www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Konfesino ona
Juan Antonio Mogel
1803

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Confesiņo ona edo ceimbat gauzac lagundu biar deutseen confesinuari ondo eguiņa izateco, Juan Antonio Mogel. Fermin Larumbe, 1803

 

aurrekoa hurrengoa

IRAKASTE VIII

Zelan benetako proposituba dan guztiz gatxa alan osasunian, zelan erijotzako egunetan, ekandu dongeetan sarturik dagozanetan.

 

        Irakatsi dogu irago dan dotrinan, zer dan proposituba, ta nundi igarriko dan bere sendotasun edo argaltasuna. Baña dakuskun orain, zein gauza gatxa da bizijo edo ekandu dongetan sarturik dagozanentzat.

        I. Nundi dator kristinau asko egotia bildur baga euren pekatuben artian, edo bizitza donga ta guzti?

        E. Dator begitanduten jakeelako konfesino on bategaz nos edo nos alkanzauko dabeela pekatu guztien parkazinua, ezagutu biarrian geruago ta gatxago egingo jakeela bijotza onera jiretia. Baña, zein zorakerija andija! Nor da bere bizitziaren jaube? Nok daukaz eriotzako giltzak? Jangoikuak. Nok neurtuta imini ditu gure egunak? Nori emoten deutsa kontu Jaunak nos izango dan bizitziaren azkena? Eta artuten bagaitu eriotziak uste bagaan onduteko asmo soill, ta zoruakaz? Salbauko gaitube gero onduteko gogo edo propositubak? Datorren urtian batuko dan garijagaz jango da aurten? Infernuba beterik dago propositu onez, dino san Bernardok. Kristinau gitxi dira Judas legez ernegau ta galdu dirianak betiko. Geijenak kondenetan dira salbeetako ustiaz. Espiritu Santubak estalki baga dino, gaistuen egunak laburtuko diriala, gabaz, lapurra legez, etorriko dala eriotzia. Beraz luzabide zoruakaz, ta pekatubak pekatubei geitubaz, iminten dabee kristinaubak arimia iños penitenzijarik ez egiteko arrisku ezagunian.

        I. Baña osasuna, ta entendimentuko argitasuna euki ezkero edonos birau leiteke pekatarija, ta zelan guztiak ilten ez dirian begingoan, uste dot salbauko nasala.

        E. Errazoe zorua baño dongagua da ori. Osasun onak ez dau berez emoten penitenzija, ta bai geijenez atzeratu gizonen gaistakerijaz. Barriz, nok esan deutsu gero nos nai zeuri otu, edo antojetan jatzun orduban, gura dot esan ta beste baga, arimia aldatuko dala beinguan pekaturik grazijara? Konbersinoe egiazkua ez da gure alegin utsakaz egiten; biar deusku Jangoikuak lagundu bere miserikordijako auxilijo, edo lagungarri santubakaz. Zelan ateraten ditugu kontubak? Itxaran dagijala Jangoikuak ordu onian gu pekatuz aspertu artian. Gogait egin daigunian bera ofendietaz, mundubak ezertako gura ez gaitubanian, datorrela Jauna geure billa, ta gura ta ez legez eruan gagizala beragana. Deituten gaitu orain; gortuten gatxakoz; baña geuk gura dogunian, artu gagizula, obligauta balego legez gure esanak egitera, ta ez guk beriak. O itsutasun ezin andijagua!

        Erdu ona. Ekanduta ez daguan bat erlojubak egitera, obligau gura bazendu beingo baten egin dagizula bat, zer eranzungo leuskezu? Ikasi ezdabela biargintza gatx ori. Bada zelan beinguan ta nos nai egingo ditu akto kontrinoeko bijotzekuak egitera ekanduta ez daguanak? Baña daigun ez zaitubala Jangoikuak largaten zeure borondate dongiaren atzamarretan; gero ta gero bere deituten zaituzala bere grazija edo lagungarri bizkorrakaz, bakerik aurkituten ez dozula zeure pekatubetan. Jarraituko deutsazu bere deijari? Elduko zara bere besuetara pekatuben damu andi bategaz? Ah, ta zelan bildur izateko dan gogortuko zariala, ikusi gurako ez dozula argi santuba, ta illgo zariala pekatuban konbertietako propositu argalakaz! Ez orain ez orain, eranzungo deutsazu, bai gero. Eta gero au nos elduko da? Geruago ta gogorrago egingo zara; baketuko zara konzienzijako arragaz, ta iges eginik Jangoikuaren argitik, ibilliko zara pekatuben illunpian, ta joko dozu infernuko lezara, nundi urtengo ez dozun.

        Gura dituzu enzun bardintza batzuk? Ona bada. Sutegiti atera barrija dan burdinia samur ta biguna dago; mallukiagaz edozein itxura artu eragiten jako. Baña gerora oztu ezkero, gogortuten da, ta mallukari gaisuak ezin dau besterik ezpada nekatu buruba alperrik. Pekatuban barrijak dirianak bildur errazak dira geijenez; ekarri deitekez gauza onetara orrenbeste neke baga. Baña pekatubetan zaartu dirianak, bekatuba egin danian etxeko, edo ekanduba, alango moduz gogortuten dira, eze galdu darue geijenez Jangoikuaren gauzeetarako gogua, ta artu daruezan onduteko propositubak dira palso, guzurrezko edo itxura utsekuak. Ortuba jaon edo zainduten daguan txakurtzarrak, badakus urrineti bere, ez dazaubana, asiko jako zaunkaz, ta gura leuke agiñen artian euki; baña etxekua bada, ta ezagun egin bada kanpokuaz bere, sarri etxian ikusi dabelako, ez deutsa gatxik egiten, ta bai pozkarijak. Alan bada, lenengo pekatubetan konzienzijak egiten deutsee zaunka, ez dau bakerik arkituten, konfesau biar dot beriala, dino arimiak; txikituten dau buruba negarrez. Baña pekatubakaz ezagun, adiskide, ta etxekotu dana, dabill gero piestan pekatubakaz.

        I. Beraz guztiz gatxa da osoz ondutia dongara ekandurik daguana?

        E. Zelan bere dan. Surauts, edo tabakua artutera ekanduta daguanari, txito gatx egiten jako ez artutia. Berez tabakua artuteko oben edo inklinazinoerik ez dogu. Asko dira artu gura ez dabeenak, ta gorroto bere deutseenak; lenenguetan ez dau atsegiñik emoten, ta erraz itxiko litxakio. Baña artutera ekandu dana, urte osuetan surrak autstu ditubanak, nekez itxiko dau, ta egun baten palta bajako, bijotz triste edo illunagaz ibilliko da beti bere tabakera ta tabakua goguan ditubala. Nok esan lei, ezpagenkus, ain gatxa dala kendutia ekandu au, ta zeñetarako beste aldeti ez dakargun jatorriz inklinazinoerik? Orain bada, zeinbat atzerabide, ta eragozgarri izango ez ditu gizonak kenduteko aragijaren bizijo itxaskor ta naturaleza dongatuti datorrena atara emona bada? Zelan erraz ezi, edo bezau aragi pekatubagaz uzutuba? Zelan lotu begi oitu, edo ekandu dirianak ikustera amore gaistoz adiskide pekatukuak? Zelan egongo dira ixillik nosian bein berba zantarrak esatera egin dirian ezpan, ta miñak? Zelan artu gorrotua, ta betiko agurra egin len ain maite izan dituban danza naastu, ta okerrai? Zelan euki geldi oratute ta tokamentu loijetara ekandu dirian eskubak? Pasiño txar bat itotia ain gauza gatxa bada, zelan goitu edo benzidu sentidu guztijetan artu dirian usadijo edo ekandu dongaak? zelan arpegi emon ainbeste arerijori?

        I. Jauna, badira orretarako bitarteko onak, zelan dirian orazinua, liburubak irakurtia, gorputzari indarrak kendutia, ta alan beste batzuk?

        E. Bai; baña pekatubetara ekandu dan arimiak ez dau geienez gogo ta gozorik orazino bero, ta negarrezko eskarijetara; gorroto oi deutsa penitenzijari; liburu onak edo irakurriko ez ditu, edo irakurriko ditu ezin bestez. Alan aurkituten da arimia abere bat eginda gauza on guztietarako atzeratuba, bakarrik daukala atsegiña aragijaren gusto zikiñetan, pekatuben pisubaz obendu ta makurtuba, begijak zerura gogoz jasoten ez dituzala. Zelanguak izango dira bada onelanguen propositu ta konfesinuak?

        I. Dirudi ez daguala zer eranzun errazoe ain argijetara; baña badakuskuz pekatubetara ekandubak bere denpora apur baten zerbait ondubak; pazkuaz konfesau, misinoe bat enzun, ejerzizijo batzubek eginda, egon oi dira bizitza on bat daruelako estalkijaz.

        E. Ondo dinozu; badirudije zerbait ondubak, baña ez dira dirudijen guztiak ariman obiaguak. Ez daruez atera pekatuben sustraijak; ez ebagi ondoti arbola txaarra ta bai adarren batzuk inausi. Egun gitxiren barruban ikusiko dira erro barrijak, janziko da arbolia adar andi ta senduakaz. Bide luzeren baten sartu danak, atseren biar dau zerbait, ta atseren au ez da bidia largatia, ta bai indar ta arnasa artutia aurrera ibilteko gogo barrijagaz. Alan bada dakuskuz pekatari zaartu asko garizuma. ejerzizijo ondo, ta misinoe osteko egunetan buruz bera legez, pekatuko bidian aurrera ez duazala; baña ez beinguan sinistu itxi deutseela guztiz pekatuko bidiari; arnasa artu darue, atsereten dagoz, ta jagiko dira laster jarraituteko gogo barri ta senduaz lengo bide dongiari. Amabost bat egunian pekaturik egin baga, gogait legez egin dabeelako pekatuko bidian, lassati suntus in via iniquitatis, ta gero urte guztija Jangoikua ofendietan. O negar egiteko gauzia! Eta zer jazoko jakee? Indartuko dira pasiño gaistuak, gogortuko da bijotza, ta geruago ta gatxago Jangoikuagana biurtuteko propositu, edo gogo egijazkua.

        I. Gura neukez enzun bardintza, edo konparaziño onen gañekuak?

        E. Ona emen. Seintxu edo jente gaztiak txito erraz, ta ederto ikasi darue berbeetia, dala erdera, da euskera. Gaztelati badator euskal errira lau edo bost urteko mutiltxu bat laster ta geuk legez ikasiko dau euskeria, ta aztuko jako ikasi eban erderia, baserri baten azten bada. Baña badator berrogei urteko gizon bat, biarko dau denpora luzia ikasteko, ta ikasten dabena bere, ez ondo; beti izango da ezaguna. Miña egiten da molda gatxa. Landaratxu gaztiak oker badatoz, zuzen errazak dira, baña arbola lurrian mardotu edo loditubak, nok zuzendu okertubak badagoz? Errekatxu bat igarotia erraza da, baña ez ujolak jagi badira. Zelan bada zuzendu konfesinuak biar daben propositu sendora urte osuetan pekatubetan gogortu ta sustraitu dirianak? Zelan ikasi ta artu birtuteko bidia pekatubetan zaartu dirianak? Zelan igaro errez penitenzijako ibaija pekatuben ujolandiak jagi badira?

        Bai bai; pekatubaren ultze sartu barrija atera leite erraz, baña ez pekatubakaz mallukatu badozu, dino san Juan Krisostomok. Pekatu egin barri bat konfesetan lotsatuten dira asko, baña zelangua izango ez da lotsiaren indarra konfesino donga asko egin badira bildurrez estalduta? Nok atera ultze ain mallukatuba? Len asko zan pekatuba bera agertutia konfesoriari; baña gero esan biar dira pekatuba bera, ta au ez agertubagaz egin dirian konfesiño donga guztijak. Maldizino edo birao astunak asieran kendutia, etzan gauza orren gatxa; baña euretara ekandu dirianak, ez dabee beste dotrinarik euren esturasunetan, ta urten daruakez aotik zelan ez dakijela. Gauza ostuba lenenguan biurtutia ez zan orren gauza gatxa, baña etxekotu, ta aragitu bada, nok atera untze ain gogortu ta sartuba? Alan beste bizijuetan; batez bere amore loi bat urratuteko. Zelan luzatu bada, atera? Zelan bigundu alango bijotza amore gaistoti Jangoikuaren amore ederrera? Ez milagro andi baga.

        I. Baña guzur andija da, diabrubak kristinau askori siniserazoten deutseena, au da, gerora aldatuko jakeela bijotza onerako, propositu senduak egingo ditubezala aragija makaldu, ta indarbagatu dedinian?

        E. Bai bai, ta zelan dan guzur galanta. Ona zer dinuan Jeremias profeta santubaren aoz guzurrik esan ezin daikian Jangoiko ber berak. Gatxa itxatsirik daukana, nos osatuko da? Nos largako deutsa dongaro egitiati? Etiope baltzak narruba edo azala zuritu, ta aldatuten dabenian, edo leopardo edo arriak aldatuten ditubanian bere kolore, edo mantxak. Mauru baltzari zelan zuritu bere arpegija milla uregaz bere? Katu nabar bat zelan zuritu? Ez Jangoikuaren milagro andi baga. Orra bada zein gauza gatxa dan zuritutia pekatu asko, ta ekandukuakaz balzitu dan arimia. Biar da Jangoikuaren mirari andi bat, ta mirari edo milagruak gutxijenak dira. O itsutasun ezin esan bestekua! Beste gauza guztietan ezagututen da asieran erraza dana, gatxa dala geruaguan. Gorputzeko gatxetan esan oi da adiuntzaz, edo asieran datozala ondo osagarri, edo erremedijuak; belu datozala, gatxak indarrak artu baditu. Iru soka alkarregaz biurtubak, nekez eteten dira, dino Espiritu Santubak. Zeinbat nekezago amar edo amabi orapillotubak? Zeinbat gatxago izango da pekatu askoren orapillo lodi bat urratutia? Gaztiak (geijenez) ez deutsa zaartuta bere itxiko bere bidiari, au dino Espiritu Santubak. Gaztetan uste da zartzako egunetan artuko dala birtuteko bidia, ta zaarturik dagozan asko dabilz nasaitasunak alabetan. Baña zer izango da? Azeri gasito onek beti darabille aldian antza, ta zarrago ta geijago. Ezpadabilz eskuka loijetan, esango ditube berba zantar, ta arima askoren ondagarrijak; ezpaduaz danza naastu edo peligrosuetara, gaztiai emongo deutsee aurrerabidia juan ditezen. Buru ule murritu, edo zuritubaz eukiko ditube bijotz ta ezpan porruba baño berdiaguak.

        I. Jauna, ez neban sinistuko orren gauza gatxa zala Jangoikuagana propositu senduagaz biurtutia jausi ta jagi, ta bizijo dongeetan sarturik dagozanak.

        E. Ona bada sinisgarri barri batzuk. Eldu zan bein Jesu Kristogana txito estu, ta larri gizon bat, zeñek eukan bere semia Gaiskiñakaz, ta dirautsa, Jauna, eruan deutset seme au zure diszipulubai osatu dagiden, ta euren konjuru guztijakaz ez dabee ezer egin; sendo dagoz espiritu dongaak, ta ez dabe urten gura izan. Erdu ona, esan eutsan Jesu Kristok. Nosti onakua dau gatx ori? Noskuak ditu beregaz Gaiskiñak? Umetati onakuak, Jauna, eranzun eutsan gizonak. Ab indantia. Zetarako egin eutsan Kristok itaune a, berak beekijan guztija? Ezagutu eragiteko gatx zaarrak ez diriala osatuten edozelan; biar dala Jesu Kristoren konjuruba; biar dala milagro andi bat. Itanduten bajake konfesetara datozan batzubei, noskua dozu berba zantarrak esateko ekanduba? Noskua pensamentu ezañetan gozatuteko oituria? Nosti onakuak zikinkerijako beste pekatubak? Eranzun leike egija esatera, umetati asi ziriala eskola donga atan. gero zerbait azita bere, jarraitu eutseela ekandu donga umetako egunetan artubari, ta buruko uliak beste pekatu egin dabeela pensamentuz, berbaz, ta eskuz. O zein zaarra, ta txaarra gatx au! Zelan beinguan osatu? Zelan artu gogo senduak birtutia maite izateko, ta pekatubari gorroto? Asko ete dira sermoe, ta konfesoren konjuru, edo konsejubak? Arrizkuak dira alanguen bijotzak, diabrubak jaubetasun edo posesino luzia dauka, ta Jesu Kristok mirari andi bat ez egitera, bijotza lengua izango da, ta iraungo dau borondatiak aldatu baga erijotzaraño.

        Baña ona Ebanjelijoko bigarren ejenplu bildurgarrijagua. Gizon bat librau zan infernuko Gaiskin loi edo zikiñeti. Ikusi zanian arerijo loi ta donga a bere etxeti kanpuan, ebillen basamortuan atseren ta bakerik artu ezinda. Dino alango baten, biurtuko nas urten neban etxera. Biurtu zan; baña zelan topadu eban grazijaz apainduba, ez eban sarrerarik izan. Zer asmau eban? Juan zan lagun billa, ekarri zituban beragaz bera baño dongago zirian beste zazpi Gaiskin edo infernuko Espiritu. Ekin eutseen guztijak gizon ari, goitu edo benzidu eben, eragin eutsen pekatu, ta galduerazo grazija, sartu zirian zortzirak gizon triste aren barruban, ta geratu zan lenenguan baño dongago; len infernuko bategaz, ta bigarren pekatu aldijan, zortzigaz. Zelan arik atera zortzi Gaiskinak? Nun da gure fedia? Oneek ete dira ipuin engañetako asmaubak? Ez, ta bai Kristoren esanak. Zelan geratuko da pekatuban daguan arimia urte osuetako konfesinoe, ta pekatuben nastiakaz? Zelan sendotuko ez dira infernukuak? Zelan gogortu ez irauteko eurentzat daukeen etxian? Ah ta zelan dan guzur andija baño andijagua, geruago ta errazago dala propositu senduak artu, ta Jangoikuagana biurtutia! Pekatubak pekatubari geitubaz egiten da kate lodi ta senduagua.Ta erraz izango da kate au urratutia? Geruago ta borondatia gogorrago, Jangoikua aserriago, ta infernukua indartsubago.

        Baña ez da ixillik igarotekua San Jeronimok dakarren jazoera au. Eguan bein Arsenio eritxon eremutar santuba baso bateko kobao, edo lezan. Agertu jakon aingeru bat ta esan eutsan, Arsenio, urten egizu kanpora, ta erakutsiko deutsut gizonakaz jazoten dana. Urten, ta ikusi eban gizon bat basuan egurra ebagi, ta kargia egiten. Kargia zan legez andijegija, egin arren alegina lepora jasoteko, ezin eban jaso. Ezarri eutsazan egur barrijak lenguak gitxitu biarrian; dendatuten zan ostera lepora jasoteko, baña alperrik.

        Eguan Arsenio zurtuta esaten ebala; gizonaren zorua! Jaso ezin daben egur kargiari ezarriko leuskioz egur barrijak? Geitu, astundu geijago, ta tematu gero jasoten kargia? Ez ezauban Arseniok, zer adierazo gura eben ekusan gauza ak, ta esan eutsan aingerubak: Au da gizonen itxumendi ta zorakerija. Dabilz infernurako kargak egiten pekatubakaz, batzuk lujurijako basuan, beste batzuk iñoren ondasunetakuan; asko, onra txarra deritxonian. Nekatuten dira jaso ezinik kargatzar gaistua. Zer egin darue? Azi kargia, astundu, pekatu barrijak lenguai ezarririk. Amarri ogei, ogeiri berrogei. O zelango kargia! Zein astuna! Indarrak gitxitu, ta geitu kargia? Zelan erraz jaso? Ikaratuten da kristinau bat konfesetan pensamentu zantar konsentidu, edo leku-emona. Zelango larritasunak artuko ez dau geitu badeutsaz gurari edo deseo borondatezko, ta ezañak? Zelan koloriak gorrituko ez jakoz, igaro bada bere burubagaz egitera eskuka zikiñ, ta aragijari atsegin zantarra emotekuak? Zelan erraz konfesau, gero amore gaistuan sartu bada, ta egin baditu bera bere lotsatuten dabeen akzinoe ezañak? Larrituko da, baña kezka guztiakaz bere, gordeko ditu pekatubak, agertuko ez ditu biar legez, ta lotsiaren lotsaz konfesau ezinda, juango da infernura probetxu bagako konfesino osua an egitera. Bai, dino san Buenabenturak, lenenguan osatuten erraza zan gatxa, ta osatu gura ezaz dator kangrena, edo aragijaren usteltasuna, zelan osatu mirari andi baga? Jakin ta sinistu bada adi onez, edo lenengoti biar dala artu propositu sendua, oni iraun eragin biar jakola; ez gerorako larga.

 

aurrekoa hurrengoa