www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ipuin laburrak
Bitor Garitaonandia
1922

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ipuin laburrak ume txointzat, Bitor Garitaonandia. Editorial Vasca, 1922

 

 

aurrekoa hurrengoa

XVIII. ARTZAI BATEN BETAURREKOAK

 

        Igandero eleizara joaten zan artzain batek oartu zuen erriko irakaslea betaurrekoak iñoiz kendu gabe ibiltzen zalata, benaz oldoztu ondoren, onela zion:

        —Ez det ezbairik: Irakasle ori betaurrekoak dituelako izango da erri ontako irakurlerik azkarrena.

        Ta besterik gabe, erabaki zuen berak ere erostea.

        Joan zan bada egun baten Donostira. Bakar-bakarrik kalerik-kale, jo orrera ta jo onera, luzaro ibilli ondoren, jo zuan noizbaitian betaurrekoak saltzen ziran denda baten.

        Gelditu zan ate ondoan, eta deitu zuen indartsu:

        —Eup! Emen saltzen al dira betaurrekoak?

        —Bai gizona: atoz aurrera —erantzun zioten—. Ona emen ugari ta merke.

        —Merke nai garesti: bein oneraño ezkero ez naiz itzuliko erosi gabe.

        —Ona emen izparringia, ta ikusi zazu zeiñekin irakurtzen dezun obeto.

        Jarri zuan bat, ta izparringiari goitik-bera begiratu ondora, onela zion:

        —Ez det batere irakurtzen.

        —Ikuspide laburra al dezu?

        —Laburra! Ez jauna, ez. Nik Aitzgorriko muturretik zenbatzen ditut Ernion arkitzen diran ardiak.

        —Tira ba onekin.

        Jarri zuan beste bat, onen ondoren beste bat; ta orrela bana-banaka ikustatu zituen mota guzietako betaurrekoak, leyarrak ondo garbituaz; bañan alperrik, ezin zuen irakurri.

        Gogait egin zuen dendariak, ta galdetu zion artzaiñari:

        —Zuk badakizu gero irakurtzen?

        —Alajaña! Irakurtzen baneki ez nuke betaurreko bearrik!

 

aurrekoa hurrengoa