www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ipuin laburrak
Bitor Garitaonandia
1922

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ipuin laburrak ume txointzat, Bitor Garitaonandia. Editorial Vasca, 1922

 

 

aurrekoa hurrengoa

VIII. ARROSAK

 

        Basetxean bizi zan lugin etxagun batek, landatu zuen bere baratzako lilitegian arrosa-ondozko bat.

        Ikusi zuen urrengo egunean bere alaba Margarik eta esan zion aitari:

        —Zer jarri dezu or? Ain lilitegi polit eta ederrian sartu abetxo zakar ori! Oso gaizki ematen du arantz orrek lorontzi egoki ortan.

        —Itxoin, ume, itxoin —erantzun aitak—. Arantz legorra iruditzen zaitzun landara orrek emango ditu garaiz baratz guzia bitxituko duten lore lirain ta guri-guriak.

        Margarik burua igituaz erakusten zuen bere ziñeskaiztasuna.

        Bañan etzuan izan luzaro itxoin bearrik ziñestutzeko. Laister agertu zizkaion abetxo arantzadunari motetxoak, ta poliki-poliki ostatuaz jantzi zan margo ori-urdin ederrez. Ondoren, sortu zizkaion pinpirin txiki ta politak, ta lilipa, akara ta beste lore-belarren ostoak zimeldu ta legortzen ai ziranean zabaldu ziran arrosa-pinpirinak eta arantza baño besterik etzeukan landaratxo aura bete zan lore lirain ta ederrez, baratz guzia apaindu ta bitxituaz.

        Margari arriturik arkitzen zan arrosaren zuri-gorrizko margo diztikorra ikusiaz ta bere usai goxoa sumatuaz. Uneoro joaten zan lore berriaren uriña gozartzera, ta onela zion:

        —Au bai dala lore polita! Ez det iñoiz ikusi politagorik, ezta baratz-apaingai ederragorik ere. Nork esango zuen!

        —Sinisten dezu orain? —erantzun zion aitak—. Ikusi dezu nola arantzatik etorri liteken arrosa ederra. Bere epea igaro arte itxoin bearra izan dezu, bañan orain pozik arkitzen zera.

        Orrela dira Jaungoikuak bere maitasunez bialtzen dizkigun nekeak ere. Abetxo arantzadunak udaberri ondoren arrosa ederrak ematen dizkigun bezela, neke ta naigabeak ere, eroapenez artu ezkero, ekarriko dizkigute atsegin ta zorion ugariak.

 

aurrekoa hurrengoa