Pernando, bizirik hago oraindio
5. AGERRALDIA
(Berehalaxe kanpaiak berriro, bataio deika, organoa ere bai nahi izanez gero; argia egin eta lehengo berak agertzen dira, arropa eta halakoetan diferentzia txiki batzuez; erdian pontea, haur txiki baten negarrak aditzen dira.)
DON GAXPAR
Hara, hara, azkar itzuli zarete, Amezketako parrokiari beste eliztar bat ekartzera.
PERNANDO
Bai, honek presa haundia zuen sobrare.
DON GAXPAR
Ez da ba oso aspaldi ezkondu zinetela... Oker ez banago, Apirilaren azkenaldera ezkondu, eta Abenduan sartzea egin dugu...
PERNANDO
Bai, eguraldi eta euri honekin perretxikuak ere goizago hazten dira eta.
JOXEPA
(Noizbehinka negarrez hasten den haurrari eraginez ari dena, estu) Mesedez, Don Gaxpar, ez biezaio begiratu denborari, ume honek bataio santua behar du eta.
DON GAXPAR
Bai, ume errukior hau zuek baino santuago behintzat bada, eta berak ez du errurik gurasoak txoriburu samarrak egokitu bazaizkio. Hobeak ere merezi zituen. Banengoen ba ni, Pernandok ezkontzeko horrenbesteko presa izate hori ez zela parte onekoa...
PERNANDO
Parte izkutuak izaten omen dira onenak.
DON GAXPAR
Ai, Pernando, Pernando; famelia ere baduala eta ea behingoz formaltzen haizen piska bat.
PERNANDO
Saiatuko gara, Don Gaxpar.
DON GAXPAR
Beharko. (Bataioa hasiz) In nomine patri, et filii et spiritu sancti...
(Iluna)
Pernando, bizirik hago oraindio |