VI. MALTZURRA
Pello zeritzaion mutil gazte itsu bat uriko Eleizan mesa entzun ondoren bazijoan bere auzoaldera makilla bat lagun zuela. Bidean Praixkukin bat-egin zuen, ta, beti bezela, tenk-egin zuten. Praixku guztizko maltzurra zan, ta irri ta parre egin naian esan zion itsuari:
—Pello: lasterketa bat egin bear diagu. Nai dekan beste jokatuko diat zeñek bizkorrago egin.
—Non ta noiz dan —erantzun zion itxuak.
—Ona emen amaseiko bat non-nai ta noiz nai jokatzeko.
—Badijoa. Ona emen neria ere —erantzun zion itxuak: Ta inguruan zeuden iru gizon ziñaldari jarri ondoren jarraitu zuen esanaz: —Jaunak: leku ontatatik uriko eleiz-atariraño izango da lasterketa; ta abiatuko gera gaur gabeko amabi-amabitan. Beraz, eleiz-atarira lenengo irixten danak jasoko ditu amaseiko biyak.
Eldu ziran gauerdiko amabiak, eta, tema-arauz, abiatu ziran biyak batean.
Etzan agiri illargirik ta gau illun-illuna gertatu zan. Itsuari argi nai illun berdin zitzaion, ta oitutako bideari tapa-tapa jarraituaz iritxi zan eleiz-atarira eguna zabaldu baño len. Praixku berriz abiatu ta berealaxe bidez galdurik, jo orrera ta onera, bai larrapastaka ta bai zilipurdika, batean zugatz-enborra jo, bestean arantz artera sartu, non arkitzen zan ere etzekiala zabaldu zitzaion eguna: ta, jakiña, itxua bañon askozaz geruago iritxi zan eleiz-atarira.
Jaso zituan bada itsuak legez ta bidez irabasitako amaseiko biyak: ta Praixku, sakela murristurik, auzokide guziak irri ta parrez atzetik zituala, apal-apal ta ixil-ixilik etxeratu zan.
Orra or bere maltzurkeriak eman zion sariya.
Landerreri ta ermainduntzaz
Ez iñoiz isekatu
Goiko-Iaunaren zigorra
Artu nai ez badezu.
|