www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Konfesino ona
Juan Antonio Mogel
1803

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Confesiņo ona edo ceimbat gauzac lagundu biar deutseen confesinuari ondo eguiņa izateco, Juan Antonio Mogel. Fermin Larumbe, 1803

 

aurrekoa hurrengoa

IRAKASTE II

Konfesiñoe aurreko esaminia zein biarra dan, ta zelanguak izan biar daben.

 

        Esan genduban ontsubengo dotrinaan, ondo konfesetako lenengo biar dan gauzia zala konzienzijako esaminia.

        I. Zer da bada konzienzijako esaminia?

        E. Da kristinaubak egiten daben bere bijotzaren azterren, edo billakuntza kontuzko bat burura ekarteko azkenengo konfesiñoe ondo egineti egin dituban pekatubak.

        I. Zegaiti esaten da azkenengo konfesinoe ondo egiñeti?

        E. Ez dalako asko ontsubengo konfesinoeti esaminia egitia leenagoko konfesiñoren bat, edo geijago dongaro egiñak badaukaz. Badira kristinau larregi daukeezanak oker eginda konfesinuak, edo lotsaz pekatu mortalen bat edo geijago gorde ditubezalako, edo egijazko damu baga konfesau dirialako. Zer egingo dabee onelanguak ontsubengo konfesinoerik ostera egin gura dabeenera esaminia egiñagaz? Ez gauza onik ta bai bidiak egin geituteko sakrilejiuak. Onelanguak, gero irakatsiko dogun legez, egin biar dabe konfesiño dongaro egiñen barristazino oso bat esamina kontuzko baten, billatuten ditubela denpora guzti atako pekatubak, agertubaz zelan ta zeinbat bider dongaro konfesau zirian. Bestelan ezin salbauko dira. Baña ez daukanak errazoe onik sinistuteko leenago dongaro konfesau zala, ez dau beti ibilli biar alango arazu, ta ardura larregijetan, ta errazoe geijagogaz konfesore dazaubanak agindu badeutsa ez atan bururik austeko.

        I. Zetarako da esaminia edo kontu artute au?

        E. Agertuteko konfesoriari bere konzienzija;. akusetako bere buruba Jangoikuaren ordez parkatu deijozan pekatubak absoluzinuaren bidez. Konfesoria da Kristoren ordeko jueza. Onek emoteko epai edo sentenzija, jakin biar dau zeren ganian emon; bestelan oker ibilliko da. Lurreko tribunaletan dagoz fiskal, edo akusatzalliak, testigubak, ta dongaro egin dabenari deklarazinua artu biar deutsana. Guztijak enzunda, emoten dau epai edo sentenzija, dala libretako, dala kastigetako. Zelan bada konfesoriak emon lei sentenzija zuzena ezpadago akusazino edo deklarazino garbirik? eta zelan bakotxak emon deklarazino zuzen ta garbi bat bijotza esaminau baga? Geijago. Lurreko tribunaletan ez deutsee nor berari aginduten buruba akusetako, edo agertuteko dongaro egiña, ezpadago akusadore, edo dongaro egin dabelako señalerik. Baña parkazinua gura daben dongaro egilliari aginduten deutsa Jesu Kristok egin dedilla bere burubaren agertzalle, edo nok berak konfesau dagijala zuzen ta garbiro ezer larga baga, egin ebalako konfesiñoko tribunala Inkisizinoekua baño ixillagua beste testigu, ta akusadorerik baga. Lurreko tribunalak dira justizija utsekuak legez, juezak ondo badabilz. Konfesinoeko tribunala da miserikordija garbi ta utsa, egin ebalako Jesu Kristok dongaro egiñak parkeetako deklaraziño zuzen ta garbi bat egiten bada dongaro egiñaren damu biar dan bestekuaz. Lurreko justizijetan eriotzaren bat egin dabenari, zer erakusten ez deutse? Artuten badabe, darue karzelara, iminten dabe zepuan, ezarten deutsez katiak. Daruaz gosia, otsa, lo gozorik egin eziña oe gogorrian burdiñaz kargauta, bakartadia, antza, ta zeinbat beste atsakaba? Konfesiño edo deklarazinua artuteko, an dira eskribau, jueza, edo bere ordekoren bat berba bigun bat egiten ez deutseela. Ukatu gura badau dongaro egiña, artuten dabee milla kontu aterata, dakarrez testigubak, ta ez deutsa ezer balijoko ukatutiak, egiten badeutse probanza osua. Egija esana gaiti, ez dago parkazinoerik;. negarta, erregubak eginarren, justizijak egingo dau beria, ta kondenetan dabee bizitzia galdutera. Ez alan konfesinoeko tribunal Jesu Kristok imini ebanian. Konfesetan badau zuzen egija, eskatuten badau parkazinua humildade ta damu andi bategaz, ez dago esaterako kastigurik, ta bai parkazinua. Nok emon ez Jesu Kristori esker asko ainbeste erruki erakusten deuskulako?

        I. Zegaiti geijago egin biar dan kontuzko esaminia?

        E. Konfesoria dalako juez izatiaz ostian, arimako osagilla edo medikuaba, ta mediku bati esan biar jakoz garbiro gorputzeko gatxak ezer estari baga oker ibilli ez dedin. Jakin biar dau, oskarri edo erremedijo onak emoteko, noskua dan gatxa, zarra edo barrija, nundi jaijo jakon. Alan bada medikuba dan aldeti jakin biar dau konfesoriak pekatuba zaarra edo egin barrija dan, antxiñati datorren edo ez; nundi jaijoten dan; zelango leku edo adiskide dongeetati; gatxa dan miñekua, eskuzkua, bularreko, edo toki askotakua;. au da berbaz, eskuz, bijotzez, edo zezaz pekatu egin dan. Beraz biar da esamiña kontuzkoa gauza esan biar dirianak agertuteko konfesoriari.

        I. Beraz esamina kontuzko au da biar biarra edo preminazkua?

        E. Alan da, ta bakotxaren nagitasun oso ta andiz itxiten bada esaminiaren paltaz konfesau baga pekatu mortalen bat, egingo da konfesiño dongia; esaminako nagitasuna labur edo txikarra izan bada, izango da pekatu arin edo beniala, baña ez dongia konfesinuak beste utsegiñik ezpadau.

        I. Baña zelanguak izan biar dau konfesinoerako esaminiak?

        E. Kontuzkoak, berariz egiñak, astiro, ez itoka, aringa ta priesaka. Gauza astun ta arduria emoten dabenetan zelan gabilz? Ez dira itomendiz ta beinguan egiten, ta bai astiro begiratuta. Galdu danian ereztun balioso bat, ikusten dira etxeko bazterrak; artuten da itxuski edo eskobia garbituteko loi, edo autsak. Ikusiko bagendu etxian sartuten sugeren bat? zelango bildur, ta arazubak? Aztertuko lirate uape, zulo ta zokondo guztijak billatu ta bizitzia kenduteko piztija gaisto alanguari. Nok lo egingo leuke bakian ediro artian, ta ill baga? Nun da gure fedia? Zeinbat kristinau dira dazaubenak euren bijotzetan sartu diriala sugia baño kaltegarrijagoko pekatubak, ta egiten dabe lo bildurra kenduta ikusi baga zeinbat, ta zelanguak dirian billatu ta illteko konfesinoeko ezpatiaz?

        I. Ori ondo ezagututen da, baña zeinbateraño eldu biar dau esamina onen kontu, edo ziaztasunak?

        E. Ez dago onetan zuzenbide, epai, edo neurri bardinik. Konfesiño jeneral ta bizitza guztiakuak biar dau denpora geijago esamina gintzan, iru edo lau urteko konfesinuen barristazinuak baño. Buru iratzarri, edo onak lazterrago ekarriko ditu gogora, buru astun ta txaarra dabenak baño. Sarri konfesetan dirianak, errazago nagitzar belurik belura duazanak baño. Langintza, edo ofizijuak badira batzuk baño bestiak arazu geijagokuak, ta obligazino astunaguak ditubezanak. Bestiak bardin diriala, otsein edo serbitzari batek obligaziño laburraguak dituz ugazaba, edo etxeko andriak baño; ezkontzaka batek ezkondubak baño. Barriz aberats batek geijago nekezaliak baño, tratulari batek atxurlarijak baño; bada estatubetako kargubak eskatuten dabee berezko edo aparteko esaminia. Olagizon baten obrera, edo alkandora zantarra ez da ain garbi erraza zelan beste askorena. Urte guztijan sutegi, itxatz ta mallu burdinazkuakaz dabillenaren eskubak ur ta igorzi geijago biar dabee arotz batenak baño.

        I. Ondo dino, baña beti geratuten nas bildurrez ondo esaminetan nasan, edo ez.

        E. Ezin eranzungo deutsut jakin baga zelangua dan zure bizitzia. Uts egin leite larregiz, ta gitxiegiz. Larregiz uts egin darue arima eskrupulosa edo bildurtijegi batzuk austen dabeenak buruba denpora luziak igaruaz alperrik;. sinistu eragin gura deutse diabrubak konfesiñoa dala tormentu lekuba, ez lege biguna. Ez dabee besterik egiten ezpada asmau legez egin ez ditubezan gauzaak. Onelanguak egingo balebe pekatu mortalen bat, zein egiteko biar dan ezaguera ta gura osua, ezin aaztuko leuke, ez lorik egin bildurraren bildurrez ta ez leuke esaminia egiten denpora luzerik biarko. Obedezidu konfesoriari. Esan dot benetako eskrupulosuak gaiti, bada badira kristinau pekatu mortal galantak irunsten ditubezanak, ta besteti pekatu ez dirian gauzeetan ikarakor ta bildurrez betiak. Diabrubak engañetan ditu polito onelanguak; oneek gaiti esan lei euskaldunen esakera ederra: Zaijetan ziogi, urunetan ero; zai apur bat galdu ez dedin beldurrez, ta urun ederra galduarren ardurarik ez.

        Bestiak dira kontrako bideti dabilzanak, ardura bagako, ta nagi batzuk arimako gauzeetan; ill askotako, ta urte guztiko konfesinuak duaz esamina baga, edo txito arinagaz. Zelan igarriko deutsee leenago ezagutu bagako konzienzijan, zer igaroten jaken? Konfesore artubak, sarri konzienziako bazterren barri izan dabeenak, laster, ta erraz igarten dau dan edo ez pekatu, konfesetan daguanak euki daben tentazinua; ez da baida, edo duda aldi batzubetan ebagiko dau neke andi baga. Mediku ezaguna, ta gausuaren barrijak daukazana, geijenez obia da osatuteko ez ezaguna baño. Etxe baten sarri artu danak, edo urteetan bizi danak, gabaz ta illunian bere ibilliko da jausi baga. Baña len etxeko barri ez dakijana, argirik ezpadau, ibilliko da atzamarka zeri eskuba ezarri ez dakijala, ta banatuteko arriskuban. Alan konzienzijako etxe illunian sarri sartu dan konfesoria ibilliko da errezto; badaki nun labandu leitian; zelanguak dirian penitentiaren genijo, pasino, ekandu, tentazinoe, ta daukan bizi moduba. Zer egin barriz konfesorerik jakitunenak esamina kontuzko baga datorkon penitente ez ezagunaz? Au da jartia konfesino gauza ez dan bat egiteko bidian.

        Badira beste batzuk konfesiño luze edo urte guztikuak euren esamina moduba eginda laster egiten dabeenak deklarazino illun bat: Akusetan naz, Jauna, aserre puska batzuk izan ditudala etxian, edo auzokuakaz; galdu dot zerbait neure pazienzija; esan ditudaz barre eragiteko berbaak; nosbait edan dot tragotxu bat geijago; baña ez deust gatxik egin; ez bakerik galdu, ez errierta andirik jaso; ez iñori gatxik egin; akusaziño labur ta nastau onegaz, zer aitu lei konfesoriak? Guztijak agertu ditu pekatu arintzat. Zeinbat pekatu estalduten dira euren arimetako begi lausotu, ta geundubetan? Berba barre eragiteko akusau ditubanak dira menturaz, edo murmuraziño astunak, edo ezain, zantar garbitasunaren kaltekuak, eta arima askoren galdu-garrijak. Errierta edo aserre puskak izango dira birao gaizto, edo maldiziño gogozko, etxeko ta auzuen eskandalu-garrijak; tragotxu bat geijago edaatia albo alboka, begijak lausotu, oñak lokaturik etxera nekez biurtutia, etxekuak biar ebeena tabernan gastaubak. Onelan duaz konfesetara esamina gauza ez dan bategaz lenengo burura etorten jakeena esatera apainduta pekatu andijak, ta utsera jo eragiñik. Eguzki argiti sartuten dana leku illunian, lenengo sarreran itsutu legez egiten da, ta ez dakusaz barruban dagozan pintura, ta gauzaak. Bertan egon edo iraunaz jatorko argitasuna, ta dakus barruban daguana. Alan jazoko jakee kristinau alanguai irauten badabe esamiña giñen biar dan beste denpora. Edegi konzienzijako ormia, ta barruban topauko dira gordeta egozan dongaro egin asko.

 

aurrekoa hurrengoa