www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Konfesino ona
Juan Antonio Mogel
1803

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Confesiņo ona edo ceimbat gauzac lagundu biar deutseen confesinuari ondo eguiņa izateco, Juan Antonio Mogel. Fermin Larumbe, 1803

 

aurrekoa hurrengoa

IRAKASTE XVI

Konfesino jeneralaren ganian.

 

        I. Zeren ganian izango da gaur dotrinia?

        E. Konfesino jeneralaren ganian, zein dan askok uste dabeen baño biarragua; bada ondo egiterik, dago askoren salbazinua; ta ez egiterik, edo dongaro egiterik beste askoren kondenazinua.

        I. Zer da konfesino jenarala?

        E. Da len banaan egin zirian konfesinuen ostera egite, edo barrizteta aldabaterakua, esaten diriala konfesino baten len konfesauta dagozan, ta ez dagozan pekatubak. Konfesino jeneral au izan leite, edo bizitza guztikua edo denpora zatiren baten egin dirian konfesinuena, bakotxari zelan ondo dagokan, edo zelango premiña dabeen, gero irakatsiko dogun legez.

        I. Zetarako da baña konfesinoe jenerala, len egin badira konfesinuak?

        E. Da bada, edo seguruago juateko Jangoikuaren bidian, edo lengo konfesinuak dongaro egin badira, aurkituteko salbazinoeko bide berez bakarra, zeña dan konfesino ona batiatu ezkero pekatu mortalen bat egin dabeenentzat. Konfesino dongaro egiñakaz ez da parkatuten pekatuba, ta bai geitu beste ainbeste, zeinbat konfesino ta komunino donga egin dirian, ta pazkuako obligazinua kunplietarik bazirian konfesino, ta komunino dongaro eginak, geituten ditu beste pekatu mortal bi. Urte askotan dongaro konfesau, ta komulgau dirianak, zeinbat pekatu pillo batuten ditubez?

        I. Baña biar biarra ete da konfesino jenerala?

        E. Bai txito askorentzat, ez guztientzat. Alan bada, batzubentzat da alperra, ta kaltegarrija, beste batzubentzat guztiz ona, ta biar bada, geijentzat txito biarra, edo preminazkua.

        I. Zeintzubentzat da alper, eta kaltegarrija?

        E. Benetako eskrupuloso, edo arima bildurtiegijentzat, zeintzuk egin eben len bein edo geijagotan jenerala, prestau ziriala ainbat onduen, ezagueraz larga baga gauza astun eso esan biarrekorik, ta bizitza geroko on bategaz emon zitubezala damu ta propositu egijazkuaren ezaugarri edo señaliak. Jazoten jakee onelango batzubei, gerora arimako bakia galdutia. Sartuten dira larritasun, ikara, ta bildur gogaitkarrijetan. Nosian bein juakoz konfesoriari esatera bata ta bestia aspertu ezinik esatez. Aztuten jakee zertzuk konfesau zitubezan; gauza bat esaten dabee sarri, beti legez dabilz tristuraz beterik. Diabrubak lagunduten deutsee konzienzija nastetan; kendu daruake gozo ta poz guztija Jangoikuaren gauzeetarako; ekarten deutseez gogorazino, edo pensamentu estugarri asko. Ai ene! dino onelanguak. Zer izango da nizaz! Konfesore jakintsubak esan arren ez eragiteko lengo gauzai, esanda daukazala biar bestian, dinue eurek gango; ez daki konfesoriak nire barruko barri; uste dau konfesauta daukazala. Zer balijoko deust engañetan bada? Zelan salbadu konfesau baga osoz? Konfesoriaren oñetati urten orduko, ostera gomutetan jakee zer edo zer;. artuten ditu barritasun ta bildurrak; dabilz komulgetara juan ezinik; edo isten deutsee komulgetiari, edo duaz ostera konfesoriaren oñetara; pintetan jakeez pekatu anditzat gauza begitandubak; konfesaubak, konfesau eztzat; ondo esanak, oker esantzat; ta alan etorri dira bat baño geijago ernegetara, ta euren burubak iltera bakerik topadu ezinda. O zeinbat asmo daukazan infernuko arerijuak! Dongaai, zabalduten deutsee larregi zeruko bidia, ta artu ezin dituzanak bide onetati, edo ondo bizi dirianak, artu daruaz desesperazinoko bideti.

        O arima errukarri ta tormentu onetan zagozana! Esan egizu. Konfesino jenerala egin zendubanian, larga zenduban esan baga, lotsaz edo ezagueraz pekatu mortal edo bere zirkunstanzija agertu biarrekoren bat? Ori ez jauna; esan nituzan goguan neukazan guztiak, ta ez neban ezer itxi lotsaz. Eta absoluzino santuba artuta geratu zinian bijotzeko bakiaz, ta kezka baga? Bai jauna, ta neritxan, arinduta eguala neure arimia, karga astun bat bota baneu lagaz, ta pozak negar eragiten eustan. Eta arimako bakia galdu baño leenago, esan zeuntsazan konfesoriari gogora etorri jatzuzan pekatu edo zirkunstanzija azturen batzuk? Bai jauna. Ez deutsu esan arrezkero konfesoriak, ez eragiteko lengo gauzai, ta largateko bere kontura? Bai jauna sarri bere. Eta konfesino jenerala eginda, artu zenduban bizitza barri, edo on bat? Alde egiten zenduban pekatuko okasino ezagunetati? Bai jauna, ta gurago neuke ill bere, pekatu mortal bat egin baño. Bada txorua! Zetako zabilz buru auste orrelanguetan, baldin zuk egin zenduban konfesino jeneralak badaukaz señale ezin obiak? Zegaiti obediu ez zeure konfesoriari, zeñen berba dan zuretzat Jesu Kristorena? Laño artian zagoz ta biar dozu nok zuzenduba. Itsuba zara, ta biar dozu itxu mutil edo argi emola bat. Alan bada, egizu itsuban konfesoriak dirautsuna, ez eragin lenguai. Obeto dazau zuk baño zer biar dan konfesau, ta zer ez. Eranzun bildurrari, nik egin biar dot konfesoriaren aginduba, ta itxi atiak diabru naasliari obedienzijako birtutiaz. Au egiten badozu, etorriko jatzu bakia, bestelan ez zara ondo ibilliko. Ez iges egin beste konfesore ez zazauzanagana konfesino jeneral barri bat egitera. Galduko dozu buruba, ta ez dozu bake iraunkorrik topauko. Onelanguentzat da kaltetsuba konfesino jenerala; bada amar eginda bere, biurtuko dira lengo bildurretara, ta kenduko ditubalako ustian, geituko jakoz.

        Esan dot, doktrina au aituten dala konfesino jeneral onaren señaliakaz konfesau dirianentzat. Baña badira kristinau eskrupulosuak dirudijenak, sarri kofesetan dirianak, egin ditubenak konfesino jeneralak, ta inos bake onik izan baga. Esan darue len aitatu ditugunak legez, bildur diriala ondo konfesetan ete dirian. Zelan ez dirian ondo espliketan, dirautse konfesoriak, zagoz bakian, itxi lengo gauza zaarrai. Konzienzijak dirautsa, itxi zenduban konfesau baga lotsaz onelango edo alango pekatuba;. ezin gero baketu dira esan guztiakaz; darue bizitza estuba; aingeru onak minduten ditu bijotzian. O arima gaiso ta errukarrija! Zetarako dira estalketa orreek? Ez dira eskrupulubak, ta bai Jangoikuaren argialdi edo isnpirazinuak zuri konfesau eragiteko antxina lotsaz konfesau baga larga zendubana. Atera artian arantza ori, ez dozu bakerik izango, eruango dozu bizitza larri bat bizi zarian artian, ta atrapetan bazaitu erijotziak konzienzija zuzen agertu baga, joko dozu infernuban: Zuaz ainbat lasterren konfesore on baten billa, ta esan egijozu irago jatzuna; egizu konfesino jeneral barri bat; bada lotsaz konfesau baga itxi dabeenak pekatu mortalen bat, ta ezauera onegaz egin ditubezan konfesino ta komuninuak, dira sakrilejijo andijak. Begira badago garbija ta geun baga, zure gorputz guztia bere, argituba egongo da; baña zure begija gaiso ta gaisto badago, zure gorputz guztia bere, illunian egongo da; alan dino Kristok. Esan gura dau; bagabilz zuzen, garbiro, ta tranpa baga agertuten deutsagula konfesoriari irago jakuna, lotsaz gorde baga konfesau biar dana, egin gero bere esana, obeidu itsu itsuban;. baña bagabilz eztalgiz, ezkutuka, ixillka, jira biraka, ta zinkotasun baga, ez dau konfesoriak errurik izango konseju txaarra emoten badeusku, zelan mediku batek eukiko ez daben osagarri okerra emotiaz gaixo danari, estalduten bajako gatxa. Gorroto deutsee, ta madarikatuten ditu Jangoikuak bijotz tolestubak, auan bat, bijotzian beste bat darabillenak.

        I. Baña norentzat izango da mesedegarri, ta ona konfesino jenerala?

        E. Lenen, leenago inos egin ez dabenentzat, baita neure ustian eskrupulosuentzat bere, oneek len egin ez badabe, ta izan leite bildur guztietati urteteko bidia, konfesore jakitunen baten oñetara baduaz. Ez dago iñor zuzen jakin leikianik, ume egunetako, edo zortzi urteti amabost urterañoko konfesinuetan utsik egin ez dabela. Zelan prestetan da esaminia egiñaz, damu ta proposituba eruanaz denpora zoro aetan, zerbait jakin arren buruz doktrina santuba? Zelan enzuten dira mezaak jaijegunetan? Batera ta bestera begira, alkar joka, barrez. Egin daruez birauak dei eginik. Diabrubai, Aneñai... ta demoniuaren izena nosbait artuten badabe, uste dabee, pekatu ikaragarri bat egin dabeela. Barriz alkarren artian oi dabilz burruka, ukabilka, ta arrika; esango dabee, mortalak dirialala pekatu arinak; arinak, mortalak. Zeinbat erremuskada, ta mandaturik egin nai ezak gurasuai! Nor baketuko da denpora aetako konfesinuakaz? Beraz ondo esan dot, txito mesedegarri ta ona izango dala konfesino jenerala, inos egin ez dabenentzat.

        Da bere txito mesedegarri, ta ona, estaduba artu gura dabeenentzat. Zelan sartuko da bat ondo eleis gizon izatera bere arimia garbitu baga? Ez da arkituko fraile, ez monjarik, edo habituba artuteko denporan, edo profesau biar dabenian, konfesino jeneral kontuzko bat egin baga, len eginda bere. Bada zer? Ezkonduko dirianak,sakramentu santu andi bat artu biar dabeenak, ez dabee garbitu biar euren arimia milla arriskutan sartutera baduaz?

        Baña zer aitatu dot? Zeinbat ete dira premina oso osua daukeenak? O gazte mundukuak! Zelangua da askoren bizitzia? Iragoten ditube urtiak nasaitasunik andijenetan, libre ta askatu pensamentu zantarrak. Umetati ikasten dabee eskola dongia; berba lotsagarrijetati iragoten dira eskuka ezañetara; aitatu bere biar ez dira egin daruezan geistakerijak. Botaten da lotsia, dabilz piestarik piesta, apaindu ta dongaro olgetia baño beste asmorik ez darabillela. Mutil gaistuak tenta ta tenta bidian topetan dituben neskatillak. Oneek modestija guztija galdurik, mutillen moduko eginda. Buruko uliak baño pekatu geijago eginik, sartuten dira ezkontza asmuetan, geijago begiratuten deutseela euren pasino dongiari, ezkongeijaren birtute, ta bizitza onari baño. Askok artu daruez ezkonduben libertade guztijak ezkondu baño leenago, ta sartuten dira ezkontzako sakramentuban Asmodeo infernukua serbiduta. Eta zer itxaran daikee onelango ezkontzetati? Badira esan daruen traidoriak, eleis deijak egiten abijau ezkero, ezkonduta dagozala Jangoikuaren aurrerako, ta herejijako doktrina onegaz egin daruez aitatu ezin ginaizanak. Onelan prestaurik duaz konfesetara ezkonzako egunian, edo egun aurrian, au da egitera sakrilejijo andi bi gero komulgaubaz, ta irugarrena ezkontzako sakramentuba artubaz pekatu mortalian. Au da askoren ezkontzako sarreria .Oneek, ze konfesino jeneral egingo dabee ezkonduteko, bizi badira dongaro ezkontzako egunetaraño? Zelan zuritu beinguan mauru baten narru baltza?

        Alan bada, ezkonduteko gogua artu ezkero, asi biar da konfesino jenerala egiteko prestetan. Ebagi biar dira okasino donga ta ezagunak, ez tratau ezelan bere ezkongeijaz, dalako peligru andiko gauzia; ta asmo onaz, garbiro, ta arimia konfesino jeneral on bategaz garbituta daruanak ezkontzara, izango dau Jangoikuaren bedeinkazinua.

        I. Eta nortzuk egin biar dabee konfesino jenerala premiñaz?

        E. Txito askok. Ona emen argigarri, edo igarteko zuzenbidia. Konfesino jenerala da obligazino estu, ta premiña gogorrekua, leenagoko konfesinuak dongaro egin ditubezan guztijentzat.

        Barriz konfesinuak izan leitez dongaro egiñak, edo esaminiaren ardurabagatasunaz, edo damu ta propositu senduaren paltaz, edo pekatu mortalen bat lotsaz, borondatez, edo ezagueraz ez agertubaz, edo penitenzija errazoez emonak artu gura ezaz.

        Esaminiaren paltaz egiten dira konfesino dongaak, bakotxaren nagitasun, alpertasun, ta ardurarik ezaz gogora ekarten ez dirianian, ta gero konfesau bere ez konfesau biar zirianak. Irago daruez mandamentubak beingo baten, ta bakarrik geratuten dira pekatu andi andi, lodi lodi, ta edozeini gatx deritxuenetan; largaten ditubez esaminau baga pensamentuz, ta berbaz egiñak; edo beintzat ez badabe gogorik gauza gaisto, ta agirikoen bat egiteko, ez dira geldituten bestelango atsegin zantar, berba loi, ta kaltegarrijetan;. ez aztertu bere iñori emon ete deutseen ejenplu gaistorik. Zeinbat obligazinoe kunplidu biarrak, esaminetan ez ditube guraso, alkate, errejidore, ta ofizijuak daukeezanak? Eta ezagututen ez baditube pekatubak euren esaminiaren faltaz, ez dira parkatuak izango. Argi berezko bat biar da, Jangoikuak emona, pekatu ezkutukuak ezagututeko, ta orazinoe on baga izango ez da argi au. Alan bada esaminiari lagundu biar deutsa, batez bere, kargubak daukezenen artian, argi eskatute gogozko batek, ta artu, biar dan beste denpora, esaminiaren doktrinan esan genduban legez, gogoratuteko pekatubak.

        Baña konfesinoe gaisto geijago egiten dira egijazko damu, ta propositubaren faltaz, esaminiarenaz baño; zerren damu, ta propositu egijazkuak berez dakar konzienzija aztertuteko, ta pekatubak ezagututeko gogo ona.

        Damu au gitxitan arkituten da, pekatuba izan danian zori onekua mundurako. Ikusiko dira pekatuko bidetik izan dabeenak ezkontza euren gustoko bat, igon dabeenak fortunan; Otsein izatetik irago dirianak etxeko andra izatera, pobrezatik diru, edo ondasunak. Oneek, zelan esan egijaz, ta biotz biotzerik damu dabeela Jangoikua ofendiduba, gurago dabeela alango fortuna, edo zorijon mundukuak euki baño, gelditutia leengo meetasun, ta pobrezan? Bada mundu onetako edozein gauza geijago estimetan dabenak Jangoikuren grazija baño, ez dauka pekatubaren damurik. Pekatuba, kaltiak mundurako ekarten ditubanian, gorrotetan da zelanbait, ta ez da gauza ain gatxa Jangoikuaren ofensia dalako bere, gorrotetia, nola dan munduko fortuna, zori on, edo mesediak dakarzanian. Lapurrerija baten justizijak artuten badau bat, sartuten badabe karzelan, gosia iragoten badau, atsakaba onetatik jaso leike biotza Jangoikuagana, ta damu artu Manases batek legez katia artian, ofendidu dabelako Jangoiko ona; emengo penetati irago daikez fedeko begijak infernuko karzelara, zeru galdu dabena gana, ta bai ametara bere Jaungoiko maitegarri, emen kastigau nai zain dabena. Baña lapurrerijari, irabazi gaistuetati aberastu danak, nekez gorrotauko dau pekatuba, nekez biurtu irabazi gaistuak. Neskatilla, anima, honra, ta estimazinoe guztia mundurako galdu dituzanak pekatu eginda, bere maitetzailliaren falsokeria ezagututa, ikusten da negarrez, uletiraka, ta ernegazinoe gogorrian. Damu dau pekatu egiña, ez egijaz beingoan biar legez; baña Jaungoikuaren grazijak arkituten dau onelanguen biotzian prestaera obia gorrotetako pekatuba Jaungoikuaren ofensia dan aldeti, bestelango neska pekatubetatik sari andijak, estimazinuak, ta fortuna lurrekuak atera ditubenak baño. Konfesoriak bere, ez dauka ainbeste neke ezagutu eragiteko pekatuba, mundukuen pagu gaistotik gogoratu eragiten deutsanian, zeinbat maitatzalle obia dan Jaungoikua, zenbat obiak dirian bere sebitzarientzat daukazan sarijak, zenbat bake geijago arkituten dabeen garbiro bizi dirianak. O kristinaubak! Eta zetara joko dabee azkenian pekatutik datozan zorion edo fortunaak? Zer aterako dabee emen egun on batzuk irago, ta gero betiko infernuko pena, ta atsakabetan egoten badira? O zelan esango dabeen probetxu baga; zori gaistoko fortunak! Oba neban Jangoikuari jarraitu baneutsa, bizi izan banintz konfianza guztia beragan ipinirik; irago pobreza apur bat; zenbat aberastasun obiak izango nituban gaur zeruban! Alan bada, estimetan ez dabenak geiago Jaungoikuaren grazija lurreko honra, ondasun, ta bizitza bera baño, ez dau damurik, ez konfesinoe onik onelan konfesau dan artian, ta biar dau egin konfesinoe jenerala.

        Damurik ez darue konfesinoetara prest dagozanak irabazi bide bagaak egiteko. Onelanguak dira merkatari, dendera, eskribau, ta beste tratulari, atera al dabeen guztia ateraten dabeenak, begiratu baga legiak emoten dituban zuzen bidiai. Errijetan kargubak ditubenak, egiten bere ditube, ez dinot guztiak, bai batzuk, tranpa asko isiltxurik, ta kontubak emoteko tranpa barrijak, igarri ez deijuen beste justizijako, ta bezinuak;. Au biar dot, neke asko artu dot, bestiak bere egiten dabee; au da euren betiko lelo, edo doñuba. Itanduten deutsee ziur, ta garbiro konfesore jakitunai utsik ez egiteko gogoz? Zein gitxi! Egin da gero, konzienzijako kezkiak obligetan dituz zerbait esatera konfesinuan, baña milla edergarri, apaindurija, ta estalgiz kofesoria bere aldetik eukiteko. Oneen konfesinuak dira gaiski eginak, izango bere bai, biurtu artian, ezelan aldabeela, bide bagako irabazijak. Oneen artian sartuten dira logrerija zaliak, diruba prestetia gaiti, eskatuten dabeenak zerbait geijago, ta gero osoro, emon zana; asko tratu dira gaiski egiñak, ezteutse itandu gura gizon jakitunai, ta beintzat ez garbiro, ta egija billatuteko gogoz. Onelan kofesau dirianak, egin biar dabe konfesinoe jenerala asmo sendo bategaz biurtuteko irabazi txaarrak;. bestelan ez dago konfesinoe onik, ez parkazinoerik.

        Egin biar dabee konfesino jenerala damu egiazkuaren faltaz, len egin dirian konfesinoiak gaitik, okasinoe borondatezko gaisto, ta ezagunetan egon dirianak, aldetik egin baga konfesinoe onduan. Pekatubaren okasinoe andi, ta urrekuan daguana, dago pekatu jarraitu, ta betikuan; konfesetan nintzan jauna, absolbietan ninduben. Bai; baña zeure arimako kaltian, zerren edo engañadu zenduban konfesoria okasinoe gaistuak agertu baga, edo arkitu dozu konfesore kontu gitxikoren bat, zure arimiaren salbazinua gaiti neke gitxi artu dabena, ta emon deutsuna, bijoen kaltian izan dan, absoluzinua. Zetako da konfesetia, konfesinoe onduan biurtuten bazara leenagoko olgantza, fiesta, joko, etxe, edo lagunetara, nundi jaijo zirian lengo pekatubak? Ezpadozu gogo, ta animorik largateko arimako galbidiak, edo okasinuak, zure damuba begitanduba, ta guzurrezkua da, pekatubak oñen gañian dagoz, okasinoe ezagunak oñian badagoz. O zelan gorputzeko gatxetan eukiten dan kontu geijago! Zelan iges egiten dabeen osasuna galtzeko pelliburubetatik, osasuna benetan nai dabenak!

        Emendi dator zuzen bide duda bagako au: konfesetako bitarteetan billatu ta ipinten ez ditubeenak bitarteko biar bestekuak urteteko pekatubaren ekandu, edo usadijo gaistoti; edo pelietan ez dirianak goituteko etzigiera, edo pasinoe txaar, gauza gaistuetara arrastaka legez daruazanak, konfesetan diriala gaiski, ta egin biar dabeela konfesinoe oso, guztien, edo jenerala. Ondu baga, ta indarrik baga arimako arerijuak goituteko, nun da damu, ta egijazko proposituba?

        Orain bada egin biar dabee konfesinoe jenerala bizijo jarraitubetan iraun dabeenak, bitarteetan konfesetan ziriala. Onelanguak dira maldizinuak ezarteko ekandu luziak euki ditubenak; batzubetan egijazko gorrotoz, bestetan intenzinoe, edo gogo baga, ta gitxitan eskandalu emon baga. Konfesau bai, baña aurrera lengo ekandu gaistuan. Zeinbat onelango! Badira guraso, euren seme alabakaz konturik euki ez dabeenak urte askotan, zelan nai bizi izaten larga deutseenak; jakiña gaiti, edo jakin biarrian, bizi diriala pausu gaistuetan, ateraten ez ditubenak. Badira euren ejenplu gaistuakaz lagunduten deutsenak gaisto izaten. Badira bere, seme, ta alaba lotsa gaistua gordetzen deutsenak gurasuai, konseju onak artu nai ez ditubenak, emotern dautseela atsakaba asko, eranzuera gogorrakas, ta bizi modu txaarrakaz. Irauten dabee urteetan onelan; konfesau dira, baña gaiski, zerren leengo bizimoduba beti euken oñian.

        Badira gorrotuan, tratau nai ezta, ta areriotasunian luzaro egon dirianak, edo auziren bat darabillelako, edo euren eretxijan injurija andiren bat artu dabeelako. Oneen konfesinuak izan dira gaiski eginak, edo ondo espliketan ez dirialako konfesinoian, edo emendetan ez dirialako.

        Badira ardaora emonak, ordituten dirianak, euren arima,onra, ta ondasunen kaltian, erri guztiak ezagututen dabela euren bizio gaistua, ta eurak gixi. Oneen konfesinuak izan oi dira guzurrezkuak, edo propositu egijazko baga eginak.

        Badira seigarren mandamentubaren kontra modu axkotara uts egiten dabeenak urtiak iragoten ditubenak pensamentu txaar askori leku emoten, berba zantar, ta ezain asko esaten, ta pozik enzuten; eskuka deshonesto, ta loijak egiten, edo konsentietan, euren burubakaz bere atsegin gaistuak artuten. Nok esan mandamentu onen kotra askok egiten ditube loikerijak? Au da pekatu aspertuten, ta geldituten ez dana bein artu ezkero, dino san Pedro apostolubak incesabilis delicti: begijakaz, belarrijakaz, miiñaz, eskubakaz, memoriaja, entendimentu, ta borondatiaz gorputzaz zkinduten dabeela arimia. Nok esan barriz zenbateraño zabalduten dan? Ezkondubak bere galduten dabee euren leialtade lagunari zor deutseena; senidiak aaztuten dabee odolari zor deutseen lotsia; personarik begiratubenak bere arrapetan ditubala batzubetan diabrubak, ganadu, edo aberiakaz bere, bat egiten diriala;. gaztetxu inozentiai irakasten jakeela pekatu egiten. O bizijo lotsagarrija, baña ainbeste erro, ta sustrai botaten ditubana! Zenbat egur ezarten ez jako lujurijako su, berez biziari, iraun daijan? Olganza, edo fiesta ixioten dabeenak, konbersazinoe amoretik sortubak, janedan larregijak, ta zer ez? Alan irauten dabee urte osuetan. Konfesetan dira, baña edo guzurrez, edo obetasun baga. Egunen batzubetan bildur apurren bategaiti, edo gogait eginda, atseren badabe jauxi baga, sartuten dira barriro gogo barirjaz; bidazti nekatubak arnasa artu, ta jarraituten deutsan legez artu eban bidiari. Dira abere baltz zikintzati jagi, ta garbitu baño leenago, ostera zikintzan etziten dirianen modukuak. Nok sinistu lei ume ezkonzakoz beteta dagozanak bere, ez largatia gaztetan artu eben bizijo gaistua? Nok sinsitu ezpagenkus aguratu, buru murritu, ta oin bataz sepulturan dagozanak, besterik ezin dabeenian esango ditubela berba berdiak, ta emon gaztiai konseju gaisto nasaigarrijak? Zelanguak dira onelanguen konfesinuak? Zenbat sakrilejio ikaragarri! Zenbat bide baga, edo injurija Jesu kristori altarako sakramentura urreratuten dirianian arima, ta sentidu zikiñakaz! Oneek biurtutia osoro Jaungoikuagana, ta gorrotetia pekatu ain maite, ta eraatsija, zein gauza gatxa! Eta zenbat gatxago ez birtutia leengo ebillera, konbersazinoe, lagun, ta okasinoetara? zenbat labanarri arkituten ez dabee pausu guztietan? Zelango sustrai senduak ipiñi ez dituz euren biotzetan bizijo gaisto onek? Zelango indarrak, zelango orazinoe, ta dilijenzijak, egin biar ez dira eziteko aragi dongara ekanduba? Zelango kontuba, begi ain nasai ibilli dirianakaz? zenbat tentazinoek esetsiko ez deutsee? Zelango gerrak irago ez infernuko arerijuen aldeti? Gauzarik gitxijena, ta nekerik ariñena da, aozko konfesino jeneral oso oso bat egitia anditzat badauke bere. Zenbat gatxagua da onelango biotzak ondo prestetia damu andi bat alkanzetako Jaungoikua gandi, ta artutia iraungarri egoki, ta biar languak? O kristinau gaiso lujurijako katee gogorrakaz lotuta luzaro egon zarianak! Zer esango deutsubet? Ezin salbauko zariala? Ez. Gauza gatxa dala zubek Jaungoikuagana egiaz biurtutia, ta irautia bizitza garbian? Bai bai. Zer egin bada? Egin dilijkenzia guztiak, konsiderau astiro, zer dan, ta zelangua itxaraten deutsun kastigu betikua infernuko karzelan; zelan dan ain arina, ta iraun laburrekua pekatubaren kontentuba, ta betikyua bere tormentuba, egijazko penit4enzijaz konfesinoeko iturrijan garbituten ezpada. Zelan ezer baklioko ez deutsun egun batzubetan pekatu egin baga egotiak, irauten ez badozu bizitza garbijan. Pensau astiro, zelango zeru ederra galduten dozun atsegin ezaiñ, zantar, ta iraute laburrekuak gaiti! Zein baltza, ta ikaragarrija larga dozun arima, Jaungoikuaren irudi, edo imajinara egiña! Goguan artu, zein ona, ta maitegarrija dan zuk ofendidu dozun Jaungoikua! Ta zelan pazienzija andijaz egon dan zuri begira gau, ta egun askotan, zu kastigau baga, beste asko legez! Zelan orain bere zu billatuten zaituban, zuk bera billatu biarrian! Zelan emongo deutsazun atsegin andija biurtuten bazara beragana, largarik pekatuko lagun, ta okasinuak! Zelan poz geijago arkituko dozun konfesinoe eder, ta negarrezko bategaz animako karga astuna botata, iraunda baño leenagoko bide zantar gaistuetan! Oneek bada biar dabee egin konfesinoe jenerala ondo prestauta, salbau gura badabe.

        Izan oi dira konfesinoe gaiski eginak propositu egijazkuaren faltaz, puskaka, ta apurka legez denpora luzeetan gauzaak ostuten dirianian, konfesauba gaiti onduten ez dirianak, leenguan diraubenak, biurtu baga kendubak, berba emonarren konfesoriari. O zenbat onelako errijetan! Orijo, ardao, ta jan edan bestelanguak salduten ditubezala legeko neurrija baño laburraguan, edo naastuta, obeto irabazteko; apurka apurka igoten dabee gauza astunera. Euri tantak txikinak dira, baña askogaz egiten dira pozu andijak, azi ibaijak, ta ujolak jagi. Alan dendera saldu erosijetan, edo irabazte geiegijak, edo neurri laburragaz gauzaak emoten ditubenak.

        Onelanguak beti dagoz pekatu mortalak, ta asko egiten; zerren beti dagozan prest txikijetati andira igoteko irabazte txaarretan. Egin biar dabee nai, ta nai ez denpora guzti atako konfesinoe jenerala, edo gaiski espliketan zirialako konfesinoe banakuetan, edo obatuten ez zirialako; baña ez dau balijo konfesinuak, lagunduten ez badeutsa kendubaren biurreta, edo errestituzinuak, ezelan bere aldala, ta aldan bestian. Nok esan alde onetatik egiten dirian konfesinoe, egiazko propositu bagiak? Zenbat dagoz urte osuetan zor egijazkuak pagau baga nagitasunez, luzatuten ditubela errazoe on baga, ta jaubiaren borondatiaren kontra, arkituten dabeela gastu alperretako, ta jarten diriala, ez gitxitan, iños ez pagetako pelligruban, edo eriotziak uste bagian artu leijalako, edo gerora zegaz pagau eukiko ez dabeelako? Zenbat bizi dira kontubetan uts egin dabelako tratuko lagunak, igarririk uts egina, lagunaren kaltian dagozaala txito pozik, agertu baga? Zenbat, erriko dirubak kobernetan ditubenen artian, kontu okerrak emon, aloger biar ez dirianak artu, ta bizi dirianak urte osuetan bake galantian konzienzijako kezkai jaramon baga? Zenbat maiordomu, edo elisetako kofradietakuak, edo iñoren ondasunetakuak, ezkutuban jan, ta kontubetan gero milla tranpa sartuten ditubenak? Zenbat testamentarijo nagi, zenbat herederu diru zaliaguak, anima zaliaguak baño, bizi dira urte osuetan meza agindubak atera baga, luzatuten ditubela purgatorijoko anima gaisuen kaltian, ta egin biar zirian beste zor pageetiak, egin baga? O konfesinoe ederrak! Jaungoikua engañauko ezin badabe bere euren zekentasun, edo inoren gauzeen gozatute bide gaistokua. Onelanguak konfesau dira dongaro, edo agertuten ez ditubelako zuzen euren tranpak, geijenez jazoten dan legez, edo obatuten ez dirialako, edo biurtuten ez deutselako bakotxari beria zekentasunez. Baña errez da onelakuak konfesinoe jeneral ona egitia? Ez, zerren aragitu, edo etxekotuta daukeezan iñoren gauzaak; ta min andija artu biar dabee ebagi, atera, ta biurtuteko bakotxari beria. Emongo ditube milla eskusa, ta atxakija; ezin dot orañ, ikusiko dot zer egin aldaikedan, manteniu biar dot, ta janzi neure buruba, ta etxekoak; etorriko da denpora obaago bat, ta ez nas illgo biurtu baga. Alan ezin egin begitandubabaz, engañetan ditube askok konfesoriak, ta ikusten dira ostuteko modu asko, ta konfesinua konfesinuaren ondoren, ta biurtute, edo restituzinoe gitxi. Ez dago konfesinoe jeneral ondo eginik, ezpadago restituzinoerik, ezelan aldedilla, edo aldan bestian. Alan bada, ez alperrik nekatu esaminia egiten, ta konfesetan; bada zer egin? Aurraz egin dilijenzija osua biurtuteko bakotxari beria, ta ez esan guzurrez, ez daukat zegaz. Agertu egija konfesore jakintsu bati; ta Kristok badino, begija atera, ta oña ebagi biar dala eskandaluba emoten badabe, nik bere esango deutsut, obe dala gitxi jan, pobretxu janzi, ta nekez irago, iñoren gauziaz jan ta janzi, ta gero infernura jausi baño.

        Alan bada esana esan, egon dirianak luzaro bizijo gaistoren baten sartuta, edo obligazinoe astunen batzuk kunpklidu baga euren erruz, egin biar dabee denpora guzti atako konfesinuen barriztute garbi bat, zeña dan konfesinoe jenerala, ta au egin baga jarraituten badabee konfesetan, konfesinoe gaistuak egingo dira.

        I. Kontu gogorra, esango dozu. Nik esaten nituban pekatu guztiak, ez neban ezer ezkutetan; uste bere baneban, neroiala damu, ta proposituba, esaminetan neban konzienzija kontu andijaz; baña gero pasinoe txaarrak katigetan ninduban. Zetako bada ausiko dot buruba, ta emon zer egin konfesoriai barriro esaten leen konfesautako pekatu mortal guztiak?

        E. O diabrubaren asmo anima asko galdu ditubana atzeratubaz konfesinoe jenerala egiterik! Zer atera dozu pekatu guztiak agertubaz leengo konfesinuetan, ta konfesoriak askotan luzatu biar eutsun absoluzinua dongaro emonaz, baldin ezpazeroian biar legezko egijazko damu, ta proposituba? Zure eretxi, edo uste izate txaarrak ekarriko deutsu parkazinua? Ez ez. Abade batek batiatuten badau sein bat ardao zurijaz uste izanik uraz batiatuten dabela, ondo batiatuko da seña? Eta parkatuko jako pekatu amaren sabeleti dakarrena? Ezetz esango deustazu. Eta zer gaiti? Zerren biar dan ur egijazkua, ta ez begitanduba, batiua ona izango bada. Bada nik bere esaten deutsut, ain biarrak diriala, konfesinua ona izateko, damu, ta propositu egijazkua, zelan ur egijazkua batiua ona izateko. Alan zure uste izatiak ez dau egingo konfesinoe ona, ta jakin bere biar zenduban obetasun, ta enmienda bagako konfesinuak ziriala egiazko damu, ta propositu baga egiñak. Zer eranzuten dozu? Ona zer esaten deutsun Espiritu Santubak: bere pekatuba gaiti baru egiten daben gizonari, biurtuten bada leengo pekatubetara, zer balijoko deutsa bere humildetiak;. edo nok enzungo dau bere erregu, edo orazinua? Nok ikara andi bat artuko ez dau Jaungoikuaren berba au enzunda? Zer esan konfesinoeko humilleta, orazinoe, edo parka eskatutiak gaiti, laster, ta sarri biurtuten bada leengo pekatubetara? Gaur negar itxuriaz, bularra kolpetu, ta esaten damu dot, Jauna, ta andi laster pekatura biurtuten; ta onelan pekatu, ta konfesinoe, konfesinoe, ta pekatu. Nok esan benetan damututen dala, ta artuten zitubala onduteko bide onak? Nok irago naiko dau alango konfesinuakaz Kristoren aurrera? Beraz egin biar dabee konfesinoe jenerala ondo ta ondo prestauta.

        Baña ezta ezetan igarten obeto ta argiruago konfesinoe jeneralaren premina, zelan leenagoko konfesinuetan largatiaz pekatu mortalen bat ezagueraz, ta lotsaz agertu baga; ta askok uste daben baño utsegin geijago dago gauza onetan. Ona bada guztirako ona izango dan zuzenbidia. Larga dabenak ezagueraz, ta bildurrez konfesau baga pekatu mortal ezagun, edo duda osokoren bat, edo pekatu mortaltzat eukana konfesetako orduban, edo pekatu mortalaren zerzelidade, edo zirkunstanzia pekatu barrija egiten dabena, ta bardin apainduten dabenak, edo gitxitu, mortal izatetik benialera joaregiten deutsala, egiten dau konfesinoe gaistua, ta zenbat konfesinoe, edo komunioe egin ditudan agertu bada pekatu, edo pekatubak ezagueraz, egiten ditu beste ainbeste ssakrilejijo, ta egin biar dau denpora gutzi atako konfesinoe jenerala: ta konfesinoe jeneral onetan agertu biar dira, ez bakarrik lotsaz gorde zirian pekatubak, baita bere alegiñez, bitarte atan egin, ta konfesatu zirianak bere; zerrren konfesinoe gaiski eginian konfesaubak, dira ez konfesaubak legez.

        Au egija izanik, aztertu bakotxak bere konzienzija, ezagututeko zelanguak izan dirian konfesinuak, iños ezer itxi eta daben lotsaz konfesakizuna, ta astuna eritxonian. Arkituko dira uste dan baño geijago, edo guztiz ixildu, edo edertu, edo gitxitu ditubenak, ta onelan igaro dirianak konfesetan urte osuetan. Begira zer dinuan bakotxaren konzienzijak.

        Ori orrelan izanik, dino batek, nik nai, ta ez egin biar dot konfesinoe jenerala, zerren txikitxuba nizanian egin, edo konsentidu nituban zikinkerija, ta nagus dongen kontubak neure lagun aide bategaz, eskolako lagunakaz, edo auzuetako neskatilla mutiltxubak alkarregaz genbiltzanian, ta ez ditut iños konfesau; zerren emoten eusten lotsa andija txikitan alango gauza zantarrak egitiak, ta egiten irakastiak, ta sarritan gogora etorri, ta kezkatu banabe bere, pensetan neban batzubetan, ez ziriala pekatu astunak izango, ez nekijala nik orduban zer egiten neban, ez nebala ezagututen zer zan pekatu mortala; baña egija esateko, guztija izanda lotsiaren lotsaz ez konfesetia gaiti; ez nintzan iños baketuten: enzuten nitubanian pulpituetati, zelan bata, ta bestia kondenau zirian pekatuba bildurrez ez agertutia gaiti, ikaratuten nintzan, etorten jatazan gogora txikitako pekatu loi, edo ezañak;. batzubetan pensetan neban konfesetia; beste batzubetan atzeratuten nintzan, ta alan ez da baida onelanguetan irago ditut txikitati onako urte guztiak.

        Ori orrelan da? Bada egin biar dozu txikitati onako konfesinoe jenerala, ta au egin artian ez dozu beste konfesinoerik egin biar. Duda pisu andikuak ez agertutia konfesoriari ezagueraz, ta lotsaz, pekatu da. Txikitako loikerijak egin oi dira malizija moduren bategaz, billatuten dira leku ezkutuko, ta bakarrak, ta argiro ez pensauba gaiti urte aetan pekatu mortalak zirianik, beintzat geijenez egoten da ezaguera moduren bat errazoiari gaiski deritxona obra txar a. Onezaz ostian konfesau ez dituzu, gaiski zerintxola ez konfesetia, egon zara kezka andijetan, konzienzija baketuten eztzan inos osoz, ta noisian bein kezka emoten eutsun. Onelan egin dirian konfesinuak dira fede txaarrekuak, ta alan obligauta zagoz konfesinoe jeneral bat egitera.

        Niri jazo jat, dino beste batek, egitia orain amar, edo ogei urte ganadu bategaz pekatu ezain bat, edo geijago, ta alangua izan da neure lotsia, eze ez nas azartu, edo atrebidu konfesetara. Bai? Bada egin denpora guzti orretako konfesinoe guztien barrizteta bat, edo konfesinoe jenerala, edo kondenau.

        Ni bere atrapetan nau gaurko doktriniak, dino beste batek, zerren larga ditut konfesau baga fediaren kontrako pensamentu gaistuak, uste nebala konfesoriak eukiko nindubala herejetzat, ez eguala Erromara baga parkazinoerik, ta eruan dot bizitza triste, ta arantzaz, beteriko bat. O kristinau diabrubak engañauba! Biar bada lekurik emon ez zeuntsan pensamentu orrelangori, ta Jaungoikuaren kontrako pensamenturik ezañenak bere, pekatu ez dira, borondatiak lagunduten ez deutseenian. Baña zelan egon zarian lotsaz gordetan konfesetako obligazinua zeunkalako ustiaz, egin dituzu konfesinoe gaistuak, ta egin biar dozu guztien konfesinoe jenerala.

        Nik egin neban beste tranpa modubat, dino nok, edo nok. Euki nituban lotsaz agertu baga denpora zati baten pekatu batzuk, ta zelan lotsa nintzan esatia konfesoriari, lotsaz larga nitubala, esan neutsan, aaztu jatazala, ta lotsaz konfesau bagaak, esan nituban aaztubak legez. Bada egin dituzu konfesinoe gaistuak, zerren ezkutau dituzun pekatu andiak; oneek dira konfesinoe, ta komuninoe sakrileguak, ta daukazu obligazino estu estuba, egiteko, lotsaz konfesau baga asi zinianeti onañoko konfesinoe jenerala. Alan da. Geijago kostetan jakee batzubei esatia argiro, pekatubak lotsaz konfesau baga larga ditubela, pekatubak eurak esatia baño; baña esan biar dira, zelan egin dirian konfesinoe, ta komuninoe gaistuak, zelan orretarako lotsaz konfesau ezaz bidia emon dabeen pekatubak.

        Nik geijago egin dot, esango deuste beste kristinau batzuk;. txikitati asi nintzan pensamentu zikinai leku osua emoten, berba zantarrak esan, ta enzuten, egin ditut eskuka loi asko, edo neure aragijaz bakarrian, edo lagun gaistuakaz; onelan irago ditut urte osuak dibersinoe gaistuetan, buruko uliak beste pekatu egiten modu guztietara; konfesetan nintzan sarri, baña esaten ez nituban erdijak, ta gitxiago bere; esaten nituban arinenak, ta astunenak gorde; neure begi, oiñ, esku, edo sentidubai emoten neutsen atsegin gaisto asko; ez neban egiten gero, ez esamina onik, ez artu damu egijazkorik, ez konfesau laurenik, ta onelangua izanda neure bizitza guztia, gatxari borondatia zabalduta, mandamenturik geijenak austen nitubala zetan, edo atan. Nik dazaut orain argiruago, egin biar dodala konfesino jenerala. Baña zelan garbitu neure konzienzija? Zelan neure aoti atera ainbeste pekatu ezain?

        Kristinau zorua, gura dozu emendi aurrera ondu, ta bizitza barri artu? Gura dituzu itxi pekatuko okasino donga ta ezagun guztiak? Gura dozu artu damu andi bat zeure bizitza txar, ta egin dituzun ainbeste sakrilejijo ezañ gaiti? Ondu gura ez badozu; itxi gura ezpadeutseezu lagun, adiskide, leku, etxe, ta olgantza len galdu zaitubezanai, alperra izango da konfesiño jenerala. Baña penitenzija egin gura badozu benetan lengo dongaro egiñak gaiti, ta artu aurrerunzian bizitza garbi, zuzen, ta ona, ez dago gauza gatxik konfesiño jenerala egitian. Billatu egizu konfesore jakintsu, ta arima zale bat; esan egijozu beriala, zelangua izan zarian, zelan konfesino onik egin ez dozun urte askotan, ta alan bada, bizitza guztian, ta errregutu egijozu itandu dagizuzala banaan mandamentubetati. Bai, kristinauba, bai; zaarra bazara bere, borondate ona badozu ez ezer ixildu, ta edertuteko, dana dan legez esateko, aterako deutsuz konfesoriak bere itauniakaz pekaturik ezañenak, ta banaan atera ezin dirianak, aterako dira ekanduz, edo usarijoz.

        Eta zelango bakia geratuko da zure ariman konzienzija garbitu ezkero! Zelan pozaren pozak negar gozuak aterako deutsuzan! Zelan geruago ta geijago ezagutuko dozun Jangoikuaren ontasuna, ainbeste pazienzijakaz itxaron deutsulako kastigau baga! Ze atsegiña erijotzako orduban kontu guztiak ondo egiñak eukitiaz konfesino jeneral zuzen ta damu andiko bategaz! Barriz, zer egingo dau arima, dongaro konfesauriko pekatubakaz bere buruba dakusanak une, edo tranze estu atan? Zelango larritasun ta ernegazinuak ingirauko ez dabee? Zelan garbitu konzienzija ain matasadu, ta naastuba? Badazau konfesino jeneral, zuzen, ta garbi baten premiña, ta gomutauko jako, zelan izan eban asti, ta era ona osasun, ta entendimendu argiz ondo guztiak esateko, ta bizitza garbi bat eruateko. Topetan dau konfesoriak estu, ta larri, ta urte askotako konfesiño dongaro eginakaz. Konfesoria ezpada arima zalia, pazienzija andikua, largako dau konfesiño iski, edo arin bategaz len baño bere estubago. Konfesore on bat bajuako bere, zelan arima pekatuz jozi bat zuzendu, esamina onik egin ezinda daguana, bildur ta ikariak erdi illik daukeena, gatxak buru guztia astundu deutsana, ta berbak bere, ebagi ezin dituzana gitxika, ta nekez baño? O kristinau, diabrubak orain ainbeste atzerapen emoten deutsuna konfesino jeneral on bat astiro egiteko! Erraztuko deutsu ordu estu atan? Zek itsututen zaituz? Zer ateraten dozu pekaturik pekatu zabiltzala? Zeinbat negar malko mingotx, ta larri bota biarko dituzu egunen baten oraingo atsegin ustel ta zantarrak gaiti? Zeinbat iraungo deutsube bide gaistoko irabazijak, egin daruazuzan tranpak, ta lagunari egin deutsazuzan kaltiak ondasunetan? Bai, dino Espiritu Santubak, errebesau, edo aterako ditubez jan edo batu zitubezan aberastasunak. Zer aterako dozu egiten dituzun konfesino ta komunino dongeetarik, edo egija estaldu dozulako, edo damu baga urreratuten zarialako konfesiñoko sakramentura? Zelango kastigu gogorrak itxaroten deutsubee infernuban Jesu Kristo berari emon zeuntsalako sarri pekatu toki ezaña?

        Ai jauna! dinue batzubek, gura geunkez garbitu geure konzienzijak; artuen dogu gogua egiteko konfesiño jenerala; badakigu arkituko geunkiala atsegin ta bake geijago geure arimetako kargatzar astuna kenduta bageunka. Baña beriala larrituten gara, goguan artuta beste baga, esan biar dituguzala ainbeste pekatu ezañ, ainbeste konfesiño ta komuniño dongaro egin dituguzanak. Ez dakigu ez nundi asi, ez zelan jarraitu.

        Gura dozube artu, kristinau errukarri estadu orretan zagozanak, ondo urtengo deutsuben neure konseju bat, ta ez orren gatxa? Zuaze bada, zuaze ama Birjiniaren imajiña baten aurrera, etzun zaiteze an bertan; eskatu egijozube gogoz bere laguntasuna, goitu, edo benzietako infernuko gaiskiñak emoten deutsuben bildurra. Egizube an negar zeuben pekatubak gaiti, ta neure kontura lagunduko deutsubeela konfesino jeneral eder bat egiteko,ta arkituko dozube alan, bestelan ezin izan zeinkeen, arimako bakia. Alan egin dagizubela. Bai arren bai.

 

aurrekoa hurrengoa