www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ipuin laburrak
Bitor Garitaonandia
1922

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ipuin laburrak ume txointzat, Bitor Garitaonandia. Editorial Vasca, 1922

 

 

aurrekoa hurrengoa

XI. PAGO ZABALA

 

        Erramun ta Martin aurkeztu ziran egun baten auzitegian.

        Erramunek esan zion epailleari:

        —Iru urte dira bidaldi bat egin bearrian arkitu nintzala. Bidean jarri baño len eman nion Martini, adizkide zintzoa zalako ustez, urre ta diztarrizko eraztun domutsu bat, nere bidaldi bitartean gorde zezan. Ta orain, ziñez biurtu bearrian, ukatu egiten dit.

        Martinek, bere eskua biotz gain jarriaz, erantzun zuen:

        —Zin-ziñez dizutet nik ez detala ikusi ere eraztun ori. Erramuni burutik egin zayo noski.

        —Eramun —galdetu zion epailleak—: bai al dezu ziñespiderik eraztuna Martini eman ziniola bayeztutzeko?

        —Zorigaitzez —erantzun zion Erramunek— eraztun ori Martini eskuratu nionian etzan arkitzen inguru artan beste ikuslerik ibai-ondoko pago zabala baizik. Bere itzalpean agurtu giñan.

        —Erramunek dion zugaitzaz ere eraztuntzaz bezela arkitzen naiz —jardetsi zion Martinek—. Ez dakit non dagon ere.

        —Erramun —jarraitu zuen epailleak—; zoaz beriala, ta ekarri zadazu zugaitz orren adar bat. Eta zu, Martin, geldi emen Erramun biurtu arte.

        Joan zan Erramun, ta geroxiago esan zuen epailleak:

        —Noraño joan ote da ori? Etorri bear zuen oraingo nonbaiten gelditu ezik. Iriki zazu leyo ori, Martin, ia datorren.

        —Bañan epaille jauna —erantzun zion Martinek— nola nai dezu ain laster etortzea, zugaitz ori urruti arkitzen baita?

        Jeiki zan bat-batean epaillea, ta kementsu onela itz egin zion Martini:

        —O! gizon gaizto ta maltzurra. Gizaki guzien biotz-barrenak ezagutzen dituan Jaunaren aurrean gezurrez zin-egin! Zugaitza non dagon dakienak izango du eraztunaren berri.

        Martin, ikaraka ta larriturik, itz-egiteko ere etzala gelditu zan. Beraz, eraztuna nork zuen jakiteko etzan beste agerbide bearrik izan; eta epailleak gaitzetsi zuen eraztuna itzuli ta urtebete espetxean igarotzera.

 

                Naiz lurpean naiz itxas-ondoan

                Zure ogena estali,

                Agertuko da egunen baten

                Zure gaizkin-salatari.

 

aurrekoa hurrengoa