www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ipuin laburrak
Bitor Garitaonandia
1922

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ipuin laburrak ume txointzat, Bitor Garitaonandia. Editorial Vasca, 1922

 

 

aurrekoa hurrengoa

XV. SAGU ERNEAK

 

        Sagu gaxoentzat katua izan da beti etsairik gaiztoena. Gogaitu ziran katuaren eguneroko jarraiketa ikusiaz, eta bildu ziran guziak beti itxita arkitzen zan gela baten batzar bat egiteko. Berrogei ta zortzi aldiz katuaren atzapar artetik igez egindako sagu maltzur bat autetsi zuten batzarburu: «Gaztaki» zan bere izena. Nai zuten guziak txandaka itz-egin ondoren, jeiki zan Gaztaki, ta onela itz egin zuen:

        —Nere anai ta lagunak: Itz geyegi egiten dezute. Guri dagokiguna da alperrikako berriketari utzi ta erabaki zuzenak artu.

        —Ori dek, Gaztaki! —zioten guziak.

        —Bai: zuek bañon obetoago ezagutzen dizkiat katuaren gogokizun gaiztoak. Gaur goizean berrogei ta zortzigarren aldiz arkitu nauk gure etsaiaren atzapar artean; ta ez nukek nai berriz arrizko ortan nere burua ikusterik. Orretarako, astiro oldoztu ondoren, asmatu diat bide zuzen ta egoki-egoki bat. (Guziak txaloka: —Gora Gaztaki!). Bide egoki ori dek, katuari lepotik zintzillika txillin bat jartzea. Orrela somatuko diagu urreratu baño len, eta izango diagu zuloan garaiz sartzeko astiya.

        —Ori, ori! Bejon deikela! —zioten guziek.

        Ekarri zituzten txillin zoli bat eta lokarri polit bat. Guziak agertzen zuten beren alaitasun ta pozkida. Bat bakarrik, zartxoa bera, arkitzen zan oldozkor. Jeiki zan oldozketa ondoren, eta galdetu zuen benaz:

        —Nor izango da katuari txillina jarriko diona?

        Guziak ixildu ziran bat-batian.

        Gaztaki batzarburuak ere galdetu zuen:

        —Ez al du iñork azarkuntzarik?

        Etzuen iñork erantzuten.

        —Katua lo arkitzen dan bitartean ere ez? —galdetu zuen berriz.

        Bañan berdin; guziak, zar ta gazteak, ixil-ixilik arkitzen ziran.

        Asarretu zan Gaztaki, ta jarraitu zuen esanaz:

        —Ba, alperrik bildu gera. Zoazte emendik, katuaren erpekada goxuak ezagutzera.

        Ta banaka-banaka, apal-apal ta atsekabez, joan ziran sagu gaxoak bakoitza bere zulora; eta or dabiltza bazterrik-bazter ankajokuka, katuaren ingurutik itzurka.

 

aurrekoa hurrengoa