

        Eta...?

 

PERNANDO

        Sarea estuegia zela eta hesitik ezin pasaturik bertan behera utzi behar izan nuen. Halako amorraziorik!

 

DON GAXPAR

        (Farrezka) Ez huen besterik merezi. Horrela ikasiko duk hurrengorako lapurretarik ez dela sekula egin behar.

 

PERNANDO

        Ez behintzat sare estuko hesietan.

 

DON GAXPAR

        Eta gainera, intentzio hutsa lapurreta egin bahu bezain pekatu larria denez, penitentzia egin beharko duk.

 

PERNANDO

        Penitentzia? Nahiko pena badut bestela ere,

 

DON GAXPAR

        Ba, pekatu horren orbaina garbitzeko pare bat meza eman beharko diagu, eta horietarako txakur haundi bat emango didak.

 

PERNANDO

        Txakur haundi bat? (Patriketan bila hasten dela, bertsotan esaten du)

 

        Penitentzia dela medio

        hemen berorrentzat bi hitz:

        lapurtu ez nuen ardiarekin

        hemen bueltaka gabiltz.

        Txakur haundi bat ordaindu eta

        dena barkatuko balitz,

        barkatutzerik ez zen izango

        bera bezain lapur banintz.

 

DON GAXPAR

        Hik esan ezak nahi duana baina ordaindu egin behar duk. Bestela ez zegok barkamenik.

 

PERNANDO

        Diru honekin... ardia erosi banu ere merkeago irtengo zidan.

 

DON GAXPAR

        Lehenago atera behar hituen kontuak; orain hurrengorako ikastea daukak.

 

PERNANDO

        (Azkenean bilatu du txanpon bat, eta sarea dagoen aldetik eskeintzen dio erretoreari) Min galanta ematen dit honenbeste behar dudana uzteak, baina eliza eliza denez, har beza berorrek txakur haundia, animaren onerako baldin bada.

 

DON GAXPAR

        Hortik ez, Pernando. (Hartzen saiatuz)

 

PERNANDO

        Bai, bai; hortixe.

 

DON GAXPAR

        Hortik ez.

 

PERNANDO

        Bai, hortik.

 

DON GAXPAR

        Baina hortik ezin diat txanpona hartu.

 

PERNANDO

        Ez, e? Horixe bera gertatu zitzaidan ba, neri ardiarekin. Ondo izan eta hurren arte. (Zutituz joan egiten da; eta argia itzali)

 

Pernando, bizirik hago oraindio
Xabier Mendiguren

Euskaltzaindia / BBK, 1989