www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Konfesino ona
Juan Antonio Mogel
1803

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Confesiņo ona edo ceimbat gauzac lagundu biar deutseen confesinuari ondo eguiņa izateco, Juan Antonio Mogel. Fermin Larumbe, 1803

 

aurrekoa hurrengoa

IRAKASTE X

Gauza beraren ganian beste dotrina bat.

 

        I. Zeren ganian berba egingo dogu gaur?

        E. Ontsubengo dotrinan ez luzatuterren esan baga larga genduzanen ganian, agertuteko nun dagozan pekatuko okasinuak.

        I. Zer esan biar da euskal erri askotan ikusten dirian jente gazteen batzakuntzen ganian?

        E. Negar egiteko gauzia. Artuak zuritu, ta linuak apaindu biar badira, batuten dira neskatilla ta mutillak. Esan daruez berba ezañak; beste batzuk lagunduten deutsee dongaro esatiari, zerbati aurreratubaz. Neskatilla zoruak egiten ditube barre gozuak; eragorzi biar leukeen gizon ta andra naustubak, ez dabee damurik artuten, ta uste dabee gazteetan guztia ondo dirudijala. Alan, askotan guzti guztiak, zar ta gaztiak beteten dira pekatuz. Zeinbat danza modu dongako? Zelango esku ezarte, ta laztanak? Ordu osuak gabaz pekatu asko egiten igarota, duaz euren etxetara illunian neskatilla ta mutillak, ta aitatu bere biar ez dira alkarren artian egin daruezan zikinkerijak, ta duaz oera pekatuz aseta. Onei deituten deutsee bigirak; ikusten dira kristinau errijetan; gurasuak largaten deutsee seme alabai alango biargintzetara juaten; bai, euren zorigaistuan. Onelango toki, ta okasino dongai betiko agur bat egin gura ez deutsenak, ezin absolbidu leiz Aita Santu Erromakuak bere. Esaten ezpadabe konfesinuan zelan juan, ta ibilli dirian, ta zertzuk egin dituben, dongaro konfesetan dira; esan, ta iges egin gura ezpadabe alango okasinuetati, konfesetan dira propositu baga, ta dongaro. Arimarik santeenak galduko lirate laster alango gorputza beteta balebilz bere. Zeinbat geijago bestelanguak?

        I. Eta zer esan hermita ta erri albokuetako piestera duazan mutillak gaiti? Oneek badauke okasino dongarik?

        E. Itaune oni eranzutia erraza da asko minduko badira bere. Ez dogu esango mundu guztijak ez dakusanik. Zetako ixillik itxi? Ze gauza on ikusten da bide orreetan? Mutil ta neskatillak zelan dabiltzaz? Ze berbak esan daruez? Zeinbat esku ezarte, ta musuka gaisto? Zeinbat konbersazinoe lotsagarri? zeinbat algara gozo enzunda berba txaarrak? Piestako danzetan gauza zantarrik egingo ezpalebe bere, nok ukatu egin daruezala guztiz asko bideetan alkarregaz duazanian, ta menturaz gaba eginda, or ta emen geldituta, ta bidiaz neskatilla batzuk tabernetan mutillakaz sartuta? Santa Teresak beste birtute baleuke bere, galdu ta nasaituko lirate uda aldi baten alango piestetara duazan neskatillak. Saltoka, brinkoka, ajui ta zanzuak egiten, eskubak alkarri emonda, botaka, bulzaka, esku ezarka, gau illun ta bide bakarretan. O euskaldun maitiak! Oneek ezpadira okasino donga ta pekatubak, nun dago munduban okasinoerik? Guzurrak dinodaz?

        Ez jauna; baña ez dogu intenzino dongarik; ala da usu, alan izan dira lenguak bere. Zer? Intenzino txaarrik ez daguala pekatu mortalak egiten ibillita? Juzgauko zaitu Jesu Kristok munduko usu dongeetati? Ez, ta bai bere legiagaz. Asko dabilz? Ainbat gaistuago. Askoren pekatubak geijago aserratu darue Jangoikua, gitxirenak baño, ta ez zara infernuban gitxijago erreko, dino san Agustinek, askogaz erreko zarialako. Ebagiten ezpadira pekatuko bide ezagunak, ezin leiteke konfesinoe onik.

        I. Eta itxi gura ez ditubezanak danza donga, edo modu gaistokuak bizi dira okasino urrekuan pekatu egiteko?

        E. Bai; badira barriz danza onelanguak pandango, edo mutil ta neskatillak gitxi batzuben artian egin daruezanetan. Oñakaz magalak arindetia, aringa aurrera etorri ta mutil dongiak egitia demonstrazino pekatukuak, edo mobimentu asmo gaistokuak, dakusezanai bere emoten deutseenak bidia atsegin loiren bat artuteko, ta laztan emotiak baño malizija geijago erakusten dabeenak. Ez dago iñor akzinoe donga oneek librauko ditubanik pekatu mortaleti, dala emoten deutseelako pekatu bidia neskatilla danza lagunari, dala ikusten dagozanai. Onelango danzetati alde egin gura ez dabeenak, bizi dira pekatubetako okasino ezagutuban. O guraso euren etxeetan onelango bigira ta danza lotsabagiak eukiten dituzubenak! O neskatilla alango danzetara lagunduten dozubenak! Zelan konfesetan zaree?

        I. Zer esan baña plaza agirijetan tanboril soñubakaz usetan dirian danza naastu, ta neskatilla mutillen artekuen gañian?

        E. Oni eranzuteko asko esan biar litzate. Bakarrik dinot, danza oneek askorentzat diriala pekatubak egiteko okasino ezagunak. Sarri, ta gogoz onelango danzeetan dabiltzan jente gaztiak, dabiltzala peligru urrekuan, ta arimarik onena bere galdu ta nasaituko dala urte bete baño leenago. Nosbait, gitxi gitxitan, gogo otz, ta afizino baga, lotzaz, edo aginduz, kontu andijagaz ibilteko asmoz, duanak alango danzeetara, pekatu loijari gorroto deutsala, librau leite pekatuti, ta onelanguentzat ez da izango okasino urrekua. Bein edo beste afizino amorezko baga neskatilla batek berba egitia mutil bategaz bakarrian, ta errazoe onaz, pekatu ez da. Baña afizinoz, oniritxiz, gogoz, sarri alkarregaz egon, ta berba egitia neskatilla mutillak, da amore dongia artuteko, ta gauza txaarretara igaroteko okasino andija, zerren onelango okasinuetan geijenak galduten dirian. Alan bada bardin gitxi gitxitan, gogo otzaz, asmo donga baga, pekatu loijari gorroto deutsala doianak danzara, ez dau agaiti pekatu beintzat mortalik egingo. Alan bere guztiz ondo egingo dau, ta Jangoikuari atsegin emongo deutsa, ez juatiaz alango danza nastubetara beintxu bere; eta guraso dongaren batek aginduko baleuskio juateko piesta leku ta alango danzeetara, ez dauka umiak obedezietako obligazinoerik. Kristinau onak baduaz danzeetara, zelan dongaai sinistu eragin juan biar ez dabeela?

        Gauza gogorra, jauna, esan darue kristinau gazte askok, urte guztian egotia piesta ta danzetara juan baga. Zer esango dabee nigaiti? Zer? Gauza gogorra, arimia gordeterren orrenbeste egitia? Emongo baleutsu gurasuak ogei errialeko bat danzara ez zuazan bakotxian, edo piestara juan baga etxian egotiarren, ez ziñate etxian geratuko? Jangoiko aitarik onenak eskiniten dituz sari andijaguak bere amorez okasino urreko laster egiten dirianetati alde egiten dabeenentzat. Nok euki lei gogua, nok gorroto artu ez ibillera ta olgantza nasaiai, zeintzubetan egiten dirian Jangoikuaren ainbeste ofensa, ta galdu arima asko? Barre egingo deustee ez banua. Eta lotsatuko gara Jesu Kristoren diszipulu izaten? Bera bere lotsatuko da onelango lotsoor, ta bildurtijak dizipulutzat ezagututen. Larga bada lurreko legiai, askoren egite zoruai, ta bizi beti iratzarririk tentazinoko lekubetara juan baga; barriz arimako kaltiak len atera ditubezanak, bestiak baño errazoe geijagogaz.

        Ez dot nik inos gauza txaarrik egin plaza danzeetan. Au da esesino, atxakija, betiko lelo, ta soñuba; au, eranzun daruena danzazaliak. Baña izan leite biar legez ez ezagututia, ez sentietia antz, edo usain dongia egonarren, zelan gaisotegi edo hospitaletan gaisuen artian dabilzanak, sentidu ez daruen usain txar edo antzik, ta bai banaka batzubetan baño ez duazanak. Erdu ona. Ez deustsazu oniritxi, edo berezko kariñorik artu danzara atera zaitubanari? Ez deutsubez iños esaten belarrira berba laban edo amorezkorik? Ez dira bein baño geijagotan irago esku estutute malizijazkuak, ta beso imurtxijak? Eta nosbait zerbait geijago? Artuten zeuntseen gorroto andirik? Esana esan, peligrosuak dira gazte guztijentzat euskal errijetako danza agirikuak, ta askorentzat okasino oso, ezaguna, ta pekatu bide urrekuak.

        Dongago da ibiltia bazterretan pandango ta danza ezkutuko, ta lotsagabeetan, edo konbersazino dongeetan. Kontu ederra! Eta egin lei kristinau batek ondo ez dan gauzaren bat on andijak baletoz bere dongaro egitetik? Ez-etz dino san Pablo apostolubak. O errazoe sustrai bagia! Dongago da gizon bat iltia, makillaka banatutia baño. Eta makillaka banatu ginai? Dongago da ogei eskudoko bat ostutia, eskudo bat baño. Eta ostu ginai eskudo bat pekatu baga? Zer balijoko dabee Jangoikuaren juizijuan apaindurija ta esesiño txaarrak? Gauza on ez dirian guztijak eragozten ditu Jangoikuak. Gorde burubak, dino apostolu batek, gauza txarreren irudin edo itxuria daukeen guztietati. Ab omni specie mali abstinete. Ez aztu bada esan doguna, ez daguala konfesino onik propositu egijazkuaren paltaz, pekatuko labanarri edo okasino ezagunetati urten gura ez bada. Au da eleixako dotrinia. Sinisten ez badogu, jentilen artian kontadubak izango gara.

        I. Baña gatx egiten jakee okasino dongaak daukeezanai larga, edo urratutia?

        E. Bai, bada loturik daukaz diabrubak amore zantarraren katia gogorrakaz, ta urratu ez dagijezan ta iges ez dagijen, astunduten deutseez grillubak. Zeinbat asmazino ta atxakija emon ez darue? Ateraten badot, edo urten etxeti urtia osotu baño leenago, dongaro esango da. Agur nire onria; agur nire ogija; nun topaduko dot beste etxe, edo ugazaba bat? Nun onelango serbitzarija? Au zer da? Pekatuban barrurago sartutia, katiak astunago egitia, pekatuba edertu guria. Baña zer eranzuten deutsee Jesu Kristok? Ona bere berbak. Baldin eskubak, edo oñak emoten badeutsu arimia galduteko bidia, ebagi egizu. Begijak bazaruaz pekatura, atera egizu. Obe da begi, esku, ta oiñ bakarrakaz zeruban sartu, begi, esku ta oiñ binaakaz infernuban baño. Au da esatia, begija, eskuba, ta oña bera baño bere biarragotzat badaukazu pekatura zaruazan persona, leku, etxe, ta beste edozein gauza, larga, bota, ta urratu dagizula. Infernura bazuaz, zek aterako zaitu? Ugazaba donga tentatzalle gorroto santu bat artu biar deutsazunak? Zer onra ta onra oste? Jentiak leenago ezer ez badaki, ezin ezer esan lei; badaki, bera gaiti kendu biar da zer esana. Gosia emoten dan etxeti, edo ugazaba andra ernegada, ta errierta zalia dan serbizijoti, urteten da laster begiratu baga zer esanai. Neskatilla otseiñak ostuteko ekanduba badauka, botaten da arin onian. Ezin urtenak dira arimia galduteko peligrubak dagozanian. Edo larga konfesinua, ta juan infernura sakrilejiuak egin baga. Eleixa ama santiak eragozten deutsee konfesoriai emotia absoluzinua borondatezko okasino ezagutu ta dongeetan dagozanai. Baña zer egin darue alan bizi dirianak? Edo ukatu pekatubak konfesinuan, edo billatu konfesore jakiturija ta konzienzija bagiak, dino san Antonio Florenziakuak.

        Jauna, dinue, juango nas len dongaro bizi nintzan etxera; baña ez dot berbarik bere egingo pekatu lagun izan dodanaz. Guzurra dinozu. Ez da propositu benetakua maite danian okasinua. Gorroto bazeuntsa pekatubari, gorroto izango zeunskio bere okasinuari. Lenengo sarreran egongo zara bildur apur bategaz; nundi edo andi agertuko da pekatu laguna. Menturaz au dago lengo asmo dongeetan, ta ez balego bere, begijak ez dituzu eukiko beti lurrian josirik; elduko jatzu ikusguria, ikustiak biztuko dau oniritxi, edo kariñua, jagiko da tentazinua, asiko dira irribarretxubak, begijak itxastiak, berba egitia, bakarrik geratutia, ta orra ostera katigu lenenguan baño katia gogorraguakaz.

        Zelan baña igaroko nas agur edo berbarik egin baga edolan bere bidian topeetan badot len adiskide izan dodan personia? Adiskidetasun ori izan da arerijotasunik gogorrena. Gorroto bazeuntsa pekatubari, egingo zenduke benetako gorrotuan dagozan personak egin daruena; iges egin bidez bere topau ez dagijan arerijua; damuz topetan badau, edo agurrik egin ez, edo agur otz, ta motz bat eginda irago aurrera bekoki astunagaz. Au, ta geijago egin biar dabee dongaro bizi izan dirian kristinaubak;. egin alegiña ez ikusteko; uste baga, topetan bada, igaro aurrera berbarik egiten geratu baga, motz motzik, ta bekoki astun bategaz. Bestelan berbiak ekarriko dau ikus ta egon guria, onek biztu kariñua, ta sartuko ditu diabrubak lengo sarian, ta ez dabee beinguan iges egingo ostera atrapetan baditu.

        I. Badago onen gañeko ejenplurik?

        E. Bai ta ezin esan beste. Zeinbat galdu dira erijotzako une edo tranzian bertan negar andijakaz konfesau zirianak, etorri jakeelako gela, edo oe aurrera amore gaistoko laguna, ikusita beste baga bijotza samurtu, ta amoria bizturik? Zeinbat ill dira zerbait leenago laztan estuba emonik oe onduan eukan adiskide txarrari? Bildurtuten zan Herodes San Juan Bautistiaren berbaakaz; gauza on batzuk egin eruazan, baña ez itxi, ez bota etxeti Herodiana andria. Alan lotuten ditu diabrubak, sartu daruaz bere butroe barruban; badabilz jira ta bira, baña urten baga. Beti, ezin eginak, murmurazino bildurrak, ondu gura gauza ezak, propositu berbazkuak;. baña beti sare barruban, katigu okasino dongeen grillubetan. Igaro misinuak, egin konfesino jenerala negarrakaz; baña egun gitxi barru lengo olgantza txar, etxe, piesta ondagarri, ta lagun dongeetara. Bizarra egin, arpegija apaindu, baña laster ostera bizarrez janzi, sustraijak atera ez zirialako. Nun dira lengo negarrak? Nora propositu ain senduak zirudijenak? Nora konfesoriari esatiak, jauna, ikusiko dau; emendi aurrera beste bat izango nas? Nora? Aise dongiak eruan ditu; diabrubak sartu ditu, zabaldurik eukan sarian. Baña norako dira azkenian pekatu zantarrez beterik? Badaruez egunak, esaten deutsee Isaias profeta santubak, atsegin ta kontentubetan, ta beingo baten jasten dira infernura. Azken ederra.

 

aurrekoa hurrengoa