Pernando, bizirik hago oraindio
Xabier Mendiguren

Euskaltzaindia / BBK, 1989

 

 

11. AGERRALDIA

 

        (Gaua da eta erdi ilunpetan ageri da dena, Pernando dator kalean kantari, mozkor mozkor eginda, aurrena kanpotik entzuten dugu, eta geroxeago sartzen da.)

 

PERNANDO

        (Kantari) Hau dek, hau dek, hau dek umoria... (Balantzaka ,sartzen da) konsolatzeko, kontsolatzeko, euskaldun jendia! Kalian gora... (sarrailan hasten da atea zabaldu nahiz, eta ezin asmaturik) Demonio! Ez diat asmatzen maratilarekin. Lekuz aldatu ote didate atea? Joxepa! Kalian gora zezena ai ai ai ai. Non ote dabil orain andre arraio hori? Joxepa! Ez dut berehalakoan zabalduko atea. Joxepa! Zabaldu atea! Joxepa, sartu egin nahi dudala! (ixilune bat, sarrailan jirabiraka dabilen bitartean; ondoren piztu samartuta arituko da) Arraioa! Barrutik itxi du eta. Baina ze demontre...? Itxi egin dit. Andre maripurtzil horrek... Joxepa, zabal ezazu atea, sorgin horrek ¡Puñeta; emen geratu behar ote diat gau osoan? Presko egiten dik ba! (besoak igurtziz, saltoka; geroxeago mantsoago) Joxepa, zabaldu atea, hotzak nago eta.

 

JOXEPA

        (Leihoan azalduz, haserre) Berotu nahi baduzu, joan zaitez sagardotegira, zure lagunekin mozkorkerian aritzera.

 

PERNANDO

        (Arrenka) Joxepa, faborez!

 

JOXEPA

        Ez faborez eta ez mesedez. Etxe honetan ez zara berriro sartuko.

 

PERNANDO

        Joxepa, hitz ematen dizut zintzotuko naizela hemendik aurrera; lana ere egingo dut.

 

JOXEPA

        Eta nik sinistu...? Jai!

 

PERNANDO

        Zabaltzen ez badidazu, nere burua erreka putzura botako dut.

 

JOXEPA

        Bota ezazu ba.

 

PERNANDO

        Bota egingo dudala!

 

JOXEPA

        Bota ba.

 

PERNANDO

        (Urrunduz) Goseak hil beharko dute gure seme-alabek.

 

JOXEPA

        Moldatuko gara zu gabe ere; zurekin baino hobeto akaso.

 

PERNANDO

        Banoa.

 

JOXEPA

        Zoaz ba.

 

        ( Pernando atera egiten da, bidean dagoen harri zabal edo haundi bat harturik; ikusleei keinu bat egiten die; desagertu eta zerbait uretara erortzearen hotsa aditzen da laister, eta berehala Pernando korrika eta ixilka azaldu eta Erretorearen etxe kantoian izkutatzen da, irrifarrezka, Joxepa, izututa, erdi jantzita, asaldatuta eta zalapartaka aterako da segituan, garraisika.)

 

JOXEPA

        (Aurrena ikusten ez dugula) Ai ene! Pernando! Zer egin du gure Pernandok! (atetik azaltzen da). Ai ene! bere burua bota duela, gure Pernandok bere burua bota duela; Pernando! (senarra joan-dako lekutik desagertzen da eta builaka segituko du; Pernando orduan bere txokotik atera eta etxean sartzen da arineketan, atea azkar asko itxiz) Pernando, non zara? Ai gure Pernando! Ai ene! (berriro agertzen da Joxepa, joandako bidetik, poliki eta makal, negarrez eta etsita) Ai ene! Nere kulpagatik hil zaigula Pernando! Ai! Ez zen ba hain gizon txarra ere: alfer samarra, hori bai, baina gaiztoa ez. Ai gure Pernando! Zer egingo ote dut orain seme-alabekin! Ai ene! Nere kulpagatik bota duela burua. (Negarrez ari dela ateraino iristen da eta harritu egiten da itxita ikustean.) Jesus! Itxita? Nik ez dut ba atea itxi. Nola liteke...? Nola liteke...?

 

PERNANDO

        (Leihora azalduta) Nola litekeen? Asma ezazu.

 

JOXEPA

        (Amorratua) Pernando! Zerri zikin halakoa! Sartu didazu orain ere ziria.

 

PERNANDO

        Haundiagoa sartu nahi zenidan zuk.

 

JOXEPA

        Zabal ezazu oraintxe bertan ate hori.

 

PERNANDO

        Bai, zuk zabaldu didazun bezalaxe egingo dizut.

 

JOXEPA

        Pernando!

 

PERNANDO

        Ondo lo egin.

 

JOXEPA

        Pernando, zabaldu, Pernando!

 

BITTORI

        (Bere leihora azalduta) Ze iskanbila da hori?

 

PERNANDO

        (Kantari hasten da, aldizka Joxepari eta Bittoriri begiratzen diela.)

 

        Beti etxera goiz etortzeko

        aukera ez da izaten.

        Ni kanpoan hotzak gelditzeak

        penik ez zion ematen.

        Nire oihuka jardun naiz baina

        orduan ez zara irten.

        Txakurran ordez andrea daukat

        etxe zai jarria aten.

 

        (Iluna; hemen buka daiteke nahi izanez gero lehenengo partea; atsedena luzexeagoa izan daiteke eta hasiera nahiz bukaeran bezala herri musika ipin daiteke entzungai.)

 

Pernando, bizirik hago oraindio
Xabier Mendiguren

Euskaltzaindia / BBK, 1989