Pernando, bizirik hago oraindio
1. AGERRALDIA
(Ume negarrak entzuten dira. Argituz doa Pernandoren etxea, eta bertan Joxe eta Joxepantoni, Pernandoren GURASO gazteak ageri dira. Biak eserita, artazuriketa edo antzeko lanen batetan.
Ama makal ageri da, indarrez ahul. Inoiz edo behin seaskan dagoen umea aharrantzaka hasten da, eta amak seaska eragiten du.)
AITA
(Pozik) Hara, jaio zaigu gure lehendabiziko semea.
AMA
Bai, ondo kostata atera da baina.
AITA
Horrek orain ez digu ajola. Inporta duena da jaio dela, eta mutiko osasuntsua atera zaigula.
AMA
Halaxe da bai, lau kilo pisatu ditu eta.
AITA
Gose ederrarekin etorri zaigu mundura. Izango al du beti zer jana ugari!
AMA
Lanerako gizon zintzoa baldin bada bebintzat...
AITA
Izango ez da ba! Langile zintzo eta fin askoa, gure baserri zaharra aurrera ateratzeko.
AMA
Beharra badugu behintzat. Nik Jaungoikoari eskatzen diodana da mutiko kristau eta elizkoia izatea; gainerakoa berez etorriko da eta.
AITA
Aizu! Ezin hasiko gara jaio berriaren bizitza tajutzen. Orain egin behar duguna izen bat asmatzea da; gure mutikoarentzako izen polita.
AMA
Ez dakit ba nik zer esan. Zurea Joxe da, nerea berriz Joxepantoni... zer moduz Joxeantonio jartzen badiogu?
AITA
Ez, ez. Lehenago ere Joxeantonio pranko badugu eta beste zeozer asmatu beharra dago. lzen motza eta gogoan hartzeko erraza.
AMA
Koxme?
AITA
(Purrustaraka) Ez!
AMA
Kalixto?
AITA
Ezta!
AMA
Modexto?
AITA
Baita zera ere! Idixko jarriko diogu nahi baduzu!
AMA
Guk ez dugu idixkorik.
AITA
Ez; guk mando bat besterik ez dugu. («mando» hitzean indar berezia jarriz.)
AMA
Eta Pernando?
AITA
(Pozez) Bai, horixe! Pernando. Horixe izen egokia! Gizaseme serio eta prestuaren izena da hori: Pernando.
AMA
Eta santuena ere bai.
AITA
Bai, hori ere bai: Pernando. (zutiturik seaskaraino joan eta bertan dagoen umeari hitz eginez) Pernando, mundu honetan gizonaren erdia izena duk eta beste erdia izana. Izena baduk; orain hire izana ikusteko zegok!
(Iluna)
Pernando, bizirik hago oraindio |