www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Konfesino ona
Juan Antonio Mogel
1803

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Confesiņo ona edo ceimbat gauzac lagundu biar deutseen confesinuari ondo eguiņa izateco, Juan Antonio Mogel. Fermin Larumbe, 1803

 

aurrekoa hurrengoa

IRAKASTE XVII

Zelan konfesino jenerala egin onduan iraun biar dan bizitza onian, ta zelan iraungo dan.

 

        Ez da gauza, sarrijago dakuskunik, zelan dirian konfesino jeneralak, alan misioneko egunetan, zelan beste denpora batzubetan. Badirudi, errijak artu daruela beste itxura bat, dongati onera aldatuta. Baña gitxik iraun darue gogo santubetan; lau edo bost ill irago baño leenago, liortuten dira negarrak, ta jentia biurtuten da antxinako bizitza donga ta nasaira. Atseren apur bat artu darue pasinuak; baña gero biurtuten dira ibiltera. Alkar ikusi baga egon zirian adiskide dongarakuak konfesoriaren aginduz, ta sermoien bidez, geldika egin daruez bisitatxubak. Ikusijak dakar barria, berba amorezkua, ta egun gitxiren barruban, askatuten da pasinua, galdu bildur ta lotsa guztija, ta dira gerora eguneti egunera gaistuaguak.

        Beste batzuk egin ebeenian konfesino jenerala, artu ebeen goguz, emon bere bai berbia, biurtuteko ostubak, kalte eginak, edo irabazi bide dongakuak. Baña gero miñ emon daruake etxeti ezer ateratia, ta dabilz aurrerakuan konfesetan kunplidu baga obligazino ain biarra.

        Beste batzubek emon ebeen berbia konfesauko ziriala illian bein, largako eutseela olgantza, ta piesta len galdu zitubezanai, eruango ebeela bizitza txito on bat, baña denpora gitxiren barruban, isten deutsee konfesetiari, penitenzijak kunplietari, ez tanboril soñubari. Berba gitxitan, asi zirian ondo, jarraituten deutsee dongaro, ta amaitu darue bizitzia eriotza gaisto bategaz; zerren pekatura biurtubaz, egiten jako Kristori injurija, edo bide-baga baltz bat, sendotuten dira diabrubaren indarrak, ta argaldu arimiarenak. Iraun gura ezpazan onian, zetarako asi? Ah jente zoro, ta gatz bagia, zirautsen san Pablok Galatakuai, nok lausotu ditu zuben begijak ez ikusteko egija, ta jarraituteko guzurrari? Asi zineen ondo, egin bere bai bide zati bat egijaren ezagueran. Zegaiti onik onenian larga deutseezu bide zuzenai? Nor izan da onelan zoraerazo deutsubena? Quic vos fascinavit?

        Iru gauzak dakar serbitzari, edo otsein bat itxiteko bere ugazaba. I. Mudanza, edo aldatzeren bat dakusanian ugazabagan. II. Serbizijua lengua ez danian. III. Laburtuten bajako aloger, edo biarsarija. Ugazaba, len bigun errukitsuba zana, biurtuten bada gogor, astun, ta gogaitkarrija izatera, aldatuten da beste bat egin balitz legez. Serbitzarija beeguan len konfianza osuan, giltzen kontubaz, ta beinguan erasten badau ugazabak opizijo beeragokora, ez deutsa ondojakiten serbitzarijari, ta duako etxeti. Guenian, amar eskuduko soldatati erasten badau bostekora, dongaro deritxo, ta iges egiten deutsa. Baña ze errazoe euki lei Jangoikuaren serbizijuan sartu danak iges egiteko, ta largateko jaun egunian baño egunian mesede geijago egin deutsazana? O eskerbaatasun ezaña! Konfesino jenerala ondo ta damu osuaz egin zanian, zelango poza artu eban bijotzak, zelango arintasun ta bakia zor andijak pagatu, ta zor baga geratuten danak legez. Zeinbat errazoe daukagu bada irauteko bizitza onian, izan daigun eriotza on bat birtuterik birtute gabiltzala? Esanda dago, irauten dabenak onian azkeneraño, salbauko da; ez baña asi, ta largaten deutsanak on izatiari. Obe izango zan zelanbait, ez ezagututia egija, ez sartutia Jangoikuaren serbizijuan, largako bajakon berari, edo aldegiteko bere legeti. Etxe eder ta andi bat asi dabenari barre egingo deutsee neke andijak artu ta isten badau erdi eginik guztia amaitu baga.

        Nundi dator baña ez irautia bide on artu zanian? Ona zer dinuan Kristok. Etxiaren zimenduba egin da ondarraren ganian;. dartor eguraldi donga bat, jagiten dira aise gogorrak, euri andijak, ta onen ondoren ujola, ta ezarten dabee lurrera etxe guztija zimendu argala eukalako. Alan bada, birtutiari ezarten ezpajakoz zimendu onak, bere sendagarrijak, jausiko da laster tentazinuen aise gogor ta ujolagaz. Nabasaijari eskuba ezarten deutsanak, soluan biarra egiteko, ez dau begiratu biar atzera, ta bai ekin bere lanari. Au egin biar da birtuteko biarrian, bestelan ez da niretzat gauza, dino Jesu Kristok. Dakuskun bada zeintzuk dirian zimendu onak jausi ez dedin arimako biar guztija. Guztiak datoz gauza bi oneetara, aldegitera, onian irauteko galerazoten deuskuben guztietati, ta egitera, onian irauteko lagunduko deuskubenak. Declina a malo, et fac bonum.

        Lenen lenen alde egin biar doguna da, pekatura garuazan edozein okasino ezagun. Dongaro len bizi izan dirianak dagoz gaisotasun andi bateti urten dabeenak legez, argal, aginte gitxiko, ta jausi errazak. Edozein jatekok, kontuz ez badabilz, gatxa biurtuko deutsee. Beraz konberti-barrijak ardura geijagogaz alde egin biar dabee pekatubaren labanarri ta okasinuetati, birtutian aurreratubaguak dagozanak baño. Zelan lotu biar ez ditu begi, oitu, edo ekandu zituzanak ikuste amoregarrijetara? Zelango kontuba euki biar ez dau bere sentidu guztiakaz? Nun nai topauko ditu, gura ezaz bere, lengo lagun oker ta ezagun gaistuak. Bada artuten ez badeutsee onelanguai gorroto santu bat; iges egiten ez badau eurak ganik, txakur amurratu bateganik legez, arpegi astun bat erakutsirik, laster da galduba. Eta zer, juaten bada lagun donga aen artera bere guraz? Zer, buruba badarua korru, edo plazara, eskiniten legez eruan dagijen danza naastubetara? Zelan iraun propositu onetan? Zelan bizkortuko ez jako oneretxi, edo kariño aragikorra? Zelan barre zoro, berbeeta alegre, ta esku estututiakaz likatuko ez da bere bijotz samurerraza? Zelan diabrubaren soñuban ixilduko ez ditu Jangoikuak, bakarzaliai emoten deutseezan dei ta deseo santubak? Galduba da arima gaixua, iges dau Kristoren eskolati, irago da diabrubaren bando, ta eskolara. Sartu zan beretzat peligru ezagun ta dongaan, ta beste baga galduko da. Arimarik onenak, ta birtutian senduenak bere, ez leukee luzaro iraungo galdu baga. Zer egingo dau arima argal, jaukor, ta pekatubetati urten barrijak? Zelan iraun leikee mundubaren erdira urteten dabeenak, ta gaistuakaz pozik dabilzanak? Beraz larga biar dira dibersino edo olgantza nasaikor, ta peligrosuak, ta iges egin lagun txarretati sugiaren arpegiti legez.

        Bardin, edanian len jausten zirianak, aldegin biar dabee ardanetxe, edo tabernetati, nun sartu ezkero, len irago jakeeneti, ezagutu biar dabee, iragoko diriala edanian lagun dongeen tentazinoz. Adiskidetasun kaltegarriren bat euki dabenak auzuan, ta urrin bada bere, ez dau euretan oñik imini biar, ta kendu bair dira alegiñez gogoti, alango adiskide txaarrak. Itxiten bada amore txingarren bat ill, edo amatau baga, jagiko da suba, ta geituten bajakoz egur, edo erregarrijak, urtengo dabee gar andijak.

        Bigarren arerijo iges egin biar dana, da munduba; esan gura dot, ez deutsegula begiratu biar bere ondo eretxi, ta esamesanei. Neure ustian, kalte geijago egin darua Jaungoikuagana biurtu dirian arimetan mundu donga onek, infernuko arerijo gaisto guztiak baño. Munduzaliak badakuse, euren lagun len izan zana, Jaungoikuaren bidera birauta, asiko dira milla barre ta siñu egiten. Ona emen, esan darue, egin gitxiko santu edo santa altaretan imini biar doguna. Guk kondenau biarko dogu; onek barriz izango dau zeruban koroe andi bat. Zu legezko zoruak galduko dira. Laster buru ta osasuna galduko jatzuz. Zegaiti urten ez piestetara? Ze gauza txar egiten dogu? Guk bere salbau uste dogu. Alan milla barriketakaz bildurturik, atzeratuten dira argal asko Jaunaren bideti; lotsatuten dira Jesu Kristoren eskolakuak izatiaz, ta sartuten dira lurrekuen olgantza nasaijetan. Baña ixilduko dira onenbestegaz barritxubak? Zein gitxi! Largaten badeutsee bide onari, apaindura urteten badabee ostera mundura, esango dabee. Orra zetara etorri dan onen santidadia. Agiri da, zelan engañau dituzan konfesoriak. Egizu gura ala; ez dozu orregaitiño ixilduko munduba. Beraz bere arimiaren kaltekua, ta zoro garbi bat da, isten deutsana Jaungoikuaren bidiari mundukuen esamesen bildurrez.

        Irugarren eragozpena irauteko artu dan Jaungoikuaren bidian, dira irago biar ditugun tentazino, edo esetsi gogorrak. Asko da arima bat sartutia Jaungoikua serbietan, beriala, urteteko eragoztera infernuko gaiskiñak. Esango deutsee, nor dan iragarri baga, ezin jarraituko deutseela artu dituban bide ta bizitza onari. Alperrik dabilzala egun batzubetan; gero bere jausiko diriala. Zer barriz sartuten bada orazinoeko lanian! Zer, gorputza ezi gura badau penitenzijakaz! Ez da infernubak artu ez daruan asmorik, dino santa Teresak, eragozteko orazino ixil, ta bijotzekua. Asko da orazino lekuban jartia, izateko tentazino zantarrak, lua, ikarak, gorputzeko minak, ta zer ez? O arima gaixuak! Ez bildurtu; ez jausitu; ekin ekin lan santu orri; goitu edo benziduko dituzu arerijuaren asmo guztiak irauten badozu atzerarik egin baga. Zagoz orazinuan lior, gogor, konkortu, ta pensamentuba ezi baga? Ez da ardura, zuaz aurrera; zure iraupenak bidunguko dau zeruba; jo atia, egin oles ostera ta ostera, ta edegiko jatzu. Zelan uste dozu garbitu lengo pekatuben loitasun, ta ugar guztietarik tentazino, edo estutasun gogorrak irago baga? Pelietan badozu tentazinuen kontra, oneek izan arren ezañ ta zikiñenak, eurakaz garbituko zara, zelan bogada, edo lixibako auts loijak garbitu daruzan zapi loijak. Jagiko dira zure kontra senide, ta adiskidiak. Aragi len dongara ekandubak eskatuko ditu atsegin zantarrak. O Kristoren soldaduba! Ez ikaratu; emon arpegija arerijo guztiai; zeure pazienzijagaz goitu, ta desegingo dituzu persekuzino ta iraun emon daruezanak. Aragija eziko dozu orazino ta penitenzijakaz, ta ukatubaz eskaari txaarrak; ta guenian, biar legez pelietan dabeenak, izango dabee inos, ez igartu, ez zimeldu leitian koroia zeruban.

        I. Gauza gogorra dinozu; beti burruka legez ibilli biarra arimako arerijuakaz.

        E. Erdu ona. Zelango atsakabiak ez daruez lurreko soldadubak gerrako denporetan? Otz gogorrak, edo bero erregarrijak, jaateko laburra, lo gitxija, ta bizitzia galduteko ainbeste arrisku; eta guenian bizitziaz urten beeben, zelango sarija itxaroten deutsee? Nun da gure zenzun ta fedia? Ez dau zeruko bertiko sarijak merezi, iragotia edozein atsakaba?

        Eta zeintzuk dira gure egin bidiak irauteko artu dogun bide onian, ta egunoro aurrerapenak egiteko? Itsasuan aise ederragaz doian onzija, geratu oi da nosbait aisiak uts emonda kalma, edo baratasun kaltegarrijan; dago ez aurrera ez atzera leku baten. Zelan elduko da biar eban errira? Beste batzubetan jagiten jakoz kontrako aisiak, botaten dabee atzerunz, ta galdu daruaz aise ederregaz aurreratu zituzan bidiak. Itsasuan duazanak ez daukee onegaz biarrik; gura ta ez jazoten jakeez, edo aise kontrakuak, edo itxaskalmak. Baña Espiritu Santubaren aise eder, ta aurreragarrija beti dago berez prest; aise oni lagunduten badeutsagu, beti juango gara aurrera. Nagituten bagara, geuria izango da erruba.

        Baña nundi izango dogu aise ederra? Orazino gogokoti. Bai; orazinua da nun Espiritu Santubak argitu daruazan gure entendimentubak, ta berotu bijotzak ezagututeko pekatubaren kaltiak, gorroto artuteko bijotz guztiaz, ta maite izateko Jangoiko ain on ta alde guztietarik amagarrija. Zetan dago penitenzija ez egitia; edo egiten asi bada, ez irautia? Dago, Jeremias profeta santubaren esanez, bijotzagaz aztertuten ez dituguzalako etorkizun, ta gure fedeko gauza miragarrijak. Gomutau zaite zeure azkenkijakaz, artu egizuz goguan etorkizunak, zeintzuk dirian erijotzia, juizijua, infernuba, ta zeruko glorija, ta ez dozu inos pekaturik egingo, dirautsu Espiritu Santubak. Barriz, zeinbat gauza miragarri ziatuko ez liratez Jesu Kristoren bizitza, pasino, ta erijotziaren ganian, egunoro artuko bagendu asi puska bat?

        Jauna, astirik ez daukat orazinuan denporia iragoteko. Guzur garbija. Zeinbat kristinau egoten dira oian eguzkijak urtenarren, jira ta bira dabilzala, edo lo gogorrian dagozala gogait egin artian? Gero, darue eguna barriketa alper, pasio luze, joko, ta gura dabeen guztian, ta denporia iragoteko, eurak esan daruen legez. Ze bizitza ederra zerurako! Eta zeinbat onelango erri batubetan, alperrerijari emonak, meza arin bat enzun, errosarijo bat itoka esan, ta deritxuenak gauza andijak egin ditubela! Gazetak irakurtia bai, baña ez liburu arimarako onak dirianak. Gorputzagaz kontu andija; zer jan dan, zer jango dan, okela, ta ardaua onak edo txaarrak dagozan, ta arimako salbazinua ezer ez bat balitz legez; itxi gerorako, datorrena datorrela. Onelango bizitziaz, zelan iraun bizitza onian? Zelan aragija jagiko ez da ezi biarrian gozatu ta gizenduten bada? Ordu erditxu bat orazinuan iragoteko, aztertubaz, zer dan erijotzia, zelangua Jangoikuak artuko deuskun kontuba berba alperrik bere itxi baga, Kristok dinuanaz; zein bildurgarrija dan betiko infernuba, eztago denporarik, ta bai lo, joko, ta jan edan asko egiteko. O arima gaixua! Eta, zein gitxi maite zaitubezan kristinaurik geijenak!

        Baña zelan egingo dogu orazinua, batezbere irakurten ez dakigunok? Artu egizu konfesore aitu ta birtutetsu bat; onek irakatsi ta lagunduko deutsu. Ona emen beste lagungarri bat irauteko Jaungoikuaren bidian, au da konfesore on baten aukera edo elekzinua.

        Jauna, konfesore guztiak onak dira geu ondo baguaz. Au da askoren soñuba, ez santa Teresarena. Gaisotuten bagara osagilla edo medikubak aukeran dagozanian ez da billatuten edozein, ezpada onduen osatuko gaituzana. Auzi arduria emoten dabeenetan, billatuten da letradurik onena. Eta arimako gatxetan, ta tentazino andijen auzijetan ez da billatuko konfesorerik onena, birtutetsubena, ta Jangoikuaren urren dabillena? Konfesore alik onena billatu ezkero, iraun gura dabenak bizitza onian, biar dau sarritxu konfesau, ta komulgau aginduten deutsanian.

        I. Beraz sarri konfesau, ta komulgetia izango da bitarteko adjutu ta ona irauteko bizitza onian, ta gordeetako konfesino jeneralaren frutuba.

        E. Zelan bere dan. Sarri eskubak garbituten dituzanak, garbijak eukiko ditu. Sarri aldatuten dan erropa zurija, garbijagua egongo da, bakan ta belurik belura aldatuten dana baño. Sarri konfesetan dirianak, artu daruez konfesoriaren konseju asko, sarri esaminauu edo aztertu konzienzia, sarri barriztau on izateko goguak. Eta zelan lagunduko ez deutsee gauza sarri egin oneek ondo bizi izatera? Barriz gitxitan baño konfesetan ez dirianak, ez daukee arimiagaz ardura, edo konturik, ez Kristogana elduteko goserik;. ezin bestez legez, indarrez, ta oniritxiz duaz konfesinora, gogo baga. Zelan iraun bizitza onian?

        I. Baña, nosik nosa ondo izango da konfesetia?

        E. Ez da, edo ozta bat edo beste izango da, geixoren bat ezpada, konfesau ezin leitianik illian bein. Orazino ta bizitza espiritukori emonak, sarrijago egin oi dira, ta bakotxak artu biar dau bere konfesoriaren eretxija, ta ez urten mundukuen irauntsi, ta iraun emote guztijak gaiti. Eleisako lenengo urteetan, apostoluben dotrinan azi zirianak, komulgau oi zirian egunoro; agaiti zirian ain onak orduko kristinaubak. San Agustinek geruagoko denporetan, gura eban komulgau zitezala domeka guztietan. Au berau san Franzisko Saleskok, pekatu benialetarako itsaspenik ez daukeen arimak, ta bai Jesu Kristoren mai santura elduteko gosia. Sarrijago egiteko ikusi biar da zelango irabazi, edo frutubak ateraten dirian komunino sarrijetati, ta au ezagutu biar dau konfesoriak.

        I. Zegaiti da gauza ain ona domeketan komulgetia?

        E. Zerren dan biderik onena jai egunak ondo iragoteko, ta alan irauteko bizitzia onian. Alan da bai, alan da; baña ez da alan egiten kristinau geijenetan. Jaiegunak dira askorentzat pekatu egunak, Jangoikuaren egunak, diabrubaren egunak. Oneetan dira joko larregijak, ordikerijak, danza naastu ta okerrak. Oneetan egiten da infernuko perijia, egiten dituzala diabrubak irabazte andijak. O gauza negargarrija! Asteko biar egunak eskatuten dira ogija billatuteko, ta gorputzeko bizitziari iraun eragiteko. Gorde eban Jaungoikuak egun bat astian bera onreetako, gure arimetako bizitzia gordeetako; ta goijak beetu dira; egun santubak biarauta dakuskuz egun pekatuzkuak izatera. Mezatxu bat enzun debozino baga, ta egun guztija irago gero olganza luze ta txaar, joko kaltegarri, ta ezin aitatuko dirian zantarkerijetan. Eta onelan iraun bizitza onian? Eta onelan salbau?

        Zerubetako erreinubak eskatuten ditu neke ta indarrak, ta bakarrik atrapauko dabee nekatuten dirianak, ta indar egiten dabeenak; alan dino Jesu Kristok. Gure arimako salbazinua ete da zer egin ardura gitxikua, nun da biar ez daben eguneko denpora zatiren bat? Ez aaztu Kristoren berba oneekaz. Zer aterako dogu mundu guztija geuretubaz, arimia galduten badogu? Eta zer emon daikegu bere ordian? Iragoten dira itsasuak bizitzia galduteko arrisku andijakaz diru apur batzuk gaiti. Gaixo dirianak edan daruez edaaririk mingotx, garratz, ta iguingarrijenak. Eta arimia aberastutia gaiti, ta gaixotu bada osatuteko, zer egiten da? O itsumena!

        Baña orren neke gogorra da ordu erdi bat goisago jagitia, ordu erdi orazinuan iragoteko? Neke andija, inolan bere aldanian, meza bat enzutia debozino ta gogo osuaz! Neke astuna Ama Birjiniari goisian jagita beriala, ta gabaz oera guazanian debozinoz iru Abe Marija errezetia gorde gagizan pekatuban jausteti? Neke gogaitkarri bat da egunian bein errosarijo santuba esatia, ta erlojuba danzugunian Abe Marija bat Ama Birjiniari errezetia, lagundu daigun ondo iragoten ordu bakotxa? Neke gogorra da gabaz, oera etzun baño leenago, egitia konzienzijako esamina apur bat, jakiteko zelan irago dogun eguna? Neke andija da atsakabaren bat norbaitek emon deuskunian, edo bekautan etorri jaukunian, jasotia biotza Jaungoikuari, ta bere amorez ixiltxurik iragotia? Neke astuna da tentazino zantarrak esesten deuskubenian dei egitia Ama Birjiniari, egitia kurutze bat bekokijan bakarrian bagagoz, ta nun nai bijotzaren parian, iges eragiteko tentadoriari, ta gorde gagizan Jaungoikuak pekatuban jausteti? Neke gogaitkarri bat da, sarri eldutia Jesusen maira, bizitza kontuzko bat daruagula? Nun topau giniai atsegin ta bake ederragorik? Ah kristinau esker dongakua! Ori zor deutsazu Jaun maitagarri, infernura bota baga zaukazanari ainbeste pekatu len eginda? Orreek dira eskerrak, zure biar balitz legez zeure ondoren urten daben arimen pastore, edo arzain ezin obiarentzat? Zetarako dira zure lengo negarrak, zure konfesino jenerala, zure berba emonak, iges egiten badeutsazu Kristori, iragoten bazara diabrubaren bandora, zeñek ezarriko deutsuzan grillu astunaguak iges egin ez dagizun istera? Zeri ta zetara asi ondo, iraun gura ezpadozu? Iraatsi egizuz bada bijotzaren erdijan Jesu Kristoren berba oneek. Irauten dabenak bizitza onian azkeneraño, izango dau zeruba, edo salbauko da.

 

aurrekoa hurrengoa