www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Konfesino ona
Juan Antonio Mogel
1803

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Confesiņo ona edo ceimbat gauzac lagundu biar deutseen confesinuari ondo eguiņa izateco, Juan Antonio Mogel. Fermin Larumbe, 1803

 

aurrekoa hurrengoa

IRAKASTE XV

Zelan konfesinuari lagundu biar deutsun satisfazino, edo ordia biurtutiak.

 

        Facite fructus dignos paenitentiae. (Luc. 3)

        Ikusi dogu irago dirian dotrineetan, zelan konfesino onak eskatuten dituban, bijotzeko kontrizino edo damuba, ta aozko agertute, edo deklarazinua. Onezaz ostian biar jako Jangoikuaren justizijari ordia, edo satisfazinua emon penitenzijaren bidez; au da, espirituko penitenzijari lagundu biar deutsala azaleko penitenzijak.

        I. Zer penitenzija modu da sakramentu konfesinoekuari lagundu biar deutsana?

        E. Da konfesoriak, arimako jueza dan aldeti, emoten deutsana konfestan danari.

        I. Izan leite ona konfesinua satisfazino baga, edo konfesoriak emoniko penitenzija egin eza gaiti?

        E. Ezin izango da ona bijotzeko satisfazino baga, edo borondaterik ez badau konfesetan danak, kunplietako penitenzija errazoez emona; baña izan leite ona, eta baliotsuba obraz egin ezarren. Jazo leite konfesoria aztutia emotiaz penitenzija. Onelanguan, konfesetan danak, gomutau eragin biar deutsa; baña jazo bere leite erru baga, au bere aztutia. Alanguan ona da konfesinua, beste utsegite, edo paltarik ez badau: alan bere urrengo konfesetara doianian, agertu biar dau zer jazo zan. Bardin erijotzako aldi gaistoren baten kunplidu ezin danian penitenzija absoluzinua artuta, balijo dau konfesinuak.

        I. Beraz al dala penitentiak dauka obligazinua artu ta kunplietako emoten jakon penitenzija.

        E. Bai, ta artu gura ez badau errazoez emona, ez dago prestaurik absoluzinua artuteko. Ez dago zer bildur izan gaurko egunian konfesoriak ezarriko ditubezala, penitenzija astunegi ta larregijak. Eta alan askok emon daruezan kejaak, dira guzurrezko, ta errazoe bagaak. Eta nosbait jazoko balitz bestera, ezin inok bere buruz larga leiz kunplidu baga. Alan, juan leite konfesore jakitun ta birtutetsu bat gana agertuteko oni jazoten jakona. Baña zer irago oi da? Iges egitia konfesore zuzen, arima zale, ta begiratubetati, ta billatutia beste zelan alango bat bere era, edo gustora berba egingo deutsana. Ona ejenplutxu bat.

        Konfesore on batek dakus, konfesetara etorri jakon gazte bat, dala danza ta piesta zalia; topetan dau, alango lekubetan, bideetako juan etorrijetan, igaro jakozala berba txaar, esku egozte loi, laztanga, ta onelango zantarkerijak bere guraz, edo erruz. Igarten deutsa, aldegiten ez badau alango leku edo okasinuetati, ezin iraungo dabela gogo edo propositu santubetan. Emoten deutsa penitenzijatzat, edo beintzat, emon eragin deutsa berbia, ez juateko alango danza nastu, nasai, ta lotsabagetara. Au da penitenzija osagarri, ta inok kendu ezin leikiona. Zer egiten dau gero? Dua beste konfesore ardura gitxiko, ta biar bada danza zale bategana, ta dirautsa oni: Jauna, konfesore batek agindu deust penitenzijaren beian ez juateko danza naastubetara. Emon begit berorrek beste penitenzija bat, ta kendu begit bestiak emona. Bai, esaten deutsa, zuaz, ta ibilli zaite modu onian. O konfesore ta penitente bata bestia galduten dozubenak! Sinistu beinguan, errazoe baga emon eutsala alango penitenzija leenagoko konfesoriak? Idigi bidia ibilli dedin pekatuko peligru ezagutubetan? Ori da arimako borrero izatia, ta ez osatzalle, edo medikuba. Zelan izango da mediku ona itxiten badeutsa gaixuari jan, edo edaten kalte egingo deutsana? Eta arima jauskor, argal, ta gaisotubai emon lizenzija ibilteko galduko dituzan lekubetan? Eta ze damu darue konfesore on ta begiratubetati iges egin, eta duzanak penitenzija arinak emongo deutseezanetara? Ez daukee alanguak damu geijago diabrubak berak baño, dino san Bernardino Senakok. Non plus habent contritionis, quam diabolus.

        I. Zetarako da baña konfesoriaren penitenzija, konfesino onagaz parkatuten badira pekatubak?

        E. Jangoikuaren justizijari biurtuteko pekatubagaz kendu jakon onria; dongaro egiña kastigetako atsakabagarrijakaz, kontu geijago euki dedin ostera pekatura ez biurtuteko; eta alan konfesinoeko penitenzijak, ez dira bakarrik len eginiko pekatuben kastigurako, baita bere ostera ez egiteko. Zegaiti guraso onak kastigetan dau seme dongaro egin dabena? Zegaiti maisubak bere eskolakua? Ondu ditezan; ostera alangorik ez dagijen. Zelango eskandalu, ta gaistakerijak ikusiko liratez errijetan justizijak inor kastigauko ez baleu? Zer bada! Jangoikuaren kontra jagi danak pekatu mortalen bategaz, ez deutsa emon biar satisfazinua? Ete dakije pekatu mortala zer dan penitenzijarik, egin gura ez dabeenak, edo pekatu asko ta ezañak egin ezkero, gauza neke gitxikuak baño egin gura ez ditubezanak? Jangoikua izanik berez ain ona, aserratuten da pekatu mortal baten kontra, atzenik izango ez daben infernubaz kastigetaraño. Eta bere errukitasunian emon deuskulako epe ta denporia, izango gara nagijak egiteko penitenzija? Barriz, zelango tormentubak daukaz purgatorijuan pekatu mortal parkatu, ta txikarrak gaiti?

        Asko deritxuenak penitenzijai, artu begi goguan zelan kastigetan dituzan lurreko justizijak lapurreta andiren batzubetan artu ditubezanak. Daruez karzelara; ezarten deutseez kateiak; daukeez toki atsituban; ez dabee oetzat, laster ustelduten jakeen lasto zatiren bat baño; jaana laburra, deklarazinoe artuen deutsezanak, estubak; ta guenian daruez gaztelu batera zortzi edo amar urterako, iragotera katiak, biargintza gogor ta jan laburrekuak. Alan bere ez dogu esaten, justizija gogorragija dala. Zer barriz eriotzaren bat egin dabenen bat jausten bada justizijaren eskubetan! Urte osuetan milla pena ta naigabe, ta gero daruez urkamendi batera bizitzia galdutera jente askoren aurrian. Eta biarrak ez dira kastigu oneek? Orain bada, lurreko agintarijak begiratu daruake lapurreta, ta erijotza egindako pekatubei, gizonen kontrakuak dirian aldeti; ta eskatuarren parkazinua negar andijakaz, autortu edo deklarauarren dongaro egiña umiltasunik onenagaz, ez daruez librau kastiguti. Esango bazeuntsa urkamendirako karzelan daguanari, parkatuten jakola urkatuba izatia, gura badau sartu konbentu estu baten iragoteko an amar urte, egunian egunian baru egiten dabela, jagiten dala gaberdi guztietan kartujo bat legez, artuko leuke trukada au? Bai ta besuak zabalik, ta esker andijakaz. O kristinaubak! Nun da gure fede, ta errazoia? Zer dau zer ikusi pekatubak gizonen kontra dan aldeti, bardinian iminten bada Jangoikuaren kontra dan partez? Pekatu asko ta ezañak egin ditubenai, infernuba sarri merezi izan dabeenai, zuakez esatera, egin dagijela urte guztijan egunoro ordu bete orazino, erabili aragijaren kontra zilizijo batzuk, kristinau on askok legez; esango leuskezube, ill gura dituzun, zoratu ete jatzun. Asko diriala eurentzat errosarijuak egun batzubetan esatia, edo beste debozino laburtxubak etxian egitia. O penitente ederrak! Inos pekatu mortalik egin ezpalebe bere, ezin penitenzija gitxiago eskatu leikee. Alan ez dazaube zer dan Jangoikua ofendietia pekatu mortal bategaz. O itsumena! O fediaren illtasuna!

        Enzun San Karlos Borromeok dirautsena. Zelan, dino, lujuriotsu batek eziko dau bere aragi gatxera makurtuba, mankau baga modu onian zilizijo, barau, ta disziplinaakaz; edo zelan edo alan sakrifizijo ezigarriren batzuk egintzaka? Zelan, iñoren ondasunak bide dongaz beretu dituzanak, emongo deutsa Jangoikuari satisfazinua, ta ebagi aurrerako inklinazino edo natu gaistua, ostubak biurtubaz ostian, emoten ez badau zerbait limosnaz? Zelan, kristinau arro, sutsu, ta aserrakor batek ezi edo bezau daike bere jenijo edo griña dongia, zeñek daruan eziezaz, birauak lagunari egoztera, murmurazino astunetara, orazinoera emoten ez bada, zein dan bitarteko ta osagarririk onena kenduteko arimako gatxak?

        Zelan, Jangoikuaren gauzeetarako nagi ta atzeria izan danak, artuko dau bizitza barri iraungarri bat, ta baketu Jangoikuaren justizija, ez badua sarri sermoiak enzutera, meza nagusi bere eleisakora, bespera, errosarijo ta beste gauza onetara, ta urtian sarritxu konfesau ta komulgetan ezpada? Eta zer egin biar ez dabee errijetan ejenplu dongaak emon ditubezanak, ta arima askori emon deutsenak infernurako bidia? Zelan onelanguak desegin eskandalu, ta arimetan egin ditubezan kaltiak, bizitza santu ta ejenplu onakaz birtuteko usainak zabaldu baga? Guztijaz bere esango deutsube, asko dala konfesetia pekatu guztijak, ta egitia ezkutuban errezu, edo penitenzija erraz batzuk. Gura dabee konfesoria juan ez dakijen ezertan eskubetara. Gura ditubez irago egunak len legez; munduko olganza zoro edo gaistuetan len legez jan edanak; len legez gorputzak palagau, ta ondo artu. Zer geijago? Artu gura ez ditubez askok kenfesorerik errukitsubenak eskusau ezin leikezan, edo gura ta ez emon biar dituzan penitenzijak.

        Ona ejenplo batzuk. Izango da gizon ardaora emona, sarri katutu edo ordituten dana; ardanetxe edo tabernak gogo obiaz bisitau daruazana elexia baño. Dazau konfesoriak, pekatubaren iturrija daguala sartutian tabernan bera legezko lagunakaz; an belutu, ta doiala bideetan zabuka, albo alboka; ta errosarijo orde daruazala etxera biaro eskergak, diadarrak, emazte, ta umiai bizitza gogaitkarri bat emoten deutseela, etxian biar dabeena arduari emonaz. Dirautsa konfesoriak, adiskidia, zuk salbau gura badozu, egin biar dozu konfesino jeneral ondo prestauba, a aginduten deutsut, oñik ez iminteko edateko tabernan, ta onez ostian, edan aldi bakotxian, edo gois edo arratsalde baten, ez iragoteko kuartillu bat ardaoti, ta geijen, kuartillu ta erditi, ta ori ez orditu oi dirian lagunakaz, ta tabernan. Ez dau artu gura onelango penitenzija bene benetan kunplietako goguaz. Ezin eruan lei absoluzinoerik; bada aginduten ez deutsa beste aldeti egin biar dabena baño, zein dan alde egitia pekatubaren jausgarri edo okasino urrekoti.

        Arkituten dau beste bat, etxian daukana pekatu zantarraren galbide edo okasino jakina, edo bai daukala sartu urtena beste etxe baten, nun egin edo konsentidu daruazan pekatu ezañak. Dirautsa konfesoriak, bota etxeti okasino donga orren laguna, edo urten beste leku batera; ez ezelan bere oñik imini pekatu laguna daguan lekuban. Ez dau onelango penitenzija osakarririk artu gura? Ezin absolbidu lei konfesoriak; bada, agindu baga bere, egin biar leuke aguindu jakona?

        Egongo da beste bat lagunagaz gorrotuan, berba ta agur onik bere egin gura ez deutsala arerijotzat daukanari, alkar bisitetan ez dabeela auzo onak legez gaiso dirianetan. Dirautsa konfesoriak, zuaz ta egizuz bakiak, kendu egizu zer esana, umildau zakijoz; zuk uste dozu, ak ofendiduta zaukazala; ak usteko dau, zuk emon zeuntsala atsakabia; ta nik dirautsut, bitzubok daukazubela erruba. Ez dau artu gura penitenzija au, zein egin baga ez daguan bake iraunkorrik? Bada ez dago prestauta absoluzinua artuteko. Onelan, emon biar dituz konfesoriak arimia osatuteko biarrak dirian erremedijo edo bitartekuak, alderagiteko pekatuben okasino urrekuetati, ta penitentiak artu biar dituz borondate onez.

        I. Ah jauna! Penitenzija gogorra, barau, ta gorputzaren nekagarrijak, egin zirian konbentu barrubetan sartuten dirianentzat, ez munduban bizi gura debenentzat.

        E. Ederto. Baña penitenzija geijago biar ez dau pekatu geijago egin dabenak, edo peligru andijaguen artian bizi danak? Ai itsutasuna! Ikusiko dira kristinau bizitza dongia eruan dabeenak, belu jagi, galanto jan, egun guztian edo jokuetan, edo barriketa alperretan; meza bat aringa enzun, errosarijo arinago bat esan, ta beste gauza onik egiten ez dabeenak. Zer egingo dabee onelanguen aragi erregalau edo gozatubak penitenzijakaz ezi baga gorputz uzu, ta gatxera obenduba?

        I. Baña zer penitenzija egin leike nekezalerik geijenak?

        E. Atxurlari, ikazgin, olagizon, ta beste askok daukee bizitza gogorra, gorputzen mankargarrija. Alan da, ta onelanguak kunplidu ezkero konfesoriak emon deutseezan penitenzija, astunak izan ez oi dirianak, artu biar ditubez penitenzija orde, ta borondate onaz, Jangoikuaren amorez, daruezan atsakaba, ta gorputzeko pena mankagarrijak. Onelanguak euren biarretan daruez zilizijo ta disziplina ederrak. Ai baleruez, bizitza onak lagunduten deutseela, inori ezer kendu baga! Zelan kaputxino batek beste satisfazino emongo leuskijuen Jaungoikuaren justizijari! Badagoz bai onelango nekezale zuzen, garbi, ta Jangoikuaren bildurrekuak. Baña, o negar egiteko gauzia! Esan daikegu beste asko gaiti profeta batek zinuana; erein zenduben asko, ta batu gitxi. Nekatuten dira marasma txaarrak legez ezertarako ez dan euna eijoten. Telas araneae texerunt. Zegaiti alan? Zerren daruezan neke, pobreza, ta atsakaba guztiak, ez penitenzijako espiritubaz, ez pazienzijaz, ta bai geijenak, edo erneguz, edo biaroz, edo bizitza dongaan sarturik dagozala; batzuk emonak dira ardaora larregiaz; beste batzubek egin daruez lapurreta zitalak, edo engañubak ofizijuetan; ta txito asko egon oi dira lujurijako bizijo zantarrian. Oneek darue kurutze gogorra; baña lapur dongiarena legezkua, ta onek legez, joko dabee kurutzeti infernura, bizitza barri bat artuten ezpadabe. Grazijan ez daguanak, ez dau zerurako ezer irabaziko eruana gaiti pena ta atsakaberik andijenak. O nekiaren azpijan bizi zarianak! Ezagutu egizube egija oneek; egizube konfesino guztiz oso ta on bat desegiteko lengo dongaro egiñak; jarri zaiteze alan Jangoikuaren grazijan; eruan egizubez gero pekatuben orderako, daruazubezan pena gogorrak, ta ikusiko dozube, zein poz izango zarian erijotzako orduban.

        I. Zelan erraz egingo jakuz penitenzijak?

        E. Gomutaubaz zelan kastigetan zirian pekatubak Moisesen legian, ta zelan Jesu Kristo etorri ezkero lenengo urteetan. Ona Moisesen legian zer aginduten eban Jangoikuak. Esaten dabenak blasfemija, edo berba gaistoren bat Jangoikuaren, edo bere izen santubaren kontra, izan dagijala erijotzia, ilten dabeela arrika errikuak. Gurasuari biaro dongaren bat ezarri, edo eskuba luzatuten deutsana, lotsarik gordeten ez deutsana, ta bizijo gaistuetara emona, izan dedilla arrika illa, ta arri artian ezkutauba. Andrakume ezkondu gizasemeren bategaz pekatu loija egiten dabena, izan dedilla illa, baita bere pekatu laguna. Ganadu, edo abereren bategaz pekatu egiten dabena, illa izan dedilla, kendu dekijola bizitzia. Alan egozan Jangoikuak emoniko erijotzako sentenzijak senideren batzuben arteko pekatu loijak gaiti, ta izentetan dira, ze senidetzuk, legeko liburuban. Aginduten bere zan, ilteko arrika aaztu, edo igarla bidebagakuak. Zuaze zuaze orain itandutera onelangotzat daukazubezanai, nun galdu dan, nok ostu daben onelango gauzia. Zelango kastiguba izango ez dabee gero?

        I. Ah Jauna! esango dozu, antxinako legia gogorra zan; baña Jesu Kristoren legia bigunago da; au da amore ta bakezkua.

        E. Bai; ez dago Kristoren legia alango odol botaterik. Baña len erijotziaz kastigetan zirian pekatubak txikarraguak ete dira orain? Txikarraguak? Askozaz andijago, ta ezañaguak kristinau dirianentzat, ta infernuban geijago kastigaubak izango dira kristinau alango pekatubak eginda penitenzija baga kondenetan dirianak, Moisesen lege santuban dongaro egin ta kondenau zirianak baño.

        Enzun bada zelango penitenzijak emoten zirian Jesu Kristo etorri ezkero, ta konfesinoeko sakramentuba eguan egunetan.

        Garizumako baru bat errazoe zuzen baga austen ebanak, egin biar eban ogei eguneko ur ta ogi utseko baruba; ta berrogei egunekua, lau edo kuarta denporetako baruba austen ebanak.

        Gurasuari bidebagako injurija edo atsakabia emoten eutsan umiak, egin biar eban iru urteko penitenzija, ta zazpi urtekua, desprezijo andiren bat egiten eutsanak.

        Eleisan opizijo santubetan barriketan egon zirianak, egin biar eben amar egunian ur ta ogiazko baruba.

        Guzur ezagutubaren ganian juramentu egiten ebanak, berrogei eguneko baruba ur ta ogi, ta onezaz ostian, zazpi urteko penitenzija.

        Seigarren mandamentubaren kontra pekatu egiten eban neska, edo mutillak, iru urteko penitenzija.

        Andrakume ezkonduba jausten bazan onelango pekatuban, amar urteko penitenzija, komuninoerik emoten ez jakola denpora guzti atan.

        Donzellaren bat jausten bazan aragijazko pekatuban, amar urteko penitenzija, ta bardin andrakume alargunarentzat.

        Koñata, edo beste senideren bategaz jausten zanak, amabost urteko penitenzija.

        Amarrenak pagau ez zitubanak, eukan ogei eguneko baruba ur ta ogi utsakaz, ta pageetia eleixiari lau bider geijago.

        Gauza astunera elduten zanak lapurretan, zazpi urteko penitenzija, ta bardin guzur astunen bat erasten eutsanak lagunari.

        Onelan egozan beste pekatubak gaiti penitenzija latzgarrijak.

        I. Baña zer egin biar eben penitenzijako urte aetan?

        E. Enzun. Garizumako lenengo egunian agertu bair eben elexa ataijan soñoko pobre, ta zerbait etenakaz; onelanguak zirian orduko lutu-janzijak. Eleixan sartu eraginik, iminten eutsan obispuak autsa buruban, ta emoten eutseezan zilizijuak penitenzijako señaletzat. Etzuten zirian gero auspaz, ta alan obispo jaunak, zelan beste sazerdote ta batuten zirian kristinaubak, egiten eben orazinua eskatuteko Jangoikuari parkazinua penitenzijara sartuten zirianak gaiti. Obispo jaunak esaten eutseen, bota biar zituzala denporan zati bateko eleisati, zelan atera zituban Jangoikuak Adan ta Eba paradisuti euren pekatuben kastiguban. Alan, ateraten zitubezan eleisati, ta itxiten eutseezan atiak.

        Baña zelan bizi biar eben euren etxeetan? Lo egiten eben lur gogorraren ganian. Zeinbat baru ur ta ogi utsekuak? Ez eben inos urteten dibersinoe garbijetara bere; ta egozan bakartuta deskomulgau batzuk legez. Nok ikusi eikezan penitente ferboroso aek eleisa ataijan auspazturik negarrakaz erregututen eleisara juazan kristinaubai, eskatu egijuela Jangoikuari miserikordija euren pekatubak gaiti!

        Urte osuetan eukeezan alan eleisan sartu baga, ta ekusanian obispo jaunak egin ebela negar asko euren pekatuba gaiti, emon ebela ejenplu ona, largaten eutseen eleisan sartuten;. ez baña meza guztija enzuten, ta bai egiten zan sermoia, ta mezako lenengo zati bat opertorijoraño. Onetan sartuten zanian mezaemolia, urteten eban meza laguntzalle eleisgizonak, ta esaten eutseen penitentiai: zuaze zubek kanpora: asi da mezia. Zelango negarrakaz urten eruen, meza enzuteko prest ez egozalako! Ah bai! zinuen; galdu dogu geure pekatubagaz Adanek galdu eban baño leku obia.

        Gero, irugarrenez, emoten eutseen meza enzuteko lizenzija; baña eragozten jakeen beste kristinaubakaz komulgetia. Eta zeinbat denpora, ta negar kostetan jakeen eldu orduko komunino santuko maira! O denporak! O egun ederrak! Nora zaree? Zer dakusku gaur? Pekatuba korrontez, ta penitenzija itxura bategaz palagau gura Jangoikua, ta baketu konzienzija. Negarren artian irago biar liratian denporak Jangoikuagandi miserikordija eresteko, irago gura ditubez askok danza ta olganzetan; gorputza bigun arturik, galanto jan ta edanda;. ta burubak agertuten ditubezala, ez zilizijoz ta lutuz, ta bai apaindurik aldaben bestian, azturik ze pekatutzuk egin ditubezan. Eta onelango bizi modubaz salbau uste dabee penitenzija geijago baga? Oraingo pekatubak txikarraguak ete dira lengo kristinaubenak baño, pekatugillak geitu dirialako? Aek bere egiten zitubezan euren konfesinuak oraingo kristinaurik geijenak baño damu andijaguagaz.

        Ordu onian, ez gaitezala gu agertu eleisa ataijan soñoko eten ta lutuzkauakaz; enzun daiguzala sermoiak, ta meza santuba. Baña ez egin geure borondatez penitenzija geijago; ez artu bizitza Jangoiko bildurreko bat; urten bulla, ta olganza zoruetara, ta bizi, inos pekaturik egin ez dabeenak bizi ez dirian legez, pekatu asko egin ezkero? Nun ikasi da dotrina au? Ez da inos desegindo San Juan Bautistaren esan au: Egizubez penitenzijako frutu biar bestekuak. Facite fructus dignos penitentiae.

 

aurrekoa hurrengoa