www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ipuin laburrak
Bitor Garitaonandia
1922

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ipuin laburrak ume txointzat, Bitor Garitaonandia. Editorial Vasca, 1922

 

 

aurrekoa hurrengoa

XIII. BASERRITARRA TA DEABRUA

 

        Zegama aldeko basetxe baten bizi zan gizon aipatu bat. Baseritar erne ta azkarra benetan! Asko dira bere egitsariak. Ona emen bat.

        Lugintzan arratsalde bateko zeregiñak bete ondoren abiatu zan etxerantz: bañan, bat-batean agertu zitzaion soro-erdian ikatz-bizizko metatxo bat, eta metatxoaren gañean, patxadan eserita, txerren txiki ta beltz bat. Arritu zan zegamatarra.

        —Zer dek ori! Txerrena txingar gañean! Ikusi bear degu ba, zer dion.

        Ta bildur gabe urrerraturik, onela dio:

        —Eup! Bagaude?

        —Bai, ta ederki egon ere ogasun-gañean eserita —erantzuten dio txerrenak.

        —Altxor domutsuren bat izango dek xingar-metaixo ori, noski?

        —Domutsua! Baita benetan. Ik iñoiz ikusi ditukan urre ta zillar guziak bañon ogasun geiago dik txingar-meta onek.

        —Balitekek!... Ba, altxor ori nerea dek, nere soroan arkitzen dalako.

        —Irea izango dek soro ontako lurraren bi        urteko etekin erdija ematen badirak.

        —Ogasun bearrian arkintzen al aiz beraz?

        —Ez: bazeukat dirua ugari, bañan lur-emaitza atsegin zaidak.

        Ixil-alditxo bat izan zuen baserritarrak: eta buruan atz egin ondoren onela erantzun zion txerrenari:

        —Ondo ziok: bañan, lur-etekiña banatu bear degunian asarrerik izan ez dezagun, orantxe bertan egingo diagu banaketa: Iretzat lur gañean arkitzen dana, ta neretzat lurpekoa.

        Ontzat artu zuen txerrenak baserritarraren erabakia, ta joan zan etekin garai arte agurtuaz.

        Baserritarrak, poliki oldoztu ondoren, erein zituan zainoriyak.

        Eldu zan izendatutako garaia, ta agertu zitzayon baserritarrar txerren beltza, ta esan zion:

        —Tira, non dira nere urte ontako etekiñak?

        —Orra or, soro guzia bet-betia —erantzun zion baserritarrak besoak zabalduaz.

        Bañon txerrenak etzuen arkitu lur-gañean orri orizka ta simelak baizik: ta baserritarrak poz t'atseginez atera zituan lurpetik zainori guri-guriak.

        —Zori ona izan det aurten —esan zion txerenak— baña ez det izango berriz. Datorren urtean lur-gañekoak izango dituk iretzat, eta lurpekoak neretzat.

        —Ondo ziok —erantzun zion baserritarrak.

        —Bañan, txerrena joan zanian, zainori ordez gariya erein zuen. Eta biltzeko garaya eldu zanian ebaki ondo-ondotik eta eraman zituan etxera galburu ta lasto guziak.

        Agertu zan txerrena, bere lur-etekiña eramateko ustez, bañan etzuen arkitu zoroan ezertxo ere sustraiak baizik, eta asarretu ta minindurik bota zuen bere burua aitz-tontor batetik bera.

        Baserritarrak parre-egiñaz onela zion:

        —A ze iruzurra eraman duen! Ori egin bear zaie azeri maltzur oiei.

        Ze lasai ta zoritsu beragandu zuen txerrenak utzitako altxorra.

 

aurrekoa hurrengoa