XVII. BASERRITARRA TA TXIMINOAK
Joan zan egun baten baserritar bat aberats baten jauregira, otarra bat bete madari eramatera.
Jauregi atarian arkitzen ziran tximino bi, apain ta poliki jantziak, beren ginbel ta guzti: neska-mutiltxo bi ziruditen. Somatu zuten beriala madari-urrin goxo-goxua, ta eldu zioten alde bitatik otarrari sakela madariz betetzeko pozez. Baseritarra txapela itzalez kenduta egon zan tximinoak madariz asebete egin arte. Ondoren, eraman zion otarra nagusi jaunari.
Onek, otarra erdi-utzik ikusirik, galdetu zion baserritarrari:
—Zergatik ez dezu ekarri geyago?
—Jauna —erantzun zion baseritarrak—, bete-betia ekarri det; bañan zure seme-alabatxoak jan dituzte geyenak.
—Nere seme-alabak?
—Bai jauna: ta gogoz jan ere! Ni pozez nengoen beren jan-bearra ikusiaz.
—Bañan nik ez badet seme-alaba txikirik!
—Ba... atarian gelditu dira.
—A!... orain gogoratzen naiz: Tximinoak!
|