www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Konfesino ona
Juan Antonio Mogel
1803

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Confesiņo ona edo ceimbat gauzac lagundu biar deutseen confesinuari ondo eguiņa izateco, Juan Antonio Mogel. Fermin Larumbe, 1803

 

aurrekoa hurrengoa

IRAKASTE III

Jarraituten da leenagoko doktrina.

 

        Ikusi dogu irago dan dotrinan, zer dan esamina konzienzijakua, zelanguak izan biar daben, ta zeinbat uts egiten dan gauza ain biarrian; baña geratuten da oraindiño zer irakatsi.

        I. Zetan bada geijago uts egiten dabee kristinau askok esamina au ondo ez egitiaz?

        E. Alde bitara, bata ez konturik arimiari artubaz ez egiñeko edo omisiñoeko pekatuben ganian; ta bestia, pilluan ta ziastasun baga mandamentubak iraguaz pekatubak burura ekarteko.

        I. Zer da pekatu omisinoeko edo ez egiñekua?

        E. Da ez egitia egin biar dan gauzaren bat; esaterako; aginduten dau Jesu Kristok limosnak egitia, au da obligazino estuba al dabenentzat. Bada ez egitia al danian, eta egin biar danian, da omisiño edo ez eginiko pekatuba. Guraso bati aginduten jako aziera ona emotia bere umiai; bada ez emotia aziera ona, da omisinoeko pekatuba. Alan beste gauza asko, ta miserikordijako obra edo egitadetan egiten da pekatu ez egiñaz, egin biar dirian ordubetan. Baña, nok esan lei zein gitxi dagozan onelango ez egiñen ganian esaminetan dirianak? Eli eritxon Israelgo jueza guztiz ona zan alde askotara; baña biar legez kastigau ez zitubalako bere seme donga bi, ta eragotzi biar zituban, ta eragotzi ez zituban oneen pekatubak gaiti, irurak ill zirian beingo baten, ta irago zan kastiguba euren ondorenguetara. Zegaiti jausi zan infernura Jesu Kristok, Ebanjelijo santubak dinuen legez, kontau eban aberats burugin, zeken, ta diru zalia? beretzat eukan mai ona; jaatekua ugari ta larregi, ta bere ataijan egoten zan Lazaro pobriaz ez eban errukirik, ez eutsan limosnarik egin. Alan bada gizon aberats batek iragoko balitu gois guztiak mezaak enzuten, ta egunak dituban ordu guztiak gauza on asko egiten, bada kodizioso, zeken, zisku estuba pobreentzat, ta ez limosnari, ta karidade giña, ez da salbauko. Baña zeinbatek esaminau ta ezauten ditube onelango ez egiñezko pekatubak? Alan eskola maisu, kura jaun, sazerdote, konfesore, mediku, ta ofizijo guztietakuak daukee zer egin esamina apartekua. Bakotxak jakin biar dau zelan uts egin leikian bere estadu edo ofizijuan; ta jakin eza jakin biar dirian ta erraz jakin deitekezan gauzeta, da pekatuba, ta esaminau biar da zelan eranzuten deutseen bere egin biar edo obligazinuai.

        I. Zeintzuk dira dongaro esaminetan dirianak pilluan, ta ziaztasun baga mandamentubak iraguaz?

        E. Dira mandamentuben berba utsai begiratuten deutseenak, ta ez euretan sartuta dagozan ainbeste gauzari. Kontu daigun, lenengo mandamentuban aginduten deusku Jangoikuak amau daigula bera gauza guztiez ganian. Gatxik gura ez deutsalako, uste dau maite dabela Jangoikua ta ez dauka zer akusau bere ustian. Emen geratuten da esamiña guztia. Baña ez leuke begiratu biar maite daben edo ez benetan bere Jangoikua? Egin ete dituban fede, esperanza, amore edo karidadezko aktuak? Topauko dira asko gogoratuten bere ez jakuena egitia; egin baditube auaz akto amodiozkuak, ez dala izan biar legezko pekatuben damubaz, egon dirialako denpoora luzian pekatu mortalian.

        Bigarrena, ez juramentu bidebagako edo alperrik egitia. Justiziaren aurrian egin ezpadabe guzurragazko juramenturik, aurrera iragoten dira asko esamina geijago egin baga, egiten ditubela guzurraren gañeko juramentubak beste denporetan esanaz, Jangoikuak alan salbau nagijala, emendi pausurik egin ez daidala, ta onelango euren kontrako juramentubak.

        Irugarrenian, mezia enzun baga largaten ezpadabe, gitxi esaminetan dira zelan enzun dabeen.

        Laugarrenian, gurasuak asko daukee zer esaminau umeen aziera onaren ganian; umiak bere bai, gurasuai zor deutseen lotsa edo onriaren ganian, ta uts egiñak ezagutu biar ditube teologijarik jakin ez arren.

        Bostgarrenian, dazaubelako iñor ill ez dabeela, geratuten bere ez dira. Baña zeinbat dagoz aserreren baten ondoren berbarik bere egin baga, lagunaren gorrotuan, ta alanguen gatxetan bijotzez poztuten diriala? Ordituten dirianak, zeinbat edergarri euren pekatuba estalduteko?

        Seigarrenian, pekatu oso ta aragi gorputzekorik egin ez badabe, ezertzat ez daukeez mosu laztan, eskuka loi, berba zantar ta kaltegarrijak, ta bijotz bakarreko atsegiñ dongaak. Zelango esaminia egingo dabee alanguak! Eta zer balijoko deutse euren borondatezko itsutasunak? Zeinbat bider enzun dabee pulpituetati, ta konfesoren aoti, diriala pekatu pensamentu konsentidu, aragizko, edo borondatez artubak, ta esan dirian beste gauzaak?

        Zazpigarrena, ez ostutia. Eskuz ezer artuten ezpadabe, ez dago beste esamiñarik askorentzat. Nok esan barriz zeinbat aldetara pekatu egiten dan mandamentu santu onen kontra! Zeinbat logrerija, irabazte bide bagako saldu erosijetan! Zeinbat kalte modu iñoren ondasunetan!

        Zortzigarrena, ez guzurrezko testimonijorik ezartia, ta ez guzurrik esatia. Iñori asmau ezpadeutse guzur kaltegarririk, ez da askorentzat beste esamiñarik. Baña zeinbat, murmuraziño astun ta ezkutuko? Onelan, alan Jangoikuaren legeko amar mandamentuban, zelan elexako bosten ganian egiten da konzienzijako azterren, edo esamina azaleko ta laburra, isten diriala bakotxaren erruz ezagutu ta konfesau baga pekatu asko, ta egiten dira konfesiño dongaak. Eta nundi dator kalte au? Ez ete ditube kura jaunak ziaztuten mandamentubak euren sermoe, edo dotrinetan? Ete dira nagijak irakasten, ta euren obligazino ain estubari eranzuten! Alan balitz, ze kontu emongo deutsee Jesu Kristori euren eskubetati eskatuko deutseezanian euren kargura larga zituban arimak? Baña, ze eskusa emongo dabee doktrina santubetati igesi dabiltzanak enzun gura ez dabeela Jangoikuaren berbia? Euren jakin eza jatorke bada ikasi gura ez gaiti, ta au litzate pekatu, beste pekaturik estaldu ezingo dabena. Ezagututen ez dalako pekatuba; ez da bere damurik artuten. Alan dino Jangoikuak Jeremias profetiaren aoz: ez dago nok egin dagijan penitenzijarik, esanaz, zer egin dot!

        Esamina bi egin biar dira konfesinoe ona egiteko; bata, ezagututeko pekatuben numero edo zeinbatasuna al dedin bestian;. zelango gauzeetan pekatu egin dan, ta pekatubaren lagungarri, zerzelidade, edo zerkunstanzija konfesau biar dirianak. Bigarrena, ezagututeko pekatubaren malizija edo dongatasuna; nor dan ofendiduba, nor dan pekatu egin dabena, ta zergaiti; zeintzuk dirian pekatubaren kaltiak. Esamina, edo azterren au egin biar da erakarteko bijotzeko kontriziño edo damuba, zein baga aozko konfesinua alperra da, gero agertuko dogun legez.

        I. Zelan bada egin biar da esaminia aozko konfesinoe osua egiteko?

        E. Jakin biar da bada ez dabela esamina onek izan biar munduko gauzeen azterren edo esaminia legezkuak, ezpada fede biziti jaijuak. Merkatari batek ateraten ditu bere artu emon, ta galdu irabazijen kontubak bijotza beti daukala itxasirik ezagututian, zelan urtengo daben. Baña konfesetako esaminia egin biar daben kristinaubak egin biar dau lotsa santu bategaz, ta parkazinua eskatuteko Jangoiko ofendidubari bijotzeko damu andijagaz. Jarri biar dau Jangoikuaren aurrian leku bakar baten; eskatu biar deutsa arimako begijen argitasuna Ebanjelioko itxubak eskatu eutsan legez Jesu Kristori. Biurtu zan salbagillia beregana, ta esan eutsan: zer gura dozu? Jauna, begijetako ikusbidia. Ikusirirk Jesusek bere fede bizija, esan eban, alan izan bedi eskatu dozun legez. Gu geurez itxubak gara arima ta salbazinuari jagokazan gauza guztietan. Biar dogu zeruko argi ederra ikusteko bijotz barruban daguana, ona dongatzat, ta dongia ontzat euki ez daigun, ta alan bere geijago ezagututeko pekatubaren gaistotasun edo malizija.

        Dua bidiazti bat leku ez ezagunian, ta artuten dau gabak baso bakar baten. Zelangua bere estuba? Zelangua ikara edo bildurra? Alango baten topetan dau bakartade atan etxe erdi jausi zaar bat; sartuten da barruban zerbait atseren, ta lo egiteko; argituten da eguna, ta dakusaz uste baga bere albuan sugetzar, dragoe ta beste piztija bildurgarri asko. Ikaraturik, jagiten da beriala ta artuten dau igesa;. ta diño, nun lo egin dot? Zelan iruntsi ez nabee piztija gaisto aek? Nok eruan nau alango lekura? Zorijoneko eguzki alango lekuti atera nabena. Zek iges eragiten deutsa len ordu osuetan lo astunian egon zan toki atati? Ikusi ebalako argi ederraren bidez bere arrisku edo peligruba. Alan bada pekatarijak dakusazanian zeruko argi ederraren bidez bere arima barruban dagozan dragoiak baño kaltetsubaguak dirian pekatubak? zelan lo egin pekatuben artian? Zelan iges egingo ez dau konfesoriaren oñetara an arkituteko bere urtenbidia? Zelan esaminetako denporan eskatu biar ez deutsa aspertu baga, zeinbat pekatu, ta zelanguak egin dituban damu andi bategaz guztijak zuzen konfesetako? Argi au eskatuta, asi biar dau kontubak ateraten, nos egin eban ezkenengo konfesinua; ete daukan itxirik lotsaz pekaturen bat; nogaz lagundu dan, nun irago denporak; utsik egin ete daben bere estadu, edo ofizijoko obligazinuetan, ta gero irago biar ditu mandamentubak kontuz. Zer egin ez darua gauza balijotsuren bat galdu jakonak? Ateraten ditu kontubak, nundi nora ibilli dan, nos galdu eukian, ta dua bide, ta leku alanguak kontuz ikustera begi azarrijakaz damuz ta atsakabez galdu ebalako. Topetan badau, zelango poza? zek artu eragiten deutsa ainbeste neke ta arazu? Gauza galdubaren asko gura edo amoriak. Zer balijo dabee lurreko bitxi, tresna, ta gauzarik ederrenak Jangoikuaren grazijaren aldian? zelan bada damutu biar ez da bera galdubaz? zelan damu onegaz esaminau edo aztertu ez, nun ta zelango lekuban galdu daben! Sartu biar dau gero bere inklinaziño, ta pasino dongaak aratu edo ezagututen. Aserre erraza ta sutsuba bada, begiratu biar dau ezi daben edo ez bere jenijo bizi ta gaistua; itxi ete deutsan iños ta zeinbat bider egiten gura dabena; emendi, iñori ezarri ete deutsan birao txaarik; artu deutsan gorroto oso edo gatx gurarik...

        Esaminau biar dira pensamentu, berba, ta egitadak, ta etorten bajako ezda baida, edo dudaren bat lekurik emon ete deutsan pensamentu donga loi edo zantarrari, konfesau biar dau konzienzijan daguan legez. Kristinau Jangoikuaren bildur gitxikuak iruntsi daruez pekatu loi asko, alan pensamentuz, zelan berbaz, egiten dabee lo ardura baga, geituten ditube pekatubak, ta esamina kontu andiko baga, ez dabee gauza garbirik aterako.

        I. Zein da biderik erraz, ta prestena esamina oso bategaz konfesinua egiteko?

        E. Da egunian bein, edo birritan egun bakotxeko esaminia egitia, ta damu artutia uts egiñen bat topetan badau. Au da bitartekorik onena, dino S. Ignazio Loiolako arima maisu andijak, igoteko birtute gora edo altu batera. Badira etxeko jaun batzuk egunero etxian zer kastetan dan kontu ze edo ziatza daruenak; onenbeste diru atera nituban okelatako, ainbeste ardaua ekarteko. Astiaren guenian ateraten dabee zer kastau dan; asteetati ill guztiko kontuba, ta illetati, urtekua. Daukee beste kontu bat errenta ta irabazijena, ta kontubai jo eragiñik dazaube kastuba edo irabazija geijago izan dan. Barriz bapere konturik ez daukeenak, ezpada emon ta emon, artu ta artu, daukeez kontu loi ta garbituten gatxak; orregaitiño ondatuten dira etxe asko. Alan bada, zelan eukiko ez ditu konfesinoerako garbitubak bere arimako kontubak bere konzienzija egunian bein aztertu, edo esaminetan dabenak? Zelan betiko kontu artute onek erakarriko ez dau bizitza on bat?

        Daigun kristinau batek daukazala ekandu txar batzuk, guzur txikarrak esatia, zerbait erraz biztutia, karidadeko paltatxoren batzubetan jaustia. Zein erraz kenduko litukian goisian Jangoikuari obra, lan ta neke guztiak eskiñi, edo oprezidurik ez alango paltarik egiteko asmoz, ta egiten badau, daigun esan ezagueraz guzurtxoren bat, egin bizitasunen bat, igozteko lurra minaz Jangoikuari parkazinua eskatuta! Dator gaba, artuten deutsa kontu arimiari, zelan irago daben eguna, nogaz lagundu dan, ze konbersazino izan... ta topetan badau guzur edo bizkortasunen bat, konfesetan deutsa bertan Jangoikuari, artuten dau gogua urrengo eguna obeto iragoteko, ezaguturik, zelan Jangoikua maite daben kristinaubak ez deutsan ofensarik egin biar pekatu benialen izena dabeenakaz bere;. zelan kastigetan dituban Jangoikuak purgatorijoko pena andijakaz. Zelan izango ez da guztiz ona bere arimiari egunian bein onelango kontubak artuten deutsazan kristinauba? Zelango aurrerapenak egin ez zeruko bidian? Lurreko ondasun labur batzuk gaiti kenduko liratian ekandu txaarrak, kendu ez Jaunaren grazijaz alan billatuten daben kristinaubak eguniango esamina, ta orazinuaz? Esango bazeuntsa guzur zale bati guzurrik esaten ez daben egun bakotxian emongo deutsazula ogei errialeko bat, zelango arduria artuko ez leuke berba egiteko? Eta beingo batian esango baleu, zelango atsakaba ta damuba berba txatar bat esan baga ez egotia gaiti galdu dabelako ogei errialekua? Urrengo egunian geituko leuke arduria, ta menturaz illa bete osuan ez leuke guzur bat esango. Alan lurreko sari eskintza labur batzuk gaiti, kenduko liratez aserre, bizkortasun ta pasino txarrak. Nun ete da gure fedia? Jangoikuak pasino txarrak kendu daiguzan amorez, opa edo eskiniten deuskuz zeruko sari andi ta ederrak, lurrian konzienzijako bake ta atsegiña, ta alan bere ez ditugu ezi gura? O itsutasuna! Zek ekarri eban Dabid erregia santu izatera? Gau ta eguneko nire ogija dira negarrak, esaten eban, itanduten deusteenian, nun da zure Jangoikua? Zegaiti ainbeste negar? Scopebam spritium meum; aratu ta esaminetan eban bere konzienzija, komutetan zan pekatu egin ebanaz, Jangoikua ganik artu zituban mesediakaz. Egin daigun guk bere alan, ta elduko gara birtute andi edo goratu batera. Alan izan dedilla.

 

aurrekoa hurrengoa