www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Konfesino ona
Juan Antonio Mogel
1803

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Confesiņo ona edo ceimbat gauzac lagundu biar deutseen confesinuari ondo eguiņa izateco, Juan Antonio Mogel. Fermin Larumbe, 1803

 

aurrekoa hurrengoa

IRAKASTE XIII

Gauza beraren gañian, ta zelan kendu biar da lotsia, osoz, garbiro, ta zuzen agertuteko pekatubak.

 

        I. Egin dogu berba dotrina bitan konfesino aozko ta osuaren ganian; baña asko dago zer irakatsi onetan esan danaz ostian.

        E. Zer egon leite geijago zer esan? Pekatubak ondo ez agertuteko egiten dirian tranpa, ta emoten dirian atxakija, esesino, ta eskusa bide bagiak, esan biarrian osoz, garbiro, ta edergarri baga.

        I. Gura neuke enzun ejenplu edo jazoera argigarri bat?

        E. Ona emen Eskritura santeetati ateria. Josue Israelgo soldaduben buru zala, galdu eben oneek batalla bat askoren triskantza ta erijotziaz. Itandu eutsan Jangoikuari Josuek: Zegaiti izan eben kastigu ain latza? Adierazo eutsan, agertuko zala norgaiti izan zan, soldaduben artian subertiak botata. Alan egin zan, ta jausi jakon subertia Akan eritxon soldadu bati. Artu eban au Josuek, ta dirautsa, emon egijozu glorija Jangoikuari, ta esan egizu zer egin dozun. Beekijan soldauak, egija esan, ta pekatuba agertuten beeban izango ebala kastigu gogorra. Alan bere gurago izan eban bizitza galdu, pekatu ixilik egiñ, ta inok ez ekijona, bere agintarijari ukatu baño. Agertu eban bada osoz, ta ze ze onelan. Gerran ondo urte gendubanian, artu nituban granazko kapa bat, amabi diru zidarrezko, ta urrezko kana berrogei siklo balijo zitubana. Neure diru gosiak gorde eragin eustazan, ta estaldu neban zidarra lurraren barruban. Konfesino, edo deklarazino ain oso ta zuzena eginda, ez eban izan lurrerako parkazinoerik, ta beriala ill eben arrika. Ona zelan konfesau biar dan pekatuba edergarri baga, ta zelan konfesino zuzen, humilde, ta egijazkuak emoten deutsan Jangoikuari juizijoko egunian soldau ak urten ta esaten dabenian: nik agertu neban neure pekatuba egin neban malizija edo gaistotasun guztiagaz, ta jakinik munduban parkatuko ez jatala kastiguba, edo galdu biarko nebala nerue bizitzia. Eta zubek, kristinau izan zinianok, ukatu zeuntseezan, edo ez esan biar legez lotsa apur bate-gaiti sazerdote bati ixillik, ta Jangoikuak parkazinua eskinita? Zer eranzun errazoe, ta kargu oni?

        Pekatu bat dago, diño san Agustinek, Jangoikuak berak parkatuko ezin dabena;. pekatu au da pekatubaren estalketa, ta buruba dongaro garbitu guria. Akusetan danian bat ezarri dituzala maldizino dongaak lagunaren gorrotoz, zetara dator edertutia esanaz; ernegau eragin eusten seme alabak, bizitzarik ezin egin lei inok nire senarragaz; santa bati bere galdu eragingo leuskio pazienzija, ordi ondatzalla bat da? Zetarako buruba garbitu gura izatia esanagaz; egin deustez kalte andijak neure auzokuak, ezin ikusi nabee, begitan artuta naukee, ta gorroto badeutset, da motibuak daukadazalako? Bakian itxiko baleuste, bakian egongo nintzate, ez deutset nik gatxik egin. Au da konfesino zuzen ta humildia? Zeure dongaro egiñen erruba ezarri bestiai konfesinuan? Eta agertu oneen pekatubak zeuriak baño argitasun andijaguaz? O konfesino damu baga, ta mutilduba!

        Neskatilla batek leku emon deutsee gizakumeren baten eskuka zantar, edo akzino txaarrai, ta garbitu gurako dau buruba esanaz, Jauna, ni bakian nenguan, ez neutsan biderik emon. Erdu ona. Eta tentazinuari leku emonaz ez dozu pekaturik egin? Zegaiti urratu ez zeuntsan arpegiko narruba, edo iges egin beriala aserriaz? Zegaiti dongaro esan ez zeuntsan arima lapurrari? Artuten ditu beste batek atsegin zantarrak, edo pensamentu loijetan borondatez geratubaz, edo akzino txaarrai leku emonaz, ta akusetan ditu; baña ez esan, au datorrela juaten dalako olgantza donga, ta piesta lekubetara, nun ikusten dituban gauza zantar asko, agertuten dituzala pekatuben etorbide, iturri, ta okasino ezagutubak? Bai barriz; gorde biarren dana, ta ez esan konfesoriari zirkunstanzija, ondo osatuko badau gatxa, jakin biar ditubanak.

        Ukatu, edo luzatuko deutsa konfesore on ta begiratu batek norbaiti absoluzinua larga artian pekatuzko okasinuak, emon artian obaasun, edo emiendiaren señaliak, egin artian errestituzinuak. Zetako alde egitia alango konfesore asko gura deutsanaren oñetati puzka, ta erneguz, dongaro esaten; ta biurtu biarrian humilderik beragana, juatia gero beste konfesore bategana, esateko gura dana, estalduten deutsala leenagoko konfesoriaz jazo jakon guztija? Zetarako tranpa, edo asmo donga oneek? Zegaiti ezkutau pekatubak?

        Ai jauna! dinue batzuk bildurtu nintzan zuzen konfesetako, zerren uste neban, biarko zala Erromara juan, herejiako pekatutzat neukalako. Diabrubaren guzurra. Ez da herejiako pekatuba, askok uste dabeen legez, ganadubakaz egiten dana. Eta dan legez dala, herejiazko pekatuba egingo balitz bere, konfesoriak berak artuko ditu bidiak zure buruba agertu baga, izan daizun absoluzinua. Ai balegoz arima pekatubari gorroto artu deutseenak, ondu gura dabeenak benetan, ta humiltasunaz osoz konfesetan dirianak!

        Bigarren engañuba: Jauna, bildurtu nintzan konfesoriak norbaiti esango eutsala, edo aurrerakuan begiratuko eustala arpegi astunagaz, ta nenkusan lekubetan, gomutauko jakozala nire pekatubak. O zoraasuna! Konfesoriak iñori esan? Ez da erreko balebe bere. Konfesore izan dirianak eldu dira Judas baño dongaguak izatera; herejijak irakatsi, ta herejen buru egitera. Alan bere ez da Jangoikuak laketu, edo permitidu alanguak ateratia, konfesore zirianian, enzun zitubezan pekatubak. Konfesore izan dirian batzubei galdu jakee buruba, biurtu dira zoro; baña ez dau onelangok inos agertu konfesinoeko pekaturik. O Jangoikuaren probidenzija miragarrija! Zetaraño zainduten dau konfesinoeko ixilltasuna! Amesetan bere ez jakee inos konfesoriai, enzuniko pekaturik burura etorten. Barriz uste dozu, egongo dala konfesoria zure pekatubak goguan ditubala, edo egingo deutsula begirune illun edo astunen bat? Ona ejenplu edo jazoera eder bat.

        San Luis Beltran ebillela misinuak egiten, eldu jakon bein konfesetara gizon bat ikaraz, ta izerdi otza erijola gorputzeti, egualako bera lango pekatari atsituba santu andi baten oñetan. Igarri eutsan santubak gizon ak eukan ikaria, ta asi jakon berba samur, ta bigunakaz itanduten pekatubak. Esaten eutsanian pekatu ezain bat, eranzuten eutsan santubak arpegi amorezko bategaz; aurrera, ederto espliketan zara. Gizon gaisuak, bijotza zabaldurik, esaten eutsazan pekatu guztiak ziatz ziatz, ta esanago ta alegriago san Luisen arpegija, pozezko malko gozuak erijozala. Emon eutsan penitenzija uste eban baño azkoz laburragua, zirautsala, neure semia, zure pekatuben penitenzija enparauba, geratuten da neure kontura, nik egingo dot zure ordez. Ito biar eban negarrez gizon ak bere pekatuben damuz, ta esan eutsan santubari; aita, beste pekatu guztijak bere enzun deustaz biguntasunaz; enzun begit ementxe bertan etorri jatan juizijo dongia. Ikusi dodanian berorren erruki ta biguntasuna, etorri jat burura, ez dala izango berori dinuen baisen santuba; berorrek bere nos edo nos egin izango ditubala niriak legezko pekaturen batzuk; bestelan, zelan artuko nenduban ainbeste amore, erruki, ta biguntasunez? Zelan agiraka itoko ez nenduban? Ai nire seme bijotzekua! zirautsan santubak gitxi gorabeerako berba oneekaz: Jangoikuari eskerrak;. ez dot orrelango gauzarik; egin munduba ezagutu baño leenago deitu nenduban errelijionera, ta gorde nau Jaunak pekatu zantarretati. Baña zer deritxazu? Zeruko aingeru, ta ni baño garbijaguak, poztuten badira, Jesu Kristok dinuakaz, pekatari baten biurreera, edo konbersinuan, zelan ni poztuko ez nas ikusi ezkero damu ain ederraz konfesino jeneral, oso, ta estalgarri bagia egin dozula? Zelan batuko ez ditut zure negar malkuak eskiniteko Jangoikuari, zeñek atera dituzan zure bijotzeti? Arimako mediku egin banau Jesu Kristok, zelan olgauko ez nas zu osaturik ikusita? Nun euki nei bazkari gozuagorik? O neure semia! Iraun egizu emen artu dituzun gogo santubetan. Salbetan bagara zu ta ni, bijok kantauko deutsaguz zeruban Jangoikuari alabanza ta eskerrak; zuk, itxaran deutsulako penitenzija egin artian, ta nik bialdu zaitubalako nigana Kristoren pasinoeko frutua zure ariman iraasteko.

        Kristinau ikaraz ta bildurrez iragorik zagozana agertuteko zeure urte askotako pekatubak, zegaiti ez zuaz askatutera bijotza konfesore arima zale, ta birtutetsu bategana? Kendu bildurrok; baña egin betiko agurra pekatu, ta bere okasino ezagun guztiai. Zer aterako dozu guenian atsegin ustel zantar, ta atsitubetati, ezpada arimako aranza ta kezka txaarrak? Jangoikuaren kontra zabilzala, zelan gura dozu benetako bakia? Zelango poza izango da ariman artuko dozuna, pekatuben karga astuna botata, bazuaz Jesusen oñetara Madalena bat eginik?

        I. Ah Jauna! Esan darue batzuk; ori erraz esaten da; baña ez dau iñok enzun nire pekatubak baño ezañagorik. Ai esanda baneukaz! Eta zelan egingo neukian emendi aurrera bizitzia txito on bat! bestiak esango nituke; baña bi edo iru daukadaz txito barregarri ta ezañak?

        E. Kristinau diabrubak katigu zaukazana; zer uste dozu? Deritxazu salbauko zariala agertu baga? Edo geruago errazago esango dituzula? Eta erijotzaren bat bialduten badeutsu Jangoikuak? Dozu lurrian egun seguru bat? Eta Jangoikua bigunduteko da bide ona konfesino ta komunino dongaak egiten denporak iragotia? Uste dozu, gero konfesore ez ezagun, edo misionistaren bati erraz esango deutsazula? Ez zaitubala ikara barri batek artuko ito eragingo deutsuna pekaturen bat agertu ezinda? Enzun egizu ejenplu ikaragarri au, zeinek irakurri, edo enzunda, eragin dituban konfesino jeneral asko.

        Andrakume bat arkituten zan erri baten urte osuetan bere pekatubak konfesinuan agertu ezinda, konfesore ezagun ez eban bati gero agertuteko ustiaz, Bitartian eroian bizitza larri ta estuba, jaten ebanak bere, onik egiten ez eutsala. Ai esanda baneukaz! Ai baletor ona ez dazaudan ta eznazauban konfesore jakintsu bat! Orra nun elduten dirian erri atara igarobidez san Franziskuko misionista bi. Poztu jakon bijotza andrakume gaisuari, ta juan zan bijaramon goisian eleisara itxarateko errelijioso bi aen arteko batari. Juan zirian oneek meza emotera, ta urreratu jakon batari, ta esan eutsan Jauna, mesede egin begit konfesetiaz. Bai pozik, eranzun eutsan, ta sartu zan konfesonarijuan. Asi eban konfesinua, ta konfesetan zan artian, eguan beste misionista laguna eleixako bazter baten orazinuan, ta ikusten eban onek, zelan zapozko prozesino edo erreskada batek urteten eban eleisati kanpora. Au zer da zinuan. Nundi datoz zapo zantar oneek? Ukusi eban bada, zelan urteten eben andrakume konfesetan eguanaren aoti, ta zelan andra triste aren eztarrijan ebillen zapo eskerga zantarrago bat, urten gura ta urten ezinik. Baña bere bijotzeko penarik andijenagaz, ikusi eban zelan piztija zantartzar a, sartu zan guztia barrura, ta gero zelan eleisati urten eban zapozko prozesinua, biurtuten zan atzera, ta dirianak irago zirian andrakume errukarri aren barru, edo lengo tokira. Konfesoria, konfesinua amaitutzat emonda, jagi zan meza esatera, ta bere ostian esan eutsan beste misionistak, ze ikusi eban, ta bere ustian andra triste ak gorde eutsala pekaturen bat. Urten eban konfesoriak andra aren billa; baña juan zan au elesati orduko. Jangoikuari eskerrak emonda meza ostian, esan eutseen alkarri, guazan bere etxera galdu ez dedin bere arimia. Igon eben gora, ta arkitu eben illda. Ikaratu zirian len igaruaz, ta orduban ekusenaz. Jarri zirian orazinuan eskatuteko Jangoikuari jazo zanaren argija; ta orra nun biztu, edo agertu jakeen bere arimia infernuti itxura txito ikaragarrijan suge ezain batek bere eztenagaz zaurituten eutsala bijotza, ta beste guztija subaz ingiraturik. Misionistak geratu zirian ikariaz konorte ta zenzun baga legez, ta berba egin eutseen arima kondenada ak; Jangoikuaren ministruak, anima zaiteze enzutera nik esango deutsubedana; jakin egizube, zelan ni egon nintzan urte osuetan konfesino zuzenik egin baga gordeten nituzala lotsaz pekatu batzuk, ta oneen artian bat txito ezaintzat neukana.

        Diabrubak engañetan nenduban sinistu eraginik, etorriko zala nos edo nos kanpoko konfesore ez ezagunen bat, ta alango bati esatia, zala txito erraza. Jangoikuak ekarri zenduzan zubek erri onetara, eskusarik izan ez negijan. Asi nintzan konfesetan, esan nituban bat ez, ta beste guztiak; ta bera esateko abijau nintzan; baña ikara andi bat sarturik, itxi neban esan baga. Pekatu atxek berak zaurituten nau orain sugetzar onen itxuran. Galduba nas betiko; ez ni gaiti orazinoerik egin; predikau egizube erririk erri nire azken dongia ta zer egin daben nigaz Jangoikuaren justizijak.

        O kristinau zoratu, diabrubak andrakume esan doguna legez enganauba! Zeren zain zagoz? Ezin agertu dozula, dinozu, orain, ta gero bai? Gero errazago izango dala pekatubak pekatubari geitutia? Konfesino, ta komunino dongaakaz gogortuko jatzu bijotza, geitu lotsia, diabrubak artuko dau indar geijago, beteko dozu pekatuben neurrija, largako deutsa Jangoikuak len legez deitutiari, ta juango zara konfesino oso bat egitera, dirautsu san Vizente Ferrerek, Luzifer infernuko kuriaren oñetara, ta emongo deutsu inos amaitu edo akabauko ez dan penitenzija.

        Pekatu ikaragarrijak dira, dinozu, ta ezin auan artu neiz. Zer egin dozu bada? Esan maldizino erneguzkuak Jangoikuaren kontra? Madarikatu dozu bere izen santuba? Artu deutsazu gorroto andi bat Jesu Kristori? Poztu zara Judegubak ill ebelako? Ill dozu zeure arerijua, ta sein batiatu bagia? Zer egin dozu bada. Erabilli dituzu ostikopian forma konsagraubak? Ostu dituzu eleixako kalizak? Saldu deutsazu arimia diabrubari zeure firmiaren beian? Ez orrenbeste bere, jauna, esango deustazu. Izango dira biar bada edo zeure burubagaz eginiko loikerijak, edo ganauren bategaz eginiko pekatubak; beintzat konfesoriak leenago enzun, edo irakurri dituzanak.

        I. Zeinda baña urratuteko modurik onena?

        E. Ona emen. Zuaz konfesore topau aldozun onenagana, ta esan egijozu: Lotsa andija emoten deusten pekatubak, edo inos konfesau bagaak daukadaz, jauna. Lagundu biar deust berorrek guztiak esan dagizan. Au enzunda, animauko zaitu konfesoriak berba bigunakaz. Pekatu andijaguak egiten dituzu komuninoe, ta konfesinoe txaarrakaz, zuri lotsa emoten deutsuben pekatubakaz baño, bada darabilzu zelanbait modu dongaguan judegu gogorrak pasinoeko denporan tratau, edo erabilli eben baño. Zelan euki zinai egun on bat lurrian Jesu Kristo eruanik zeure bijotz zantar, ta infernukuen etxe eginda daguanera? Zelan barre ta lo gozorik egin konzienzija ain dongiaz? Enzuzu jazoera, edo ejenplu eder au.

        Zaldun aberats batek egin eban bein pekatu txito ezain bat. Damutu jakon laster. Beekijan salbauko bazan, konfesau biar ebala. Baña goguan artubaz bakarrik, urteten eutsan izerdi larri batek. Ernegau eban bere burubaz bakerik topau ezinda. Enzun eban nosbait, parkatuten ziriala konfesinuan aztuten zirian pekatubak, ta begitandu jakon, mundurik mundu urtenda, olgau ta olgau eginda, aztuko jakola. Alan egin eban, ukaten ez eutsala burubari dibersino ta joko modurik erririk erri ebillela. Baña aztuten jakon pekatuba? Bai biar bere. Beti eukan begijen aurrian, ta bijotza aranzaz josirik.

        Ikusirik ezin ebala aztu asmo aekaz, jarri jakon buruban limosna asko eginda, pobriai lagunduta, eleisetan denpora luziak iragota, edo aztuko jakola, edo konfesau baga parkatuko eutsala Jangoikuak. Alperrik guztija. Geruago ta estubago egiten zan, ta guenian ernegaurik, erabagi eban burubari bakia emotia Judasek legez bera urkatuta. Orretara joiala, topau eban zorionez Jesuen Konpañiako sazerdote bat. Erregutu eutsan zaldun errukarri ak, sartu zedilla bere kotxian. Atsegin emoterren, sartu zan; jagi bere bai laster trumoe ikaragarri bat. Asi zan esaten sazerdote on a. Ai ze gauza estimagarrija dan konzienzija garbi bat eukitia! ezin ekarri lei pekatubak bakerik; oñaztarri bat edo edozein gauza asko da gure bizitzia eruateko;. konfesino zuzen ta on batek ekarri lei bijotzeko bake osua. Aita, esan eutsan zaldunak, nundi daki berorrek nire barri iños alkar ikusi baga? Nun irakurri dau nire konzienzijako liburuba. Nik ez dazaut berori, eranzun eutsan errelijiosuak, baña zelan neure aita san Ignazio Loiolakok enkargetan deuskun esateko beti berba onak, alan urten deuste esateko beti ditudanak. Alan bada sazerdote ta konfesoria nas, ta ezetako gura banau, prest nago arimako salbazinuan lagunduteko. Dirautsa zaldunak, konfesau baga balitz, egingo neuke edozer gauza; baña ez dago niri zer aitatu gordetik daukadazan pekatubak nik agertutia.

        Izan dedilla alan, zirautsan jesuita asko jakinak; bada artu begi liburutxu au, egin begi esaminia emendi, konfesauko ezpada bere. Baña zelan ez dan berori orren jakituna, emen basora urtenda gabiltzala, esango deutsadaz zelango pekatubak egin daruezan gizonak. Ziaztu eutsazan banaan legez mandamentuben kontrakuak, ta orra nun jo eutsan zaldunak egin ebana. Ai ene! esan eutsan onek; orise da nire pekatuba. Orrek narabil zoratuta. Orise da nire arimako borreru gogorra; ta ori ezin esanak konfesoriari, nenkarren mendi onetara neure buruba urkatutera, bakia billatuteko asmuaz. Etzun jakon oñetan sazerdote ari negarrakaz. Egin eban konfesino jeneral oso ta damuzko bat, ta pozez beterik, biurtu zan bere etxera, ta arik aurrera egin eban bizitza txito onaa.

        Ah kristinau errukarri lotsiaren lotsaz pekatubak ezin esanda zagozana! Zeren zain zagoz? Alperrik zabilz. Konzienzijako sitsa bizi da, biziko bere bai beti infernuban, biotza askatuten ezpadozu, ta alan emon eriotzia ar orri konfesinoeko sakramentuban. O pekatuba! Laburra da zure kontentuba, ta betikua tormentuba.

        I. Ai jauna! dinozu, nok euki leikian zaldun ak euki eban legezko konfesore on ta bijotz biguneko bat. Berba gogor bat badanzut, dan au ikaratuko nas?

        E. Ondo dinozu alde bateti. Konfesore guztiak ez dira bardinak. Itanduten ezpadira ziatz gauzak;. Ikututen ezpajako herida, edo zaurijari; itoka badabil, ta artuten ezpadira konfesetara duazanak berba bigunakaz, lagunduten jakeela aterateko ezkutuban dagozan suge okertubak, barrurago sartuko dira. Biar dira bada billatu konfesore arima zale, jakitun ta birtutetsubenak. Zegaiti kondenau zan Ingalaterrako errege baten alabia? Enzun jazoera edo ejenplu on andijak egin ditubana predikau dan bakotxian.

        Ingalaterran fedia osua eguan egunetan izan eban errege batek alaba bat guztia Jangoikuari emona. Bere edertasun, ta beste prendak gaiti, billatuten ebeen errege kanpokuen semiak ezkontzarako. Baña ez eutsan iñori enzuterik emoten, ta egin eutsan Kristori bere kastidade guztijaren eskinza, edo boto osua. Egun guztia igaro eruan, edo irakurten liburu onak, edo gaisuai lagunduten ospitaletan; ta ez eguan Ingalaterra guztijan beste zer esanik, ezpada dama aren limosna, humiltasun, ta birtutiak. Eukan paje gaztetxu bat irakurteko berari liburu santubak, ta onek mun egiten eutsan eskuban irakurri orduan ta aldegiteko denporan. Diabrubak emendi artu eban dama santatxu au galduteko bidia. eskuban mun egiten eutsala, etorri jakon egun baten aragijaren tentazino gogaitkarri bat, ta egun askotan ez eutsan lekurik emon; baña okasinua guztiz kendu ez ebalako, emon eutsan infernuko arerijuak gerra aian estua, zein da eldu zan lotsia botata, eskuka edo tokamentu loi bat egitera zalduntxu pajetzat eukanagaz. Laster igaro zan atsegina, ez baña konzienzijako arra. Damutu jakon egin ebana, apurten eban buruba negarrez; estututen eban arerijuak gerra beste bategaz. Zer egin dozu? zirautsan konzienzijan. Errege andi baten alabiak egingo eban gauza ain ezaña bere serbitzari bategaz? Nora dira zure limosnak, zure penitenzija, zure orazino, ta ainbeste obra on? Ah traidoria! Egin zeuntsan Jesusi kastidadeko promes betikua. Galdu dituzu ainbeste ezkontza eder gordetearren ta orain jausi zara pekatu zantarrian.

        Onelan erabillen erdi zoraturik, desesperau eragin gurarik. Guztiaz bere atera eban kontu au, obe dot mundu onetan lotsa apur bat igaro konfesoriari zuzen esanda, ta ez jo infernuban. Juan zan negar andijakaz bere konfesoriaren oñetara ta esan eutsan, jauna, jausi naz tokamentu ezain, ta loi baten neure serbizijuan neukan mutiltxu gazte bategaz. Konfesore zenzun gitxikuak dirautsa: Zer, berori jausi pekatu ain ezañian? Errege baten alabia izan, ta ainbeste urtian santa bat legez bizi ezkero? Zer diraust? Egija da? Alango moduz ikaratu zan damia agiraka bidebagako agaz, eze esan eutsan edertubaz, ta gitxitubaz lenenguan zuzen esan ebana.

        Jauna, ez neban gauza loirik egin eskuz; bakarrik izan zan pensamentu loi konsentidu, edo neuk leku emona. Eta zer? Esan eutsan konfesore agirakari gogorrak? Ez da asko ta laarregi pensamentu loi bati leku emotia erregeren alaba, ta alango birtutian bizi izan danarentzat? Nora dira berorren limosna, penitenzija, ta ainbeste obra on? Bildurrago egin zan dama gaisua, eta eranzun eutsan: Jauna, ezin esan nei konsentidu edo leku emon neutsala neure guraz. Orra konfesino guztija galduta, lenenguan ondo egiña; bigarrenian dongatuba, gitxitubaz; ta irugarrenian guztija ukatuta; lengo pekatubaz ostian, geitu zituzan sakrilejio andi bi. Geitu jakon lotsia, ta ill zan konfesau baga bere oker egiñak.

        Pobre guztijak negarrez zinarduben bere erijotzan; Inglaterra guztijan ez zan enzuten beste soñurik, ezpada, ill da gure Erregeren alaba santatxuba. Dama onek eukan beste dama ezagun ta maite bat; ta orra nun agertu jakon oni infernuti guztija suz ingiraturik, ta esan eutsan oni zegaiti kondenau zan. O konfesore zenzun baga, ta erruki bagia! Zelango kontuba emongo ez zeuntsan Jangoikuari berba astun, ta garratzakaz galdu eragin zeuntsalako konfesino ondo egingo ebana? Billatu bada beti aleginaz kristinau lotsatija, ez konfesore nasai, mundu zale, ta zelan alanguak;. ta bai arima zale, Jangoiko zale ta urrekuak. Onelanguak gaiti uste oi dabee kristinau nasai bizi gura dabeenak, estubak diriala, gogor ta gogaitkarrijak, baña oneek dira bigunenak ta arimak geijen erruki edo maite ditubezanak.

        Zetan dago biguntasuna? Emotian beriala absoluzinoa, kristinau donga baten arimia ondo prestau baga? Berba egitian pekatuba zer dan ezagutuko ez daben moduban? Itxitian okasino dongeetan ardura baga? Enplastu arin, ta azalekuakaz osatu gura izatian barru barruko gatxa, gaisuari atsegin emoterren? Ori litzate gogortasunik andijena. Bazakusaz konfesore Jangoiko zale batek zuakozala pekatuben damu benetakuaren señaliakaz, on izateko gogo senduaz; zelango poza artuko ez dau zuri erasoteko pekaturik ezañenak? Zeinbat atsegin artuko ez dau arima baten salbazinoerako bitarteko, edo instrumentutzat artu dabelako Jangoikuak? Ez deutsu onelanguak esango fariseo arruak legez, ken niganik. Recede a me; ez urreratu nigana; zuaz ordu gaistuan; ta bai Jesu Kristogaz, erdu nigana pekatuben karga andijagaz makurturik zagozana, ta karga ori bota gura dozuna, nik arindu, konsolau, ta lagunduko deutsut.

        Badakizu zek mindu daruan konfesore jakitun, ta arima zale bat? Ikustiak pekatuben ardura ta damu baga juakozala asko konfesetara, larga gura ez ditubezala okasino donga, ezagun, ta urrekuak; onduteko gogorik ez darakusela, biurtu gura eza ostubak, edo kalte eginak, artu nai ez izatia osagarri, edo erremedijo biarrak arimia osatuteko. Oneekaz bere pelietan dira amorezko berbaakaz ezagutu eragiteko euren arimetako arrisku andija; ta luzatuten badeutse nos edo nos absoluzinua, izan oi da amorez, osatu guraz, ta prestau ditezan pekatuben damuba Jangoikuari eskatutera. Baña juakezanian bijotz bigundubak, ondu gura dabeenak okasino txaarrak largata, prest dagozanak osagarri edo erremedijuak artuteko, negar egin darue pozaren pozaz;. begiratuten deutsee amore garbi ta santubagaz euren arimako umiai legez, ta egin darue orazino berua euren salbazinua gaiti. Ez dira paltako nun edo nun, errijan, edo auzokuan onelango sazerdote zelo andikuak, ta billatu onelango bat, askatu beragaz bijotza ezer gorde baga, ta kendu lotsa ainbeste arima infernura daruana. Bai arren bai.

 

aurrekoa hurrengoa